San Juan eta San Pedro

            Gaurkoan ere egun bat beranduago natorkizue; astelehenero lau hitz idazteko ohitaura badut ere, azken bi astetan asteartez zintzilikatu ditut berbok blogean. Irakaslea naizen aldetik, ordutegia aldatu zaidanez, orain askoz ere erosoagoa egiten zait egun hau.
            Aurreko astean bizikleta gaineko orientazioa aipatu nuen. Logroño aldean izan nintzen balizen bila; oraingo honetan ene gorputzak ederto eskertu du hartutako atsedena. Dagoeneko uztailaren 6an Oñatin jokatuko den lehen Raidean dut burua. Aitor Otamendi dabil antolakuntza lanetan eta ni behintzat, irrikitan nago geure basoetan balizak bilatzen hasteko. Baina Aitorrek antolakuntza lanetan ibiltzeaz gain, ez du bere Raid denboraldia deskuidatu; asteburuan taldekako Espainiako Raid txapelduna bilakatu da Larique Bike taldearekin. Zorionak.
            Eta zorionak ere Aimar handiari. Aise irabazi zuen Irujoren aurkako partida. Aspektu guztietan gainditu zuen Iberokoa. Nik uste gainera, Irujok jakin bazekiela partida aurretik, Aimar gehiago zela eta hau ere, nabaritu zen Bilboko pilotalekuan. Eta Eibar taldea ere, laster batean zoriondu beharko dugu; hiru goleko abaintaila eramango du Hospitalet aldera. Ezerren okerrik ez badago, bigarren mailan izango ditugu eibartarrak. San Juanak ospatzeko beste aitzakia paregabe bat izan dute…oraingoz bederen…
            Denboraldi bukaerek agurrak eta ongi etorriak izaten dituzte. Futbol taldeak hasi dira dagoeneko fitxaketekin. Labakak agur esan behar izan dio bere ibilbideari eta Guardiolak germanieraz eman dio ongi etorria Bayerreko zalegoari. Valverdek badu Bilbo aldean lana; Bielsaren itzala zaintzeaz gain, ganoraz antolatu beharko baitu aldagela zurigorria.
            Brazilen futbol festak jarraitzen du. Eta festa ez omen da bertako herritarrentzat. Bertako gobernua Brazileko herriari zergak eta garraio publikoa garestitzen ari zaion bitartean, egundoko dirutzak ari dira xahutzen mundialerako futbol zelaiak prestatzeko bidean. Ni neuk ez dut ditxozozko Konfederazio txapelketa jarraitu; gutxi batzuen poltsikoak aberasteko beste aitzakia bat baino ez zait iruditzen…tamalgarria….baina tira. Eta diru kontuak aipatu ditugunez ezin Messi aipatu gabe utzi; 10 miloi euroko isuna ordaindu beharko du; baina kantitate hau, zer da ba argentinarrarentzat? Pintxo pote bat…horixe….
            Kebrantahuesos delakoa ere jokatu da asteburuan. Bizikleta gaineko Behobiak zer esana ematen ari da aspaldian. Oraingoan ere, irabazlea bere garaian birritan positibo kasuekin zipriztindua egona dago. Froga Federazioko egutegian izanda, ez dut ulertzen horrelako pertsonak nolatan onartzen dituzten lasterketan. Bestetik, tandenean egin duten txirrindulariak ere izan dira, eta hauentzat ere, izan dira kritikak; dirudienez, moto bat izan dute asistentzia lanetan eta hau horren lehiakorra den mundu batean…en fin.
            Ez nuke bukatu nahi Euskaltel taldeko Rufino aipatu gabe. Istripu larri baten ondorioz zendu da asteburuan. Talde laranja momentu ankerrak bizi ditu; ea larunbatean hasten den Tourrean zortea aldeko duen.
            Datorren asteburuan Torreazuoko froga herrikoia jokatuko da. Antxintxiketan taldeak antolatzen du eta izen emateak zabalik daude. Era berean jokatu da asteburuan triatloifroga herrikoia Donostian; bertan oñatiar dexentek hartu du parte. Zorionak.
            San Pedrotan ea eguzki izpi indartsuagoak izaten ditugun eta bide batez ordurarteko bidean Atez Atekoaren azken xehetasunak, kontuak, landu beharko ditugu; agi denez, uztailaren 1ean hasiko gara. Ondo izan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude