FREE

Urriaren erdi aldera iritsi garenean heldu diot blogari. Beharleku ugari izan ditut esku artean eta ezin izan diot denborarik eskaini. Badirudi, hemendik aurrera tarte zabalagoak izango ditudala lau hitz idazteko.  Korrika ere, Donostiako maratoiari begira, tarte zabal edota luzeagoetan banabil ere, izango da asteburuan pasatako kontuei buruz berba egiteko aukerarik.

Esate baterako kontu ugari izan dira Donostian. Larunbateko manifestazioari eskaini nahiko nizkioke bi esaldi. Izan ere, Free Otegi delakoa maiz entzun dugu azken aste hauetan. Estatu espainolak ezarritako epai xelebre bezain ulergaitzak behartzen du, oraindik ere, Arnaldo Otegiren gurutze- bidea. Hau salatu eta berehalako askatasuna eskatzeko bildu zen Donostian milaka lagun. “ Estatu espainiarrak boxeo eskularruekin jolastu nahi omen du xakean” eta gurutze-bide  ala Santiago –  bide izan, xakean legez, lehia intelektualean aurkaria errespetatu beharra dago.

Amaran eta igande goizez, milaka lagun bildu zen 15km dituen lasterketa klasikoan. Ander Sagarzazu izan zen denetan azkarrena. Emakumeen artean Terueletik etorritako Elena Silvestrek jantzi zuen txapela. Garaipen eder bezain handia lortu zuen Anderrek; aurkari itzelekin lehiatu zen arren, ganoraz eskuratu zuen Donostiako urriko klasikoa. Halere, bada lasterketa honen baitan eta bide batez, pasa den asteko 3 hondartzak lasterketaren baitan, ulertzen ez dudan daturik. Izan ere, astean ia 7000 pertsonek eman dutela izena irakurri dut eta aurreko astean berriz, 4000ra hurbiltzen ari zela izen ematea. Aitzitik, ene harridurako,  eta sailkapenak aztertu ostean, 3.500 eta 2.300 zenbakiak agertzen  zaizkit kirolprobak guneko zerrendetan. Aldea nabaria da, zergatik??

Amaran baina Anoetan, Moyes eta  Moises bi gauza ezberdin direla argitzen hasia dago. Mirari eta legenden iragarle eta líder espiritualaren traza handirik ez du eskoziarrak. Uholderik gaiztoena heltzen ari den keinuak nabarmentzen hasiak dira dagoeneko eta Moyes jaunak ez du Moises profetaren aginduen berri. “ Exodoa” laister Donostian.

Añarbeko basoetan balizak ezkutatu zizkiguten. Familia giroan ezagutu nuen niretzat ezezaguna zen paraje ederra. Pago eta haritzek apaintzen duten baso heze bat da Añarbekoa eta bertan oinez edo korrika ibiltzea asko gustatu zitzaidan.

Baina naturari eskaintzen zaio aurpegi aldrebesik ere. Beste behin, herriko errekak garbitu diuzte eta makina bat zikinkeri atera dute. Denbora batez, bolumen esanguratsua ikusi ahal izango dugu herriko plazan; zeresana eta zer pentsatua denontzat. Boxeo eskularruetatik ihes egiteko borondaterik ote den ziurtatu nahiko nuke edota Añarbeko basoetan Sinai mendirik ote den jakin. Beti ere, agian, xake taularen ba egongo da zakarretan galduta. Ondo izan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude