Egun ferpektoa

Izan duzue inoiz dena zuen aurka dagoen sentsazioa? Ez naiz pertsona bat edo batzuk kontra egoteaz ari; guregandik haratago dagoen zerbaitetaz ari naiz, kontrolatu ezin dugun zerbaitetaz. Bai? Ba halaxe sentitu nintzen ni atzo.

Goizeko zortzietako lanera joan nintzen atzo. Bezero bat blog ikastarora etortzekoa zen eta ordenagailua piztu baino lehen, nire laneko mahai gainetik hartu eta ikastaroa eman beharreko lekuan jarri nuen.

Goiza

Egia esan, lan handia ez da, baina goizeko zortzietan ez dakit zuek, baina ni esnatu gabe egoten naiz eta izugarrizko malaletxearekin. Ba horixe. Ordenagailua ikastarorako prestatu, piztu, posta jaisten hasi eta… hara non abisatzen didaten ez dagoela ikastarorik!

Berriz ere ordenagailua itzali, kableak atera eta nire mahaiaren gainean jarri behar. Horrela hasita eguna ezin ondo amaitu.

14:00etan Arrasaten egon behar nuen medikuarenean. Lanetik irten eta bertara joan nintzen. Zerbait jan nahi eta ezin; tripazorriak nituela egin nuen Arrasatetik buelta.

Eguerdia

Etxera iristerako 15:30ak. Kaka! Labadora izorratu da. Bi argi intermitente pizten zaizkio, emergentziakoak edo. Otsailean erosi genuen labadora berria eta dagoeneko bigarren aldia da izorratzen dena (badaezpada ere ez dut esango zein marka den, baina nire medikuarenetik gertu jaioko zen).

Arratsaldea

Hasi naiz labadoraren instrukzioak hartu eta irakurtzen. Intermitenteak pizten zaizkionean filtroa garbitu behar omen zaio. Filtroa topatu, irekitzen hasi eta… sukaldea inundatuta! Instrukzioetan ez zuen holakorik jartzen! Horrelako zerbait zioen: “ponerle un platillo debajo del desagüe para que salga el agua que sobre”. Platiloa ez, palankana handi bat jarri behar zitzaion behean! Eta bazkaldu gabe, tripazorriak nituela, inundazioa konpontzen hasi nintzen. Bazkaldu, dutxatu eta lehengusinaren seme jaioberria bisitatzera joateko asmoa nuen eta idatzi dudan honen ordez Iñaki txikiri buruzko posta osatu nahi nuen. Baina horrelakotxea da patua!

Sukaldeko ura lehortu eta filtroa garbitu nuen. Labadora berriro martxan jarri eta keba! Ez duela nahi.

Iñaki txikia bisitatzera joan, ikastaro batera gero eta 21:30ean iritsi nintzen etxera. Aita eta anaia zeuden sukaldean.

Gaua

  • Uxo, badakizu labadoria ez dabilela? – aitak.

Zer erantzungo zenukete zuek? Ze tonurekin? Niri momentu horretan malaostia tonua irten zitzaidan.

Afaldu genuen, bakean eta iritsi zen Goenkale ikusteko ordua (aitak ez du kapitulu bat galtzen). Salara joan, telebista piztu eta hara non telebista ez dabilela! Ibili ibili bazebilen, baina antenarekin arazoren bat zegoen. Gaueko 22:30ak, aita kabreatuta Goenkale ezingo zuelako ikusi, anaia adarra jotzen eta egoera hori ikusita ohera joan nintzen, egun zoragarri hori betirako burutik ezabatzeko asmoz.

Gaur, zorionez, eguna zoragarri joan zait. Errutinarik errutinarena ere zoragarria baita atzokoaren ondoan.

Biharamuna

4 iruzkin “Egun ferpektoa” bidalketan

  1. nahikari

    Iepa!

    Lasai neska, ni horrelako egunetan “master” bat dekot. Eoten direz egunek mundue gure kontra dagola, baie ze ingo jako? Hori ei da tokau jakun bizitzaren “xarmetariko” bat… Animo!

    Erantzun
  2. Unai

    Ni enaiz nere dolu-minak ematen hasiko, zeren nere egun guztiak antzerakoak izaten dira, ohitura kontua. Alde ona ikusten saiatuko naiz:

    -Ikastaroa eman beharrik ez zenuen izan, lan bat gutxiago egunean zehar!

    -Nolaz ez zenuen ezer jan, “linea” mantentzeko balioko du, neskok orokorrean (ez dut denek duzuenik esaten)duzuen argaltzeko obsesio obsesibo horrekin jarraituz.

    -Labadorarena….ez dakit zer esan baina…behintzat hurrengo labadorarekin ez duzu sukaldea tsunami batekin asaldatuko, eta praktika hartu duzunez…gure etxekoak ere ez du oso ondo funtzionatzen….

    -Azketin telebistarena, zurea zortea! Goenkale aparte utzita (nire etxean ere badaude, jarraitzaile sutsu pare bat), zorte ederra izan zenuen ETB-n hasi den programa berria “Euskal Kanturik onena”, ikusteko aukera galdu izanarekin…

    Beti ere, ironiaz eta zu gaizki sentitzeko asmo zipitzik gabe… Ondo jarraitu egun zoragarriarekin!!!

    Erantzun
  3. Uxo

    Arrazoia daukazu, Unai, alde onak ere baditu, baina askotan ez gara kapazak alde on horiek ikusteko. Horretarako ikasi egin behar da eta praktikatu. Nik bizi guztia pasatu dut gauzarik ederrenari ere bere alde txarra bilatu nahian, baina orain saiatzen ari naiz aldatzen.

    Umore pixka batekin dena konpontzen da!

    Erantzun
  4. edu

    Aupa Uxo!

    Ea egun ferpektoak perfektoak bilakatzen diren aurrerantzean. Zure umorearekin ez da zaila izango.

    Goenkaleko kapituluarekin ez kezkatu: nire bizilagun batek denak ikusten ditu. Igogailuan eguraldiaren gainean berba egin beharrean, Arralden gauzak zelan dauden galdetuko diot hurrengo baten.

    Blog interesantia zeuria. Tres bien tutti-fruttia…

    Erantzun

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude