XIRA GORRIAK, KAMISETA ZURIAK

Ostiralean Urbian izan nintzen. Emazteak zerbait badaki. Izan ere, bertako telefono kobertura eskasak larunbateko lasterketaren inguruko galdera bat edo beste saihestu zuen. Asko dira bezperan informazio eske deitzen duten pertsonak; argibideak  interneten badaude ere, badaezpada, hobe telefonoz ziurtatzea.Egia esan, ez ginen denbora luzez Urbian egon eta galdera ugari erantzun ahal izan nuen egunean zehar. Deietako bat Udaleko Brigada arduradunarena izan zen; patinatzaileei bidetik hosto, ezkur eta abarrak kentzeko “sopladore” marabilloso bat eskatu baikenion.  Gauerdia noiz iritsiko zai izan nintzen etxeko egongelan; hamabietan izten baitzen izen ematea. Azkenerako hasiera baten abailduriko izen ematea txukundu zitzaigun eta 300 bat lagun izango ziren Garibaiko irteeran.

Lo handirik ez nuen egin ostiraleko gau urdurian; bidegurutze denak goitik behera aztertu nituen behin eta berriz, sopladorearen funtzionamenduak ere eman zidan zer pentsatua eta nola ez, Magdalenako tunel estu eta arriskutsua amesgaizto guztietan agertzen zen, ilun eta irristakor. Baina bazen lasaitu ere egiten ninduen zerbait; antolakuntza talde itzela dugula alegia.

Goizeko bederatzietarako Brigadako mutilak esandako lekuan aurkeztu nintzen. Sopladorea kotxean sartu eta martxa; egun luzea genuen aurretik.Bidegorria gertatzea eta plaza atontzea izan zen lehenengo gauza; geroxeago etorri ziren gainerakoak. Lasterketa giro ederrean ospatu zen. Partehartzaileak, nik uste, gustura orohar. Halere, esango nuke, beti dagoela hobetzeko zerbait; xira gorria banatzeko modua aztertu beharrean gaude; ditxosozko tailaje ezberdinek zalantzak sortzen dizkio momentuko manikiari. Hemendik estu, baina bizkarrean dena behar duen horren hasperenak ere ez ziren oso urruti ibili.

Yeray eta Aitor Mimenza izan ziren korrikalarien lasterketako nabarmenenak. Yerayk Kale Zaharrean jotako erasoari ezin izan zion Aitorrek erantzun eta laugarren aldiz irabazi zuen oñatiarrak lasterketa. Agian, San Anton plazako musikak horrela eskatuta. Patinatzaileek berriro ere, ikuskizun ederra eman zuten; abiadura ikaragarria hartzen dute ibilbideak dituen 11 kilometroak egiteko. Eskerrak eman beharrean gaude, arestian aipatu dudan tunelean antolakuntzak ezarritako neurriak ederto errespetau zituztelako.

Hunkitzen gaituzten pasarteak ere eskaini zigun lasterketak. Urteak betetzen zituen emakume bati semeak oparitutako lore sorta esaterako edo korrikalari ugarik eraman zuten “animo Joseba” esaldidun kamiseta zurien keinua. Antolakuntzak ere, bat egin zuen keinu apal baino zintzo honekin eta orain ere, lau berba hauen bitartez horixe opa diogu Josebari, animo!!!

XXXIII ekitaldi bizi izan ditu dagoeneko lasterketak. Aurtengoan Maritxu Kajoik ere egin du Arrasateik Oñatirako bidea, korrikalariren baten aje edo biharamonean bada ere. Datozen ekitaldietarako egingo dugu berba Maritxurekin, Ertzainekin egiten dugun bezalaxe baimen denak gertu  eta egunean izateko.

Eskerrak ematea, gizalegeaaren aldarte ei da. Mila esker laguntzaile eta bolondresei, babesle eta Udaletxeei, Brigadako mutilari, Azkaiter Pelox hirukoteari, animatzen izan zineten guztiei eta nirekin lanean izan nituen taldeki guztiei. Ah eta zuri, Arrasatekik Oñatirakoa egin zenuen horri. Eutsi gogor eta ANIMO; datorren urte arte.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude