Hileko artxiboak: abendua 2010

Andaluziarekin amesten


Chambao taldeko La Marik
esaten duen bezala nire sentsazioengatik utziko naiz joaten gaur
pixka bat. Jarraian kontatuko dizuet orain dela urte batzuk piztu
zitzaidan amets bat.

Orain dela urte batzuk nire
aitak edo nire koinatuak garai hauek hurbil zeudelarik familia
Andaluziara joateko proposamena egin zuen, edo gutxienez ideia hori
begi onez ikusi zen. Han etxe bat alokatu eta guztion artean
autogestioa gauzatuz opor on batzuk pasa. Orduan hasi zen nire burua
gauzak imajinatzen.

Kostan etxe bat imajinatu
nuen. Hirigintza gehiegi ez dagoen lekuren bat (hori existitzen bada
gutxienez Andaluziako kostaldean). Bertan eguraldi onargarria egingo
zuena, hotza baina aldi berean zeru urdin eta eguzkitsua. Goizero
iratzarri egingo nintzela eta balkoira irtendakoan itsasoa ikusi
haize freskoak aurpegian jotzen zidan bitartean. Gosaldu, goizean
zehar ariketa fisikoa egin ostean bazkaldu guztiok batera, siesta
bota eta arratsaldean edozein gauzetarako aprobetxatu: liburu on bat
irakurtzeko, zerbait idatzi, musika entzun…

Ametsak baina ametsak dira
soilik eta batzuetan denbora luzaroan amets izaten jarraituko dute
izaten. Ziur nago ez naizela bakarra horrelako oporrak imajinatu
dituena.

Ostegunetako pintxo-poteoak


Ostiraleko Goienkarian Aratz
Losadaren iritzi artikulu bat ekartzen zuen Oñatiko zatian gure
bailaran modan jarri diren ostegun pintxo poteoei buruz. Animatzen
zien gainera Oñatiko tabernariei horrelakoren bat aurrera eramateko
gure herrian tabernatan lagunartean ibiltzeko giroa jaitsi egin
delako. Aurretik gaizki oroitzen ez banaiz Ostiraleko Goienkariak
artikulu sakon bat argitaratu zuen honi buruz baita ere.

Ez noa ukatzera horrelakoak
ekintza onak direla kaleei bizitasuna emateko. Baina zergatik iritsi
dira neurri hauek hartzera gure bailarako tabernariek edo
Gasteizekoek? Arrazoi nagusia dirua irabazten dutelako, ez balitz
errentagarria ez lukete horrelakoak bultzatuko. Bigarren maila batean
gelditzen dira kalea girotzeko edo jendea tabernetan kontsumitzeko
animatzeko… bai badakit tabernariek argudio hauek erabiliko
dituztela baina gogoratu Ebro ibaia igarotzean ostegunetako pintxo
poteoak estatuko edozein tokitan aurkitzen ditugula asteko egun
guztietan!!! Eta soilik tragoa ordainduta! Gainera zerbitzariek
beraiek eskaintzen dute tapa edo pintxoa.

Honek zera pentsatzera eraman
dit. Gure inguruan taberna giroan ibiltzeko inoiz baino giro
okerragoa dago. Arrazoi nagusia, prezioak. Ez da normala kafe
amerikar batengatik euro eta 40 xentimo ordaintzea edo te gorri
batengatik euro eta 60 (merkatura joanez gero euro batekin 20 te edo
kafe amerikar erara prestatu daitezke). Edo harrigarriagoa dena,
urtero produktuen kostua igotzea.

Onartzen dut tabernek
negozioa egin behar dutela eta errentagarritasun bat atera
zerbitzarien soldatak, kostuak, produktuak… ordaintzeko. Baina
tabernak ez dira izan behar gutxiengo batek irabazteko eta
gehiengoak ez izateko nora joateko lekurik. Prezioen politika
umilagoa izango balitz ziur askoz gehiago beteko liratekeela
tabernak, ez soilik bikoitza… hirukoitza eta laukoitza ere. Adibide
garbi bezala Lizarrako plaza izan dezakegu. Bost-sei taberna daude
eta guztiek dute terraza. Batek soilik ditu prezio merkeak… jendea
esertzeko taberna horretako terrazan ilara egin behar izaten du, eta
harrigarriena da itxaron egiten duela!!!

Uste dut zerbitzuen politika
bat ez badute aldatzen egungo tabernek kaleak soilik eguraldi ona
egiten duenean izango dela herritarrentzat…

Testu prozesatzailearen pantaila txuriak ez gaitu garaituko


Orain dela aste batzuk Iban
Arantzabalek
aipatzen zuen bere blogean blogosferan sorkuntza gutxitu
dela eta geroz eta gutxiago idazten dela. Horren arrazoi nagusi
adibidez bizitza erosoago egin dezaketen tresnak asmatu direlako izan
da, twitter web guneaz hitz egiten dugu. (gutxi gora beherako sintesi
labur-laburra, zerbaitetan huts egin badut Ibanek berak zuzendu
dezala).

Arrazoia ematen diot aipatzen
duenean idatzizko sorkuntza hori gutxitu egin dela baina aldi berean
gizartearen parte hartzea interneteko leku ezberdinetan areagotu egin
da (sare sozialak, foroak, blogak…).

Niri ere gertatu zait. Orain
egia da gehiago egon naitekeela bai facebook-en (hemendik aurrera
bihotzez aurpegi-liburua deituko diot batzuetan) eta baita twitterren
ere. Ez naiz maiz egoten leku honetan azkenaldian, horren froga nagusia blog
honetako artxiboa ikustea besterik ez dago.

Zergatik batzuetan maizago
idazten dudan eta beste batzuetan aldiz ematen du desagertu egin
naizela lurretik… musikan egon daiteke erantzuna. Gaur Nahikarik
idatzi du
aspaldian ez dela agertu goiena.net-eko blogosferatik, nik
neuk antzerakoa aitortu dut orain… Idazten dudanean musika ikusten
dut. Beethoven-ek izugarrizko sinfoniak sortu zituen gorra izanda.
Piano baten aurrean ez zuen musika egiteko tresna bat soilik ikusten
musika baizik. Testu prozesatzailearen pantaila txuriaren aurrean ez
dut ikusten pantaila txuri bat, erregela batekin albo batean eta
goian beste bat, hainbat aukera letra motak aldatzeko edo zutabeak
jartzeko… Partituraren hasiera dago hor. Batzuetan rock gogorra edo
heavy metal-a egiten dut gogor kritikatuz egunerokotasunean ikusten
ditudan zenbait gauzetan, beste batzuetan rap-aren bitartez ironia
erabiltzen dut zenbait gauza salatzeko, El sobrino del diablo
izan naiz behin edo beste humorea erabiliz egunak alaitzeko… Baina
idazten dudan oro melodia batean amaitzea nahi dut. Batzuetan kanta
hobeagoak egiten ditut, beste batzuetan altxorren oroitzapenean
gordetzekoak eta inoiz gehiago berriro ateratzekoak. Baina bizitza
bera ere horrelakoa da. Batzuetan ahaztu ezinezko egunak izaten
ditugu eta beste batzuetan berriz ohera sartu bezain pronto ahaztu
nahi ditugunak.

Momentuz leku xume honetatik
ez gara Bruce Springsteen izatera iritsiko, baina edonori iribarre
bat ateratzen badiot edo gogoeta prozesu bat bultzatzen badut
hastera, horrekin konformatuko naiz. Eta bitartean kantautore
bakarlari bat izango naiz munduan gora eta behera dabilena.