Kategoriaren artxiboa: Sailkatugabeak

X. BALENDIN ENBEITA BERTSO-PAPER LEHIAKETAKO SORTA SARIDUNAK

Pasa den igandean, ALBE Galaren barruan, X. Balendin Enbeita Bertso-Paper lehiaketako sariak banatu ziren nagusien eta gazteen kategorian. Hementxe dituzue bertso-sortak irakurgai:


Gazteen kategoria


1. Aitor Servier,  “Subjektiboa da”
2. Paule Loizaga, “Bertsolaritza”


Nagusien kategoria


1. Xabier Payá, “Aita itsasgizon bati”
2. Aitor Errazkin, “Bertso berriak, prentsa arrosari jarriak”
3. Uxue Alberdi, “Erditze baten kronika”


Zorionak irabazleei!!!

ALBE GALA 2011

Konturatu barik, abendua iritsi da. ALBEk ere, urtero bezala urte bukaerako GALA ospatuko du. Horrekin batera, Balendin Enbeita Bertso Paper Lehiaketako sari banaketa burutuko da.


2011ari errepasoa egingo diogu argazki bidez, luntxa izango da, sorpresa ugari,… eta nola ez bertso-saioa. Honako bertsolari hauek abestuko dute Maite Berriozabalen aginduetara:


– Xabi Paya
– Jone Uria
– Aitor Mendiluze
– Julio Soto


Domeka honetan, hilak 11, Algortako Villamonte Kultur Etxean, 18:00etatik aurrera.


Domekararte!!!


“BERTSOLARI” FILMA ALGORTAN

Irailean Bertsolari filma estreinatu zen Donostiako Zinemaldian. Arrakasta izan du Euskal Herriko zine aretoetan eta bihar Algortako Kasinoan izango dugu Getxoko Euskal Kulturaren Jardunaldien barruan.


Filma emateaz gain, mahai ingurua izango da Maialen Lujanbio bertsolariarekin eta Gaizka Bourgeaud argazki zuzendariarekin.


Beraz, gogoratu:


Noiz: Azaroak 29.
Non: Algortako Kasinoan.
Ordua: 20:00etan.


Trailerra ikusteko, bertan klikatu


              


 

BALENDIN ENBEITA BERTSOPAPER-LEHIAKETA

Bi urtean behin egiten dugun bezala, ALBEk Balendin Enbeita Bertsopaper Lehiaketa jarri du martxan. Aurtengoa, 10. edizioa izango da.


Lanak bidaltzeko epea, urriaren 3an bukatuko da.


Lanak bidaltzeko bi era izango dira:



  • Helbide elektronikoz: balendinenbeita2011@gmail.com
  • Posta arruntez: Balendin Enbeita 10. Saria
                           Algortako Bertsolari Eskola “ALBE”
                           Martikoena 16, 2.pisua.
                           48992 GETXO (Bizkaia)

Informazio gehiago nahi izanez gero, bertan klikatu. Bestela ere, albegetxo@gmail.con helbidera idatzi dezakezue.


     

ERANDIOKO SAN AGUSTINAK

Portu Zaharreko jaiak bukatuta, hurrengo zita Erandion izaten dugu, San Agustinetan. Berbotseko lagunekin batera, urtero antolatzen dugu bertso saioa.


Kantuan, honako bertsolari hauek izango ditugu:


Onintza Enbeita
Andoni Egaña
Jon Maia
Iratxe Ibarra


Gai jartzaile lanetan, Unai Elizasu.


Noiz: abuztuaren 27an, larunbata.
Non: Erandioko irailaren 23a plaza.
Ordua: 20.00tan.


Gora San Agustinak! Zapaturarte!


BERTSO MARATOIA

Portu Zaharreko ajearekin gauden arren, hona hemen gure eskolako Josu Landetak Algortako Bertso Maratoia buruz egindako kronika ederra!


Eguerdiko hamabiak eta erdiak aldera, Algortako Kasino plaza apurka -apurka betetzen doa, zer eta jaietako egun orotan eguerdiko ordu batean ospatu ohi den bertso saioa entzuteko. Egun honetan kartel ederra dugu (Andoni Egaña, Amets Arzallus eta herriko Xabi eta Fredi Paia: gai jartzailea Maite Berriozabal), eta jai egun nagusia izateaz gain horrek jende asko erakarri du plazara. Inguruko jendearen algara  eta alboko errepideko burrunbada gorabehera, bertsoak plazan zehar erraz zabaltzen dira, eta zale handienon artean egunean zehar asetzea kostatuko zaigun halako gose antzeko bat sortu dute.


 


Gose hori ase guran, hirurak aldera plaza bereko Pipers tabernan batu gara bazkari bat egiteko asmoz, mahai luze bi bakoitzean hogei bat lagun,  Andoni Egaña eta Amets Arzallus anfitrioi. Hasieran bazkarietako ohiko berba jarioa nagusitzen da,  eta gu bazkaltiarrok berbak jaurti eta harrapatu guran gabiltza, baina hori bai, platerean dugun janariari muzin egin barik. Berba jario aberatsa dabilkigu inondik ere, baina benetako berba jokoa gure anfitrioien eskutik etorriko da laster, harik eta Gibel (oraindik) Urdinak musika taldeak pieza pare batekin sarrera eman eta gure bertsolariek hor gaudenon  belarriei atsegina ematen hasi direnean. Bertan lekuko asko dugu, eta beroietako batzuk bertsotan aipatzeak saioari tonu umoretsua eman dio.


 


Bazkaria bukatu da bere postrea eta guzti, baina guretzat hori aperitiboa baino ez da izan.Izan ere plater nagusiak etortzear daude, eta gure sabelak oraindik leku handia du bertso eta dantza sorta irentsi eta pilatu ahal izateko. Gibel Urdinek kalejira ezin alaiagoan garamatzate, eta lehen geltokia Katilu taberna dugu. Inguruan jende askorik ez dago, baina gurekin daramagun multzoak kalearen zati garrantzitsu bat betetzen du. Bertsozaleok bertan  gustura, kaleko lehen saioa arretaz segitzen  dugu, eta ingurukoon artean bertsolariek bertsotan lehen irudi barregarriak aipatzeko aukerarik ez dute galduko. Hala da ze, jendearen arreta handitu egingo da. Aspertzeko aukerarik ez.


 


Bigarren geltokia The End tabernan. Oraingoan, guk daramagun jende multzoaz gain, bertako bezeroen arreta aberasgarri suertatuko zaigu. Tenperatura gora eta gora doa eten barik, eta bero hori Lainoan (orain tabernak Unai izena du antza) mantentzen da, eta aipamenak leihoetara zabaltzen dira. Handik Sustraira goaz, eta hori leku garrantzitsu eta estrategiko bezain txikia da: batetik lekuak publiko zabalaren aukera eskaintzen digu, baina bestetik kaletar ezaxolatiekin halako nahasmen bat sortuko zaigu, bai fisikoki bai algara aldetik. Edozelan ere askotxo dabil arretaz, eta agerraldiak merezi izan du.


 


               


 


Ondoren Txiki eta Otaegi Plazaren txanda, lehenengoz Ajurian bigarrenez La Plazan, eta saioak hemen lortu du bere tenperaturarik altuena, jendearen multzorik handiena, jaietako gogoaren atsegin handiena. Oraingoan dantzak izango ditugu bertsoen atari, eta herri lanek zigortutako plazan erromeria bat ospatu da aspaldiko partez, erromeria gure jende multzoaz gain inguruko tabernako zein auzokoen arreta erakartzen duena. Bertso saioa hasi eta eguzkiak utzi egingo gaitu gaua bere eremua aldarrikatzera datorren bitartean. Edozelan ere, gure arteko beroak bertan dirau, eta bero horrek Ereatxuko geltokira lagunduko gaitu, modu apalagoan bada ere.


 


Ereatxun bukaturik, azkenez ez dugu Mamarroraino heltzeko astirik, ezen oraindik aurretik beste geltoki batzuk geratzen zaizkigun. Oraingoan herriaren zati handi bat gurutzatu behar izango dugun arren, Gibel Urdinek zeharkaldia erraztuko digute bere musikaz gozaturik, bere martxaz kutsaturik. Konturatu orduko Kateara heldu gara, bertan Galtzagorri eta Patxeko 2 tabernen arteko gunean pausaturik. Jendea batzeko leku ederra dugu hemen, bai eta gora eta behera igarotzen direnen arreta erakartzeko aukera ere, eta ezaugarri biez ederto aprobetxatzen gara. Gauak eremu osoa hartu du beretzat, baina horrek mehatxu baino aukera izango da guretzat: iluntasunak ez du bertako beroa hain erraz galduko, eta gainera ordura arte izan ez dugun anonimatua erantsiko digu. Gauden egoeran hori estimatu egiten dugu.


 


Beheraxeago komitera sartu gara, eta hori da barruan ariko garen leku bakarra. Halako batean taberna bete dugu, eta musika piezen martxak luze barik izerditan paratzen gaitu. Gero gure anfitrioien saioak patxada apur bat eman digu. Hala ere, denok nekatuta gaude dagoeneko, eta bertsolariak zeresanik ez. Hala da ze, agurrak kanpoan botatzea deliberatu dute. Gaueko hamabiak pasata jende gutxixeago geratzen gara, eta oturuntza erraldoi horren betekada nabaria delarik batzuk hormatxoan besteok errepide bazterrean eseri gara. Oraindik postrerako lekurik badugu. Bertsolariak agurra botatzen dabiltzala,  gure eskolako bertsolari batzuk kantuan hasi dira saioa luzatu guran. Haiek agurra eta guk egurra.


