(r)en egunak.

Ez dakit urtean zehar zerbait ospatzeko edo aldarrikatzeko  eguna ez den egun librerik geratuko ote den. Denak ez dira berdinak, ezta dituzten helburuen zilegitasunak. Adibide gisa, ezin dira maila berean jarri otsailaren 29a, matxoaren 8a edo martxoaren 19a, martxoaren inguruan  ditugun hiru ospakizun-egunak,  ezta dituzten helburuak.

Aurten, otsailaren 29an (egun arraroa)  ospatu dugu gaixotasun arraroen (ez arruntak erabiltzea nahiago dute bateon batzuk) nazioarteko eguna. Zoriaren hatz erakusleak seinalatutako pertsonen eta familien egoerak, tamalgarriak batzuetan, baztertuak besteetan, jakin minez eta lastimaz begiratuak gehienetan,  baina beti gaixotasun arraroa jasaten duen sendiko kidearen  aldeko borrokan murgilduta,  jakin arazteko edo lau haizetara zabaltzeko eguna da otsailaren 29a. Beharrezkoa gure inguruan gertatzen diren egoera desberdinak ezagutu  eta gaixotasun arraroak dituzten  pertsonekin egun batez sikiera  enpatizatzeko.

Aste bete eskasera emakumearen eguna etorri zitzaigun, lilatoi eta ohi denez mila iritzi artikulu eta guzti. Zoritxarrez oraindik ere ospatzeko eguna, munduaren erdiari,  toki  askotan, gutxieneko  eskubide guztiak ukatzen zaizkion bitartean, eta beste toki askotan, oraindik ere, gurasoak alabei etxerako bueltan kontuz ibiltzeko, edo behin ilunduz gero bakarrik ez etortzeko esan beharra  duten bitartean, edota nagusiagoak izanik plaza zabal bat gauaz gurutzatzen ausartu ez eta taxia hartu beharra duten emakumeak dauden bitartean. Emakumearen diskriminazioaz eta dituen aurpegi guztiez hitz egin da aste honetan eta ez dut gauza berririk gehitzeko, pertsona guztiek eskubide berberen subjektu – legezko eta benetako- izan behar dutela baino.

Laster, aitaren eguna iritsiko zaigu. Udaberria hasi bezperatan, ospatzen da martxoaren 19an   Jesusen aita putatibo izateko ohorea izan zuen Done Joseren omenez. Katolikoen ospakizun eguna beharko lukeena, merkatarien, saltzaile eta kate handien, aita putatiboaren semeak tenplutik airean kaleratu omen zituen berberen  negozio eguna bihurtu zaigu.

Hirutik bi beharrezko ditugu oraindik.  Bat soberan ateratzen zait.  Asmatu zein ezabatuko nukeen  egutegitik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude