Ni ere Hassana naiz.

Hain modan dagoen esaldia ekarri dut hona Hassanaren alde egiteko. Neuk ere izenpetu dut asilo eskaera eta ez naiz inori firmak oparitzen ibiltzen denetarikoa. Niretzat oso garrantzitsuak izan diren unetan Hassanarekin mahaia partekatzea egokitu zait eta pentsatu dut mutil honek transmititzen duen bake eta maitasuna, eta biziarteko kartzela-zigorra ez datozela bat. Batzuetan azkar ezagutzen da jendea beren begiradarekin edo ahotsarekin.
Seguru asko bil ditzakegun firmak ez dira nahiko izango Espainiako Barne Ministroaren ahotsak transmititzen duena Hassanaren begiek islatzen dutenaren aurkakoa delako: harrokeria, autokonplazentzia eta eskuin muturreko lerdokeria.
Agian aurrez galdutako ekimen justu baten alde ari gara, baina merezi du zure aletxoa jartzea zure firma hemen boteaz. Horrela giza eskubideen alde borrokatzeko aukera eskaintzen duen webgune bat ezagutzeko aukera ere izango duzu aurrez bere berri izan ez baduzu. Eskerrik asko
Zurekin gaude Hassana!

2014a joan da, gora 2015a

Urtea behar den moduan amaitzea ohitura zaharra da. Besterik da norberarentzat zer den behar den moduan amaitzea. Nahi beste aukera daude baina sarri, gure aurrean agertzen direnak oso mugatuak dira. Aurreko urteko bera eta duela bost urtekoa. Errepikatzen badira ez dira hain txarrak izango.
Urtea oroitzerakoan sentiberatasuna nagusitzen zaigu adin batekoei. Beti dago orainaren mugak gaindituta oroitzapenaren larreetara bazkatzera pasa denik. Aurten ama, lagun mina dira; baina alaitasunak eta bizipozak nagusi izaten jarraitu behar dute eguratsak eskaintzen dizkigun egunsenti hauek bizi izateko gai garen bitartean.
Urtea amaieran Carmina Buranaz gozatzeko aukera ere izan dugu. Berezia, elkarlanean (auzolanean?) egina, Bergaratik eta Arrasatetik etorritako kantariekin eta Donostia edo ahal dakit nondik etorritako perkusionista eta piano jotzaileekin (bat oñatiarra). Ez dut kontzertu bikain horren albisterik inon irakurri. Pilotalekua beteta 120 musikari oholtzan, sarrera guztiak dezente lehenago agortuta, errepika ezina izan zen. Ikusleen artean eskualdeko herrietatik eta kanpotik etorritakoak. Bergarakoak, Arrasatekoak edo Donostiakoak ikusi nituen. Orkestrarik gabe pianoz eta perkusioz lagundutako kontzertua izateak, areagotu egiten zuen soinuaren handitasuna.
Akats bat. Pilotalekuak ez dira bakarlarientzat toki erosoak. Lan bikaina egin arre, emaitza ez zen azken ilaretara iristen. Baina pilotalekua dugu eta ez da gutxi,onartu behar baitugu ezinezkoa dela  gure tamainako herri batean 500 ikusle eta oholtzan 120 lagun hartuko dituen egoitzarik edo antzokirik izatea.
Ganbara Abesbatzak Goiena.eus-en eskegi duen zati honekin agurtu nahi zaituztet eta urte berri aberatsa opa lerro hauek irakurtzeko pazientzia izan duzuen guztiei, eta baita irakurri ez dutenei. Ez ondasunetan zaila izango delako, baina bai maitasunean, adiskidetasunean, aisialdi eta osasunean.

Pirinioetatik,  kopa bat eskuan, urte berrian sartzeko ordu  gutxi falta direla, TOPA 2015a aurrekoa baino hobea izan dadin.

Punica? Bat gehiago.

Negua badator eta egurra egiten hasteko aroa iritsi da. Aizkorakada eta aizkorakada artean, edo moztutako ezpalak organ garraiatzen ditudan bitartean, burua beste pentsamendu  batzuetara joaten zait. Ez da komeni aizkorakadak emateko orduan beste gauza batzuetan pentsatzen aritzea, baina tarteak une egokiak izaten dira zigarroaren keari begira egoteko ohitura aspaldi baztertu genuenontzat.

