ALOÑAKO IGOERA

Irteera marran izatea izan da erronkarik handiena; lasterketa bera, ganoraz amaitzea baino gogorragoa. Zazpi aste baino ez ditut izan Aloñako Igoera erakargarria prestatzeko; izan ere, aspaldian izaten ditudan lesio txikiek ez baititate, entrenamenduei dagokienez,  maiztasun egoki bat izateko aukerarik eman. Baina tira…

Goizeko 7etan esnatu naiz; bart, ez dut nahi beste deskantsatu.  Antolakuntzak ibilbidean zehar jartzen dituen banderín horiak ikusten nituen ordubietan ,hiruretan eta bostetan. Hauek ikusten ez nituenean berriz, Arriurdineko sardea nabaritzen nuen, akuilu gisa, ipurdian.

Meteoblue edota antzerako aplikazioak begira gabiltza Pago uso elkartean elkartu garen partehartzailetako batzuk. Euria iragarrita ez badago ere, Aloña leku haizetsua dela jakin badakigu. Xira edota txalekoren bat eraman beharko dugu haizeari aurre egiteko. Orain,agian, enbarazu egiten badigu ere, goian eskertuko dugu. 1000 bat metroko desnibela dago Oñatiko plazatik bertara, egun argietan erraz ikus daiteke tontorraren kuspidean altsatzen den burnizko gurutze handia; gaurkoan aldiz, lainoek galerazten digute argazkia.

Bederatzi kanpaikadekin eta deabruak zuzia pizturik erakusten digun horretan Garagaltza auzorako bidea hartu dugu. Kurpideraino eraman gaitu galtzada zaharrak eta Eguzkitza izeneko errekatxoa zeharkatu ahala egin dugu aldapan gora, harik eta Urtiagainera iritsi arte. Ibilbide edo lasterketaren tarte hau nahiko goxoa da, aurrerago gainditu beharko dugun desnibelarekin alderatzen badugu behintzat. Erritmo erosoa daramat; helburua lasterketa eroso bat egitea baita.

Urtiagainen bildu den ikusle multzoak erruz animatu gaitu; bertan da, agindu bezala, Eneko. Argazki dotore bat egiteko nahaian, hodei grisek isurtzen hasiak diren tantak saihestu nahi ditu. Deabrua ere, bertan da zuzi koloretsua erakusten; txarranak “ aupa Osi”  batez animatu nau; inpernutik zerutik baino gertuago naizen seinale.

Laster batean iritsi gara Gorgomendira begira jarri gaituen bidegurutzera: aldapa tentea igotzen hasi ahala, eta ezkerretara dugun amildegiko itxiturara hurbitzearekin batera, ipar- ekialdetik sartzen den haizeak min handia egiten hasi da. Gurutzera iritsi eta anoa postuan diren lagunei motxilan dudan xira ateratzeko eskatu diet; hatzamarrak hotzak ditut eta ezin dut kremailerarekin asmatu. Xira soinean dudala abiatu naiz eguneko bigarren tontorrera; haize petral eta hezeak eragin dramatikoa izan dezake Butraitzeko gailur- lerroan. Eguneko bigarren argazkirako irribarre bat luzatu diot bertan den lagunari. Bolondresak oso lagungarriak izan dira gailur- lerroko arkaitz bustiak menperatzeko. Soseguz eta oinak leku egokietan pausatuz, erraz gainditu dugu tartea.

Akaitzetik Arriurdinerako tartean asko gozatu dut. Kareharria eta belar tarte erosoak tartekatzen dira. Lasterketak orohar ez dauka korrika egiteko eremu handirik; hau baina, horietako bat da. Erritmoa bizitu badut ere, hainbestetan gozatu dudan inguruari erreparatu diot. Izan ere, urak landutako kareharrizko gunea, naturaren adierazpen gordinena da. Horren adeitsua, horren fidela. Konturatu orduko Eskistan nago eta Artzanbururako igoerari ekiteko gertu. Azken aldapari ekiteko baina, ganoraz antolatutako anoa postuan egin dut geldialdia. Dexente dira eguraldi ankerrari bizkarra eman dioten mendizaleak; dagoeneko nekea nabaritzen hasia naiz eta haien animo berbek tontorrera iristen lagunduko didaten esperantza dut.  Berrehun bat metro baino falta ez zaizkidanean, eskubiko giharra abisuren bat ematen hasi da; goraino iritsi artean, ezkerreko bernarekin egin behar izan dut indarrik handiena.

Iritsi naiz Artzanburu gailurreko azken arroka solte eta zorrotzetara. Nire harridurarako giharren erantzuna balekoa de eta beraz, aldapan behera erritmoa bizitu dut. Mendilerroaren iparraldeak baditu korrika egiteko tarteak eta horrela, aurretik ditudan hainbat korrikalari harrapatzeko gai izan naiz. Jargi laguna agurtu dut Aloñako balkoitik gertu eta arbel heze eta labainkorretara iritsi naizen arte itxuran irentsi ditut metroak. Aldiz, leku heze honetan eta Txomin adiskidearekin bat egiteko zorian naizela, giharrak dantzan hasi zaizkit. Erritmoa jeitsi behar.

Helmugarako azken kilometroak beldurraren beldurrez edo, poliki egin ditut. Dagoeneko laino bakan batzut ikusten ditut zeruan, dirudienez, eguzkiak Oñatiko plaza berotzen  lagundu nahi du. Enarak uda beroaren bila alde egiten duten bezalaxe, labandu nahiko nituzke Berezaorako errepidean ene zango pisutsuak. Atzeko Kalean bildu den jendetzaren txalo eta animoek hotzikara atsegin bat sortu didate. Ez ditut etxekoak eta lagunak ikusten. Begirada han, urrunean, dagoen helmuga marran daukat. Azken metrotan Andde jarri zait aldamenean; eskutik heltzeko indarrik ere ez daukat. Baina heldu naiz.

Plazer hutsa izan da horren lasterketa ederrean parte hartzea. Antolakuntza ibilbidean zehar izan ditugun hori koloreko banderina horien tankeran; zuzen, behar den lekuan, bikain. Eskerrik asko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude