Etiketaren artxiboa: osasuna

Gerriko minez

Atzo gerriko minez jaiki nintzen, zuzen jarri ezinda. Ez dakit sekula izan duzue gerriko minik, esplikatuko dizuet nire kasua (orain ez dezala inork pentsa denak horrelakoak direnik):

  • Batez ere gerriaren eskuma aldean dut mina. Ezkerrera okertuta nabil. 5 minutu ibiltzeko 10 behar ditut.
  • Janzteko lehen 5 minutu behar banituen orain 15 edo 20.
  • Ohean ezin posturaz aldatu. Aldatzen hasiz gero izarrak ikusten ditut.
  • Denbora luzez eserita egon eta jaikitakoan pare bat minutu behar ditu gorputzak erreakzionatzeko.

Horrela pasa nuen atzo eguna eta gaur hobetoxeago nago, baina hala ere sintoma horiek guztiekin.

Atzo asko larritu nintzen, gerriak bere horretan edo okerrago jarraitzen zuela ikusita. Hala, larrialdietara joan nintzen aitarekin.

Larrialdietan

Aspaldian egon barik nengoen Debagoieneko Ospitaleko larrialdietan eta harrituta geratu nintzen. Zein azkar irten genuen! 18:45ak aldean iritsi ginen larrialdietara eta kanpoan ginen 19:20ean.

Beste gauza batek ere harritu ninduen. Medikua euskalduna zen! Ez zirudien hark beti ezagutu dudan ospitalea: orduak pasa behar zain, erizain eta mediku desatseginak, guztia gaztelania hutsean…
Lehenengo aldiz, bibrazio onekin irten nintzen ospitaletik.

Medikuak ez zidan gauza handirik esan. Mina besterik ez zela eta ez larritzeko. Ibuprofeno pixka bat eman zidan eta lasai egoteko. Pentsatzen dut horrekin asko ez mugitzeko esan nahi zidala.

Gure Yogako irakasleak esaten duen moduan, asteburuan relaksssssss…