Asteburuari begira; otsailak 11/12
Elurra dugu geurean eta aprobetxatu beharreko elementua da. Asko izan dira, botak jantzi eta Eskista edota Urbia aldera erretraturen bat edo beste ateratzera joan direnak. Argazkizaleren batek EITBra bidali du bere argazkia eguraldiari eskaintzen dioten tarte horretan agertuko den ilisioz. Egia esan, nik ere egin nuen Artzanburutik osteratxoa eta txuria bezain ederra da dugun paisai hotza. Igandean eguzkiak egin duen keinuari muzin egin gabe, haur ugari ibili da Arantzazu aldean trineo, plastiko eta antzerakoekin jolasean. Gu Oletan izan gara, bertako elurra Oñatikoa bezain jolasgarria den frogatzen nonbait. Hotzaren osteko salda beroa…mundiala.
Larunbata goxoa izan da saskibaloi zaleentzat; EBA mailako taldeak denboraldiko hirugarren garaipena lortu baitzuen Zubikoan. Ea, indarberrituta, garaipen dexente datozen jarraian, beharra eta premia izugarria baita. Eutsi.
Nafarroa aldean Bartzelona handia izoztuta gelditu zen Sadarren. Badirudi liga Real Madrilek eramango duela. Bartzelonak Errege kopa eta Championa du buruan; Bilboko taldeak ez dio gauzak erraz jarriko, hazita dago talde txuri-gorria. Errealak, berriz, garaipen itzela lortu zuen Sevillaren aurka; Pardo gazteak sartu zuen gola ederra izan zen. Asturias aldera heldu da maletekin Clemente polemikoa, no coment…
Hotzari aurre eginez txirrindulari ugari ikusi ditut errepidean. Lagun batek igandean entrenamendu luze eta gogorra egin zuen. Zer izango du Marbellak????? Kementsu eta gogoz ari da Andaluzia aldeko froga bat gertatzen. Zaindu.
Atletismo munduko lasterketak dagoeneko utzita duen honek,  ipar-orratza prest du bi aste barru izango den frogan parte hartzeko. Basoak elurrez daude, galdu galduko gara, baina desiatzen nago maparekin galtzen hasteko.
Bukatzeko Lasarte handiarekin gogoratu nahiko nuke. Uztapide eta Basarri bezalako bertsolari erraldoiekin sasoi bat markatu zuen. Bertso adituek diotenez, bertso egokia kantatzen zuen beti, eta puntuaz aberatsa. Igande arratsaldean zendu zen, Oñatitik gertu, Aretxabaletan, goian bego.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude