GARAIAN GARAIKOA   

Duela hilabete pare bat adiskide batek Venezuelara bidaiatu zuela komentatu nuen. Bertan izan den denboran neska bat ezagutu eta astean iritsi da Gasteizera. Asteburuan zehar kontatu dizkidan abenturetan ito ditugu nerabezaroko parrandak. Oñatin izan da neskalagun berriarekin Araotz edota Arantzazu inguruak ezagutzen eta bide batez, Bolibar herria ikustera joateko gonbita ere jaso nuen mahai baten bueltan afaltzen ari ginen bitartean. Aramaioko Iturrietan egindako txotx freskagarriek ere, asteburua ederki bustitzeko aukera eman ziguten; beti ere, sagardoa eta ardoaren arteko dikotomiak burua nahasteraino eraman gintuen arte.
            Eta bakailo- tortiladastatzearekin batera Chavezen egoera aztertzeari ekin genion. Gizon honek Venezuelako prozesu iraultzailean duen  pisua ikaragarria da, Venezuelarren herri interes eta klaseko eskakizunak  jaso eta batzen ditu. Intxaurrak eta menbrilo goxoa mahaian, Hugo Chavezek munduari ariketa demokratikoak irakatsi dizkiola entzun nuen. Demokrazia parte-hartzailearen bitartez, gobernu-aldian zehar, herri-kontsulta bultzatu du. Eta bere gobernuarekin amaitzen saiatzen den kanpoko injerentzia garaitu behar izan du behin eta berriz. Iturrietan, txinatarrek ere, majo edaten dute sagardoa. “Saltzen, saltzen…txakur txiki baten karamelua…..”
            Vinotintoa eta sagardoa ezkontzeko ahaleginean aritzeak bixamona ekarri dit astelehenera. Aldiz, pasatako momentuekin gogoratuko naiz are eramangarriagoa izan dadin. Eta adibidez, Lasarteko krossa ekarriko dut pentsamendutara; geurean egiten diren krossetan “hotzena” iruditzen zait. Antolakuntzak azken ekitaldietan eginiko saiakerek ez dute lasterketa epeltzea lortu. Korrikalariek zaldi eta zaldunen erliebetan mugitzen dira, agian urrutiegira; eta ikusleek, zain, kafesne edota salda berotan bustitzen dituzte haien zango lokaztuak. Fernandezek, berriro ere, momentu politean dagoela erakutsi zuen.
            Idiazabalen ez zen kolore beltzik izan. Bertan tonu zuria nabarmendu zen. Ordiziako “Txurik” irabazi zuen gaztaren herrian. Txindokin taldekide izan nuen mutil honek lesio zakar bat utzi berri du eta garaipenak indarra emango dio ziur. Eta indarra eskatuko nuke Usandizaga eta Zabarte presoentzat. Urte mordoxka bat gartzelan egin eta gero, Parot doktrina madarikatua ezarriko diete.
            Indar faltan ez dabilena Natra Aloña Mendi da. Hamargarren garaipena lortu du asteburuan. Lidergoan sendo jarraitzen duen talde oñatiarrak partidu bat baino ez du galdu denboraldi honetan. Nik neuk, ez dut saskibaloia asko jarraitzen baina horren berri politak gustura irakurtzen ditut astelehenetan. Eutsi.
            Inauteriak ate joka datoz. Sunbila, Ituren, Leitza….mozorrotu dira dagoeneko. Oñatin ere laster izango ditugu; Oñatz dantza taldeak aurtengorako proposatutakoak harrera ona izan du gainera. Baina oraindik ere inauterietako egunak hurbiltzen diren heinean, batzuk ate joka baino atez ateko bileretan izango gara. Ilunkaran dut hitzordua Santana antzokian..ea bada.
            Hilbeltza bukatuko da astean. Euritsua izan da. Otsaila ere neguz mozorrotuko zaigu ziurrena. Horrela ei da. Neguan negukoa eta udan udakoa. Nahiz eta, Venezuelan urte osoan sandaliak eraman, jar ditzagun, adibidez, bufandak otsailean eta sandaliak uztailean. Ondo ibili.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude