Ready player one

Zuzendaria: Steven Spielberg

Aktoreak: Tye Sheridan, Olivia Cooke

Iraupena: 140 minutu

Herr.: AEB (2018)

 

Bi munduren artean Steven Spielbergek hilabete gutxitan bi film estreinatu ditu. Lehenengoan, Los archivos del Pentágono-n, komunikabideen askatasunaren garrantzia aldarrikatzen zuen. Istorioa joan den gizaldeko 70eko hamarkadan kokatzen zen eta benetan gertatutako kasu bat zen. Ready player one 2045ean kokatzen da eta fantasia eta zientzia fikzioko istorio bat da. Bi filmak itxuraz oso desberdinak diren arren, badute komunak diren puntuak. Bi istorioetan, munduko jende arrunta boteredun erakunde eta pertsona maltzurren aurka borrokatuko da. Lehenengoa modu serioagoan eta neurtuagoan sortu du eta bigarrena, askoz zaratatsuagoa eta ikusgarriagoa. Eta egia esateko, nahiago dut lehen filmeko Spielberg bigarrenekoa baino. Ready player one filmean, errealitate birtualeko bideo jokoek garrantzi handiagoa dute. Jendea bi munduren artean bizi da: erreala eta birtuala. Mundu batean gertatzen denak bestean eragina izaten du. Eta sortzen den norgehiagoka bi munduetan gertatzen da. Hori dena kontatzeko Spielberg-ek ekintza ugari erabiltzen ditu, erritmo handiz filmatutako eszenetan. Denbora luzea erabiltzen du bideo jokoen mundu hori sortzeko eta horren barruan oso ikusgarriak diren eszenak lortzeko. Mundu horren jarraitzaileek, agian, asko gozatuko dute, baina beste batzuei luzeegia egiten zaigu eta gogaituta bukatzen dugu hainbeste ekintza eszenarekin.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude