Hasieratara itzuli

 

Noizean behin, batez ere saturatuta sentitzen naizenean, gustura joaten naiz hasieratara. Gogoratu nondik natorren agian daramadan bidea zuzentzeko. Indarberritzeko ere balio izaten dit.


Igande goiz honetan Nafarroan esnatu naiz, uda garaia igarotzeko familiak daukan etxean.


Blog hau bere hasieratik jarraitu izan baduzue jakingo duzue uda ugari, han igaro ditudala lanean sorosle bezala. 18 urtetatik 24 urtera oker ez banago. Alde horretatik esan dezakegu nahiko berezia dela inguru hau pertsona bezala hasten ikusi bainau.


Nire lehen bi triatloiak Nafarroan egin nituen. Lehena Noainen (super sprint distantzia bereziko bat. 25 metroko igerileku batean igeri egin genuen) eta 2007ko abuztuan distantzia Olinpikoko triatloia burutu nuen Leraten, Aritzalekuko kanpinean.


Gaur berriro hartu dut nire Pinarello gris zaharra. Aitak oparitu zidana 14 urterekin. Primeran etortzen zait Nafarroako lurretan kilometro batzuk egiteko. Eta hasieratara itzuli naiz. Nire distantzia olinpikoko lehen triatloia gauzatu nuen lekura joan naiz. Urte hartan egin nuenean triatloia bizikletako zatiak 13 kilometroko ibilbide bati hiru bira eman behar zitzaizkion. Hurrengo urtean ere, 2008an, parte hartu nuen.


Nafarroako antolakuntza taldeen ohiturari jarraituz meta ondorengo anoa gune primerakoa antolatu zuten. Sari banaketa ostean bazkari herrikoia triatleta eta ingurukoentzat eguna borobiltzeko.


2009an Aritzalekuko triatloia aldatu egin zen. Aurreko urteetan proba igandean ospatzen zen. Urte horretan igandean Espainiako Komunitate arteko txapelketa antolatu zuten eta bezperan sprint distantziako. Bizikletako zatia joan-etorriko zirkuitu bat zen. Aritzaleku ordutik ezberdina izan da…


Harrezkero 2010an oker ez banago bueltatu ziren distantzia olinpikora eta zirkuitu zaharretara. Baina 2011ean distantzia erdiko triatloi bat antolatu zuten, larunbat eguerdian ospatua. Hori aprobetxatuz berriro sprint distantzia antolatu zuten egun berean ordu batzuk lehenago. Aurten gauza bere egingo omen dute, gauerako erromeria eta guzti antolatu dute. Hara hurbiltzen bagara ekainaren 30ean triatloiaren inguruan egun polit bat bizitzeko parada izan dezakegu.


Bost urtean Aritzaleku asko aldatu da. Han egon zen nire hasieratako bat (ofizialki triatloi munduan 18 urterekin murgildu nintzen Oñatiko duatloian, 2006ko martxoa – lehenagotik laguntzen nuen antolakuntza lanetan). Asko aldatu da, baina errepideak hor jarraitzen dute. Eguzkia irteten bada gerizpe gutxi dagoen tokia hor jarraitzen du. Gora beherak hor jarraitzen dute. Eta nondik natorren ikusteko nora noan, memorian hor jarraituko du. Berriro hori bizitzea, oroitzapenak itzultzea atzo izan balitz bezala… Polita izan da gaurko goiza.


Post escritum. Ez litzaidake gustatuko gaurko post hau amaitzea elkartasun dei bat egin gabe egun hauetan BEC-etik pasa diren milaka eta milaka pertsonei. Elkartasun dei bat Osakidetzan zein Hezkuntzan aritzeko oposizioetan parte hartu dutenentzat. Patxi Lopezen gobernua eta beraien kontseilariak pozik egon daitezke EAEn postu publiko gehien atera dituztelako beste erkidego batzuekin konparatuz gero, baina herriak badakigu ez dela nahikoa izan. Horregatik blogosferako leku txiki honetatik animoak milaka eta milaka herritar horiei ikusi dutenak ordu ugari liburuen aurrean pasa izan arren ez duela ezertarako balio izan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude