BEREZIA

Xarma berezia du. Ez dago zalantzarik. Hamaika aldaketa behar izan baditu ere, berezia izaten jarraitzen du. Udazkena ei da udaberria baino hobea, bidegorria errepidea baino erakargarriagoa edota patinak zapatilekin nahastuta ere, bakarra da Arrasate Oñati.

 

XXXII. ekitaldiaz gozatu ahal izan genuen larunbatean; eguraldi bikainak lagunduta partehartze aberatsa izan zuen berriro ere lasterketak. Laino bakanen artetik agian, Diego izango zen antxintxikalarien pauso azkarrei begira; laurogeiko hamarkadan eta ni mutiko bat nintzela, ZAHOR etxeko dortsalarekin ezagutu ahal izan genuen azkoitiar mutil jatorraren bitartez, hasi ziren lasterketa honen inguruko lehen kronikak idazten. Harrez gero, beste batzuen artean, Cuevas, Nere eta Ritxar edota Yeray oñatiarrek lortu dute lasterketan toki berezi bat.

 

Ez da erraza irteera eta helmuga herri ezberdinetan duen lasterketa bat aurrera ateratzea; dena kontrolpean duzula uste baduzu ere, bada ihes egiten duen zerbait. Horregatik, ezinbestekoa da laguntzaileek eskaintzen diguten borondatezko laguntza. Antxintxiketan taldeak beste 50 bat lagun inguru izan zuen bidegurutze, anoa postu eta helmugako lanak errazteko; eskerrak ematea baino ez zaigu gelditzen.

 

Fiz berak ere, Gabriel Beldarrain blogeroak idatzi zuenari eman dio jarraipena sare sozialetan; Azken honek idiliko adjetiboa erabili du ibilbideaz mintzatzeko eta gasteiztarrak berriz, lasterketa eder baten partehartzeko aukera izan duela idatzi du; izan ere, munduko txapeldun bat izan dugu herriko kaleetan.

 

Dagoeneko, XXXIII. Arrasate Oñati dugu buruan. Hobetu beharrekoak mahai gainean jarri eta beste lasterketa arrakastatsu bat antolatzeko ordua iritsiko zaigu. Bien bitartean, urbileko beste jardueretan murgilduko gara, beti ere Oñati eta bailarari ahalik eta eskaintzarik erakargarriena emateko konpromezuaz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude