Etiketaren artxiboa: itxasopaia

ALBEkideak BIZKAIKO TXAPELKETAKO KANPORAKETETAN!

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa urriaren 7an abiatu zen Berritxuko frontoian. Kanporaketa guztietan
ALBEkideak izan ditugu kantari, eta nola ez, gure bertso-hoolingang-ak bertan
egon dira animoak ematen!

Zortzi ALBEkide izan dira kanporaketetan: Arrate Illaro, Imanol Uria, Inazio
Vidal, Itxaso Paia, Katxo, Fredi Paia, Peru Vidal eta Josu Landeta.

arrateillaro   
imanoluria

inaziovidal  
itxasokartzelatik

Katxo BBT 2012  
fredipaia

peruvidal  
josulandeta

Paper itzela egin dute txapelketan eta ALBEkideen kalitatea nabarmen geratu
da. Zorionak danori!!!

Finalaurrekoetarako txartela:
Fredi Paiak, Arrate Illarok eta Jone Uriak (zuzenean
sailkatuta, aurreko txapelketan finalista izan zelako). eskuratu
dute.

Guztiek saio berdinean abestuko dute,
Durangon, azaroaren 25ean.

MUNGIAKO KANPORAKETA

Igandean abiatu zen Bizkaiko Txapelketa. Mungiako Olalde aretoan 300 entzule batu ziren, bertsolariei giro gozoa sortuz. Oihana Bartrak eskuratu zituen puntu gehien, beraz, finalaurrekoetarako txartela eskuratu du. Gure eskolatik, Itxaso Paiak abestu zuen, baina itxaron beharko du besteek zer egiten duten jakiteko finalaurrekoetara igaro den edo ez jakiteko.


                 Itxaso Paia, Mungian by Algortako Bertsolari Eskola II


Saio motela izan zen, baina bertsolariek ale politak utzi zituzten. Itxasoren bertsorik politenak kartzelako ariketan entzun ziren. Honakoa zen gaia: Zure irudia aldatu gure zenduala eta, ebakuntza egin zenduan. Ispilu aurrean zagoz. Hauxe izan Itxasoren azken bertsoa:


Ebakuntza bat izan dut noski
nire helburuko truko,
pasatu dena halanda guztiz
ez dut inoiz ahaztuko.
Ondorio bat atera dut nik
zuek zarete lekuko,
naizen moduan ez dakit zeinek
ez baldin banau gustuko.
Norberak bere brua maite
beharko luke eta punto.


Puntuak honela geratu ziren:


Oihana Bartra    412,5
Xabier Enbeita   370,5
Ander Elortegi   361,5
Itxaso Paia      349
Julen Erezuma   342
Julen Sololuze   340


ALBEko kuadrilla bi pankartarekin joan zen: bata gure bertsolariei animoak ematen eta bestea “Gabi plazara” leloarekin. Itxasoren azken agurra Gabirentzat izan zen:


Eskerrik asko nireak egin du
hori daukat oso argi,
eskerrik asko Bernedo people
milesker fondo sur-ari.
Baina orain behintzat aipatu nahi dut
eta adi pankartari:
Maddi, nik zure aitari
esan nahi diot kantari
berdin didala ze postu lortu
zenbat puntu ta ze sari.
Entzungo diren txalo guztiak
zuretzako dira Gabi.


Ia laster Gabi gure artean dugun!


Hemen saioaren berri ematen duten estekak:


Ukberri.net
Berria
Gara
Bizkaiko Txapelketa


Argazkia, Ukberri.net webgunetik hartua dago.

ITXASO PAIA LEHENENGOA DEBUTATZEN!

Igandean martxan hasiko da 2010eko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa. Mungiako Olalde aretoan izango da arratsaldeko 17.30ean. Bertan gure eskolako Itxaso Paiak abestuko du, honako bertsolari hauekin: Oihana Bartra, Xabier Enbeita, Julen Sololuze, Ander Elortegi eta Julen Erezuma.


                              


Egurra Itxaso!!!

TTAKUN, TTAKUN!!!

Larunbat honetan, hilak 25, Algortan aukera izango dugu bertsoak entzuteko. UKTEST taldeak Txalaparta jaia antolatu du eta Txotx-a irekiko dute gure eskolako bi bertsolarik: Arrate Illaro eta Itxaso Paia.


Sagardoaren laguntzaz bertsoekin gozatu nahi duzula? Hementxe zita:


Larunbatean, hilak 25, Algortako Zabala Eskoletan, 14.00etan!


                          Txalaparta Jaia 2010

BIZKAIKO TXAPELKETA BADATORRELA!!!

Uda igaro ondoren, bertso gosez zaudela??? Ez zaitez kezkatu! Udagoienerako prestatu zaitezte! Bizkaiko Txapelketa ate joka daukagu, urriaren 10ean Mungian hasiko da. Gure eskolatik zazpi bertsolarik lortu dute txapelketarako txartela:


                           Beñat Vidal


                                     BEÑAT VIDAL


 


                             Joanes Igeregi


                                   JOANES IGEREGI


                           Itxaso Paia


                                     ITXASO PAIA


                           Jone Uria


                                       JONE URIA


                             Peru Vidal


                                        PERU VIDAL


                               Arrate Illaro


                                      ARRATE ILLARO


                                  Fredi Paia - Txapelketa Nagusia 09


                                         FREDI PAIA


Guztiek abestuko dute azken laurdetenetan, Fredi izan ezik, azken txapelketan finalista izan zenez, finaulaurrekoetarako txartela dauka. Eta hauxe duzue egutegia datak gorde ditzazuen:


Urriak 10, Mungia:


Oihana Bartra, Xabi Enbeita, Iker Belaustegi, Itxaso Paia, Ander Elortegi eta Julen Sololuze.


Urriak 17, Balmaseda:


Joseba Artza, Jone Uria, Asier Legarreta, Julen Erezuma, Iñaki Iturrioz eta Lander Ibarluzea.


Urriak 24, Aulesti:


Mikel Goiriena, Ibon Ajuria, Gorka Ostolaza, Arrate Illaro, Xabat Galletebeitia eta Peru Vidal.


Urriak 31, Igorre:


Miren Amuriza, Abarkas, Peio Ormazabal, Ortzi Garitano, Joanes Igeregi eta Beñat Vidal.


Abenduak 5, Gernika (azken finalaurrekoa):


Fredi Paia.


Egurra kuadrilla!

JONE URIA URIBE KOSTAKO TXAPELDUN

Hiru kanporaketa egin ondoren, larunbatean egun handia iritsi zen: Uribe Kostako finala. Sei bertsolari, nor baino nor gehiago, txapel preziatuaren bila eta Bizkaiko Txapelketarako txartela lortzeko asmotan.

Uribe Kostako Txapelketari buruzko historia oso ondo laburtu zuen Xabi Paya gai-jartzaileak:

Uribe Kostako lehen txapelketa 1994an egin zen, egunotan mende erdiko ospakizunetan dabilen Algortako Bidebitarte txokoan. Saio aitzindari hartan, Uribe Kosta, Uribe Butroe eta Txorierriko sei bertsolarik parte hartu zuten, tartean Unai Elorriaga idazle ezaguna. Txapela lehiakide txikienak eskuratu zuen, artean ilean marra egiten zuen ume ahotseko Fredi Paia, 13 urteko mutikoa. 

Ordutik gure eskualdeak Bizkaiko Txapelketarako baliagarri izan diren saio guztietan parte hartu izan du, Ipar Uribe eskualde multzoko lehiaketan bertsolari kopurua handiena eskainiz.

Hamasei urte geroago, Uribe Kostak bere bertso aberastasuna erakusteko aukera berreskuratu du. Izan ere, Uribe Kostak, ekonomia oneko eskualdearen fama izateaz gain, bertsolaritzan ere ezin oparoagoa izatearen ospea behar luke. Horren seinale, Bizkaiko eskualde guztietatik aurten lehiara bertsolari gehien aurkeztu duena izatea. Eta, zin dagizuet, kantitatearen neurrikoa dela kalitatea ere. 

Saioa bizi joan zen, aipatzekoa da Aitzol de Kastro eta Itxaso Payak eginiko ofizioa zortziko nagusian; ale politak utzi zituzten. Zortziko txikian, Arrate Illaro eta Joanes Igeregik, edo Jone Uriak eta Aitzol de Kastrok egindako ofizioek entzuleen artean barre algarak sortu zituzten.

Lehen puntuak erantzutea ez da lan erraza izaten, baina hemen ere ale politak entzun genituen. Bakarkakoan, Aitzol de Kastrok, tragikoa izan zitekeen gaiaren aurrean, buelta eman eta entzuleen txalo zaparrada jaso zuen.

Lehen fasea bukatuta, epaileek erabaki zuten nortzuk igaroko ziren buruz burukora: Itxaso Paia eta Jone Uria. Hamarreko txikian hiruna bertso osatu zituzten eta ondoren kartzelan hiruna bertso bota behar izan zituzten neurri eta doinu librean.

Hamarreko txikian, ale umoretsuak entzun genituen. Hegazkinean zihoazen biak, eta Itxasoren ondoan zegoen ezezagunak, Jonek, gogor besarkatu zuen paiatarra, ekaitza zela eta.

Kartzelan ale hunkigarriak entzun genituen. Biek sentiberatasun handia erakutsi zuten presondegira sartzen ari den neskaren paperean.

