Etorkizun hobeago baten esperantzatan

IMG_0497

Gabonez eta gabon oporrez guztia esanda dago.  Aldeko iritziak adina  dira  aurkakoak.  Argudioak ere ezagutzen ditugu. Hor konpon!. Aurkakoek eta aldekoek ospatzen ditugu jaiak. Bakoitzak bere eran.

Aurten Piriniotako aterpetxe bat aukeratu dut urte amaieraren ospakizunetatik ihes egiteko, izan ere  ez dut alde handirik ikusten abenduaren 31 eta urtarrilaren 1aren arteko mugaren, edota otsailaren 28 eta martxoaren 1aren artekoak alderatuz gero. Segundu bat, edo gutxiago segun eta nola neurtzen dugun.

Aterpetxean egon naizenez ezin izan dizuet opa izan bizitza hobeago eta zoriontsuago bat etxekoei, gertukoei, lagun eta lankideei. Hori ere egin beharra dago.

Elurretatik jaitsita, 2013 negargarria (horrela izendatzeko arrazoi asko daude)  baino zerbait hobea opa dizuet denei etorkizun hurbilerako. Askoz hobea.

Eta zuri ere bai, ohituraz edo kasualitatez blog honetara sartu zaren horri, etorkizuna iragan hurbila baino dezente hobeto joan dakizula. Benetan.

2013-12-30 17.30.40

 

Endesa zure zerbitzura

Bilboko lagun batek dio urte amaierarekin konprometitutako  gastuak doitzeko sasoia iristen dela. Orduan hasten omen zaio ordainketak aztertzen eta aldizkari honetan baja, elkarte honetatik irten, bazkidetza hau kendu, Bilboko Athleticen bazkide txartelarekin bakarrik geratzen omen da berriro hutsetik hasteko. Bere zeroak Bilboko Athleticen urteko kuota barruan darama.

Bizi dugun krisiak akuilatuta nik ere gauza bera egitea erabaki dut. Argindarra asko igo omen da, eta hara! Endesarekin dudan kontratu honetan 5,6 kw ditut kontratatuta. Hainbeste behar ez dudanez, doikuntza hori egingo dut. Telefonoa hartu, ahotsa afinatu, eta bezeroaren arreta telefonoa markatzen dut.

Kaixo Sheila Maria naiz; zertan zerbitza zaitzaket? Dio hegoamerikar azentuko ahots melenga batek. Zer nahi dudan kontatzen diot eta nire datu guztiak eskatzen dizkit: NAN zenbakia, kontratu zenbakia, izan-deiturak, helbidea,… lehen arazoa: Jauna! nik dudan helbidea eta zuk emandakoa ez dira bera. Ba andereño, zurea zuzendu beharko duzu…

Bat-batean beste ahots bat entzuten dut.

Kaixo Eva Belinda naiz; zertan zerbitza zaitzaket? Dio ahots gozo antzeko batek. Nire eskaera azaltzen diot eta datuak eskatzen dizkit berriro. Nire konstante bitalak azkartzen hasten dira. Hara! nik potentzia murrizketa bat besterik ez dut nahi. Bai jauna, baina suerteko zaude. Endesako bezero pribilegiatua zara eta zure faktura guztietan %10eko beherapena egitea erabakita dauka konpainiak. Nik, bada eskerrik asko eta orain goazen nire deiarena konpontzera. Ez baina beherapenaren baldintzak irakurri behar dizkizut. Aizu nik ez dut beherapenik eskatu, eman nahi baldin badidazue hartuko dut, baina nik potentzia murriztea nahi dut.

Kaixo Elisa Doroty naiz; eta beherapena eskatu duzunez kontratua irakurri behar dizut. Zazpi-zortzi minutu baino ez dira izango. Aizu andereño. Zer pentsatzen duzu? Ni orain zortzi minutu telefonotik eskegita edukitzea eskatu ez dudan gauza bat emateko? Zenbat kobratzen duzue deiagatik? Dohainekoa da jauna. Konforme! Baina nik ez dut beherapenik nahi. Bilboko lagunak, eta beste batzuk, beherapenari uko egiten entzungo balidate esango zutena pentsatzen ari naizela,

Kaixo Eva Cristina naiz; dagoeneko ez melenga, ez gozoegi, ez ezti, gogaikarria baizik iruditzen zaidan ahots batean. Zure datuak behar ditut, etab. Lasaitasuna galdu gabe (ez du gauza bera pentsatuko beste aldean dagoen telefonistak), saiatzen naiz azaltzen (?) ez dudala gehiago aguantatzen, potentzia murrizketa baterako deitu dudala, hitz egiten dudan laugarren pertsona dela oraindik ezer konpondu gabe, eta bat-batean nire eskaera betetzen ez badute konpainia aldatuko dudala, eta…

Kaixo Roberto Cesar naiz jauna. Potentzia murrizketa bat eskatzeko deitu duzu  zure datuak behar ditut mesedez.  Alajainkoa! (edo antzeko erbait gazteleraz) bosgarren bat aldaketa xume hau egiteko? Ez da posible. Jauna! Ni naiz potentzia murrizketak egiteko arduraduna. Eta zertan eduki nauzue orain arte? Hau ulertezina da… eta holakoetan galtzen hasten naiz nire buruko kirio guztiak zirkuitulaburtuta.

Datuak hartu, eta aldaketa eginda dagoela esaten dit. Nire konstante guztiak desorekatuta, izerdi tantak bekokian behera, bihotz taupadak elite kirolaria esfortzu handiena garatzen ari denean legez eta arnasestuka, telefonoaren offa sakatzen dut, gaurko nire batailan garaile atera naizela konbentzituta, baina hurrengo faktura iritsitakoan berriro galtzailearen bandoan egongo naizenaren beldurrez.

Inork ez al dizkie mugak jarri behar elektrindar eta telefoniako oligopolioen praktika txarrei?

Ni Malala naiz.

Aurreko zapatuan Donostiako Gipuzkoa Solidarioak antolatu zuen erakusketako stand batean egotea egokitu zitzaidan. Standa GKE batena izanik, elkartasunarekin lotura duen materiala  zegoen bertan. Tartean Yo soy Malala liburua.

Liburuak atentzioa ematen zuen eta batek baino gehiagok erosi nahi izan zuen. Malala Yousafzai, muga guztiak gainditu dituen fenomeno bihurtu da. Fenomeno eta eredu baikorra. Horregatik bakarrik merezi du irakurtzea miresmena irabazi duen neskatxa borrokalari honek argitaratutako liburua. Irakurterraza da eta oso gordina.

Jaio nintzenean gure herrixkako biztanleak gure amaz errukitu ziren eta inork ez zuen nire aita zoriondu.  Esaldi esanguratsu horrekin ematen dio hasiera liburuari. Esaldia latza izanik, latzagoa da talibanen lurraldean neskei egokitzen zaien bizitza moldea. Ez dut Swat ibarra ezagutzen baina bai  mapan oso urruti ez dagoen Hushe ibarra, eta bertan izan naizen pare bat alditan ez dut emakumerik ezagutu; ez dira existitzen. Ez dira eskolaratzen ez dute lanik egiten ostatu, denda edo azoketan. Ahalik eta azkarren ezkon araztea da gurasoen xedea. Baltistan Fundazioak egindako lanari esker oraintsu hasi dira neskak eskolara joaten, eta hori Hushe ibarrean ez dagoela horren aurka egiten duen taliban mugimendurik. Oraingoz.

PNUDek (Garapenerako Nazio Batuetako Programak) argitaratutako Giza Garapenari buruzko txostenaren arabera Hego-Asia da txiro dimentsioaniztun gehien duen eskualdea. 186 herrialdek osatzen duten sailkapenean Pakistan 145. da, Swateko ibarrarekin muga egiten duen Afganistan 172., eta India 134.  

Txirotasun dimentsioaniztun indizeak etxalde eta familiei eragiten dizkien hainbat aldagai aztertzen ditu: ur edangarria eskura izatea, janariak prestatzeko erabiltzen den erregaia, osasun zerbitzuen gertutasuna, edota familiek dituzten ondasunak, eta etxebizitzak eraikitzeko arauak dira horietako batzuk.

Nuklear bonbarik izatea edota armada eta armamentuan egindako gastua ez du zorionez neurtzen, baina neurtuko balu herrialde hauek (Pakistan eta India bereziki), berez  ez dagozkien postu aurreratuetan agertuko lirateke.

Liburua irakurriaz konturatzen zara euskaldun izatea beti nekeza eta batzuetan aspergarria bada, zein nekezago, zailago eta gogorragoa den herri horietan neska jaio izatea.

irakurtzea gomendatzen dizuet, aurreiritziak baztertuta, eta boom editorialok zerbait ezkutatzen dutela pentsatu barik,  beti ez delako horrela izaten.

Wert legea eta euskal kurrikuluma

Susmagarria da oso Wert legea deritzona onartu behar zen aste berean PIAAC deituriko txostena argitaratzea.  Wert jaunaren hezkuntz-ideologiari babes zientifikoa emateko  sortutako trikimailu bat dirudi, eta Ministerioko webgunea ikusi besterik ez dago txostena nola erabili den ikusteko, bertan zehazki eta zalantza barik PSOEri eta LOGSEri egozten baitzaizkio egoeraren erru guztiak.

Txostenaren erabilera zikoitza ezin da aitzakia izan  emaitzak txarrak direla ezkutatzeko. Azterketak 16 eta 65 urte bitarteko populazioaren ezagutza maila agerian utzi eta zeresana eman du Espainian, bertako irakaskuntza sistema Ekonomia Lankidetza eta Garapeneko Erakundeko 23 estatuetako eta Europar Batasuneko batezbestekoen azpitik kokatzen duelako matematika eta lengoaiaren ezagutzari eta ulermenari dagokienean; zerbait hobea gazteen artean. Zaharrenen geruzan, 55-65 urte bitartekoan, espainiarrak  emaitza onenak ateratzen dituztenekiko %20 -25 azpitik daude, eta  16-24 urte bitarteko geruzan aldea %18ra murrizten da.

Eskuinak oso gustura irakurri ditu datuok eta gogor salatu ditu LOGSE eta ondoren onartutako arau guztiak. Kongresuak Gobernuko alderdiaren boto bakarrekin onartutako legeari harira datorkio.

LOGSEk baina, gauza on asko ekarri zizkien espainiarrei, eta guri, gure hezkuntza sistema haren mendean zegoelako. Besteak beste derrigorrezko hezkuntzaren adina 14 urtetik 16ra igotzea irakaskuntza sozializatuz eta guztien eskura jarriaz. Okerrik ere egin zen igarobidean, irakaskuntzaren maila, sisteman jarraitu behar zuten ikasle berri horietara egokitu zelako eskola porrota jaitsi ez zedin. Exijentzia maila apropos jaitsi, eta ondoren ere horretan jarraitu duelakoan nago. Horrela aditzen diet behintzat hainbat lagun irakasleri.

LOGSE onartu eta ondorengo urteetan, aurrez zeuden hezkuntza helburuak urruti geratzen zirela ikusirik, metodoak bihurtu ziren eztabaidagai. Ikasi beharrekoa eta bereganatu beharrekoak baino garrantzitsuagoa bihurtu zen nolakotasuna, eta hainbat ikastola eta eskoletan denbora galtzea eta samina ekarri zuten eztabaida antzuak eta erasokorrak  piztu ziren, helburuak lortzeko ez dakit ze eskolako metodo esperimentala onena zela, edota beste hark planteatzen  zuen sistema askoz egokiagoa zela defendatzen zutenen artean, ez batekoek ez bestekoek ez ziotelarik froga garbirik eransten eztabaidari.

Gaur, Wert legeari euskal kurrikulumarekin erantzun nahi diote euskal hezkuntzako eragileek. Bide egokia dirudi, baina gaizki egingo lukete eragileok dagoeneko gaindituta beharko luketen eztabaida metodologikoetan nahaspilatuko balira. J.A. Flecha irakasleak Larrun aldizkarian zioena kopiatuz, “Nola izango dira garrantzitsuak prozesuak, garrantzitsuak emaitzak dira! Prozesuak garrantzitsuak dira, emaitza onak ekartzen badituzte. Ez dut irudikatzen inor joaten denik bihotzeko ebakuntza egitera pentsatuz: ez, garrantzitsua prozesua da, ez emaitza”.

Bide beretik, lehen helburua izan beharko litzateke gure hezkuntza sistema maila gorenean daudenetara hurbiltzea, gurea Espainiako batezbestekoaren gainetik badago ere, Espainiako beste komunitate batzuenen azpitik eta munduko onenen dezente azpitik dagoelako gaur gaurkoz. Irakaskuntzan inbertitzen duguna emaitza hobeak lortzen dituzten hainbat herrialdeern mailan dago. Ikasle-irasle ratioak ere bai. Zerk egiten du kale?

Beste batzuk aspaldi asmatu zuten guk behar duguna. Balore irmoetan oinarrituta, ezagutza maila gorenak eta ekitate zabal bat eskaintzen duten hezkuntza sistemak badaude munduan. Horrela bada, zergatik ez jo enpresa munduan hain ezaguna den benchmarkingera? Hau da, praktika onenak hauteman, aztertu eta gurera egokitzera?

Iris Grace and The AutistiX

Atzo goizean jaiki, ohi dudan bezala euskalmeteko atarian sartu eguraldi iragarpena irakurtzeko, eta ondoren ohiko pare bat agerkari digitaletan sartu nintzen. Atentzioa eman zidan albiste bat aurkitu nuen. Daily Mailek hiru urteko neskatila autista baten margolanen berri ematen zuen. Iris Halmshaw-ek, horrela du izena, erakusketa bat egin du eta hainbat lan saldu ditu enkantean. Haren margolanengatik 1500 libera ordaintzera iritsi da bildumagile bat. Bere webgune propioa ere badu, eta bertan bere eta bere lanen berri aurki dezakezue. Egia esan, albistea harrigarria da. Are gehiago haur honen abstrakzioek oreka bat eta teknika edo diziplina  bat dutela erakusten dutelako. Badirudi, pintzel bakoitzaren arrastoa eta margo tanta bakoitzak, buru argi eta heldu batek agindutako kokapen harmonikoa lortzen dutela, eta ez gaudela  zoriz edo aliritziz  betetako mihiseen aurrean.

Vimeon Iris lanean ikusi ahal izango duzu. Bideo liluragarri eta xarmanten bidez ikusi ahal izango duzu nola hasten den mihise bat betetzen, eta mihisea amaituta.

Horraino albistea. Gogoan dut duela 35 urte inguru, irakaskuntzan ari nintzen orduan, Aranzadi ikastolan lehenengo gela bereziak abian jartzen hasi ginela Bergarako kabinete psikopedagogikoaren laguntzaz. Lan asko egin zen arlo horretan eta  urritasun psikikoak zein mugimenduzkoak zituzten haurren integraziorako bideak jartzen lehengotarikoak izan ginen. Ume autista bat geletan integratzen ere saiatu ginen baina ezinezkoa izan zen. Ahaleginak ez zuen inolako emaitzarik eman ez onik ez txarrik. Ezer ez.

Irisena bezalako kasuak ez dira oso ohikoak. Adin horretako ume batek ezingo luke horrelako lanik egin ez balitu irudimen, inteligentzia eta gaitasun oso bereziak. Irisek bai? Horrela izango da.

Freskotasun, sinesgarritasun eta naturaltasun gehiago darie The AutistiX taldekoei. Hauek ere bere webgunea dute. Uda honetan Euskal herrian ibili ziren bere rocka erakutsiaz.  Urritasunik ez dutenik ere badute taldean eta musika dotorea eta interesgarria egiteko gai dira. Motxila 21ekoekin (12 down sindromedun neska-mutilek osatutako taldea) London Callingekin ere ausartzen dira. Sei minutu baldin badituzu ez galdu bideo hau.

 

Oporretako sindromea eta abuztuaren 1a

Iritsi dira azkenean urte osoan amestutako egunak. Yavehk  Adan, Evari eta euren ondorengoei betirako ezarritako zigorraren ondorioak pittintxo bat leuntzen dituzten egunak. Zer diot leundu, egun hauek ere, egunero, urtean zehar, gure bekokiaren izerdiarekin irabaziak dira eta!

Sasoi berezia da opor aurretiko hau. Gutxi edo asko guztiok estresatu itxura eman beharra izaten dugu urtean zehar ondokoak adina edo lan gehiago egin dugula erakusteko, edo besterik gabe, eta hau ez da itxurakeria, opor bezperetan beste estres mota batek hartzen gaituelako; oporraldia antolatzearena, alegia. Arrazoi bikoitzeko estresa, egin dugunak eragindakoa batetik, eta egin behar dugunak sortutako antsietateak eragindakoa bestetik.

Oporrak ondo antolatzea garrantzitsua da; onena bidaia exotiko bat egitea. Honekin auzokoen eta lankideen inbidia ez ezik, urte osorako pilak kargatzea ere lortzen omen da. Lehenengoa oso garrantzitsua da, lanera itzultzean (suerte hori izango duten gutxiak martxa honetan), lankideen berriketaldien erdian kokatzen gaituelako, bereziki lehenengo eguneko lehenengo lan orduetan, edo kafe orduan oporrei buruzko informazioa eman beharra plazerezko ekintza bihurtzen denean. Oporretako egunkaria ondo aletu, prezio merkeenak lortu ditugula frogatu eta argazki batzuk erakustea oso garrantzitsua izaten da lehen lan eguneko erritual hori ondo betetzeko. 

Ni inoiz baino lasaiago iritsi naiz aurten. Adina izango da agian edota lan karga handiena aurreko asteetan egin izana, baina gaur goizean ispilu aurrean jarri naizenean ez dut nekatu zimurrik ikusi nire aurpegian. Hala ere uste dut mereziak ditudala oporrak, eta hasteko, Jazzari emango diot aukeratxo bat, baldin eta Trinitateko plazaren gainaldean dagoen Gastronomikako jaleek ez badidate eragozten beren berriketaldi baldar eta ozenekin Pharoah Sanders eta Hiromiren doinuak entzutea. Ogitartekoa eta katxia eskuan iluntze pasa politak espero ditut. Hurrengo egunetan, patxadan, zain  egonean, gurean oporrak antolatzen dituenak zer eta nora egin behar dugun erabaki arte (dagoeneko aurreratuta dauka lana) emango ditut egunak, horixe izaten baita oporrak disfrutatzeko modurik onena.

Hori bai, abuztuaren 1ean Raxoik esango dituenak entzuteko irrikaz. Azala behar du estatu bateko presidenteak bere herritarren lehen opor eguna aukeratzeko ustelkeriak kutsatuta ez dagoela frogatzen saiatzeko. Abuztuaren 15erako dena ahaztuta izango dugulakoan.

 Handiagoak ikusi behar ditugu oraindik! Epaileen botereak goi mailako iruzurgileak nola babesten dituen ikusita ez gintuzke horrek asko harritu behar, baina herritarrei hain errespetu gutxi erakustea…

Gipuzkoako Foru Aldundiko Garapenerako lankidetza plana

Astelehenean (uztailaren 15ean) aurkeztu ziguten Foru Aldundian  hurrengo urtetarako (2013-16) lankidetzaren oinarriak eta helburuak finkatzen dituen plana. Bertan izan nintzen GKE txiki bateko boluntarioa naizelako eta goiza libre izanik nominan fijo daukagun profesional bakarrari (emakume fin, langilea eta konpetentea) laguntzea erabaki nuelako.

Gure erakundea mendia maite duten boluntarioz osatuta dago bereziki, eta Hushe ibarreko emakume eta gizonen bizi kalitatea hobetzen laguntzeko asmoarekin sortu zen.

Sarri aurkeztu izan gara Gipuzkoako Foru Aldundiko diru-laguntzen deialdietara eta beti itzuli gara esku hutsik. Izan ditugun diru-laguntza bakarrak Kote Olaizolaren denboran Kirol zuzendaritzatik jaso genituenak dira.

Egia da gurearen aldean oso GKE profesionalizatuak eta profesionalez ondo hornituak aurkezten direla deialdietara eta honek, noski, ez digu laguntzen.

Bestalde, nabarmena da lan egiten dugun esparru geografikoak ez duela beste batzuen erakargarritasun politikorik. EAEan Palestina, Sahara edo Hego Amerika askoz errentagarriagoak  dira politikoki, eta diru-laguntza publikoak eskualde horietara joaten dira nagusiki. Zer axola digu  Pakistaneko ipar-ekialdeko mendi artean bizi den komunitate isolatu islamiar batek!

Genero ikuspegia oso kontuan hartzen du planak beste batzuk bezala, eta baita guk ere gure erakundean. Agian gure formulazio teorikoak akatsak izango ditu beste batzuenekin parekatuz gero, baina ez da berdin lantzen genero ikuspegia Hushe ibarrean edota Nikaraguan esate baterako. Gu pozik eta harro gaude orain arte lortutakoarekin. Lanean dihardugun 12 urteetan sei herritan emakumeak biltzeko eta ikasteko tokiak  eratu izana guretzat arrakasta itzela da; 2013an lehen aldiz hiru emakumek banku batean kontu korronte bat zabaldu izana den bezalaxe, edota gaur egun gure eskoletan neskak mutikoak baino gehiago izatea, eta goi mailako ikasketak  egiteko ematen ditugun diru-laguntzetan ere erdi eta erdi izatea neskak eta mutilak. Zer esanik ez irakasleen artean emakumeak eta gizonak ere paretsu aritzea.

Gure jarduera guztia emakumeei zuzenduago dago gizonezkoei baino. Hala ere, ez dugu genero formulazio deigarririk dihardugun inguruneak eta estremisten presioek zuhurtziaz jokatzea eskatzen dutelako. Baina hamabi urte hauetan lortutakoak erabat aldatu dute Hushe Ibarra eta harro gaude.  

Aranzadi Ikastolaren inaugurazio ekitaldia

Aranzadi ikastolako inaugurazio ekitaldira gonbidatu ninduten aurreko astean. Atseginez onartu ere bai, nire laneko bizitzaren zati handi bat bertan eman baitut. Aspalditxo ahaztu nituen hezkuntzarekin lotutako buruhausteak, baina kide izan naizen proiektu guztien jarraipena egitea gustatzen zait. Lagunak ere baditut han oraindik eta estimatzen dudan jendea ere bai. Partaideko lankide ohiekin urtero egiten dut bazkari edo afari pare bat. Betik dago tarte bat oroitzapen onak gogora ekartzeko.

Ez du  bizimodu erraza izan Aranzadi ikastolak gurasoek sare kontzertatuan jarraitzea erabaki zuten egunetik hona.  Ikastola beste modu batera irudikatzen zutenek ez zuten erabakia irensten jakin eta ibilbidea zailtzen saiatu zitzaizkion. Batzuk Bergarako hezkuntza sarean ikastola kontzertatu bakar bat (Mariaren lagundia) eta eskola publiko bakar bat irudikatzen zutelako, besteek herri honetan “pribatu” eta “publikoaren” artean basamortua baino ez dutelako ikusten, eta bakarren batek interes korporatiboak tarteko, ahalik eta traba gehien jartzen saiatu zitzaizkion. Sare publikoan ez zelako integratu, egindako  hobekuntza obra batzuengatik Jaurlaritzak obra horiek finantzatzeko emandako diru-laguntza guztiak itzul arazi zizkion. Asko izan ziren obratarako diru-laguntzak jaso zituzten ikastolak; bi dirua itzuli behar izan zutenak. Aranzadi Ikastola bietako bat, eta Sailburu abertzale baten aginduz.

Dirudienez denbora ilun haiek pasatu dira. Egindako obrak ikusi baino ez da behar proiektuaren atzean dagoen ilusioa, indarra eta kemena zenbaterainokoa den antzemateko. Aranzadi ikastola herri ekimen bat izateko bidean dago berriro. Gurasoek bere denbora librean egindako eskolaurreko instalakuntza berriak inbidia sentitzeko modukoak dira, eta gogora ekarri dizkidate duela hogeita hamar urte Romero margoak  (Lorenzo zen jabea?) buru, gurasoak gelak margotzen ibiltzen zireneko denborak.

Berrogei urte bete ditu Aranzadi Ikastolak. Beste berrogei opa dizkiot. Euskal Herrian hiru hizkuntzen hezkuntza eredua modan jarri denez, long life to Aranzadi! (horrela esaten ote da?)

Luxu bat

 

Luxu bat da bai, Oñatiko parrokian igande arratsalde batez Mozart-en Requiema entzun ahal izatea, kamara orkestra bat, lau bakarlari eta bi abesbatza interpretazio lanetan.

Requiema Oñatiko parrokian

Luxu bat da kaleko tabernaria historialari ezagunaren eskutik, edota erretiratu bat oraindik urteetan lanean jardun beharko duen ikastolako andereñoarekin, guztiak elkarrekin kantuan entzutea.

Luxu bat da musikeneko ikasle aurreratuenek Bergarako hainbat soinujolerekin osatzen duten kamera orkestra  eta korua lagun dutela, herriko seme-alabak bakarlari lanetan entzutea herriko zuzendari baten agindupean. Izan Bergarakoak izan Oñatikoak.

Luxua izanagatik ez da perfekzioa. Ezta behar ere! Horra iristeko bide luzea egin beharko lukete, eta seguru asko ez dira inoiz iritsiko perfekzio musikalera  gehienen helburua kantuan disfrutatzea eta disfruta araztea delako.  Eurei eskerrak ordu bete bikain bat eman genuen musikaz disfrutatzen sasoi batean infernuko garren eta amaiera gabeko zigorren berri maiz entzun zuten pareta, zutabe eta erretaulek babestuta. Gainera bestela inoiz entzungo ez genuen lan bat zuzenean entzuteko aukera izan genuen. Luxua!

San Pedro egunean Bergaran  izango ditugu berriro lanean. Seguru han ere kontzertu-gela betetzea lortzen dutela.

Goiena.netetik hartutako argazkia

Fiskalitateaz

 

Fiskalitateaz hitz egiten dugunean zerga-bilketaz eta gastu publikoaren banaketaz hitz egin beharko genuke, baina gehienetan, eta are gehiago oraingo egoeran, sarrera publikoak kosta ahala kosta mantendu beharragatik zerga-bilketa nola handitu bihurtzen da eztabaidagai nagusia. Eta horretan ari omen dira EAEko alderdi politikoak, bakoitza bere proposamenak mahai gainean.

Betik irakurri eta entzun izan dugu Euskal Herriko presio fiskala Europako estatu aurreratuenetakoa baino baxuagoa dela. Sarri errakuntza  batekin lagunduta joan ohi da baieztapena. Presio handiagoa badute, gehiago ordaintzen dutelako da (ez gehiagok), beraz tipo handiagoak dituztelako.

Hau ez da horrela. Gutariko bakoitzaren ahalegin fiskala europar aurreratu baten mailakoa da.

KPMGk sarean eskegitako txostena begiratzen badugu, ikusiko dugu Europan bi estatuk bakarrik dutela Espainiak (%52) baino tipo marginal altuagoa: Danimarka (%55,4) eta Suedia (%56,6) dira. Gurean, tipo marginala igotzeko tartea egon daiteke ez delako Espainiakora iristen.

Baina Kataluiniaren kasua hartzen badugu, 2012an Suediaren mailako tipo marginala (%56)  izan arren, ez dute lortu hango presio fiskalik edo zerbitzu publikorik. Oraintsu irakurri dugunez 2012an baino 5.500 langile publiko gutxiago ditu Generalitateak eta osasun zerbitzuen eta beste hainbat zerbitzuen aurkako  kritika zorrotzak entzun izan ditugu azken hilabeteetan.

El Paísek igandean zioenez BEZaren tipoa Europar batasunaren batez bestekoaren mailan zegoen 2012an (%21 eta %21.13), eta sozietateetako Europako batez bestekoaren gainetik (%30a, %22.6aren aurka).

Gauzak horrela, garbi dago antzeko sistema fiskalek ez dutela presio fiskal bera bermatzen. Zeintzuk izan daitezke arrazoiak? Oso ezagunak: Gizartearen maila guztietan sustraiak ederto bota dituen iruzurra, ezkutuko ekonomia (beste iruzur mota bat), demaseko langabezia eta hobariak.

Badago non lan egin zergak igo gabe. Pertsona fisikoen zerga edo BEZa igotzeak ondorio kaltegarriak dakarzkio ekonomia errealari. Herritarrek diru erabilgarri gutxiago badute gutxiago gastatuko dute, merkatarien eta industriaren kaltetan. Langabezia areagotuko da eta gutxiago izango gara (dira) zergak ordainduko ditugunak (dutenak), amaiera gabeko kate negatiboa elikatuaz.

Koiunturara egokitutako fiskalitatea beharko dugu, baina zerga-bilketa areagotu nahi bada, iruzurrari egindako jazarpenetik, ezkutuko ekonomia bistaratzetik eta hobarietan aldaketak egitetik etorri beharko da. Ez ordaintzen dugunoi ahalegin handiago bat eskatzetik .