Azken urteotan azaleratutako ustelkeriari bueltaka aritu naiz. Ez dago honi nondik oratu. Albisteek frogatzen  dute ustelkeria eta sistema gauza bat bera direla. Gaur zuk agintzen duzu, bihar nik sistema, Espainian era guztietako bilau, iruzurgile eta eskuluze sortzaile bihurtu da. Ezin iruzurgileak  sistema gabe ulertu, ezta sistema  iruzurgilerik gabe.

Sistema esperpento bitxi eta sinpatikoen sortzaile ere bada. Nikola txikiak, bere anaia handien ikasle argia dela erakutsi digu. Zubietan edota Lezaman idolo futbolariak gainditzeko saioetan ari diren gazteen nahiak kopiatuz, harribitxi preziatuenen mailan kokatu da iruzurgile gazteen rankinean. Ez du irakaslerik falta izan aritu den mundu horretan.

Iruzurra eta sistema eskutik doazela erakutsi digute bi alderdi nagusietako politikoek, dirua barra-barra, ahurka eramanaz euren patriketara, eta soberakinik zegoenean euren afiliatu edo zaleenetara. Diruaren euri langarra alderdi txikietara eta sindikalistengana ere iritsi da hauek ere sistemaren partaide senti daitezen.

Sistemaren onurak ez dira izan iruzurgile lotsagabeenentzat bakarrik. Aitzitik, legeen barruan aritu den hainbat ergel eta sorgin  ere busti ditu oparo, zero askotako soldatak metatzeko aukerak eta arrazoi legal eta moralak eskainiaz. Guztiak bihurtu dira sistemaren defendatzaile sutsu, eta  zuten indar guztiarekin aldarrikatu dute sistemaren antonimoa kaosa baino ez dela. Zirkulua ixteko hor daude sistemak berak promozionatutako epaileak, sistemaren aurka egiten ausartzen diren lankideak zigortzeko;  Blesa jauna espetxera bidali zuen epaileari instrukzioa kendu eta hamazazpi urterako kargugabetzeko gai izan direnak, edo Garzoni ezker abertzalearen aurka egiteko baimena bai, baina sistemaren barrunbeetan sartu eta denboran atzera egin nahi izan duenean  ateak itxi dizkiotenak.

Gaur sistema aldatu nahi dute ezer ez dadin aldatu. Urteetan bizikide izan duten iruzurraz lotsa itxura egiten dute eta eskuluze guztiak alderdietatik at nahi omen dituzte horretarako berrogei urte luzetan  indarrean jarri ez duten legedia abian jarri behar badute ere.

Podemosen sorrerak herritarrengan piztu duen ilusioak tamainako erantzuna behar du. Botereko amaraunetik kanpo geratzea edota motorrak edo malgukiak ez kontrolatzea da gerta dakieken okerrik handiena.  Horregatik zilegi da Podemosen aurka ahaleginak eta bi egitea; alderdi nagusiek kontrolatzen dituzten hedabideak bihurtuko dira bidaide eta gezur eta irain bitxienak zabaltzeko otsein zintzoenak.

Alda dezagun zerbait eta zigor ditzagun gutxi batzuk sistemaren onurak geure esku jarrai ditzaten. Hori izango da hauteskundeak iritsi bitarteko leloaren zati bat. Bestea, Podemos iraintzea, eta bere aukera gutxiesteko munduko pertsonai, ekintza, eta jarduera krudel, legez kontrako, edo arloteenekin nahastea. Edozerk balio du.

Sasoian sasoikoak

Joan zaigu uda eta udazkena iritsi. Herriko jaiak ere joan zaizkigu eta a zelako amaierarekin. Borrokak, udlatzainak ospitalean,  Hedabideetan ere irakurtzeko aukera izango zenuten eta ez naiz pasadizo basati horren inguruan mintzatuko.

Jaiak aipatzen baditut zerbaiten amaiera eta hasiera direlako egiten dut. Udazkenaren hasiera eta uda amaiera; oporren bukaera eta ikasturtearen hasiera ikasleentzat. Ez dira zehatz-mehatz horrela ebakitzen denborak baina erreferentzia bezala aipatu daitezke. Ordu gutxi eman ditut baina horietako batzuetan disfrutatu dut jai giroan. Beste asko kanpoan edo lanean ere eman ditut.

Aurtengo uztaren parte bat.

Aurtengo uztaren parte bat.

Uda amaierarekin uzta jasotzeko sasoia iristen da gurean. Errezil sagarrak, sagardo eta sagar zukua, eztia, babak, intxaurrak eta beste hainbat produktu jasotzen edo ekoizten eman behar izan ditugu jaietako ordu asko. Neguak ez gaitu ezustean harrapatuko. Despentsa ondo beteta izango dugu eta orain egurra egitea falta zait lehen hotzak iristen direnerako.