Kartzelaren ondoren, Jone Uria suertatu zen txapeldun. Hona hemen botatako azken agurra:

Jone Uria, Uribe-Kostako txapelduna

Trinok, Josebak ta Andonik
sortu zuten erresuma,
Miren, Goizalde, Xabi ta
Fredik orain lan astuna.
Nahikari ta Beñat, berriz,
bermatzen etorkizuna,
Geko eskolari esker
daukagu freskotasuna.
Itxaso, Arrate, Peru
lagun koadrila kutuna,
baita atzetik datorren
gazteagoen bilduma.
Nahiz ta bakoitzak daukagu
geure berezitasuna,
familia ederra da
denok osatzen duguna.

Hori baita ALBE, familia eder bat!

Ez dugu bukatu nahi, eskerrak eman gabe parte hartu duten bertsolari guztiei, gai-jartzaile taldeari, epaileei, Itzubaltzetako bertso-eskolari eta gaztetxeari, Txorimalo gaztetxeari, Ander Deuna Ikastolari eta saioetara inguratu diren bertsozale guztiei! Eskerrik asko denei!

Baten batek ezin izan bazuen hurbildu zapatuan finalera, edo berriz entzun nahiko balu saioa, hementxe du eskuragarri, www.ukberri.net webgunetik hartua:

Finala osorik entzuteko:

Txapeldunaren azken agurra:

HELDU DA URIBE-KOSTAKO FINALA!

Heldu da! Hiru kanporaketa egin ostean, Uribe-Kostako Bertsolari Txapelketako finalerako txanda heldu da. Finala, larunbatean izango da, hilak 12, arrastiko 18.00etan, Villamonteko Kultur Etxean. Xabi Payaren aginduetara abestuko dute finalistek:


Itxaso Paia
Arrate Illaro
Jone Uria
Joanes Igeregi
Aitzol de Kastro
Ekaitz Larrazabal “Katxo”



Gonbidatuta zaudete!

ITXASO PAIA GARAILE SOPELAN

Ostiralean, hasieran eman zitzaion Uribe Kostako Bertsolari Txapelketari. Lehen kanporaketa Sopelako Ander Deuna Ikastolan izan zen. 60 bat lagun batu ziren afaltzeko eta ondoren saioari eman zitzaion hasieran.


           Sopelako kanporaketa


Itxaso Paia izan zen saioko garailea. Saioa hasieratik goitik ibili zen algortarra, eta txiri-txiri joan zen puntuak batzen ariketa guztietan. Alerik onenak zortziko nagusian eta txikian entzun ziren. Bakarkako saioak motelagoak izan ziren, baina halare lan politak osatu zituzten bertsolariek.


Imanol Uriak eta Inazio Vidalek ez zuten puntuatu, baina saio txukuna egin zuten.


Honela geratu ziren puntuazioak:


1. Itxaso Paia        238,5
2. Peio Etxebarria 186
3. Unai Angulo      184,5
4. Arkaitz Gomez  180,5


Gogoratu hurrengo kanporaketa Itzubaltzetako Gaztetxean izango dela ostiral honetan, hilak 21.

GURE NESKAK HERNANDORENA ETA OSINALDE SARIKETETAN FINALISTA!

Aurten ez daukagu Bizkaiko Txapelketarik, baina gazte sariketa askotan parte hartzen dute gure bertso-eskolako gazteek.


Berri pozgarriak helduko zaizkigu Iparraldetik eta Goierritik. Hernandorena Sarian Itxaso Paia eta Arrate Illaro sailkatu dira finalerako. Esan beharra dago, Itxaso Paiak Maulen burutu zen kanporaketa irabazi zuela. Finala larunbatean izango da Aiherran, arratsaldeko 19.30etan eta Arrate eta Itxasorekin batera bertsolari hauek ibiliko dira kantuan: Ximun Cazaubon, Ekhi Erremundegi, Unai Gaztelumendi eta Patxi Iriart.


                Arrate Illaro por ti.             3015_paiai[1]


Goierrin berriz, Osinalde Sariketan, Jone Uriak txartela lortu du finalerako. Larunbatean jokatuko da finala Gabiriako Osinalde elkartean. Kantukide izango ditu: Maddalen Arzallus, Maialen Velarde, Odei Barroso, Miren Amuriza eta Mikel Artola.


                                   4093_uriaj[1]


Zorterik onena opa diegu, egurra neskak!


Bestalde, gogoratu asteburu honetarako zitak:


– Larunbatean, goizeko 10.30etan, Algortako Villamonte Kultur Etxean, ALBEko lehen gogoeta saioa.


– Larunbatean, arratsaldeko 20etan, Kultur Leioako auditorium-ean bertso-saioa: Andoni Egaña, Sustrai Colina, Fredi Paia eta Uxue Alberdi. Gai-jartzaile: Aitzol de Castro.


– Igandean, eguerdiko 13etan, Kanpomartxo jaiaren barruan, Erandioko Altzaga auzoan: Iker Zubeldia, Peru Vidal eta Arkaitz Estiballes. Gai-jartzaile: Arkaitz Gomez.