 


Azkenez betekada itzela dugu, baina egurra emateko gogo horrek oraindik Billamonte aldean espuela egitea ekarriko digu: Gibel (jada ez hain) Urdinek aldapa behera pieza bat joz, jende multzo txiki bat daramate gure gaurko azken porturaino.  Bertan dauden herriko ilustre batzuen astrapalaz gain, orain moteltasuna da nagusi; gure nekea nabaria denez, gure anfitrioek giroa pizteko ahal dutena egiten dute. Hantxe gaudenok pizteko indarrik ez dagoela  ematen ez duen arren, azkenean miraria gertatzen da Xabi Paia Pello Joxepe erritmodundoinu batez inprobisatzen hasten denean. Orain anfitrioez gain, eskolako hainbat ere bagabiltza bertsolari lanean. Bukaera hurbil dago, eta hamaika barre eta txantxa eginik azken agurren txandan, Amets Arzalluzek gure ibilbidean nabaria den zerbait bota digu: maratoiak 42 kilometro eta 42 bertsolari izan ditu. Eta atzamarrekin konta ezin daitezkeen geltoki (plater) kopurua ere bai.


Goizeko hiruretan maratoiari amaiera ofiziala ematen zaio, eta diotenez ordutegiari dagokionez markak hautsi ditugu. Alabaina, kantitateaz gain kalitateaz ere berba egin behar dugu, ezen nekeak eta irentsitako lurrinen efektuak gainbeheran sartu bagaituzte ere jendearen artean aho zapore ezin hobea geratu baita.  Giroa ederra izan da, eta harrezkeroztik Algorta ere apur bat ederragoa da. Hurrengo urtean gure kaleak berben eta doinuen harribitxiz beteko ahal ditugu berriz.


 


UZTAILEKO AGENDA

Udako bertso trena martxan da! Ez daukazula planik uztailerako? ALBEk bertso plan ugari eskeintzen dizkizu. Ireki agenda eta bertsoentzako tarte bat gorde:


AIXERROTAKO PAELLAK
Noiz: Uztailak 24.
Non: Aixerrotan
Ordua: Eguerdi aldean, poteoa.
Bertsolariak: Josu Landeta, Peio Etxebarria eta Ekaitz Larrazabal “Katxo”.


BERANGOKO JAIAK

Noiz: Uztailak 24.
Non: Santa Ana auzoa.
Ordua: 20.00
Bertsolariak: Sustrai Colina, J.M. Irazu, Beñat Ugartetxea eta Itxaso Paia.
Gai jartzailea: Nahikari Ayo.


GORLIZEKO JAIAK


Noiz: Uztailak 26
Non: Plazan.
Ordua: 21.00
Bertsolariak: Arkaitz Estiballes, A.M. Peñagarikano, Iker Zubeldia eta Peru Vidal.
Gai jartzailea: Miren Loizaga.


ALGORTAKO SAN INAZIOAK


Noiz: Uztailak 29.
Non: Kasinoko plaza.
Ordua: 13.00
Bertsolariak: Odei Barroso, Alaia Martin, Beñat Gaztelumendi eta Jone Uria.
Gai jartzailea: Josu Esnaola.


Noiz: Uztailak 30.
Non: Kasinoko plaza.
Ordua: 13.00
Bertsolariak: Aitor Sarriegi, Igor Elortza, Maialen Lujanbio eta Xabier Silveira.
Gai jartzailea: Unai Elorriaga.


Noiz: Uztailak 31.
Non: Kasinoko plaza.
Ordua: 13.00
Bertsolariak: Xabier Paya, Amets Arzallus, Fredi Paia eta Andoni Egaña.
Gai jartzailea: Maite Berriozabal
* Oharra: Egun honetan bertso bazkaria eta bertso maratoia izango da Andoni Egaña eta Amets Arzallusekin.


Bertso bazkarian izena emateko: albegetxo@gmail.com helbidera emaila bidali. Azkar ibili zaitezte !!!

Noiz: Abuztuak 1.
Non: Kasinoko plaza.
Ordua: 13.00
Bertsolariak: Sebastian Lizaso, Imanol Lazkano, Mixel Aire eta Mikel Mendizabal.
Gai jartzailea: Xabier Paya.


Gozatu!!!

BERTSO JAIALDI MUNDIALA

Gastronomia, bidaiak, historia, zinema, maitasuna,… gai ugari jorratu ditu azken urteetan Bertso Jaialdi Mundialak. Aurten? Nork jakin…


Goi mailako bertsolariak izango dira Peio Unzurrunzaga gai jartzailearen aginduetara:


Maialen Lujanbio
Andoni Egaña
Unai Iturriaga
Sustrai Colina
Fredi Paia
Jon Maia


Beraz, gogoratu:


Noiz: asteazkenean, uztailak 13.
Non: Algortako Biotz Alai plazan.
Ordua: 21.00


Eguaztenerarte!