GUADALAJARAN ABENDUAN

Abendu hasierako festa egunak aprobetxatuz, Guadalajara ezagutu eta bide batez bertako maratoi erdian parte hartzeko plan borobila ekoiztu genuen etxean. Motxon kaleko etxe urdineko gustu eta zaletasun ezberdinak kontuan hartuz, kirola, turismoa eta nola ez, shopinga uztartzeko gai izan ginen.

Ostegun batez abiatu ginen Espainia aldera.  Behin Gasteiz pasata, Gaztela Mantxako herri txiki baterainoko programa aurkeztu nien etxekoei. Hasiera baten behintzat, ez zuten kontrako iritziren bat salatuko zuen imintziorik egin.  Aranda del Duero hiria atzean utzi ahala, autobidetik atera eta Gaztelako errepide zaharretan barna egin genuen.

Laino grisek negar egiteko ahalmena izan bazutela esan nahi ziguten. Errepidearen bi aldeetan zabaltzen ziren gari soroek gustura hartuko zuten euria, zalantzarik gabe, zai zirela ziruditen. Oso garaia ez zen muino batean gaztelu zahar baten aurriak ikusi genituen; bertan beharko luke, muinoaren atzeko aldean, eguneko lehen bisita: El Burgo de Osma. Lurralde euskalduna izan zen garai batean. Osma ezezik, Uxama Argaela bezalako toponimia ere, aipatzen da hainbat idatzietan; nahiz eta, euskarazko toponimia honi, zelta jatorria eman nahi izaten dioten askok. Ederra da herria eta ingurua.

Soriako herria atzean utzi genuen. Eguzkia lainoekin burrukan zebilela zirudien horretan, izpi jakin batek muino baten goialdea begiratzera gonbidatu ninduen. Gormazgo gotorleku kalifal ikusgarria ageri zen; beste behin erdi arora bidaiatu nuen eta kokaleku garai hark lurralde zabal bat kontrolatzeko zuen ahalmena irudikatu nuen. Iparralderantz eraso egiteko operazio- base ikusgarria.

Gormaz

Errepide bakartietan barrena,Guadalajarako probintzia adierazten zuen kartel zahar bat ikusi genuen. Ez zen erraza ibilgailuren batekin gurutzatzea;  eta hori gertatuz gero, bietako bat errepidearen alde batera bota behar izango zuen, bestea ukitu gabe igaro ahal izateko. Cid aipatzen zuten kartelak behin eta berriz ageri ziren. Tierra del Cid ei da. Vivartarrak egindako ekintza gogoangarri sinestezinez idatzi eta hitz egiten dute istorialariek. Horietako asko esajeratze-zantzu nabariekin. Baina balio duena Cid goratzea baino ez da.

Atienza eta Siguenza bezalako herri ikusgarriak ikusteko ahalegina ere egin genuen. Aitzitik, gure etsipenerako, euria hasi eta turismo- jarduera eten behar izan geuen. Automobilean sartu eta Guadalajara hirira iristeko GPSa jarri genuen martxan. Laino gordin eta lodiek galarazi egiten zuten muino gorrietan agertzen ziren gotorlekuak mirestea. Errege batekiko eta bide batez, bere herriarekiko leialtasunari eusteko ahalegin izugarria egiten duten harri erraldoien bila nenbilen. Nafarroan ez bezala, Castillan ez baitzituzten dorre, almena edota harresiak suntsitu; horregatik diraute horren eder eta horren arro inperialisten gozamenerako.

Halako batean iritsi ginen Guadalajara hirira. Igandeko maratoi erdirako dortsala jaso eta hiriaren alde zaharraren bila hasi ginen. Kafe beroren bat hartu nahi genuen ostatu hartuko genuen herrira abiatu aurretik. Itsusia da Guadalajara; guk ikusi genuena bederen ez da oso erakargarria. Maratoi erdiak hiriko kale esanguratsuenak zeharkatuko zituenez, agian, orduan aurkitu ez nituen leku interesgarri horiek erakutsiko zizkidan.

Gaztela Manchaco Galapagos izeneko herri xume batean hartu genuen atseden. Bertako paisaiak ez dauka zerikusirik, hala dirudi behintzat, izen bera duten uharte multzo ezagunekin. Piasaiari dagokioenez, duen sinpletasuna azpimarratuko nuke. Ia lurralde osoan nekazaritzara bideratutako zuhaitzik gabeko eremuak dira nagusi. Mantxako solairu bakarreko eraikin tipiko arruntak nabarmentzen dira, gehientsuenak, kareztatuak. Maiz horrelako herri txikiek ezusteko ugari izaten dituzte gordeta eta horietako bat bertako taberna bakarrenetako baten izan genuen. Egun osoko jardunaren ostean, ardo bat hartzeko gogoz bertaratu ginen Meson Los Arcos izeneko ganorazko tabernara. Apaingarri askorik gabeko taberna, baina nahiko berezia. Horma horixketatik zintzilik zeuden koadro batzuk giro lasaia transmititzen saiatzen ziren. Argazki zaharrek beherantz etorritako akrobata baten presentzia edo lurra lantzeko garai bateko gizasemeen adorea erakusten zuten. Ardoa “tapatxo” baten laguntzarekin irentsi genuen; horren gustura hartu genuen tragoxka beste bat eskatu genuela. Ordaintzerako orduan baina, belarrondoko galanta jaso genuen; ardo bakoitza 4 eurotan kobratu zigun Los Arcos madarikatuko tabernariak.

Ostirala eta larunbata Madril  eta Alcala de Henares bisitatzen pasa genuen. Badira kontu eta bitxikeri ugari baina hau beste baterako utziko dut. Lehen ahapaldian aipatu dudanez, etxekoen plan borobila ekoiztu genuen; << zuk maratoi erdia, baina guk Fuencarral kalea>>. Hori bai, Espainiako hiribururako joan etorria trenez egin genuen. Kotxez Madrilen barrena ibiltzea ez da goxoa eta.

…..

Igandea; Guadalajarako maratoi erdia

Hona hemen orduan bizitakoa…

 << Goiz jaiki, Galapagoseko etxea txukun utzi, maletak batu eta Guadalajara abiatu ginen. Lasterketaren irteera lekura iritsi ginenean, harritu samar geratu ginen. Tinglatu guztia hiriko gune isolatu batean antolatua zegoen. Egia da hiriko kirol-gunea han zegoela, baina horrek ez du esan nahi gune atsegina zenik. Instalazioek ez zuten kafe-zerbitzurik, eta inguruan ere ez zegoen inolako eraikinik, hotelik, ostaturik edo antzekorik. Euri- jasaren erruz, Maider eta bi neskek kotxean babestu behar izan zuten; esan zigutenez, kafetegia 15 minutura baikenuen.

Lasterkariok, proba bakoitzaren aurretik, beti berdinak izaten diren ohiturak izaten ditugu. Nire kasuan, kafea ezinbestekoa izaten da. Nahiz eta kafetegi bat aurkitzea ezinezkoa izan, bi lasterkari beteranoen mugimendu susmagarriak antzeman nituen. Etxe bakarren artean, nekazaritzarako lonja bat zirudien lokal batera sartu ziren bi beteteranoak. Gerturatu eta nire gozamenerako, lonja hura, taberna bat zen. Sartu bezain laster, “rojigualda” batek hartu ninduen. Kolore deskribaezinez margotutako hormek harro erakusten zuten niretzat oihal zati bat zen ikurra. Bezperan ordaindutako ardoaren prezioan 4 kafe hartu ahalko nituen.

Bi bira eman behar izan genion ibilbideari. Irteera errepide zabal baten gaintxoan antolatu zuten eta beraz, lehen metroak bederen, aldapa behera egin genituen. Hirugarren kilometrora heldu nintzenerako lasterketaren estrategia zein izango zen erabakia nuen; lehen 15 minututako aldapa tenteek berretsi baino ez zuten egin entzundakoa.

“Cotilla” eta “Infantado” jauregiak ei dira hiriko eraikin esanguratsu batzuk. Lasterketak haien ingurutik pasatzeko aukera luzatu bazidan ere, ezin izan nituen ganoraz ikusi. Agian, abiaduraren erruz, je,je. Diotenez, Infantado delakoaren fatxada nagusia, mendebaldera begira dagoena, arte gotiko zibileko harribitxietako bat da. Beste baterako utzi behar. Kilometro pare bat pasa zirenean, Mortiroloren tankerako erripa bati egin behar izan nion aurre. Ez zen erraza erritmo jakin bat mantentzea; aldapa gora erritmoa jeitsi eta beherantz berriz, abiadura igo; ez dauka Gaudalajarak tarte lauik.

Infantado

Lehen bira eroso antzean bukatu nuen eta bigarrena azkarrago egin nezakeela erabaki nuen. Bukaeran helmugan, denbora polita eta sentipenak hobeak. Gustura.

Lasterketa bukatu ahala, automobila hartu eta Euskal Herrirantz abiatu ginen. Burgos pasa eta Araban sartu ginenerako, lotsati bada ere, eguzkia agertu zitzaigun. Eta han urrunean, galsoroetan, zeru-urdin loriatsua bidexken horiarekin maitemintzen zen. Etsipen une horietan saihestu nahiko genukeen irudia osatu nahiko balute bezala. Norbait pozik zen seinale >>.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude