Eskalatzaileen jo muga.
Fitz Roy eta Cerro Torre mendizaletasunaren historia idatzian lerro asko eta deigarriak bete dituzten mendiak dira. Esaterako Maestri italiarrak 200 kiloko konpresorea erabili zuenekoa bere bigarren saiakeran, lehenengoan igo zuenik ez baitzion mendizale munduak sinetsi, eta bigarren saiakera bat egitea erabakita, orduan eskura izan zitzakeen baliabide guztiak erabili nahi izan zituen kale ez egiteko. Torre eta Fitz Royko paretak zailtasun handikoak dira eta mendizale gutxi batzuen balentriak onartu dituzte bakarrik.
Fitz Royk Beagle itsasontziko kapitainaren izena zen. Darwinekin batera Patagoniako itsaso, itsasertz eta itsasarteak ikertu zituena. Bere espedizioetako batean Santa Cruz ibaian gora abiatu zen pentsatuaz, nonbait, ibaia baino, Pacifico eta Atlantico arteko itsasartean ari zela. Ibaian gora nabigatu ezin zuenean urek ez zutelako nahiko sakontasun, buelta hartu zuen ibaia elikatzen duten Argentino eta Viedma Lakuetatik ez oso urruti.
Indioek El Chalten (sumendia) deitzen zioten mendi tontorrari zuriek esploratzailearen izenez bataiatu aurretik. Fitz Royren bidaiak 1826 eta 1836 bitartean egin ziren, Rosas jeneralak egindako Basamorturako kanpaina baino lehenago edo pare horretan, eta Rocaren basamortuko konkista baino dezente lehenago. Lehen esploratzaile hauek, geroago Chilek eta Argentinak banatu zituzten lurrak aztertzen aritu ziren Perito Moreno, Onelli, Ameginho eta beste hainbat zientifiko eta bidaiariri, aurrea hartuaz.
Patagoniarekin lehen harremana.
Azaroaren 13a. Jean Remi (remiseroa) etorri zaigu bila goizeko bostetan. Ohikoa ez bada ere, hegaldia orduan ateratzen da El Calafateko aireporturantz. Gero hiru ordu pasa mikroan El Chalteneraino. El Chalten, Fitz Roy edo Cerro Torre ezagunak eskalatzeko abiapuntua da. Asko hazi da turismoaren eraginez. 1985ean sortutako herria, beharrezko zerbitzu guztiak aurki ditzakezu gaur egun bertan. Hotel, hostel, pulperia, kanpin… Dendetan ez duzu nahi dituzun gai guztiak aurkituko baina beharrezkoak bai.
El Calafateko Aireportutik El Chaltenerako bidaian Patagoniarekin eta 40. errepidearekin bat egin dugu lehen aldiz. Ez da bidaia erosoa. Lur idorra errepideaz alde batera nahiz bestera, eta haizea. Haize zakar eta indartsuak, mikroa higiarazten du ezker-eskuin. Lainotuta dago eta ezin ditugu mendiak ikusi. 40. errepidea utzi eta 23a hartzen dugu El Chaltenerako norabidean. Guanako bat edo beste ikus daitezke. Txoikeak (ostroka moduko bat) ere bai, baina zailagoa da.
Aspaldi estantziak izan zirenak galduaz joan dira artilearen prezioa jaitsi den heinean. Gaur ez da ardirik behar arropa sofistikatuak egiteko, eta 4.000 edo 5.000 ardi zituzten estantzietatik bakarrik ere ez da geratzen txoferrak dioskunez. Ospetsuena, La Leona (Perito Morenoren taldeak bertan puma eme batekin trikitx egin zuelako omen dute izen hori ibaiak eta parajeak), ostatu folkloriko legez dago prestatuta, El Calafate eta El Chalten bitarteko ezerezaren erdi erdian. Nahiago guk El Chalteneko La Cima b&b internetez aukeratua.
Patagonia garestia da. B&B honen prezioa ez da gehiegizkoa 500-600 peso (47 euro gela merkeena, 57 garestiena truke ofizialean kalkulatuta) logela eta gosaria. Gure gela garestiena da; bigarren pisuan dago eta bertatik Fitz Roy eta Cerro Torre ikus daitezke, lainorik ez dagoenean noski. Nik behin bakarrik ikusi ahal izan ditut biak goizeko 5:30ean jaikita. Etxeak ez du apaingarri bakarrik, baina garbia da. Gelan komun txiki bat eta berogailua gau eta egun martxan.
El Chaltenen, ostatuak, hosteriak, hotelak eta jatetxeak dira nagusi. Aterpe eta kanpin merkeak ere badaude. Kanpineko plaza esaterako 50 pesotan ikusi genuen: 4,69 euro kanbio ofizialean, eta 2,8 inguru beltzean eginez gero kanbioa.
Han izan garen hiru egunetan ibilalditxo bana egin dugu. Lehenengoa, Laguna Torrera izen bereko tontorra ikusi asmoz. Euriak eta lainoak ez digute utzi ezer ikusten. Busti-busti eginda itzuli gara. La Senyeran afaldu dugu majo katalan batek sortutako pulperian, azaroaren 9aren omenez.
Biharamunean Laguna de los Tresera Fitz Royren azpira. Euria eta bisutsak aspertuta eta bustita, beste bide bat egitea erabaki dugu azken aldapa hasten zenean eta Piedras Blancasera joan gara. Bueltan mendia estriptis magiko bat egiten hasi da eta azkenean Fitz Roy ikusgarriak bere elur, glaziar eta paretak erakutsi dizkigu. Bazterrak, kamerak eskuan eserita atseden hartzen zeuden ibiltariz bete dira. Planak aldatu gabe gora egin dutenek guk baino suerte gehiago izan dute.
El Chaltenera bueltan, txokolategira joan gara Anabel emakume argentinar-euskalduna bisitatzera. Ikurrina batek apaintzen du Anabelen lokala. Harro dago bere arbaso nafarrez. Bera eta Urrozkoak omen zituen. Bertaratzen diren mendizale euskaldunak ezagutu eta miresten ditu: Tamayo, Pou anaiak, Alberto… Ez dago berarentzat haien parekorik.
Hirugarren eguna iritsi da eta autobusa hartu beharra dugu El Calafatera joateko. Goiza herri inguruko ibilaldi bat egiteko aprobetxatu dugu, eta arratsaldeko lehen orduekin autobusean eserita geunden basamortua eta Viedma lakuaren arteko errepidean El Calafaterainoko hiru orduko bidaia egiteko prest.