SAIZURIAK (ALIMOTXEAK ) URRIAN

Alimotxeak, edo saizuriak euskaraz, ekainean eta arreskeak irailean; ondorioz, Hiru Haundiak urrian. Mesede egin dio nonbait Jokini aldaketa aldrebesak. Halere, berriz ere, erakutsi du oñatiarrak luzera handiko lasterketetan gutxik bezala kudeatzen dituela denborak eta ahaleginak. Maisutasunez irabazi du asteburuan ospatu den 100 kmko lasterketa arrakastatsua; euskaldunontzat oso berezia izaten den mendi lasterketa.

Aipagarria Gopegitik Araiarakoan parte hartu zuen oñatiar kopurua. Asko gustura eginiko lanarekin beste batzuk berriz, bi urte barruko ekitaldiari begira. Halere, guztien lana da goraipatzekoa; entrenamendutako kilometroek badakite hori.

Behobia Donostia lasterketa ate joka dugu ere. Datorren hilaren 13an izango da horren jendetsua izaten den lasterketa. Aurreko astean Arrasate Oñati lasterketak balioko zuen askorentzat forma puntua ezagutzeko; asteburu honetan aldiz, Donostiako 15 kilometrodun lasterketaren txanda izan da. Oilar ugari oilategian eta azkarrena Etxeberria nafarra.

Irimoko basoetan ere izan da ekitaldirik. Orientazio froga ederra antolatu du “ Al Filo de lo Txungo” eta GOTeko kide den Iñakik. Rogaine eran ospatu zen frogan, malda itzelei egin behar izan genien aurre; beti ere aukeratutako estratergiak bideratutako desnibel gogaikarrien arabera.  Helmugara iristean pozik nengoen eginiko lanarekin harik eta besteen estrategia mundialen berri izan neun arte.  Zortzi baliza utzi nituen bidean, beste kirolari batzuk aldiz, denak jasotzeko gai izan ziren. Zorionak.

Herrian beti dugula zerbait esan ohi dute. Larunbatean Kilometrotako lekukoa heldu zen Oñatiko plazara. Une hori gordeta gelditzeko asmoz edo, bideoz grabatu zuten. Drone, gidoi, bozgorailu eta dena delakoak izan ziren Kale Zaharretik Plazarainoko ibilbidean. Igandean berriz, bizikletek izan genituen herrian.  Zendutako Iban Altuberen omenez egiten den BTT martxa izan zen; ohi bezala giro ederrean.

Arestian aipatutako Araiatik gertu omen dago Altsasua. Bertan izan da pasadizurik ere; Benemeritaren inguruan alegia. Alimotxeak Sakanan zabaldu ote diren ziurtatzeko asmoz egin dute erronda berdedunek. Auskalo. Nork jakin. Ondo zian.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude