Hileko artxiboak: azaroa 2009

BADITUGU FINALISTAK!

Baditugu finalistak! Donostiako Belodromoan izan da azken finalaurrekoa eta bertan Maialen Lujanbio izan da puntu gehien batu dituena. Beraz, hauek izango dira BECeko final handian lehiatuko direnak:


Andoni Egaña
Maialen Lujanbio
Amets Arzallus

Aitor Mendiluze
Jon Maia
Unai Iturriaga
Aitor Sarriegi
Sustrai Colina


BECen elkar ikusiko dugu!

AZKEN BERRIAK

Hemen gatoz azken berri batzuk emateko:


– Fredi eta Xabi Payak Aupa Maurizia! liburua aurkeztu dute. Maurizia Aldaiturriaga panderojolearen biografia pertsonala eta musikala egin dute.


              


– Arrate Illarok Okelar Bertso-Paper lehiaketa irabazi du. Sari-banaketa Santo Tomas aurreko larunbatean burutuko da.


– Jone Uria Bertxoko Sariketako finalera heldu da. Finala abenduaren 4an izango da Aramaion.

GERNIKAKO FINALAURREKOA

1800 bertsozale jaso zituen igandean Gernikako Jai-Alai pilotalekuak. Finala gero eta gertuago dago eta giroa gori-gori bertsozale eta bertsolarien artean.


                                  Jone Uria Gernikan


Finalaurrekoetako bigarren itzuli honetan, Gernikan abestea egokitu zitzaion Jone Uriari. Ikusmira zegoen, gazteak eta beteranoak aurrez aurre. Sustrai Colinak batu zituen puntu gehien, baina oraindik Belodromoan gertatzen denaren zain geratu beharko da.


Aipagarria izan zen Sustrairekin egindako kopla saioa. Honako gaia jarri zieten: Apustuzaleak zarete biok. Duela astebete, elkarrekin egin zenuten apostua, urtebetez aposturik egin gabe nork agoantako ote duen. Frontoia zaudete biok, ezinegonik. Koplatan egitea konplikatua da eta are gehiago txapelketa batean. Baina horrela erantzun zion Jonek Sustrairi:


Nahiz orain zabiltzan Sustrai
ni izorratzeko planean,
apostua ez da apostu izaten
dirurik ez dagoenean.


Zortziko txikian Beñat Gaztelumendirekin egokitu zitzaion kantatzea. Bizilagunak zarete Jone eta Beñat. Beñaten pisu azpian bizi zara, Jone. Lau gau dira Beñatek goizeko 3etan aspiragailua pizten duela. Joneren lehen bertsoa jarraian<.


Lo egoten nahiz beti
nire ametsetan,
eta gero hasten da
hau ez dakit zertan!
Harrituta naukazu
zu Beñat, benetan,
beti garbitzen duzu
parrandatik bueltan.


Kartzelako gaian, gehienek bide bera hartu zuten. 300 eurorekin irten zara etxetik, eta ezer gabe itzuli zara berriz. Parrandan joan eta dirurik gabe itzuli zirela abestu zuten gehienek, nahiz eta baten batek bide zailagoak aukeratu.


Honela geratu zen sailkapena:


Sustrai Colina 655
Igor Elortza 641
Beñat Gaztelumendi 634,25
Miren Amuriza 631,25
Jone Uria 613,25
Jon Martin 606,5


Estekak:


Txapelketa Nagusiko webgunea
Bertsoa.com
Berria
Gara


Eta bukatzeko, Joneren azken agurra:


Udalekutan mila lagun ta
une datozkit gogora,
eskuetatik nahi gabe ihes
joaten zitzaigun denbora,
eta parrandan zenbat alditan
elkartu garen gerora.
Bertso-eskolan ere ze giro
aurrean duzue froga.
Eskolak jaso edo emanda
etxeratzea gustora.
Ta saioetan ze emozio
zuen txalotik txalora.
Zorionez nahiz ta BEC betetzea
den azken aldiko moda,
bertso mundua txapelketa bat
baino askoz gehiago da. 


Fredi, Xabi eta Jonerentzat txapelketa bukatu da. Lan ezinhobea egin dute eta harro gaude! Baina Joneren bertsoak esaten duen bezala, bertsolaritza txapelketa baino askoz gehiago da!

HITZETIK HULTZERAko LEHEN SASKIA ETXERA!

Argia aldizkariak eta Info7 irratiak programa berri bat sortu dute Txapelketa Nagusiaren harira: Hitzetik Hultzera. Agin Rezolak eta Estitxu Eizagirrek aurkezten dute bertso-programa umoretsu hau.

Lehiaketa bat jarri dute martxan eta aurreko programan gure eskolako Nahikari Ayo suertatu zen irabazle. Bertako produktuez osatutako saski bat lortu du. BECeko finalean emango diote saria.

Zorionak!!!

Hementxe azken bideoa ikusgai.

GERNIKAKO FINALAURREKOA

Jakingo duzuen bezala, gure eskolakidea den Jone Uriak txartela lortu du finalaurrekoetako bigarren itzulirako. Gernikan egokitu zaio abestea honako bertsolariekin: Sustrai Colina, Miren Amuriza, Beñat Gaztelumendi, Igor Elortza eta Jon Martin.

                   gernika_bertsolariak

Saioa, Gernikako Jai-Alai Pilotalekuan izango da, 17.30etan.

Animo Jone!

JONEK AURRERA

Igandean ALBEko tropelak Hendaiarako bidea hartu zuen Jone Uria animatzeko. Saioa polita izan zen eta azkenean puntu gehien batu zituena Amets Arzallus izan zen.


