KRISTINENEAN

Gogoan dut mutil koskor bat nintzeneko Atotxa futbol zelaia.  Zementuzko harmaila grisek apaintzen zuten zelaiaren perimetro osoa eta altzairuzko zutabe herdoilduek eusten zuten txapazko teilapea. Futbol zelai zaharra izaki, garai batean zuriak izan ziren hormek harrotua zuten margoa eta aipatutako teilapetan hainbat torlojuz loturiko bozgorailuek, are antzinagoko itxura ematen zion eraikinari. Gezurra badirudi ere, gustura joaten ginen zaletuak Atotxara.

Egun eraitsia da eraikina. Ormigoizko harmaila eta txapazko teilapeek, etxebizitza multzo eder bati laga diote lekua. Oraindik ere, eraldaketaren lekuko gisa nonbait, dorre luzeak zutik dirau; kotxe eta ibilgailuen joan etorria ezezik, berriztu berri duten Tabakaleraren zelatari ere bada.

Urumea ibaia zeharkatu eta Egiarako bidea hartu dugu. Duke de Mandas kalera iritsi orduko ekin diot gogoetak antolatzeari.  Lurpeko aparkelekuan utzi dugu automobila; agian, garai batean,  aldagelaren bat izango zen eremuan. 

Kristineneako Lorategian pasako dugu igande goiza. Tabakalera eta Atotxako dorrearen aldamenean dagoen parke dotorean alegia. Egun berezia da gaurkoa; OƱatin irailean martxan jarritako orientazio eskolako kideek, lehen orientazio frogaz gozatzeko aukera izango dute. Urduri samar somatzen ditudan bezalaxe, somatzen ditut gogotsu. 

Binaka atera dira. Antolatzaileek proposatutako hiru ibilbidetan errazena egingo dute.  Gaurkoan mapa orientatzea izango da garrantzitsuena; norantza egokian bideratuz eta mapa errealitatean interpretatuz.

Xirimiri petral batek bustitzen ditu Kristineneako bazterrak. Ez da azken egun hauetan izan dugun eurijasarik.  Hezetasuna nagusi bada ere, froga burutzeko ez dago arazorik. Aldaparen bat edo beste, partehartzaileen  oinatzek apaintzen hasiak dira. Lokatsak berriro ekarri dit gogora Atotxako zelai zaharra; euri asko egiten zueneko egunetan baloiak belarretan labaintzeko izaten zituen arazoak edota futbolarien kamiseta orbanez lotsagabe zikintzen zirenekoa.

Gustura heldu dira helmugara neska saiatuak.  Irribarre inozo batek salatzen nauela konturatu naiz. Goiz eder bat pasa duten usteak pozten nau benetan eta hurrengo baterako lehen urratsak ongi zimendatu ditugulakoan nago. GOT taldeak lasterketaren amaieran oparitu dituen buff marabillosoek nesken goiza borobildu dute.

Xirimiriak ez du etenik. Kotxerako bidea hartu bezain pronto, buffak buruan, erretraturako lekurik aproposenaren bila hasi gara. Eta Atotxako zelaira sartzeko ate batetik sartuko baginen legez, sartu gara egungo etxebizitzek gordetzen duten loretegi txikira. Eta han, Atotxako dorrea atzean dugula atera dugu ditxosozko erretratua.  Arkonada, Kortabarria eta gainerakoen trazan, batzuk zutik beste batzuk makurtuta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude