Hileko artxiboak: urria 2009

Gripe horia


Gaur, euskal blogosferako
txoko honetatik, egunero gure artean jasaten dugun gaixotasun bati
buruz hitz egitera noa. Artikulu hau ez doa famatua egin den A
gripeari buruz baina bai azken hamarkada luzean ulertezina egin den
fenomeno bati buruz. Gripe horiari buruz hitz egingo dut. Askok
ziurrenik ez duzue jakingo zeri buruz ari naizen baina aipatzen badut
munduan den familia ezagunenari buruz doala eta kolore nagusia horia
dela askok asmatuko jada erantzuna izango duzue.

Simpsondarrak gure artean eta
egunerokoan kokatu diren fenomeno arraro horietakoa da.Hogei urte
bete dute sortu zirenetik. Zergatik iraun duten eta iraungo duten
hainbeste denbora gure artean erantzutea oso zaila bilakatu da.
Faktore asko kontuan hartu behar dira gutxi gora beherako azalpen on
bat emateko egunero ordubete agertu arren telebistan eta hamaika
errepikapen ondoren urtetik urtera jarraitzaile kopurua hasiz baitoa.

  • Dibertigarriak.
    Barre egiteko erraztasuna dute eta ikusten dituzun bitartean
    errealitatetik deskonektatu dezakezu saioak irauten duen bitartean.
    Erabiltzen duten humorea asko landutakoa da eta azken produktua
    ikusleak erraz har lezake.

  • Kritikoak. Agian
    familiaren ikuspegi ilunenetakoa baina agerian jartzen dena. Gizarte
    amerikarraren alderdi askorekin sartzen da baina beste lurralde
    batzuk ez dira atzean gelditzen. Gogoratzen dut kapitulu batean
    Simpsondarrak Brasilera joan behar izan zutela eta herrialde hau oso
    degradatua islatu zuten. Pobrezia edonon azaltzen zen. Uste dut,
    oker ez banago, Brasilgo gobernuak oso gogor kritikatu zuela
    telesaileko sortzailea, Matt Groening, errealitate guztiz desberdin
    bat irudikatu zutelako. Hori ez zen izan propagandarik hoberena
    hegoamerikar herrialde horrentzat.

  • Pertsonai landuak.
    Askotan galdetzen badugu gure buruari zein pertsonaiekin geratuko
    ginatekeen ziur aski ezingo genuke aukeratu bat edo beste. Zergatik?
    Erantzuna oso erraza da. Imajinagaitza da familia honetako istorioak
    pertsonai nagusiren bat faltako balitz (Homer, Marge, Bart, Lisa edo
    Maggie).

  • Ordutegia. Beti
    lagundu izan dio gure herrialdean arrakasta izatea jarri dioten
    ordutegia. Bazkalordua ordu egoki bat da audientziak gora egiten
    duelako, gainera albistegi nagusiak jarri baino lehenago kokatu dira
    eta ohikoa izaten da familia honen gorabeherak ikusi tentsio apur
    bat kentzeko eta ondoren errealitatera itzuli. Antzerako beste
    produktu batzuk egon dira ordutegiaren kokapenarengatik ez dutela
    hainbesterako arrakasta izan, South Park-eko marrazki ganberroagoak
    esate baterako. Marrazki bizidun haiek ordu txikitan jartzen
    zituzten eduki ez egokiagatik, eta gaur egun uste dut desagertuta
    daudela.

  • Konpetentzia.
    Hala ere esan behar da lehia badagoela. Antzerako telesailak ikusi
    daitezke bai Antena 3 katean baita La Sextan ere. Adibidez Padre de
    familia edo American dad. Zergatik dute beraz familia horiak
    gehiengoa? Besteak antzekoak direlako baina ez berdinak eta hiru
    telesailak osagarriak direlako bata bestearekiko.

  • Gaurkotasuna.
    Hori da azaltzen dutela. Urteak eta urteak izan arren. Garai
    berrietara jakin dute egokitzen. Beste pertsonai famatu batzuk
    adibidez ez dute jakin aldaketa horiek egiten. Burura etortzen
    zaizkit Zipi eta Zape anaiak.

Zorionak beraz hemendik
familia horiari eta urte askotarako! Gutxienez beste hogei.

Literatura etorkizunean


Atzo arratsaldean Elkarrek
Gasteizen San Prudentzio kalean duen dendan izan nintzen. 111
akademiak
Literaturaren bideak etorkizunean jardunaldien barruan
mahai inguru bat antolatu zuen. Hizlarien artean Katixa Agirre, Patxi
Zubizarreta
eta Iban Zaldua zeuden. Moderatzaile lanetan berriz Ibon
Egaña aritu zen.

Hasieran pentsatzen nuen
Elkar dendakoek areto propio bat zutela eraikinaren barruan horrelako
ekintzak jorratzeko baina hara iritsi nintzenean harritu egin nintzen
mahaingurua dendaren ia erdian kokatu zutelako (pare bat apal mugitu
behar izan zituzten). Agian kokapena estrategia hutsa izan zen
hurbildu ginenok hitzalditik ateratzen ginenean dendako zerbait
erosteko, batek daki. Antza denez ez zuten espero jende asko, soilik
zortzi aulki baitzeuden jarrita mahai nagusiaren aurrean. Azkenean
dozena bat pertsona inguru egongo ginen idazleek zer esaten zutena
entzuten. Harrituta sentitu nintzen baina asko gustatu zitzaidan han
egotea. Dendari beste erabilera bat eman genion han bildu ginenok.
Hori izan beharko litzateke liburu denda bat, biltzeko gune bat eta
literaturari eta arteei buruz hitz egiteko toki bat. Baina agian gai
hori beste baterako utziko dut eta goazen harira.

Gauza asko esan ziren atzo
arratsaldean. Gehienak (denak ez esatearren) zentzuzkoak eta iritzi
pertsonalak batez ere. Gai ugari azaldu ziren mahai gainean:
editoreen lana, euskal irakurlea, egungo euskal literaturaren egoera,
zer egin beharko litzateke euskaraz irakurtzen sustatzeko… Zaila da
atzo ukitutako gaien artean aukeratzea garrantzitsuena, guztiek
dutelako protagonismo apur bat. Katixa Agirrek hasieran esan
zuenarekin geldituko naiz. Non ikusten da irakurri egiten dela?
Erantzuna oso erreza: autobusean. Hau da, bidaietan jendeak zerbait
egin behar du bidaiak irauten duen bitartean. Bidaiari gehienak
garraio publiko batera igotzen direnean eskuetan liburu bat edo
zerbait dute irakurtzeko. Irakurtzen denaren seinale (entzuletako
batek adierazi zuen metodo ona izan daitekeela ligatzeko edo
bakoitzaren burua goresteko Stieg Larsson idazlearen liburu
potolotako bat eskuan izatea, irudia soilik izan arren). Hemendik
aurrera agian gehiagotan jabetuko naiz jendeak zer egiten duen
bidaietan.

Atzokoaren ondorioz esan
dezaket euskal literatura ez dagoela krisian. Hala dirudien arren eta
gaztelaniazko literatura nagusiagoa den pertzepzioa izan arren,
errealitate hori ez da oso zuzena. Euskal literatura orain dela
hamarkada batzuk baino osasuntsuago dago, inoiz baino gehiago
irakurtzen da euskaraz, inoiz baino idazle gehiago daude eta inoiz
baino gehiago sortzen da… Galdera agian bi izan daitezke. Lehena
zer egin daitekeen gehiago sustatzeko euskal literatura edo
euskarazko literatura. Bigarren berriz etorkizunak zer dakarren
digitalizazioaren munduarekin.

Literaturaren bideak
etorkizunean. Hurrengo jardunaldiak:

Iruñea – Urriak 22:

Parte hartzaileak: Aingeru
Epaltza, Juango Olasagarre eta Patziku Perurena.

Moderatzailea: Patxi
Gaztelumendi.

Elkar aretoa: Comedias, 14.

Baiona – Urriak 29:

Parte hartzaileak: Itziar
Madina, Eneko Bidegain eta Itxaro Borda.

Moderatzailea: Juan Luis
Zabala.

Elkar aretoa: Arsenal plaza.