Oñatiko elizako kanpaiaren hotsak

Aurreko zapatuan DVko Oñatiko “kartan” gauaz kanpandorreko  kanpaiak ez jotzeak pertsona batzuentzat suposatu duen dramaz idazten zuen kronistak  artikulu sinpatiko baina zorroztasun gutxikoan.

Luzatu barik, uste dut kronistari ahaztu egin zitzaiola esatea, edo agian ez daki, jurisprudentzia bat dagoela eta kanpaiak gauaz jotzea debekatzen duten sententziak daudela estatuan. Legediak debekatu egiten duela gauaz dezibelio kopuru bat baino gehiago sortzen dituen edozein  jarduera, nahiz eta ez egon zehazki eta hitzez hitz jasota gau osoan ordu laurdenetik ordu laurdenera zure buru gainean jotzen duten kanpaien kasua. Jakin beharko luke kanpaiek ez dutela ia inon  jotzen gauaz; ezta Arantzazun ere.img_4155

Kanpaiek oso eginkizun sozial garrantzitsua izan zuten jende xeheak erlojurik ez zuen denboran. Baita elizaren handitasuna garbi uzteko herritarren artean , eta gauaz ere, herriaren erdigunea eta bizitzaren zentroa bera zela gogora arazteko biziei, gaisoei eta hiltzear zeuden guztiei. Gaur egun fi funtzio horiek desagertuta daude. Eliza ez da jada bizitza zibilaren zentroa eta edozeinek ditu etxean bizpahiru erloju, eskuturrekoa, mugikorrekoa, ordenagailukoa, paretakoa , edo iratzargailua mesila gainean adibidez.

Artikuluari zerion sinpatiarekin jarraituz, udalari proposatuko diogu  ordu laurdenetik ordu laurdenera elizako kanpaiak entzun nahi dituen horri erreplika bat oparitzea bere logelan edo logelatik gertu duen aukeratutako tokian jar dezan. Kasua iritsita, diru-bilketa bat antola dezakegu Gabonetan Erregenetarako ordu laurdenetik ordu laurdenera joko dion kuku erloju sinpatiko bat oparitzeko.

Uste dut lo egiteko eskubidea logurarik euki ez eta kanpaiak entzuteko gogoaren aurretik jarri behar ditugula. Horrela ulertzen da mundu zibil-zibilizatuan eta horrela ulertzen dute  legeek eta epaitegiek.

A! ahaztu barik, kaletarrok oso gustura gaude egunez entzuten ditugun txorien txioekin (gutxitxoegi aukeran) edota ingurutan bizi den gaueko urubiaren uluekin.

One comment on “Oñatiko elizako kanpaiaren hotsak

  1. Erloju barik bizi dan bat(e)k dio:

    Merkiaua izango da ba kanpaiak entzutia gura ez daueinari tapoi batzuk erregalaittia santa klausek??
    Gauza bat da iritzixa emun ta beste bat ironia horrekin berba ittia.
    BUELTAITTEKO KANPANTORREKO KANPAIAK ORDU LAURDENERO JOTERA IA

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude