“El monte es de todos”

Ez dituzte ondasun handiak lapurtzen, baina baserri inguruan ditugun zuhaitzetako fruituak eramaten dituzte, gupidarik gabe.

Goizez egiten dute gehienetan lapurreta, besteok lanean gaudenean. Txaketako poltsikoan plastikozko poltsa batzuk hartu eta “mendira” doazen planta egiten dute. Inor bizi ez den baserri batera hurbildu eta ahal duten guztia hartzen dute. Ez badute nahi adina hartzen hurrengo egunean bueltatzen dira. (Badira batzuk jendea bizi den baserrietara hurbiltzen direnak, baina hori gure kasua ez denez, ez dut aipatuko).

Estrategia

Horrelakoak ugari ibiltzen dira gure baserrian. Gaztainak, sagarrak, mahatsa… denetarik hartzen dute. Aita lanetik irten eta arratsaldean baserrira joaten denerako sakeoa eginda izaten dute. Lurrean dauden gaztainak eta sagarrak hartzea, bueno, noizean behin baldin bada onargarria da. Baina, baserriaren fatxadan dagoen mahatsa hartzea! Hori lapurreta baino lotsagabekeria galanta da!

Gaztainak, sagarrak, mahatsa…

Okerrena hala ere, ez da lapurretak nozitzea. Okerragoa da lapurra harrapatu eta “el monte es de todos” entzutea. Hori da hori muturra! Hurrengoan gonbidatuko dugu baserri inguruko sasiak garbitzera, mendia denona baldin bada…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude