Izan duzue inoiz dena zuen aurka dagoen sentsazioa? Ez naiz pertsona bat edo batzuk kontra egoteaz ari; guregandik haratago dagoen zerbaitetaz ari naiz, kontrolatu ezin dugun zerbaitetaz. Bai? Ba halaxe sentitu nintzen ni atzo.
Goizeko zortzietako lanera joan nintzen atzo. Bezero bat blog ikastarora etortzekoa zen eta ordenagailua piztu baino lehen, nire laneko mahai gainetik hartu eta ikastaroa eman beharreko lekuan jarri nuen.
Goiza
Egia esan, lan handia ez da, baina goizeko zortzietan ez dakit zuek, baina ni esnatu gabe egoten naiz eta izugarrizko malaletxearekin. Ba horixe. Ordenagailua ikastarorako prestatu, piztu, posta jaisten hasi eta
hara non abisatzen didaten ez dagoela ikastarorik!
Berriz ere ordenagailua itzali, kableak atera eta nire mahaiaren gainean jarri behar. Horrela hasita eguna ezin ondo amaitu.
14:00etan Arrasaten egon behar nuen medikuarenean. Lanetik irten eta bertara joan nintzen. Zerbait jan nahi eta ezin; tripazorriak nituela egin nuen Arrasatetik buelta.
Eguerdia
Etxera iristerako 15:30ak. Kaka! Labadora izorratu da. Bi argi intermitente pizten zaizkio, emergentziakoak edo. Otsailean erosi genuen labadora berria eta dagoeneko bigarren aldia da izorratzen dena (badaezpada ere ez dut esango zein marka den, baina nire medikuarenetik gertu jaioko zen).
Arratsaldea
Hasi naiz labadoraren instrukzioak hartu eta irakurtzen. Intermitenteak pizten zaizkionean filtroa garbitu behar omen zaio. Filtroa topatu, irekitzen hasi eta
sukaldea inundatuta! Instrukzioetan ez zuen holakorik jartzen! Horrelako zerbait zioen: ponerle un platillo debajo del desagüe para que salga el agua que sobre. Platiloa ez, palankana handi bat jarri behar zitzaion behean! Eta bazkaldu gabe, tripazorriak nituela, inundazioa konpontzen hasi nintzen. Bazkaldu, dutxatu eta lehengusinaren seme jaioberria bisitatzera joateko asmoa nuen eta idatzi dudan honen ordez Iñaki txikiri buruzko posta osatu nahi nuen. Baina horrelakotxea da patua!
Sukaldeko ura lehortu eta filtroa garbitu nuen. Labadora berriro martxan jarri eta keba! Ez duela nahi.
Iñaki txikia bisitatzera joan, ikastaro batera gero eta 21:30ean iritsi nintzen etxera. Aita eta anaia zeuden sukaldean.
Gaua
- Uxo, badakizu labadoria ez dabilela? aitak.
Zer erantzungo zenukete zuek? Ze tonurekin? Niri momentu horretan malaostia tonua irten zitzaidan.
Afaldu genuen, bakean eta iritsi zen Goenkale ikusteko ordua (aitak ez du kapitulu bat galtzen). Salara joan, telebista piztu eta hara non telebista ez dabilela! Ibili ibili bazebilen, baina antenarekin arazoren bat zegoen. Gaueko 22:30ak, aita kabreatuta Goenkale ezingo zuelako ikusi, anaia adarra jotzen eta egoera hori ikusita ohera joan nintzen, egun zoragarri hori betirako burutik ezabatzeko asmoz.
Gaur, zorionez, eguna zoragarri joan zait. Errutinarik errutinarena ere zoragarria baita atzokoaren ondoan.
Biharamuna