Brexitaz

BIhotza. Ingalaterra. Coe.

Gai garaikideei buruz idaztea arrikutsutzat jotzen dute batzuek Covid-19aren bueltan argitaratu diren liburuen harira, nahiz eta gure aro honen (bista da nik ez diodala arazorik ikusten horri) ezaugarri bat baden denari, hutsal nahiz sakon, buruzko analisi azaleko bezain berehalakoa. Ez dakit historian inoiz idatzi den hainbeste, txio forman bada ere, momentuan gertatzen denaz. Ez dut ukatzen analisi sakonak berez behar duela kautela, hala bedi, baina labea bero dela idatzitako liburu batek balio dezake noraezari iparra jartzeko. Izan Covid-19, izan Brexit, izan Kataluniako procés. Liburu salmentek frogatzen dute, gainera, beharra izan badela hainbaten artean.

Jonathan Coeren El corazón de Inglaterra (Anagrama, 2019) Brexita ardatz duen nobela da. Nik berari irakurtzen diodan lehen lana da, baina akaso gehiago irakurri dizkiozuenok ezagutuko dituzue obra gehiagotan ateratako pertsonaiak.

Azken hamarkadaren errepasoa egiten du idazle britainiarrak lagun talde bat eta euren seme-alaba batzuk oinarri harturik, Londoneko Olinpiar Jokotatik hasita 2019raino. Pasarte errealak nahasten ditu fikizioarekin, garaiko politikariek esaniko diskurtso zatiak, aktualitate eta politika ingelesa zipriztindu zituen txutxumutxuak.

Brexita aitzakia bat da ziurrenik hamaika gai errepasatzeko: harreman erromantikoak, indarkeriaren biktima direnen trauma, anti-intelektualismoa eta intelektualek duten nagusitasun morala, landa-hiri gatazka, xenofobia, akademian lan egitearen ajeak, ideologia ezberdinen artekoen maitasuna, industria osteko aroak eragindako noraez bitala pertsona askorengan, zaintza, politika pijo eta elitisten kapritxoek izan ditzaketen ondorio lazgarriak… Hari mutur askorekin asmatzen du, bereziki ona da Sophie eta Ianen arteko bikote harremanaren kontakizuna, baina muturren bat eskapatzen zaionaren sentsazioa geratu zait (Charlie, esate baterako, alabaordeaz duen harremana ez zait sinesgarria egin).

Estiloan, horren anglosaxoia den umorea lerroartean dasta daiteke, maiz beste kulturaren bateko egileek Coek desribatzen duen egoera bera dramatikoago kontatuko zukeenean. Benjaminen ohe kontuak dira horren adibide, liburu amaiera partekoak.

Brexita aitzakia izango da, baina bikain kontatzen du Brexita ere. Poliedrikoa da planteamenduaren beraren sorreran edo botuaren azalpenetan, nahiz eta argi lerratzen den nire ustez egilea balantzaren alde batera.

Literaturak ez badu balio errealitatea kontatzeko, egunkari edo kronikek egin dezaketena baino sakonago fikzioak eskaintzen dion indarraz, akabo.

Negua.

Mingarelli. Krudelkeria. Zaila.

Nobelei eskatzen badiezu ekintzak, gertaeren kateatzea eta ustekapeko kolpeak ez ezazu irakurri Hubert Mingarelliren Una comida en invierno lan aparta, Siruela 2019, Laura Salasek gaztelaniara itzulia. Aldiz horoskopoen artea eta literatura bi gauza ezberdin direla baderitzozu, eman aukera bat nobela motz bezain mamitsu honi.

Testuingurua Bigarren Mundu Gerra, Polonia, negua. Ezaguna da gerraren krudela eta juduek jasan zuten suntsipena. Bost gizon etxe baten sutondoan eta zopak ez du irekin nahi, elkarrizketen tartea da. Aita batek kezka du bere seme artean gazteegiak tabakoa erretzeari ekin diolako. Ez daki zer esan, gerra testuinguruan, semeari ohitura kentzeko.

Ametsez ez da komeni hitz egitea, hori argi dute.

-Has tenido suerte de pasear en tranvía esta noche, porque lo que es para mí las noches son iguales que los días. A veces son hasta peores.

Intenté sonreírle, luego bajé la vista.

¿Veis como tenía razón? Más vale guardarse los sueños para sí, no deberíamos hablar nunca de ellos.

Bost gizon horietako hiruk gauza oso krudela egin behar dute euren ustez krudelagoa den zerbait ez egiteko. Hondamendiaren erdian, atzerrian, ez dute ia gogoetarik egiten, gizatasunak euren egunerokoa ikus ez dezan. Bukaera aldera, halere, etorkizunaz dihardute: batek bakarrik biharko egunean pentsatzen du, bestea beldur da etorkizunak zer ekarriko dion. Narratzailea mutu dago, hirugarren gizona da.

Sinplea dela dirudi baina zinez zaila den zerbait lortzen du Mingarellik, orriak irensteko nahia piztea su artifizialik gabe, zehaztasun izugarria, zentzu denetan, soilik lanabes.

Hirira doan bidea.

Ginzburg. Delia. Italia.

Izan zitekeen gure arbasoei buruz, gure amona eta aitonei buruz. Landa eremua eta mugakide duen hiria, bigarren honen eragina.

Baina hori baino askoz gehiago da Natalia Ginzburgen Hirira doan bidea, Igela 2001, italieratik Pello Lizarraldek euskaratua. Ez da Gure etxeko kontuak, gaia ere ezberdina denez gero, baina dirudiena baino hari mutur dituenaren susmoa dut.

Argindarraren jokoa (aitaren ofizioa eta izebaren etxea), irakurri eta ez irakurtzearen aldeko pertsonaiak, ekoitzi gabe negozioa egin nahi dutenei buruzko begirada zorrotza, emakumeenganako indarkeria eta jazarpena, emantzipaziorako gakoak, gizarte fededun itxien hipokrisia, hiriak landa eremuetan erein zuen askatasuna eta galbidea, famiilia eredugarrien mitoa…

Airean irakurtzen da, ez da txarra hori gero, eta ibilaldi batzuetan buruari eragiteko beta eskaintzen du. Pasarte honek kasu:

-Alfer-alferrik ari haiz orain Ninirekin ametsetan -esan zidan-. Ninirekin edo beste batekin berdin zion. Kontua dun norbait izatea, bizitza tristeegia baitun emakume batentzat, bakarrik baldin bazegoen.

Kollontairen Boltxebike maitemindua gogorarazi dit. Akaso biak ezkertiarrak zirelako, Ginzburg eta Kollontai. Akaso, maitasuna politikoa delako. Ez egin kasu, baldarkeriaren bat izan bailiteke.

Belardia.

Burokrazia. Atmosfera. Ezponda.

Atzo ertzainak izan genituen baserri auzoan, uste bat baieztatuz. XX. mendeko ideologia garailea burokrazia da. Kafkari harridura eragin zion arau-amaraun bera, bere lan bat horrek eragindako durduzadura eta egonezinari eskaini ziolarik: Gaztelua, bera hil ostean 1926an amaigabe argitaratua. Burokraziaren utopia da, nire ustez, arau bera aplikatzea testuinguru guztiz ezberdinetan, 22.000 biztanleko herrian eta 20 biztanleko baserri auzoan. Ñabarduren etsai, erdibideko pausoen maitale. Konfesio txiki bat, nire kontraesanen baratzean guilty pleasure handienetakoa da Arrasateko burokraziaren tenplu aratzera, BAZera, joatea. Inprimaki lizunkeria da oro berton.

Atzoko gertakizunera bueltatuz, beti da argigarria boterearen bozeramaleekin hitz egitea, afana eta ezaxola adierazten baitute batera esaldi bakoitzean. Polizia ona eta txarra, hori bai betiereko bikotea. Ate joka dugun udaberria ebatsi ziguten argi urdinez baserri atarian egotea gaztigatuz eta komisaldegira itzuli mehatxu doinuan. Zenbat gauza borratu gura dituzten borrekin, horra ofizioa (eta, zoritxarrez, gehiegirentzat afizioa).

Gaur ukiezin zaigun mendira itzuli nahiko nuke zentzumenen lasaigarri, letren leihotik ihes eginda. Eta zer hobe horretarako, Pello Lizarralderen eskutik Larrepetetiten xerkan joatea baino: Abelek ahotik gutxira ikusi du bere hatsaren lurrin zuria gau argitsuan aienatzen. Muinoa jaisten hasi berria da, eta orain ez dago ikusmira eragozten dion zuhaitzik. Beste isurialdean esne urtsuaren tonua ematen dio ilargiak mendi hegal zabalari, margulagoa gailur aldean, biziagoa erdi aldeko harkaitzetan, apartsuagoa erreka zulora hurbildu ahala.

Nahiko nuke niretzat Lizarralderen prosa, hori edertasuna apaingarri alferrekoei uko eginik. Gutxik du natura atmosfera bat hala deskribatzeko ahala, belardi, baso, erreka-zulo bertan egongo bazina lez sentiaraztekoa. Eta ez da amaitzen hor idazle nafartuaren gaitasuna, berea baita (buruz nabil) nire iritziz Elurbustia liburuan euskarazko industria poligono baten deskribapenik nabarmenena. Larrepetit obrak, 2002ko Euskadi Saria lortu zuen berak, kritikaren alabantzak ere eskuratu zituen. Andolin Eguskitzak 2002an Egunkarian ondorengoa zioen liburua goraipatuz:  Kontaera honetan pertsonaien ibilerak baitu munta, harat-honatak, barrutik sentitu beldurra eta pertsonaien arteko elkarrenganako mesfindatza-konfidantza Eta naturaren begiratu zehatza. Eta benetan esan behar dut Lizarraldek aparatu egin duena, itu-ituan jo. Ez dakit hortik segitzeko aukerarik ote duen, baina bidezidor horretatik egin duen sarraldia ederra izan dela esan egin behar da. Zorionak. Harkaitz Canok Correon, ostera, ondorengoa: Une bakoitzeko egoeraz jabetu gaitezen beharrezkoak diren mugimendu, begiraden norabide, usain eta argi tonuak emanak zaizkigu. Protagonisten arnasa sentitzen dugu: aire korronteak, egurrezko zoruaren zarata, ateen azpietako argi-lerroa, belarraren usaina. Guztia dago gure zentzu lokartuak atezuan mantentzen dituen estridentziarik gabeko mihise eder baten zerbitzura.

Itzul gaitezen belardira Lizarralderen eskutik: Goi mendietatik heldu den haizea entzutean berantetsi du Abelek. Bidean atzera egin beharrean, ezponda belartsua igan eta belardira irten da. Lasterbideak egiten dituen azken bihurguneak ikusteko moduan egon da. Gero ezponda ertzeraino jaitsi da, gaztainondo lerro bateraino, eta kokoriko jarri da.

Ez dakigu nor diren Larrepetit eleberriko Abel eta Joxe, morroi gaztea bata, ijito zaharra bestea, baina biak dira iheslari bizimoduz batek daki zergatik. Gure bihotz konfinatuek, nahi dute, haiek arrakasta izatea beraien askatasun xedean guk ametsetan lorratzak segi ditzagun.