Punica? Bat gehiago.

Negua badator eta egurra egiten hasteko aroa iritsi da. Aizkorakada eta aizkorakada artean, edo moztutako ezpalak organ garraiatzen ditudan bitartean, burua beste pentsamendu  batzuetara joaten zait. Ez da komeni aizkorakadak emateko orduan beste gauza batzuetan pentsatzen aritzea, baina tarteak une egokiak izaten dira zigarroaren keari begira egoteko ohitura aspaldi baztertu genuenontzat.

Azken urteotan azaleratutako ustelkeriari bueltaka aritu naiz. Ez dago honi nondik oratu. Albisteek frogatzen  dute ustelkeria eta sistema gauza bat bera direla. Gaur zuk agintzen duzu, bihar nik sistema, Espainian era guztietako bilau, iruzurgile eta eskuluze sortzaile bihurtu da. Ezin iruzurgileak  sistema gabe ulertu, ezta sistema  iruzurgilerik gabe.

Sistema esperpento bitxi eta sinpatikoen sortzaile ere bada. Nikola txikiak, bere anaia handien ikasle argia dela erakutsi digu. Zubietan edota Lezaman idolo futbolariak gainditzeko saioetan ari diren gazteen nahiak kopiatuz, harribitxi preziatuenen mailan kokatu da iruzurgile gazteen rankinean. Ez du irakaslerik falta izan aritu den mundu horretan.

Iruzurra eta sistema eskutik doazela erakutsi digute bi alderdi nagusietako politikoek, dirua barra-barra, ahurka eramanaz euren patriketara, eta soberakinik zegoenean euren afiliatu edo zaleenetara. Diruaren euri langarra alderdi txikietara eta sindikalistengana ere iritsi da hauek ere sistemaren partaide senti daitezen.

Sistemaren onurak ez dira izan iruzurgile lotsagabeenentzat bakarrik. Aitzitik, legeen barruan aritu den hainbat ergel eta sorgin  ere busti ditu oparo, zero askotako soldatak metatzeko aukerak eta arrazoi legal eta moralak eskainiaz. Guztiak bihurtu dira sistemaren defendatzaile sutsu, eta  zuten indar guztiarekin aldarrikatu dute sistemaren antonimoa kaosa baino ez dela. Zirkulua ixteko hor daude sistemak berak promozionatutako epaileak, sistemaren aurka egiten ausartzen diren lankideak zigortzeko;  Blesa jauna espetxera bidali zuen epaileari instrukzioa kendu eta hamazazpi urterako kargugabetzeko gai izan direnak, edo Garzoni ezker abertzalearen aurka egiteko baimena bai, baina sistemaren barrunbeetan sartu eta denboran atzera egin nahi izan duenean  ateak itxi dizkiotenak.

Gaur sistema aldatu nahi dute ezer ez dadin aldatu. Urteetan bizikide izan duten iruzurraz lotsa itxura egiten dute eta eskuluze guztiak alderdietatik at nahi omen dituzte horretarako berrogei urte luzetan  indarrean jarri ez duten legedia abian jarri behar badute ere.

Podemosen sorrerak herritarrengan piztu duen ilusioak tamainako erantzuna behar du. Botereko amaraunetik kanpo geratzea edota motorrak edo malgukiak ez kontrolatzea da gerta dakieken okerrik handiena.  Horregatik zilegi da Podemosen aurka ahaleginak eta bi egitea; alderdi nagusiek kontrolatzen dituzten hedabideak bihurtuko dira bidaide eta gezur eta irain bitxienak zabaltzeko otsein zintzoenak.

Alda dezagun zerbait eta zigor ditzagun gutxi batzuk sistemaren onurak geure esku jarrai ditzaten. Hori izango da hauteskundeak iritsi bitarteko leloaren zati bat. Bestea, Podemos iraintzea, eta bere aukera gutxiesteko munduko pertsonai, ekintza, eta jarduera krudel, legez kontrako, edo arloteenekin nahastea. Edozerk balio du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude