Euskaltelen gehiegikeria bat.

Ekonomiako irakasleentzat monopolio kasuetan ematen diren arriskuak ikasleei azaltzeko balio dezakeen adibide bat dut esku artean. Seguru asko telefoniako beste operadora  batzuenak ez dira eredugarriagoak izango, baina bakoitzak ezagutzen duenetik hasi beharra dauka salaketa hauek egiten, bereak bakarrik ezer gutxirako balioko duela jakitun izanik,  baina bezero asebete batek bere hornitzaileei buruz bost laguni hitz egiten dien bitartean, gustura ez dagoenak hogeita bosti kontatzen diola dioen esaerari jarraiki eta bere esanahia frogatu nahiz.

Etxebizitzaz aldatu naiz, eta urtarrilaren 13an Euskaletelek egiten zidan eskaintza onartu nuen etxe berrirako. Lekualdatze lanetan nenbilenez lehengo etxeko internet zerbitzuak mantentzea erabaki nuen harik eta berria abian izan arte. Urtarrilaren 18an jarri zidaten  eta 18an bertan deitu nuen 1717ra. 1, 2 eta ahal dakit zenbat  digito hainbat aldiz sakatu ondoren, azkenik, nire arazoari irtenbidea aurkitzeko egokia izan zitekeen pertsonarengana iritsi nintzen. Etxebizitzaz aldatu nintzela eta lehengoan nituen zerbitzuen baja egin  nahi nuela esan nionean, berak, ez neukala ezer egin beharrik, tramite hori automatikoa zelako;  etxe batetik bestera pasatzerakoan lehengoko baja automatikoa zela alegia. Nik seguru ote zegoen, eta berak baietz. Ez ote zidaten gero bietakoa pasatuko hurrengo fakturan, eta ezetz, lasai egoteko. Bada horretan utzi nuen gaia beste ezer egin gabe Euskalteletik (kasu honetan ezingo digute esan Euskaltel ez dela bere “iritziemaileek”  esandakoen erantzule) entzundakoaz  lasai asko, patxadan, etxe berriaren abantailez gozatuz

Otsaila hasieran iritsi zen faktura berria helbide zaharrera. Egun batzuk beranduago jaso nuen, eta  ustez, gutxi gora behera 30-40 € inguru izan behar zena, 71,03€ko faktura bihurtuta zetorren. Hori ondorioztatzen nuen  ulertzerik ez zegoen faktura baten azken lerrotik, eta baieztapen gisa kopuru hori  kargatu zidatelako nire kontuan.

Berriro 1717ra deitu eta faktura ez nuela  ulertzen. Bi  telofono finko  eta bi internet sare nituela eta biei zegokiela kopuruak telefonoz beste aldean zegoen neskatxak.  Bizi nintzen etxe zaharreko  maizter berriak berea alta  emana zuenez, Euskaltelekin honek ere, bi internet sare eta bi finko zeuzkan erabilgarri, bat neuk ordaintzekoa.

Nik orduan baja eskatu nuela urtarrilaren 18an telefono dei batez, eta operadora batek erantzun zidala ezer egin  beharrik ez nuela baja automatikoa zelako. Deiak grabatzen dituztenez, froga-bidea bazuela esan nion.

Berak ezetz; baja eskatu eta izenpetu beharra nuela bestela ez zela balekoa.

Nik berriz, ez nintzela euren errakuntzen erantzule eta ez  nituela zertan ezagutu euren barne prozesu guztiak. Operadora batek esaten bazidan utzitako etxeko elementuen baja automatikoa zela berrian alta ematerakoan, kasu egin behar niola eta horrela jokatu nuela inuzente, lasaitasun  osoz.

Erreklamazio bat jartzeko orduan.  Erreklamazioa jarri nuen pentsatuaz nire argudioak kontuan hartuko zituztela. Gizagaixo!

Bada ez. Ez azalpenik, ez ezer. Ez da kontuan hartu eta kitto.

Ordurako erreziboa itzulita, jakin barik bizi naizen auzora ez dela  Euskaltel ez den beste operadorarik iristen (hori esan didate kontsultatu ditudan bi operadoreek), eta monopolio egoera honetan  nahi duen guztia egiteko aukera duela.  Baita bezeroa egurtu nahi badu ere.

Atzo iritsi zitzaidan (Etxe berrira) martxoaren 6ko muga-egunez faktura ordaintzeko agindua, horrela egin ezean zerbitzu guztiak epe desberdinetan kenduko zizkidatela esanaz.  Gau erdirako Internet eta sakelekotik deitzeko aukerak moztuta neuzkan. Ez dut uste aukera askorik geratzen zaizkidanik auzora beste operadorarik ez datorren bitartean, baina martxoaren 6ra arte daukat Euskaltelek horrelakoetan nola jokatzen duen jakiteko. Hori bai, azkenean ordaintzea erabakitzen badut, edo ordaindu beharrean baldin banago, hurrengo egunetik hasita, multinazional izan nahi duen eta multiprobintziala ozta-ozta den enpresa harro honen zerbitzu barik nola bizi naitekeen pentsatzen hasteko izango da. Adioa gertuago izango da dagoeneko ohitzen hasia bainaiz.  (jarraituko da).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude