Oraingoan baietz bazkidetu!.

Ia hamabost egun bete  dira Oñatiko Ganbara Abesbatzak Ejea de los Caballerosen ospatutako finalean Gran Premio Nacional de Canto Coral delakoa irabazi zuenetik. Hogei urteak betetzearekin batera lortu du bigarrenez sari nagusi hau.

Abesbatzaren osaera erabat aldatu da urte hauetan. Gutxi dira hasieratik jarraitzen dutenak. Hasierako kideak  utziaz joan ziren neurrian gazte berriak sartu dira. Orduan eta orain, lehiaketak izan dira bere jardueraren ardatza denbora honetan guztian. Lehiaketak erronkak dira, lan asko eskatzen dute, amaiera gabeko entseguak, eta batzuetan ondo egindako lanaren saria lortzen da. Diru apur bat ere bai beste proiektu batzuei aurre egiteko. Beharrezkoagoa krisi hotsak aitzakia hartuta  instituzioek kulturari eskainitako diru-laguntzak murriztu dituzten sasoi honetan. Bide beretik jarraitzeko asmoa dutenez, Alacanten  dute hurrengo mugarria uztailean.  Betiko ohiturekin apurtzea zaila dirudi.

Lehiaketetan parte hartzea garrantzitsua izan daiteke baina Ganbarak beste erronka batzuei aurre egiteko gaitasuna eta kalitatea daukala iruditzen zait. Lehenago ere erakutsita dauka. Aurten Carmina Burana omen dute begiz jota. Ez bedi horretan geratu. Horrelako gehiago entzun nahi nizkioke. Horretarako baina dirua beharko da: orkestrak kontratatu, bakarlariak ordaindu, bidaiak… eta hori guztia ordaintzeko sarietako dirua falta.

Bideak eta aukerak zabaltzeko injekzio ekonomikoa ezinbestekoa da:  Instituzioena, enpresena, pertsonena. Donostiako Orfeoiko webgunean sartzen bazara, gutxienez 56 enpresa eta instituzio ditu lagun pertsonez aparte. Eta gainera bultzada mediatiko  indartsu bat.

Aspalditik nago bazkide egitekotan (Ganbararena ez Orfeoiarena), baina bazkidetza-orria beteta izanagatik ez dut oraindik lortu arduradunen baten esku uztea. Orain, Internetez egiten saiatu naiz baina inprimakia ezin zabaldu.

Berriro eskuz bete eta edonork asma dezakeen baten esku utzi dut. Ea oraingoan bazkide egitea lortzen dudan.

Eta zu? Zeri begira zaude bazkide egiteko?

Sagardoa botilaratzen.

Inausketak eta egur mozketak ilbeheran egin behar omen dira. Baita sagardoa botilaratu ere. Arazoa da euskarak ilbeherarentzat esanahia bikoitza duela.

Bata ohikoa, ilbetetik ilberrira dagoen ilargialdia da. Ilargiak eguzkiaren argia bete-betean islatzetik batere ez islatzera ematen duen denbora tartea.

Bigarrena, ilargiak lurrarekiko altueran egiten duen bidea adierazten duena.  Ilargiak 27 egun, 7 ordu eta 43 minutu behar izaten ditu lurrari itzulia emateko. Tarte horretan 14 egunez orbitan gora doa eta beste 14 egunez behera. Gora doa bezperan baino gorago agertzen zaigun denbora tartean eta behera bezperan baino beherago ikusten dugun tartean.

Inausketak ilbeheran egin behar direla esaten denean bigarren esanahi honetaz ari dira adituak nire ustez. Euskaraz, nik dakidala, ez dugu hitz berezirik fenomeno hau adierazteko eta ilargialdiendako erabiltzen ditugun hitz berberak erabiltzen ditugu fenomeno hauek adierazteko: ilgora eta ilbehera.

Sagardoa botilaratzeko ez dugu arazorik izan Lunario 2014 liburuxkak dioenaren arabera, ilbeheran, eta ilargia bere orbitan beherantz doanean egin behar izaten baita. Gure kasuan beste baldintza bat ere bete behar izaten da: jaieguna izatea, edo lanera joan beharrik ez izatea.

Baina Lunario horri jaramon eginez gero aurrekoak ez dira nahiko eta  beste baldintza batzuk ere bete behar izaten dira: Leo edo Virgoren parean egon behar du ilargiak, eta marea gorantz datorren ordutan egitea onena. Eguraldiak ere badauka zerikusirik eta ekaitzak haizetea eta hotzak saihestu behar dira. Baldintza hauek guztiak betetzen zituen eguna aukeratu genuen; baita aukeratu ere. Apirilaren 16a, goizeko 9:15etik arratsaldeko 16:15era.

Baldintza hauek guztiak beteta ekin genion lanari baina azken baldintzari eta garrantzitsuenari jaramon gehiegi egin gabe; hau da, likidoaren zaporea.

Emaitza, sagardo pattala, indar gabea. Espero dezagun botilaldian hobetzea, udan sagardo bikain bat edukitzea eta bateon batzuen irribarre ironikoak inbidia adierazpen bihurtzea. To!

A! Ilargiaren goranzko eta beheranzko tarteak adierazteko beste hitzik ezagutzen baduzu, bidali mesedez edo argitaratu ezazu mesedez blog honetan. Baina ez eskatu trukean botilarik gutxi ditugu eta.

Mandoa ildora letxe. Errepublikaren egunean.

Como la mula al surco da eskuartera etorri zaidan azken liburuaren izenburua. Irakurketa errazekoa izateaz gain oso erakargarria, Nafarroako Erriberako jornalero baten bizitza kontatzen digulako, jornaleroak berak idatzia laurogeitaka urte zituela. Aragoirekin mugakide den herri bateko herritar xumeenak idatz dezakeen bezala idatzia dago, eta ondoren Pedro José Francés herrikideak zuzendua, honen moldaketak hasierako testuko orijinaltasuna, xalotasuna eta benetakotasuna bete-betean gorde duelarik.

Luis Tajafuercek etxean edo kalean hitz egingo zukeen bezala, eta gordintasun osoz idatzi zituen bere memoriak.

En el año 1901, el día 25 de agosto, en la villa de Buñuel, provincia de Navarra, nació Luis Tajafuerce Morales. Hijo legítimo de Fructuoso Tajafuerce y Juana Morales. Era yo venido al mundo con el permiso de la madre naturaleza. El mismo que les cuenta de memoria lo que recuerda de su vida a la par que corre el lapicero.

Umetatik jornalero baino zerbait gehiago izateko grina bizi izan zuen etxera dirua eta ongizatea eramateko; baina Rifeko gerlak, eta ondoren gerla zibilak markatu zuten bere bizitza osoa. Soldadutzara joateko adina iritsi zitzaionean, zer, eta Afrika egokitu zitzaion. Honela zioen:

Que por si hay alguien que todavía a estas alturas no se ha dado cuenta, siempre ha habido ricos y pobres  y a las guerras siempre van los mismos.

Garlatik Itzuli eta Buñuelen bizimodua aurrera ateratzen saiatu zen eta baita neurri batean lortu ere. Ezkondu, etxea alokairuan hartu  eta hainbat seme-alaba izan zituen. UGTko kide eta errepublikazalea bihurtu zen mundu justuago bat amesten zuelako. 1936an eskuinak  antolatutako matxinadarekin okertu zitzaizkion bizimodua, esperantzak eta etorkizuneko asmoak, beste hainbat herrikideri bezala.  Sikiera, berak bizirik jarraitzea lortu zuen.

El día 23 de Julio por la tarde, en la misma entrada del ayuntamiento, mataron los falangistas del pueblo al alcalde y al secretario.

Berrogeita hamar bat lagun akabatu zituzten herrian.

En Buñuel provincia de Navarra en aquel verano mataron cincuenta hombres y una mujer.

Eta Luis beste hainbat bezala Bardeetan ezkutatu zen harik eta Aragoiko erreketeekin boluntario joatea erabaki zuen arte. Ordurako lau seme-alaba zituen eta bizirik irautea zuen helburu bakarra. Horretarako bermerik onena, erreketeekin boluntario joatea.

Hilabete batzuk erreketeekin egin ondoren, Terueleko frentean errepublikarren aldera pasatu zen beste lau lagunekin 1937ko maiatzaren 30eko gaueko 10etan: aprovechando que era domingo, y que a esa hora parecía que se acabara la guerra al poco rato.

Irabazleen taldetik galtzaileenera egin zuen bidaia. Bere anaia Jesus irabazleekin geratu zen eta bizitzaren paradoxak, bizia galdu. Galtzaileenera pasa zenak berriz, zahartzaroa ere ezagutu zuen.

Tajafuerceri bizitza gogorra egokitu zitzaion bere belaunaldiko ia guztiei bezala. Gerlak, kartzelak, gosea, eta goizetik gabera arteko lana izan ziren bere bizimodua modutu zuten elementuak.

Errepublikaren egun honetan, inori gomendatzeko moduko liburua, 1936 eta hurrengo urtetako lekukotza gordin bat ezagutu nahi duenarentzat. Ez zara damutuko: Como la mula al surco; Pedro José Francés, Editorial Ciudadano.

 

Errentan ordaindu beharrekoaren %0,7a administrazioak kudeatutako helburu orokorretara?

Goiena.net-en irakurri ahal izan dugu aldaketa txiki batzuk izango dituela aurtengo Pertsona fisikoen errenta aitorpenak Gipuzkoan. Aurrekoetan ordaindu beharrekoaren %0,7a elizara edota interes orokorreko elkarteei zuzentzeko aukera eskaintzen zitzaigun. Aurten hirugarren laukitxo bat gehitu diote: administrazioak kudeatutako helburu orokorretara zuzentzea eskaintzen zaigu alegia. Ez da nire 0,7a horra bideratuko.

Ez dakit ideia hau EAJ-PSE-PP-k adostutako hitzarmen fiskalean jaso den ala Gipuzkoako Foru Aldundian agintean dagoen Bilduri bururatu zaion. Edozein dela bultzatzailea ez deritzot ondo. Badirudi gure administrazio ase ezinak (Ez ahaztu Europako zerga tipo altuenetakoak ditugula estatuan) lehenago gizarte ekimeneko (Irakur jendarte gizarte ez baduzu gustuko) erakundeetara zuzendu zitekeen diru horren egarriz edo inbidiaz dagoela. Ez duela nahikoa %99,3arekin eta %100 nahi duela berak dituen gizarte helburuetara zuzentzeko, Gobernuz Kanpoko Erakundeen munduan  egon diren ekimenei eta egin diren lanei bizkarra emanaz.

Inoiz ez digu inork azaldu zertan erabiltzen zen interes sozialeko ekintzetara bideratutako  diru hori. Pentsatu nahi dut Gobernuz Kanpoko Erakundeek sustatutako ekintzak finantzatzen erabiltzen zela. Jakina da GKEen munduan akats asko  egin direla, baina ondo egindakoak ere asko izan dira. Administrazioan bezala. Ezagutzen ditugun administrazioen artean, ez da dena urre kolorekoa boterean dauden alderdiak ezkerreragokoak ala eskuineragokoak izan.

Ez dut ezagutzen proposamen berri honen helburua eta ezta ere zertarako erabiliko den hortik jasoko den dirua. Ezin jakin azalpen garbiak ematen ez badira. Nik badaezpada, Gizarte ekimenean sinesten dudalako, lehenago egiten nuen bezala, interes sozialeko beste xede batzuetarako laukitxoa beteko dut.

Gurean ere txakurrak ortozik

Gosaria oso garrantzitsua da dieta osasuntsu batean. Garrantzia handia ematen diot eta aste egunetan ez zait falta izaten zukua, kafesnea eztiarekin gozotua, gaileta batzuk eta ahal bada mermelada apur bat. Igande eta jai egunetan gustura jaten dut urdaiazpikoa tomatearekin igurtzitako ogi xigortuaren gainean. Hori bai, Apocard, Adiro eta Omeoprazol ( edo generikoak) eguneroko osagaiak ditut.

Hain gosari sanoek ez naute libratu joan den astean Arrasateko ospitalean egonalditxo bat egitetik. Antza, beste zerbaitetan egiten du kale nire bizimodu osasuntsuak.

Jende dezente ezagutu dut atsedenaldian. Erizain eta laguntzaile langile eta adeitsuak, sendagileak, eta baita ondoko ohetik pasa den lagun pare bat. Lehenengoarekin bi egun eta bi gau egin nituen. Martin (ez da bere benetako izena) ebakuntza bat egitera etorria (ekarria) zen ospitalera eta bera eta bere bizitza ezagutzeak gure inguruan era guztietako miseriak daudela erakutsi dit baldin eta lehenagotik ez banekien.

Martinek, Gipuzkoako herri euskaldun batean jaio arren ez daki euskaraz. Harrituta, bere gurasoak kanpotarrak ote ziren galdetu nion, eta aita bai baina ama herrikoa zela erantzun zidan. Bost urte zituela utzi zituen amak bere sei seme-alabak aitaren kargura eta Nafarroako Erriberako herri batera joan omen zen beste gizon batekin bizitza berri bat hastera. Umetan hainbat baserri eta baserriko lan astunak ezagutu zituen amak Erriberara deitu zuen arte. Hamar urterekin utzi zuen jaioterria baina ez zuen denbora asko behar izan amarekin haserretu eta etxea uzteko. Lanean hasteko gai izan zenean zainzuriak batzen, mahatsa jasotzen eta beste hainbat lanetan aritu zen. Valentzian laranja bilketak eta Lleidan beste fruta batzuenak Nafarroakoekin tartekatu zituen harik eta Gipuzkoara itzuli eta bertako lantegi pare batean beharra aurkitu zuen arte

   Ardo asko edaten nuen sasoia hartan. Berehala hasten nintzen jotak kantatzen eta El jotero deitzen zidaten. Berehala mozkortzen nintzen

Baina gauzak antza ondo ez eta bere buruaz beste egiten saiatu zen.

Ez dut ulertzen zergatik nagoen ingresatuta eta tratamenduan ordutik hona. Behin neure buruaz beste egin izanagatik hamar urte horrela egon beharra. Ez dut ulertzen.  

Beste arazo batzuk ere bazituen. NASAren jazarpenaren biktima zen eta bere burua pertsegituta sumatzen zuen.

Nasakoak nire atzetik dabiltza. Ez dakit zer egin nahi duten baina ez naute bakean uzten.

Anaia bat ere galdu zuen duela urte batzuk. Bera baino zaharragoa. El latigo deitzen omen zioten. yonkia, liskarzale eta borrokazale amorratua.

Martinen bizitzaren zati bat ezagutu nuen ospitalean egon nintzen bitartean. Konfiantza apur bat izatera ere iritsi ginen elkarrekin egon ginen egunetan, eta hirugarrenean, anbulantziako gidaria bila etorri zitzaionean pena pixka bat hartu nuen. Berak ere bai.

Laguntzaile batek ekarri zuen eta gidari batek eraman. Han egon zen denboran ez zitzaion inor bisitan etorri. Ezta sendikorik ere, nahiz eta eurekin telefonoz behin baino gehiagotan hitz egin eta bere jaioterritik oso urrun ez izan.

Gelako atea itxi zenean pentsatu nuen gure gizarte honetan dauden miseria eta gabeziak ez direla bakarrik ekonomikoak. Maitasun eta osasun miseriak ere asko direla begien bistan ikusten ez ditugun arren.

Martinek berrogeita lau urte ditu. Gurean ere txakurrak ortozik.

Urtebetetze eguna (atzo).

Sei hilabete pasa dira zuri azken posta idatzi nizunetik eta  hementxe naiz berriro, duela sei hilabete esandakoa betetzen, agindutakoak bete egin behar izaten  dira eta. Hori da ikasi behar duzun lehenengotariko gauza bat esaten duzuna betetzeko dela. Baina hori ikasi aurretik beste gauza asko ikasi behar dituzu. Poliki poliki.

Aitortu behar dizut erabat nagituta nabilela bloga elikatzeko kontuarekin. Duela urtebete pasa hasi nintzen nire burua diziplinatu nahian, baina geroz eta gehiago kostatzen zait idaztea. Pentsa! Zure zorion post hau urtebetetze egunaren bixamonean ari naiz idazten! Lanak ere nahiko lotua nauka aspaldian. Ea udazkenerako gauzak aldatzen diren

Bada hori da ikasi behar duzun gauzetariko bat; hain nagia ez izaten. Biberoia hartzeko ere lo harrapatu behar izaten zaitu amak eta eserita jartzen zaitugunean, zela edo hala, baina betik amaitzen duzu etzanda. Hori ez da ganoria! Badakit azken egunotan hasi zarela eserita denbora gehiago egoten eta hori oso ondo dago.

Gau igande goiza da. Eguraldi txarra dago atzokoaren aldean, atzoko ere zelabaitekoa izan zen arren.  Euria goitik behera ari du eta ezin sagarrondoak inaustera joan. Ez da sasoi onena Jagoba Errekondok dioenez. Gaur goizean sartu da ilargia  ilgoran eta inausketa mota hau ilbeheran egin behar omen. Egurra ganbaratik jaitsi eta berogailua pizten saiatu naiz arrakasta handi barik. Haritz zati eder batzuk ekarri nituen baina ez dute hartzen. Noizean behin arte zati batzuk botatzen dizkiot eta horiek bai. Horiek ondo, baina haritzak…

Mahlerren 3. Sinfonia jarri dut lagun egiteko. Ikaragarria da Jessye Norman hau. Donostian ere egonda omen dago kantuan. Ez dut zuzenean ikusi, baina kantuan entzutea zirraragarri da.Hau esaten dizut uste dudalako kantua asko gustatzen zaizula zuri ere.

Hor jarraitzen du haritz zahar horrek. Garrek errebotatu egiten dutela ematen du. Mahlerren sinfoniaren 6.mugimendua amaituaz doia eta oraindik ez dizut atzokorik kontatu. Elkartean bildu ginen bazkaltzeko. Etxekoak eta bilbotarrak, hamahiru lagun. Zenbaki txarra baina gauzak ondo joan ziren (oraintxe dirudi sua hartzen ari dela egur zatia). Egunen batean ikusiko dituzu argazkiak. Opariak ere egon ziren, zure ama poztu, baina zure interesik piztu ez zuten jantziak gehien bat. Baina oso politak denak.

Nik zerbait jostagarriagoa daukat gordeta zuretako: jolas bat. Leap frog etxekoa. Habilidades de aprendizaje: habilidades motoras finas, animales, vocabulario (gazteleraz) dio kaxan. Erdiak egia balira…

Ea bada etortzen animatzen zaren. Etxea bero-bero izango dut zatozenerako. Haritz madarikatu horren sua hartzen badu.

Beno. Urte askotarako eta mila laztan.

Orain aspiragailua pasatzera. Gero arte.

Orain Krimea; hurrengoa?

Krimearrek  Errusiako federazioarekin bat egitea erabaki dute. Mendebaldeak ez du erabakia gustuko eta erreferenduma ez dela legezkoa dio.

Legezkoa, 1954an Sobiet Batasuneko presidente Nikita Khrushchevek Krimea Ukrainian integratzeko hartutako erabakia izan zen. Orduan inork ez zien Krimearrei ezer galdetu baina legearen babespean hartu zen erabakia. Oraingoan, erreferenduma ez omen da legezkoa, baina albisteen arabera, erabakia herritarrek demokratikoki eta gehiengo handiz hartutakoa izan da.

Zerk behar luke indar gehiago, herritarrei bizkar emanda egindako legeak ala herritarren erabaki demokratikoa legeen babesik ez izan arren?

Erantzuna? Geopolitikak.

Uriola Bilbon

Uriola, uholdea, bat bateko ur etorri handia omen da. Gaur iristen da Bilbora. Euskal hiztun gehien dituen munduko hiriburura. Munduko gehien ez balitz ez litzateke Bilbo. Uriolak baina iragankorrak izaten dira,  indar handiz etorri eta poliki-poliki desagertzen dira. Ez nuke nahi izenak eta esanahiak bat egitea euskarazko hedabide berri honen historian. Hobe uriola baino gureagoa  den euri-lanbro edo zirimiri ater gabe eta oro bustitzaile bat bihurtuko balitz  munduko hiri euskalduneneko euskaldun guztiak blaituz.

Bilbok, komunikazio proiektu euskaldun integratzaile eta indartsu bat merezi du. Gaur arte ez da lortu Bilbo bakarrik kontuan hartuko duen hedabide euskaldunik. Ahaleginak izan dira, baina haatik edo besteagatik ez dute aurrera egin. Gaur uriola.info aurkeztuko dute Berton, Prest eta Bilbo hiria irratia hedabideek. Uriolaren sorrera oso gertutik jarraitu dudanez ezagutzen dut sustatzaileek Bilboko eragile euskaldun guztiak biltzeko egin duten ahalegin zintzoa. Batzuk ezeren truke jarri dira dagoeneko lanera eta euren  kolaborazioak bidaltzen hasiak dira etorkizun oparo bat iragarri nahian bezala.

Uriolaren sustatzaileek Bilboko euskaldun guztiak nahiko lituzkete beren inguruan: hedabide, norbanako, administrazio, alderdi, eragile sozio-ekonomiko, merkatari, hezkuntza, kirola, denak. Ez hori bakarrik, guztiei ahotsa eta euren berri emateko parada eskaini nahi diete.

Sortzez proiektu zabala, irekia, euskalgintzak sorturiko egitasmo guztiak bezala agertzen da: aberats asmotan, baina urri baliabideetan; eskas ondasunez baina oparo ilusioz. Munduan agintzen duen kapital finantzarioak ez du euskaran inbertitzeko gogorik. Euskara guretzat bakarrik da erakargarria eta itsulapikoak hutsik administrazioaren laguntza ezinbestekoa da bidea urratzeko. Administrazioak ere jasotzen du harreman honetatik ez baita egia eman bakarrik egiten duenik askotan euskalgintzako eragileei leporatu izan zaigun bezala.

Zailena eginda dagoela esan daiteke. Aurrerantzean, bilbotarrek eta beren ordezkariek horrela nahi badute luzerako izango dugu uriola.info eta bertatik sortuko diren proiektu berriak.

Gaur ezin izango naiz Uriolaren aurkezpenean izan aurrez hartutako konpromiso garrantzitsu batek eragozten didalako. Atzo bai. Atzo, Urumeako Kronikaren aurkezpenean izan nintzen. Lehen Hernaniko Kronika zena. Euskarazko hedabideen errekan urak indartsu datoz. Proiektu berriak ari dira sortzen. Berrikuntza, eraginkortasuna, sareak sortzea eta teknologiak dira proiektu berri eta berritzaileen ezaugarriak. Jarrai dezagun bide honetatik, indarrez, umiltasunez eta ahaleginak batuz indar handiz etorritako urak gurekin gera daitezen.

Berrogeita hamar euro urtean ez dira asko.

Baltistan Fundazioan Machuloko Munawar eskolako 2014ko bideragarritasuna ziurtatzeko asmotan gabiltza. Horrela ibiltzen gara urtean urtekoa ziurtatuaz, urte anitzeko plan bat egitea ezinekoa delakoa.  Kanpaina honen bidez lortutako diruekin eskolatutako nesken, edo familia txiroko semeen (gaur dotoreago geratzen de baliabide urriko edo horrelako zerbait),  edo zurtzen, gastuak ordaindu nahi ditugu eskolara joateko aukera izan dezaten.

Pakistan, India eta Afganistanek osatutako hirukoa munduan txiro dimentsioaniztun gehien dituen eskualdea da. Ez portzentajean, baina bai zenbaki absolututan. Pobrezia areagotu egiten da mendiko zonaldeetan; Hushe ibarra da adibide egoki bat.

Berrogeita hamar euro ez dira asko, bestela eskola ezagutuko ez zukeen neskatila baten urteko matrikula, materiala eta uniformeak  ordaintzeko balio badu. Ez da asko honela neska baten hezkuntza  urte batez ziurtatzen badugu, hori egin ezean etxean geratu beharko litzatekeelako bizi den inguru latz horretan gutxi batzuk direlako hezkuntzaren onurak jasotzeko eskubideak dituztenak, eta gutxiago neska jaiotzen dena.  Neskak hobe omen daude  etxean amaren eginkizunak eta lanak ikasten,  gazterik,  bera baino urte batzuk zaharragoa izango den gizonezko batekin ezkondu ahal izan dadin. Horrela dira gauzak Karakorumeko ibar ezkutu honetan.

Askotan galdetzen diot neure buruari zergatik lehenetsi dudan azken hamahiru urtetan Gobernuz Kanpoko Erakunde honekin lankidetzan aritzea, gurean ere pobrezia mugarik gabe ari denean zabaltzen. Ez dut erantzun garbirik. Agian 2000 urtean hango jendea ezagutu nuelako eta hemengo txiroenak ez bezala hangoen aurpegiak gorde ditudalako. Agian gurean hainbat egoera guztion artean babesten ditugulako zergen  bidez eta han ez. Agian gurean beste erakunde batzuk erantzuten dietelako bertako behartsuei eta han ez. Agian askoz zailagoa iruditzen zaidalako hemengo elkartasun taldeetan aritzea hangoetan baino.

Hautua eginda, ekimenaren berri ematea eta zure ekarpena eskatzea tokatzen  zait. Berrogeita hamar euro soberan badituzu, jakin egiten dizugun proposamen honekin neska baten urteko ikasketak ordaintzeko aukera izango duzula Baltistan Fundazioaren ekimenarekin bat egiten baduzu.

Errealitate honi buruzko informazio gehiago nahi baduzu, Goienak ostiralean argitaratutako elkarrizketara jo zenezake, edota fundazioaren webgunera.

Ezagutzen ez duzun neska horrek, inoiz ezagutuko ez duen babesleari esker ikasi ahal izango du.

Gure ama.

Kosta egiten zaio bati bere bizitzari buruz idaztea. Jendaurrean barruak biluztea  bezalakoxea da. Norberaren ama hiltzen denean ordea, berari buruz idazteko obligazioa sentitzen du batek.

Gure amak asko sufritu du bere bizitzan zehar. Sasoi onak ere ezagutu ditu eta ilusioz betetako uneak ere bai, baina penak eta minak txikitatik hurbildu zitzaizkion, beste batzuk zoriontsu diren adinean. Hamar urte zituela gerra ezagutu zuen eta milizianoek bere aita eta bi osaba etxetik nola ateratzen zituzten ikusi zuen.  Jaiotetxea utzi eta beste baserri batzuetan ezkutatuta egotea zer den ere probatu zuen. Bi osabak ez zituen gehiago ikusi Larrinagako espetxean akabatu zituztelako. Aita bueltan etorri zitzaion. Suertea izan zuen eta jo zuen balak ez zuen hil. Amaren aitona karlista omen zen biztanleria erdia karlista zen herri batean. Hori izan zen bekatua. Aitona etxean aurkitu ez eta seme bi eta zuina eraman zituzten milizianoek. Gerran alde guztiek egiten dituzte gehiegikeriak. Horregatik dira gerrak.

Gerra ondorenak ere ezagutu zituen bere belaunaldi osoari egokitu zitzaion bezala. Ezkondu zen eta betik alaba bat desiratu izan zuen arren, bost mutil eman zizkion naturak. Seigarren mutil bat bidean galdu zuen. Bost semeak hazi eta hezi behar, baina Goi mailako Eskolak ematea ez zen orduan hain erreza. Zela edo hala lortu zuen bere ametsa hamaika estutasun pasa ondoren.

Seme zaharrenek ikasketak amaitu eta lanean hasi zirenean etorri zitzaizkion sasoi onenak, eta seme gazteena oraindik ume txikia zela, bizitzaz disfrutatzen hasteko tarte bat izan zuen. Lehen bilobak etorri zitzaizkion, eta gauzak zer diren, hiru neska eta mutil bat izan zituen lehenengo.

Geroago, duela hamazazpi urte, senarra gaixotu zitzaion. Handik gutxira, duela ia hamabost urte, iktus batek aulki gurpildun batera lotu zuen betiko. Gorputzaren preso pasatu ditu urte hauek guztiak. Azken urteetan beste biloba batek eta birbiloba batek (biak neskak) piztu zizkioten ilusioak eta bizi nahia. Eurentzat bizi zen.

Hil honen hemeretzian deitu zuen Jaungoikoak bere ondora. Horrela esaten dute fededunek eta bera fededuna zen. Asko sufritu du eta bere sufrimendua beste batzuekin partekatu du ezinezkoa baita hainbeste sufritzen duenak ingurukoak bere sufrimendutik aske mantentzea. Jakina bizitzaz disfrutatzen ere jakin izan duela, baina sufrimendu fisiko eta psikikoak gupida gabe zigortu zuten azken urteetan.

Ez da bakarra noski. Adinarekin, gaztetan ez bezala, jende asko ikusten duzu sufritzen zure inguruan. Lagunak, familia artekoak, edo ezagunak besterik gabe. Sufrimendua bidegabe banatzen da. Batzuei asko tokatzen zaie zozketan; beste batzuei ezer ez. Gure amari dezente egokitu zitzaion. Aitari ere bai. Euren belaunaldiari egokitu zitzaizkionak gehi propioak. Azken urteotan partekatu dugun sufrimendutik aske gara orain. Bidean hainbat oroitzapen geratu dira. Denak ez dira onak. Muturreko egoera batzuetan norberak nerbioak galdu izanak ondo eginaren balantza zamatzen du.

Ahaztu egiten zaigu zer den horrelako egoera batean bizitzea. Ezin dugu gureganatu fisikoki ezertarako ez den pertsonaren sufrimendua, eta batzuetan ez gara iristen ulertzera une horretan maitasuna dela eskatzen duena. Saiatu gara bere ondoan egoten azken hamabost urteetan baina seguru batzuetan ez dugula asmatu. Ez gara perfektuak.

Etorkizunari begira jartzea egokitzen zaigu orain. Gure bizitzan ordu asko kendu digun zaintza eginkizunetik libre gara. Egoera berrira egokitu beharra dugu eta seguru egiten garela, baina segurua da ere zerbait faltan botako dugula, egoera berrira  ohitu arte eta  denborak iraganaren arrastoak ezabatu arte.