Jendez gainezka zegoen frontoia, gero eta gutxiago falta da finalerako eta nabaritzen da urduritasuna publiko eta bertsolarien artean. Beltzenia frontoira bertsolari ugari hurbildu ziren finalaurrekoetako lehen itzuliko azken saioa zelako.


                    


Aipatzekoa da Jonek erakutsi zuen freskotasuna puntu erantzunean. Hona hemen Zuriñe Iarrituk botatako azken puntuaren erantzuna:


Larru gorritan inoiz
ipini ezkero,
ondokoa jarriko
litzateke bero.
Jendea egoten da
niregatik ero,
eta beste gauzarik
ezin dut espero.


Txalo zaparrada handia jaso zuen Jonek. Askotan seiko motzeko saioak astunak izaten dira, baina Hendaian ale politak entzun ahal izan genituen. Joneri Amets Arzallusekin egokitu zitzaion abestea. Gaia honakoa izan zen: Neba-arrebak zarete eta zuen ama alarguna ikusi duzue gaur zuen adin bertsuko bati besotik helduta. Zu Jone izugarri poztu zara; Amets ez. Ederra izan zen Jonek botatako lehen bertsoa:


Zelako bikote fina
printzea eta erregina,
amarentzako gazte hori da
gaur printze urdina.
Lehenago dena zen mina
etzait inporta adina;
edo ez behintzat gure amaren
zoriona adina.


Puntuazio goitik joan zen eta honakoak puntuazioak:


Amets Arzallus 704
Jon Maia 679
Julio Soto 652,5
Aitor Sarriegi 651
Jone Uria 634
Onintza Enbeita 631,5


Gauzak horrela, Jonek bigarren itzulirako txartela lortu du. Xabi eta Fredi atean geratu dira. Hala ere, saio politak egin dituzte, zorionak zeueri be!


Hemen dituzue Hendaiako saioko estekak:


Txapelketa Nagusiko webgunea
Bertsoa.com
Bertsoplaza.tv
Berria

Gara
Ukberri

BESTEEK EGITEN DUTENAREN ZAIN

Asteburua fuerte hasi genuen Bihotza Gazte saioarekin, Bergara eta Gasteizetik osteratxoa egin genuen gure eskolako Fredi eta Xabi animatzeko.


Bergara


Izugarria da txapelketan batzen ari den jendetza eta Bergaran, berriro ere, jendea kanpoan geratu behar izan zuen.


                   


Bergarako saioan Maialen Lujanbio izan zen garaile. Bizkaitarrek ez zuten egun ona izan. Etxahun Lekuek bostgarren postua eskuratu zuen eta Fredik seigarrena.


Hala ere, Fredik ale politak utzi zizkigun. Kartzelan, honako gaia egokitu zitzaion: Argazkilaria zara. Oraintxe iritsi zara gertakariaren lekura. Lanean hasteko unea da. Hauxe izan zen Fredik bota zuen lehen bertsoa:


Azken urteak Afganistanen
lanean ditut igaro.
Bonba auto bat lehertu da gaur
izugarria zeharo.
Hildako ugari dago lurrean
ta zaurituak luzaro,
niri begira negar daudenez
begien bistan akabo.
Nahiz nagusiei esan diedan
esaldi hauxe lehenago,
negatibo hauek gaur positibo
bilakatzerik ez dago.


Azkenean honela geratu ziren puntuazioak Bergaran:


Maialen Lujanbio 708,5
Aitor Mendiluze 680
Beñat Gaztelumendi 644,5
Jon Martin 619
Etxahun Lekue 608,5
Fredi Paia 596


Gasteiz


Eguraldi petrala, baina ALBEko tropak Gasteizerako bidea hartu zuen igandean. Bizkaitarrak gehiengo tabladu gainean. Bizkaitar batek eskuratu zituen puntu gehien, Miren Amuriza berriztarrak. Xabik bostgarren tokia eskuratu zuen. Saio polita egin zuen eta ale ederrak publikoaren gozamenerako. Sorpresaz beteriko saioa izan zen, faborito ez zirenak aurretik geratu baitziren.


                     


Kartzelako gaian habanera ederrak bota zituen. Istorio polita josi zuen Xabik. Honela esaten zuen gaiak: Mezu hau jaso duzu mugikorrean: ez egon zain.


Oso zoriontsua naiz
ez dut gezurrik esa
ngo,
ni baino alaiagorik
ez da munduan izango.
Maleta ondo prestatu dut
prestatu buru ta zango,
Kuban beharko ditugu
bai hemengo ta bai hango.
Aireportura helduta
SMS bat sendo.
Ez nire zain egon arren
hori ez ote da tongo?
Nik itxarongo zintudan
badakizu oso ondo,
baina uste dut abioiak
ez duela itxarongo.


Gasteizen honela geratu ziren kontuak:


Miren Amuriza 655,5
Iñaki Zelaia 643,5
Arkaitz Estiballes 630,5
Unai Iturriaga 626
Xabi Paya 616
Maddalen Arzallus 588


Finalaurrekoetan bi itzuli izango dira. Lehen itzulian sei bertsolari eliminatuko dira. Momentuz, Fredi eta Xabik besteen saioetan besteek egiten dutenaren zain geratu beharko dute.


Hurrengo zita, igandean izango da, Hendaian. Bertan Jone Uriak abestuko du. Gogoratu ALBEk autobusa jarriko duela Hendaiara joateko. Gurekin etorri nahi izanez gero, mezu bat idatzi albegetxo@gmail.com helbidera.


Bergarako estekak:
Berria
Gara
Bertsoa.com
Txapelketa Nagusiko webgunea
Bertsoplaza
Ukberri


Gasteizko estekak:
Berria
Gara

Bertsoa.com
Txapelketa Nagusiko webgunea

Bertsoplaza
Ukberri