The Florida Project

Horren gertu, horren urrun

Zuzendaria: Sean Baker

Aktoreak: Brooklyn Prince, Willem Dafoe, Bria Vinaite

Herr.: AEB (2017).

Puntuazioa. 4

 

The Florida project pelikulako pertsonaiak Disney World parketik oso gertu dagoen ghetto antzeko batean bizi dira. Motel bat dago, eta hango biztanleak ongizate-estatutik aldenduta bizi eta bizitzari aurre egiteko zailtasun asko duten pertsonaiak dira. Askok ez dute lanik; sarritan, haurrekin bizi diren amak dira, eta egunero jan ahal izateko ahal duten moduan moldatzen dira. Droga eta prostituzio giroan daude. Helduekin batera, haurren mundua deskribatzen zaigu. Bizi diren egoera latza izan arren, euren jokoekin, bihurrikeriekin eta bizimodu nahiko basatiarekin zoriontsu izatea lortzen dute. Horrela, gizarteak ahaztutako pertsonaiak eta, fantasiari esker, giro hori jasatea lortzen duten haurrak erakusten dizkigu Bakerrek. Eta horien artean, moteleko gerentea daukagu: ghettoko ordena mantendu behar du eta, aldi berean, bertan daudenei laguntzen ahalegintzen da. Haurren begirada, istorioan, horren mingarria ez izatea lortzen du. Begirada horrek euren defentsarako balio duen arren, euren etorkizuna nolakoa izango ote den galdetzen diogu geure buruari. Zuzendariak dokumentalen tonua erabiltzen du. Kamara mugitzen du pertsonaien eguneroko bizitza harrapatzeko. Ez du dramaren sorrera derrigortzen, baina poliki-poliki istorioren barnean sartzen da. Modu egokian heltzen zaigu Disney World-etik horren gertu eta horren urrun dauden pertsonaien istorioa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude