Istorio polit baten puntu eta jarraia


Hogeita lau ordu inguru igaro
dira atzo Distantzia Luzeko Europako Triatloi Txapelketan nire parte
hartzea amaitu dudanetik. Denbora izan dut gogoeta batzuk egiteko eta
jarraian han igarotako azkeneko egunen inguruan idatziko dut.

Ostirala. Egun bat falta

Deskantsu eguna. Ondo lo egin
genuen. Gosaldu eta pixka bat irakurri ondoren Buesa Arenara hurbildu
ginen bazkaltzera. Han parte hartzaileontzat bazkari bat zegoen
probaren agendaren baitan. Zorionez pisukidea eramateko aukera izan
nuen. Handik Landara gerturatu ginen bizikleta hango boxes-etan
uztera. Ondoren Buesa Arenara bueltatu ginen hango boxes-etan
korrikako zapatilak uztera. Guzti hori egin eta gero etxera. Ongi
afaldu eta ohera hurrengo egunean goizeko seietan alarmak joko
baitzuen.

Larunbata. Txapelketa
eguna, D eguna

Goizeko seiak eta gosaltzera
ekin nion. Ongi elikatu nintzenez aurreko egunetan gosari normal bat
egin nuen: yogurra zerealekin, pare bat tostada eta platano bat.
Txapelketara bidean litro erdi ur hartuko nuen ongi idratatzeko.
Landara goizeko zortziak inguruan iritsi ginen. Jende ugari bildu zen
baina batez ere Hiru Handien lasterketako bigarren etaparen amaiera
han zelako. Kasualitatea.

Lasterketa hasi baino ordu
erdi lehenago bizikleta utzi genuen lekura joan ginen. Guztia ondo
zegoela ziurtatu eta uretatik irtendakoan jantzi behar nituenak utzi
nituen nire bizikletaren inguruan.

Gizonezko elite maila goizeko
bederatzietan abiatu zen. Bost minutu beranduago emakumezko elite
maila eta bederatziak eta hogeietan gu. Julen Kortabarria, Oñatiko
Triatloi Taldeko kidea, irteera berdinean abiatu zen. Igeriketa
nahiko garbia izan zen, ez ziren kolperik egon gure artean.
Berrogeita hamar pertsona inguru irten ginen eta laku guztia genuen
guretako. Uretatik sentsazio oso onekin irten nintzen. Ordubete eta
hiru minutu. Bizikleta hartu eta aurrera. Lehenengo ehun kilometroak
hiru ordutan burutu nituen baina hor hasi zen sufrimendua. Edaria
sartzen zitzaidan baina ez zidan onik eragiten. Botaka egiteko gogoak
gero eta handiagoak ziren. Agurainetik Gasteizera ez nuen oso ondo
igaro baina bizikletako sektorea amaitzea lortu nuen. Korrikako
lehenengo kilometrotan gorputzak erantzun zidan baina bigarren anoa
gunetik hirugarrenera benetako infernua pairatu behar izan nuen.
Bostgarren kilometroan gorputzak gehiago ezin zuela esan zidan. Hor
amaitu zen zoritxarrez nire lasterketa. Uste dut erabakirik onena
hartu nuela. Nire osasunarentzat uste dut onena egin nuela. Buruak
kontrakoa esan arren. Zorionez Julen Kortabarria taldekideak amaitzea
lortu zuen eta han egin nituen lagun batzuk ere beraien helburua
lortu zuten.

Gogoeta eta eskerrak
emateko garaia

Lehenik eta behin eskerrak
eman nahi diet bidai honetan alboan egon diren guztiei eta Buesa
Arena ingurura animatzera hurbildu zirenei, ezin zirenei egon,
hilabete hauetan behin edo beste animoak eman didatenei, beti hor
egongo direnei… Esperientzia oso ederra bizi izan dut, amaiera ona
lortu ez arren. Ikasteko asko balioko dit honek. Berriro profesional
bat bezala bizitzea aste oso batean agian ez zait suertatuko:
lasterketa gunean kontzentratu, entrenamenduak burutu eta deskantsua
zaintzeaz soilik arduratu, Europako triatletarik onenekin lasterketa
batean parte hartu… Ziurrenik berriro errepikaezina izango da,
horregatik gozatu dut zazpi egun hauetan zehar.

Sasoi onean nengoen baina
zoritxarrez korrikako lehenengo kilometroetan gorputzak gelditzeko
esan zidan. Espero nuen sufritzea, agian korrikako azken biran baina
hain goiz… Horregatik uste dut gaztea naizela, esperientzia honetan
asko ikasiko dudala eta hurrengo batean ziur lortuko dudala
distantzia hau menperatzea.

Besterik gabe, ESKERRIK
ASKO.

Iruzkin bat “Istorio polit baten puntu eta jarraia” bidalketan

  1. ezezagun ezaguna

    gabon Iban!
    Animo!!! triatloi horretan parte hartzea hori sari nahiko delakoan nago! Inguru hauetako onenekin aritu zara lehian!

    Eskerrik asko zuri, gurekin hau guztia partekatzearren!!
    Animo!

    Erantzun

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude