Zalantza

Maigret. Simenon. Paris.

Anagrama eta Acantilado argitaletxeak batu dira Simenonen hainbat lan argitaratzeko, tartean bi egun eskasean irakurri dudan Maigret duda (Anagrama&Acantilado, 2021, Caridad Martinezek itzulia) nobela beltz laburra.

Gutun anonimo batek abiatuko du trama, jakinarazten diote Maigret polizia judizialeko buru famatuari Parendondarren etxean krimen bat jazoko dela. Hor sartuko du muturra Maigretek Parisko, goi burgesiaren alfonbrapean, eta ohikoa den moduan zikinkeria ugari aterako da argitara. Polita da detektibearen noraeza partekatzea familia bitxi bat eta haien egunerokotasuna ulertu nahian, izenburua justifikatzen duena. Gutun anonimoa gauzatuko da edo adarra jotzen ari zaio bateren bat?

Onena, nola deskribatzen duen hiria Simenonek. Aztertzekoa jatorduen inguruko pasarteak, ze mimoz deskribatzen diren jatetxe eta tabernak -bada hor azpi-ikerkerta bat, partzialki egin dena autore jakinak, adibidez Vázquez Montalban hartuz, baina noir literaturak eta gastronomiak asko zor diote elkarri, esan bestela Camilleri, Simenon edota Jon Alonsori.

Txarrena, apur bat zakar amaitzen dela nire gusturako. Geratzen zitzaizkidanean hiruzpalau orri nire buruari niotson: ezin da horrela amaitu. Baina bai, horrela amaitzen zen. Galernak zapuztu duen udako arratsaldea bezala. Edota LABI batzordearen bilera bat bezala.

Order!

Calasso. Liburutegia. Anagrama.

Aurreko posta idatzi ostean, Mri buruzkoa, desordenari apologia egite horrek ondorioak ekarri dizkit. Nor eta John Bercow etorri zait ametsean “order!” oihuka eta izerdi patsetan esnatu ostean eskuan dudan lehenengo lanabesarekin ekin diot mamuak uxatzeari. Cuadernos Anagrama saileko liburua mesanotxetik hartu, oraindik begietako bekarrak artean gotor dirautela, eta buru-belarri ekin diot Roberto Calassoren Como ordenar una biblioteca (Anagrama, 2021, Edgardo Dobryren itzulpena) irakurtzeari, alegia.

Calasso aurten hil den idazle eta editore italiarra da, sona handiko Adelphi argitaletxeko buru, editore eta arima. Jorge Herralderen lagun, ez du alferrik goraipatzen Anagrama liburuan, lau testu labur dakartza besapean. Testu bakoitza enkargu edo mandatu ezberdin bati erantzuteko da eta horrek azaltzen du agian euren arteko ezberdintasuna: aldizkariei buruzkoa erudizio lana den bitartean, gogorarazi dit kirolean bezala ezagutza kide arteko maila ezberdintasunak izan aurkari izan irakurle-idazle gozamena uxatzen duela, liburu dendei buruzkoa dibulgatiboa da kasik.

Bitartean hainbat pasarte gozagarri eta beste batzuk ezadostasuna eragiteko modukoak. Hala gertatu zait liburuak markatzeko dioenari buruz. Calassoren ustez libururik azpimarratu edo marjinean apunterik idazten ez duen irakurleari mesfidantza zor zaio. Nik ez dut berdin pentsatzen, bistan da, eta badut horretarako argudioa. Ikasle nintzela 7. maila arte herentzian jaso nituen liburuak, txukun-txukun zainduak, eta herentzian utzi behar nituen. Amak gogor gaztigatzen ninduen liburuok zaindu eta arrastorik ez uzteko. Horregatik nik berdin jarraitzen dut nireekin, banitate hutsa da pentsatzea liburuek ez dutela bizirik edukiko gurekin igarotako denbora eta gero, eta estriptis jasangaitza zait beste baten apunteak irakurtzea. Astearte goiz batean edonoren txirrina jo eta aurretiazko abisurik gabe etxean presentatzea bestekoa.

Baina horiek baten maniak dira, Calassoren maniek besteko pisua dutenak. Beste orrialde askotan ez dago maniarik, ezagutza baizik, eta horregatik da interesgarria irakurketa.

El verdadero lector no necesita mucho: un poco de gusto en la decoración y en las luces es suficiente. Además, claro, de la posibilidad de pasar un rato confortable, dedicándose a esa actividad deliciosa que los ingleses llaman browsing. Lo importante es que pueda encortrar fácilmente los libros que venía a buscar y descubrir aquello que no sabía que estaba buscando. Y, también, que esto suceda en lugar adecuado, sin música de fondo (dado que hoy cada uno puede escuchar lo que quiera en sus dispositvos, sin molestar al prójimo). Así se podrá reconocer, hoy como ayer, la buena librería. Si esto no es suficiente, querrá decir que el libro en sí ya no es suficiente, y si el libro ya no es suficiente, entonces el mundo está escribiendo otra de las páginas oscuras de la historia.

Koadernoak

Chirbes. Memoriak. Anagrama.

Liburu batzuek jaio aurretik dakarte soka eta luzeena memoriena da. Zer gorde eta zer erakutsi nahi digu idazleak? Nola hartuko dute bere hurbilekoek? Konfesatuko du ordura arte berarentzat eta ez beste inorentzat gordetako sekreturik? Zein da tonua, barkabera edo gupidagabea? Leporen bat mozten du? Maitasunen bat deklaratu?

Akaso esperotakoa zelako, gehiago postumoa izanda, baina Chirbesen A ratos perdidos 1y2 memorien liburua (Anagrama, 2021) izan da nire lagun batzuentzat urteko literatura akontezimendua. En la orilla edo Crematorio bezalako obra puskak idatzi dituen gizon Valentziarrak zer du esateko dagoen tokitik?

Bolada aztoratuetan, edo literaturaren iturria txintxin mehea besterik ez den sasoietan, 2013an Harkaitz Cano bidelagun zuela Donostian emaniko hitzaldi hau ikusten dut. Zeharo gomendagarria da eta niri idazlearekiko sinpatia eta esker ona pizten dit tonaka. Horregatik akaso egin zait gordina liburuko lehen herena (ez dut hitzaurre batekin, bi ditu, egoniko polemika aipatuko ez baitut irakurri eta bost axola didalako), hori sufrimendua eta mina gizonarena, eta ezerosoa hainbat pertsonekiko duen tonu gogorra, une puntualen batean kontuak kitatzekoa dirudiena. Hildakoekin ezin da eztabaidatu, zer esango dizuet Domu Santu egunaren bezperan idazten ari naizen lerrootan, baina Marxek arrazoi zuen Luis Bonaparteren 18. Brumarioan: hildakoek itotzen gaituzte. Etengabe ari gara haiei arrazoia ematen edo kentzen. Ez naiz sartuko Chirbesek arrazoi duen edo ez, ez ditut kasu zehatzen detaileak ezagutzen, baina ziur asko memoria hauetan pertsona ageri da biluzik eta eskuzabal eta nire arazoa da egile horri buruz nuen irudia kudeatzea lerrootan jasoaz ez badator bat.

Ondoren liburuaren tonua goxatzen da zerbait esateagatik, bukaera arte ageri baitira haurtzaroko internatuko oroitzapen mingarriak eta bestelako koskak, eta egiten dituen kritika batzuk funts askokoak eta mardulak dira. Esate baterako Bernardo Atxagaren Soinujolearen Semea eta Echevarría kritikariaren kritikari buruzkoa, lagun batzuek seinalatu zidaten hau eta arrazoi dute. Argudioak eta sendoak eskaintzen ditu Chirbesek esateko zergatik ez dagoen ados kritikari batzuen rolarekin. Perez Reverteri buruz dioena zuei utziko dizuet bilatzen.

Liburuko onena? Ez nuke jakingo esaten. Momentuan gordina egin bazait ere, zenbat min dagoen bere koadernoko hasieako zirriborroetan, Madrileko mobida zeritzonaren biharamunari, HIESari eta homosexualitatearen jazarpenari buruzko zertzeladak oso interesgarriak dira. Idazle ofizioari buruz egiten dituen anotazioak puntakoak. Eta irakurtzen dituen obrei buruzko iruzkinak bikainak. Bainaren bat jartzekotan, edizioarekin lotuta dago. Liburuko edukia memoriak idatzi ziren koadernoka banatuta dago, hala utzi zuen prest hil aurretik Chirbes berak, eta faltan bota dut hasieran edo bukaeran bere biografia labur bat, bere obren argitaratze urteekin edota bestelako mugarriekin. Jakintzat ematen dira akaso gauza horiek, baina ikasita jaio ez ginenoi erraztu ohi digute bizia halakoek.

Literaturari emaniko bizia izan zen Chirbesena. Minak, edanak, keak eta orban ugarik lagundu zuten umemokoa zenetik. Lagundu akaso ez aditzik egokiena. Edo bai, baina egilearentzat ona dena ona da pertsonarentzat?

Dixit

La escapa. Inkomunikazioa. Mesa.

*Testuak spoilerrak eduki ditzake, baita arrain trazak ere.

Mahai joko ederra da Dixit. Ingurukoak eta ez hain ingurukoak ezagutzeko beren-beregi egina, anbiguotasun eta tristuraz jositako kartak dira oinarri. Bakoitzak kontzeptu baten bueltan dituen irudietatik bat zergatik hautatu duen asmatu behar duzu. Hor hasten dira sorpresak, batentzat maitasuna dena bestearentzat esklabutzaren irudia denean.

Sara Mesaren Un amor nobela (Anagrama, 2020) Dixit nobela da. Ez bakarrik portadako ilustrazioak Jean Louis Roubirak eginiko marrazkien antza duelako, niretzat zeharo itsusia da portada, zer esango dizuet bada, baita anbiguotasun jokoa delako nobela bera. Naten heldutzea, lana supituki utzi duen itzultzailea da eta hegoalde indefinituko herri batean hartu du ostatu, eta guztion heldutzea korapilotsua dela kontatzen du. Bidean La Escapako herri hautseztatu eta miserableko, kuriosoa da nola pertsonaje batek dioen ez dela La Escapako inor bizi herrian, denak direla kanpotik joanak, giza galeria erakusten digu: Piter bidriera artisau eta ogi puska, Andreas “alemaniarra”, Rufina, dendako neska, Natek alokatua duen etxeko jabea…

Batzuek definitu dute nobela, hala dio seigarren edizioko faldoiak bederen, inkomunikazioari idatzitako artelan gisa. Bada, hain zuzen ere, Natek kode ezberdina manejatzen du herrikoekiko. Hangoek diote hori dela hiritik landara bizitzera joandako denei gertatzen zaiela halakorik. Baina ez da hori. Natek ez du bere buruarekin komunikazio onik ezta. Ez die gauza batzuei bere izenez deitu nahi, horra maizter gisa bizi duen tragedia, eta hortik datozkio nahigabe ugari. Niretzat bada modu bat, herri txikietako bizitza kontatzea, giza harremanak biluzik erakustekoa, herri kozkor eta hiri bazterretan gizarte deritzon amaraunik gabea. Han ez dago administraziorik, sektore pribaturik, elkarterik, poliziarik. Han pertsonak daude, bata bestearengandik urrun bezain gertu, eta pertsona horiek osatzen duten unibertsoa.

Liburua erraz irakurtzen da, hori idazlearen alde. Eta oharkabean irensten duzu arrazakeriari buruzko gogoeta, prostituzioaren auzi arantzatsua eta beste hainbat kontu anbiguo. Alberto Moyanok dio bakoitzak bere modura irakurriko duela liburu hau eta izan liteke, nik adibidez buelta asko eman dizkiot zakurraren gaiari.

Bukatzeko, esan beharrik ez da, idazle ona da Sara Mesa. Oparitzeko liburu ona da Silencio Administrativo, gauza askok nola funtzionatzen duten ulertzeko modu ezin hobea. Bere talentuaren adibide bat emateagatik, irakurri nola hortzetako pasta baliatzen duen denbora erreferentzia gisa:

Todo ha ocurrido en muy poco tiempo. Tan poco que se asombra cuando lo piensa. Estrenó un tubo de pasta de dientes cuando llegó a la Escapa, un tubo que ha estado usando dos o tres veces diarias y, aún así, todavía no lo ha terminado de gastar, aún queda como un tercio. Es increíble, se dice: removerse por dentro por completo, sacudirse, darse la vuelta y volvérsela a dar, en menos de lo que se tarda en gastar 125 milílitros de dentrífico.

Txin-txin

Medel. Diruaren hotsa. Borobila.

Aspaldi irakurri dudan libururik borobilenen artean da Elena Medelen Las maravillas (Anagrama, 2020) nobela. Batez ere olerkari gisa ezaguna den autore andaluziarrak, saiakera ere idatzi du, lehen nobela izateko ale paregabea lortu duelako. Izan ere. ertz eta erpin askotako protagonistak marraztea lortu du turismo gidetatik kanpo gelditzen den Madrilen kateatuta, metro geltoki eta autobus linea artean, tonu gordin eta zorrotzean.

Kordoba eta Madril zilborreste batek lotzen ditu idazleak liburu honetan, ihesaren, txirotasunaren, minaren eta lotsaren soka ere baden zilborresteak. Bi emakume, Maria eta Alicia, Kordobatik Madrilera hogeita hamar urteko aldearekin. Batak lan egingo du zaintzaile gisa, garbitzaile, gogor izerditu beharra du irabazi duen independentzia pertsonal zaurgarriari eusteko. Besteak, Aliciak, metro geltoki batetako dendan egiten du lana.

Egileak dio hemen gazteen kezka nagusia hilabete bukaerara iristea dela. Gazteena balitz soilik, pentsatzen dut nik nire baitarako. Eta diruak edo diru faltak, zehatzago esateko, justifikatzen ditu bere pertsonaia askoren joan-etorriak, tristurak eta ezinak. Dirua lortzeko uzten diren ikasketak, diruak aisialdian duen eragina, lanari ezetz ezin esanagatik garaiz kanpo zahartu diren gorputzak. Baina ez du diru falta hutsak santu egiten bat, Silvio Rodriguezen hitzetan esaten den moduan:

Tener no es signo de malvado
Y no tener tampoco es prueba
De que acompañe la virtud
Pero el que nace bien parado
En procurarse lo que anhela
No tiene que invertir salud.

Izan ere, Medelek diruaren aitzakian matxismoa, zaintza, aktibismoaren laguntasuna, psikopatia, bikote harreman heteronormatiboak, txirotasunaren lotsa eta beste hamaika hari txirikordatzen ditu. Ez naiz aproposena txirotasunaz hitz egiteko, beti izan duenak gutxi baitu hor gehitzeko, baina bai Maria bai Alicia oso pertsonaia konplexuak dira. Badute argitik eta ilunetik eta gustuko dut hori, ez dira estereotipo hutsak.

Bukatzeko tonua nabarmenduko nuke, hasieran esan dudan moduan, baina nik baino hobeto deskribatzen du Nadal Suau kritikariak hemen hori: “Busca en sus bolsillos sin encontrar nada”, arranca la voz narrativa, y enseguida sabemos que esa primera línea contiene el libro entero. Un tono crudo y explícito en sus objetivos nos conduce por la caída en la pobreza de un linaje que casi protagonizó el milagro de la España tecnocrática de los setenta y ochenta, pero al final no lo logró“.

Olatuak

Banville. Iragana. Zedroak.

Konfinamendu gogorraren garaia zen. Hala deitzen diet bederen etxetik lanera joatea bera debekatu ziguten egunei eta, orduan, apenas jaisten nintzen baserritik kalera astean behin. Gizon ezezagun bat agertu zitzaigun egun batean etxean, nekazal turismo izan zenean bertan lo egindakoa omen zena. Garai hartako etxeko bisita-txartela ere erakutsi zigun, duela hiru hamarkadakoa. Emazte zuenarekin etorri omen zen eta orain banandua omen zegoen honetan, interpretatu genuen hausturaren kartografia egiten ari zela, berak hala berretsi ez arren. Non okertu ote zuten lerro zuzena. Edo, sinpleki, zoriontasunaren geografira itzuli nahi zuen pandemiak eragindako atsekabe kolektibo horren erdian.

Akordatzen naiz gizonaz, noizean behin. Baita John Banville idazle irlandarraren El mar (Anagrama, 2005) nobela irakurtzen aritu naizenean ere. Kuriosoa da, ez baitakit zer den itsasertzean bizitzea (Donostian bertan ere itsasoari bizkarra emanda bizi izan nintzen ikasle garaian, Urumearen lagunago hondartzena baino) baina irudikatzen dut Orbaitzetako gure etxean bizitzearen antzekoa behar duela. Berau basoaren, oihanaren kasu horretan, ertzean dago eta horrek berarekin dakar errespetua dei diezaiokegun emozioa, estutasuna ahotara ez ekartzeagatik. Haizeak zuhaitzak mugitzen dituenean, itzalak etxean proiektatzen direnean edota animalia ezezagunen oihuak entzuten direnean nabaritzen da basoa. Beno, ez da egia, bere presentziaz ohartzen da bat nahiz eta ez ekarri pentsamenduaren lehen planora uneoro. Antzeko zerbait gertatzen da itsasoarekin Banvilleren nobelan, hor dago Ballyless herriari zentzua ematen, udatiarrik ez bailitzateke egongo barnealdean balego besteak beste, eta pertsonaiei zerbaiten ertzean bizitzearen alanbre orekagabea besterik ez die eskaintzen. Horrelakoa da Max Morden protagonista, ertzekoa eta doluak ertzera eramana. Krudela, okerra eta min ugarik pertsegitua. Emaztearen faltak jota dagoen gizagaixoa. Pertsona handia ere bada, badirudi ez duela oso gustuko hori, eta errukia sortu didan naizen pasarte hau uzten du lerro artean:

Además está el problema que tengo con los espejos. Es decir, tengo muchos problemas con los espejos, pero casi todos son de naturaleza metafísica, mientra que este este al que ahora me enfrento es de un orden enteramente práctico. Debido a mi tamaño desmesurado y absurdo, los espejos para afeitarme y otros similares siempre me quedan demasiado bajos en la pared, de modo que he de agacharme para poderme ver la cara en el espejo. Últimamente, cuando me veo asomar en el espejo, encorvado de ese modo, con esa expresión de leve sorpresa y de vago y estúpido temor, que hora llevo perpetuamente en mi interior, la mandíbula floja y las cejas arqueadas con un aire de deprimido asombro, me parece que me parezco, definitivamente, a un ahorcado.

Nik ere gorroto dut Gaussen kanpaia, Max, ez pentsa.

Liburu ona da, oso ona. Prosa ederra du, protagonistaren barne monologoak ederrak dira, nahiz eta batzuetan kriptikoegiak izan nire gusturako, eta pertsonaia mosaiko ederra uzten du. Familia ezberdinen barruko engranajeak ezagutzeko parada ematen du, tragedia baten eragina denboran neurtzeko, iraganak gure ahulguneetan duen babesleku rola ulertzeko, haur batzuen helduarorako trantsizioan arreta jartzeko edota zinez krudela iruditzen zaidan pertsonaia nagusiaren ibilbidea ezagutzeko. Man Booker saria irabazi zuen liburuak 2005ean eta kasu honi dagokionean lekuko naiz olatuek ez dutela solik zaborra itzultzen hondartzetara.

Mina

Pilniak. Kaoba. Errusia.

Ba ote mina baino sentimendu benetakoagorik. Minak, eta berau jasateko dugun gaitasunak, gidatzen dute gure bizitza gure borondateak beste. Edo gehiago. Eta Boris Pilniaken Caoba, Anagrama 1987 Sergio Pitolek itzulia gaztelaniara, irakurtzean mina antzematen da. Alboan ditu edertasuna, Asiako ortzemuga gabeko paisaiak horren adibide, kritika edota umorea. Analisi gaitasun zorrotza eta datorrenaren, zaila da jakiten ea idazleak antzematen zuen bere amaiera. Stalinen urte gorriak ziren eta kontzentrazio eremu batean erailda amaitu zuen idazleak, epaiketa hiperlabur baten ondorenean.

Caoban Errusiaren arima, ia eternoa den gai hori, ageri da. Pitolek argi azaltzen duen moduan hitzaurrean, iraultza aurreko literaturaren agertoki beretan gertatzen da baina errealitate zeharo ezberdinean. Ez da alferrik kokatzen lana hogeigarren hamarkadako amaieran, Leninen ekonomia plangintza berrien hondarrean eta iraultzaren ametsik utopikoenak itzaltzen hasiak zirenean. Fakzioen arteko gerra, kontuen kitatzea eta eroak izatea euren buruari iraultzaile deitzen diotenak, geniala da Ochogov, agerikoak dira. Zenbat kritika zeharkako eta zorrotz lerro artean, hori krudela Pilniakek kaoba altzari erosleen metaforaz adierazi nahi diguna: arnas gabeko iraultza sarraskijaleen bazkaleku da. Badu beste galdera on bat liburuak, nola izan litekeen bat iraultzaile eta aldi berean faltan bota errejimen zahar ustelduaren xarma. Nola ametituta ere aurreko miseria eta jazarpenak bidegabeak zirela gupida senti lezakeen batek behea jotako aberats eta nobleen miseriarekin. Nola, herri ezkertiarretan ere historia ibilbideak egiterako orduan jauregiak besterik ez diren bisitatzen. Imaginario horretatik gatoz eta ez dago hurbil dagoen adineko jendeaz hitz egitea besterik, edo Ahotsakeko grabazio batzuk entzun bestela, ikusteko jende txiroak nolako miraz hitz egiten duen garaiko jauntxoen dotoreziaz.

Liburua hari finez lotutako kontakizunez osatua dago eta estiloz ausarta da bere garairako. Niri gehien guztatu zaizkidanak dira Al viejo queso de Cheshire eta Caoba. Gogorrak eta ederrak dira, sentimendu ederren kanpamendua mugakide da krudelkerien anabasarekin. Irakurri eta orrien zaporeak luze dirau. Hauek onenak, baina besteak ere gomendagarriak dira guztiz.

El arte de la ebanisteria era un arte anónimo; el arte de las cosas. Los maestros morían alcoholizados; cuando ellos morían, las cosas continuaban viviendo, y en torno a ellas se amaba, se moría, se guardaba en su interior el secreto de amores, negocios alegrías. Isabel, Catalina, Rococó, Barroco. Pablo es Caballero de Malta. Pablo es severo: severidad grave, caoba oscurecida, cuero verde, leones negros, grivos de distintos tamaños. Alejandro es el Imperio, el clacisismo, la Hélade. Los hombres mueren pero las cosas viven, y de las cosas de la antigüedad emanan antiguos fluidos.

Bukatzeko, Anagramaren edizio honen portadan nire kuadro gustukoena dago, Mahlevichen Zalditeria gorriaren karga. Batzuek ikusten dute hor armada ausart eta determinazioz betea idealengatik borrokan. Nik gizon-emakume ttipiak ikusten ditut, harrapatuta, iraultza egiteko gero eta leku gutxiagorekin, baina iraultza egitea ez besterik dakitenak. Lurrak jan arte mundua trostan zeharkatuko dutenak. Ni itzuliko naiz berriz Caobaren orri artera, haientzat Pilniaken amaiera dator.

Eguratsa

Carver. Maitasuna. Gordina.

Aire garbiak bira nazan. Hala zioen duela urte batzuk, badirudi bizi oso bat igaro dela zaborraren gerra egin zenetik, Zero Zabor taldeko haize erroten kulunkak. Egungo eguratsa garbia ez dugunaren seinale, beti eguzki gosez den herri batean zer espero liteke, korronte apurreko aire astun biziatua.

Haize korronteak egon badaude gurean, bortitzak askotan, trumoitsuak gehienetan, baina ez dakit eguratsa garbitzen duten leiho nahiz ateak itxita direla sortutako korronteek. Batek ez daki zer pentsa askotan. Haizeak estatua batzuk bota ditu eta beste batzuk laztandu. Zaila da batzuetan logika aurkitzea horri. Haizeak isiltzera zaramatza, hori bai, ez dakizula egurats hau arnas bihurtu.

Raymond Carverren De qué hablamos cuando hablamos de amor, Anagrama 2019, ipuin sorta itogarrian maitasuna deritzon horren fotogramak erakusten zaizkigu. Bizitza zati solteak, bortitzak, gordinak, errealak, gogorrak eta irakurtzea merezi dutenak.

Estaba el coche de Vera, y ninguno más, y Burt dio gracias por ello. Subió por el camino de entrada y se detuvo junto a la tarta que se le había caído la noche anterior. Seguía allí; el recipiente de alumino volcado, el halo de relleno de calabaza sobre el pavimento. Era el día siguiente a Navidad.

Gudalariak

Morales. Antzerkia. Granada.

Cristina Morales, Granada 1985, lehen nobela izan zen Los Combatientes, Anagrama 2020, 2012ko INJUVE sariaren irabazlea.

Gaztea da etorri zaidan lehen hitza nobela birgogoratzean, gazteriaren XX. mendeko konstrukto soziala desegiten ari den une honetan salbuespenekoa. Gazteak dira protagonistak, prekarioak, krisian koskortuak, gauzak ezberdin egiteko gogoa dutenak, muturreraino gauzak eroan nahi dituztenak.

Horren froga da Granadan duten antzerki esperimental konpainia. Tranpaldoan larrua jotzen dute, zuzenean. Beraien entseguak Sarak gidatzen ditu, Beckett eta Quevedo dantzan jartzen dituzte. Cristinak Juan Bonillari maitasun zauriez hitz egin nahi die. 15Mko suminduen aurrekariak dira. 15Mko suminduak boy scout taldea dira beraien aldean.

Pasada bat da Cristina Moralesen estiloa, ze gaitasun duen bere pertsonaia amorratuen, bereziki pertsonaia amorratuak iruditzen zaizkit bere bestiarioko onenak, indarra orrietan islatzeko. Ispilu aurrean jarri nau nire unibertsitate urteak gogoratzean. Inbidia sentitu dut.

Adi, bizi guztiko lagunak eta lezioak eskaini zizkidan unibertsitateak. Bandera batzuk eusten xahutu genituen indarrak, batzuetan boy scouten lehengusu sentitu arren.

Desde que van al suelo y terminan de follar pasan entre cinco y siete minutos. Si pasados como mucho doce minutos sólo se ha corrido uno o ninguno de los dos se ha corrido, dejan de follar para que dé comienzo la siguiente parte de la obra. Si a Borja no llega a ponérsele dura, ni siquiera cuando Patri se la mama, entonces ella se masturba si tiene ganas, o Borja la masturba o le como el coño, si tiene ganas, y si no, se relajan y la escena acaba antes. Cuando estrenamos en el aula Magna de Filosofía y Letras creamos cierto estupor entre la élite académica, aunque ellos sí que disimulan, porque es una señal de distinción intelectual el no alarmarse ante la sexualidad explícita.

Bereziki ona da protagonista emakume idazleen mahai inguru batera gonbidatzen dutenekoa, gizon batek dinamizatuta. Horrek bakarrik justifikatzen du liburua irakurtzea.

Igandea

Switft. Mirabea. Askatasuna.

Maiz aipatzen da belaunaldi loriatsu baten baitan (McEwan, Rushdie, Barnes…) eta ohoretik beste du ezkutatzetik horrek niretzat, zoritxarrez. Arrasateko bibliotekak aholkatuta, baditu hainbat obra nabarmenduta ate ondoko apaletan, eta bi metrotik gertu dauden begien parean tokatu zitzaidanetik Últimos Tragos nire egile gustukoenetakoa da Graham Swift.

Oraingo honetan Ser irratiko programa baten gomendioari esker deskubritu dut bere El domingo de las madres (Anagrama 2017, Jesús Zulaikak itzulia) nobela. Bertan Jane Fairchild neskame umezurtzaren mataza apur bat askatzen du idazleak, batez ere Nivendarren etxean lanean ari den urteetako haria. 1924a da, gerrak eroan zituen mutil gazte ugari eta aberatsak behea jotzetik ez oso urrun daude. Jane, neskameak, Paul Sheringam aberats kumearekin duen harremana ez dago momentu onean mutila ezkontzear baita.

Itzela da narrazioa, batez ere nola gehitzen dituen ore geruzak Jane eraikitzeko: klase sozialen indarra, zurztasuna, prostituzioa, maitasuna, hezkuntzaren garrantzia, liburuen gakoa, idazlearen bulkada… Eta nire ustez narrazioan datza ederraren funtsak, era habilean harilkatzen dituelako denborak eta pasarteak Janen kontakizunean. Beste edonork porrot egingo zukeen lekuan erdiesten du arrakasta Swiftek.

Amen igandean kokatzen da istorioa, narratzaileak berak dioen moduan 1924an gainbeheran egon arren oraindik indarrean zen jai eguna, morroi nahiz neskameei jai ematen zitzaienekoa haien amak bisitatzeko. Zein da umezurtzaren ibilera hain data seinalatuan?

Así que para acudira a su cita con un libro -con Joseph Conrad- torció hacia la izquierda y luego volvió a torcer hacia la izquierda: así llegaría a Beechwood antes de lo necesario, aunque no directa y rápidamente. Aún podría disfrutar de aquel sol glorioso y de la emoción que emitía un zumbido y un runrún. Algo que podría guardar grabado en la memoria para siempre.

Bizikleta askatasun haizea zen emakumeentzat bigorexiak maskulinoak zanpatu arte, gure inguruotan behintzat. Hartu liburua, Etxeondoko maillotean aise kabitzen den modukoa, ez duzue damurik hartuko.