Aurten argizagia egitea ere bururatu zait. Gaur arte erle abaraskak estaltzen zituzten operkuloak bota egin izan ditut. Oraingoan, denbora sobran omen eta orea urtu-iragazi, urtu-iragazi;  pastel horixka polit bat sortu dut. Zertarako? oraindik ez dakit. Edertasun kremak egin daitezkeela jakin dut, edota egurrezko zoruak ontzeko erabili.

Ez dakit zer egingo dudan argizariarekin, baina zer den denbora edukitzea! Ea hurrengoan hobeto baliatzen dudan.

 

Pilarika eguna. Goizeko 9ak. Euskaditik sekula joango ez omen diren berdededunen etxetik itxafleroak aditzen dira. Euren patroia omentzen ariko dira.

Kale galdeketa

Gaur zortzi, Oñatin, neska gazte batzuk  galdeketa bat egiten ari ziren Parrokixa parean Udalaren izenean. Parean suertatu eta galdetu zidaten ea zer iruditzen zitzaidan Parrokia parean autoentzat Unibertsitate hiribidea ixtea, eta gauza bera egitea Bakardadeko kalean San Anton kalearen pare horretan.

Mugikortasun planean dagoen proposamen bat da eta herritarren iritzia jaso nahi omen zuen Udalaka. Oso ondo iruditzen zait galdeketa bera, are gehiago horren bidez  Kale Zaharreko bizilagunen iritzitza ezagutu eta kontuan hartzeko asmoa badute.

Niri oso ondo iruditzen zitzaidala, horren aldekoa nintzela, herria oinezkoentzat toki eroso bihurtu behar genuelako. Hori bai, ezinbestekoa zela kaletarrek beharra genuenean sartzeko aukera edukitzea, eta erosketak edo beste gauza batzuk deskargatzeko sarrera izan beharko genukeela egunean zehar ordu jakin batzuetan. Erantzun zidan udaltzainen bulegoan egongo zela giltza behar genuenetan. Ez dakit supermerkatutik kargatuta gatozen bakoitzean udaltzainengana joan beharra erosoa eta egokia denik, baina tira.

Mingaina aske beste eskaera batzuk ere luzatu nizkion: esan sinfalta kale bat oinezkoentzat bihurtzeko ez dela derrigorrezkoa inguru dena pibotez betetzea. Nahikoa da Noranzko biak debekatzen dituen seinale bana jartzea eta udaltzainek araua bete araztea. Begira zenbat pibote ikus daitezkeen gure begi bistan gehitu nion. Unibertsitateko ibilbideko espaloi dena harrizko oztopoz beteta dago. Kale guztietako sarrerak pibotez josita. ONCEko kioskoa inguratuta. Ez dakit munduan metro karratuko hainbeste pibote daukan beste herririk ote dagoen. Esan hau ere arduradunei sinfalta.

Iluntzean bi lagunekin afaldu nuen. Galdeketarena komentatu eta bietako batek esan zidan berari ere egin ziotela. Nik hau eta hau erantzun xuat. Neuk be ados nagoela esan dostet, berak, eta gehitu dostet txirrinduen erabilera arautu beharra dagoela istripu larri bat gertau aurretik.

Galdeketaren emaitzak aztertu eta udalak aurrera egin nahi badu, jakin beza Kale Zaharrean behintzat, bizilagun mordotxo bat izango duela elkarlanean irtenbide onenak lantzeko modu eraikitzailean.

Aloñatik Tolosara begira.

Hain gurea den euri horrek ari du goiz honetan. Leiho guztiak zabaldu ditut umeltasunak eta freskotasunak etxeko zirrikitu guztiak bete ditzaten.

Atzo ez. Atzo eguraldi bikaina izan genuen eta zure etxekoekin Aloñara igo ginen berriro zurekin egoteko.  Lehen bi belaunaldi ginenak orain hiru. Ume txikienak bizkarrean hartu, eta gora lehenago bezala. Ez zen diskurtsorik edo hitz  ponposorik egon. Ez genuen mendian plakarik edo oroitarririk jarri. Ez zenituen onartuko. Bihotzean eta gogoan eramaten dena ez dago zertan harri edo burdin bihurtuta mendi puntan utzi. Bekatutxo bakar bat egin genuen, autoz Duru azpiko aparkalekuraino joatea. Oinez ere ez dakiten txikiak egonda ulertuko duzula ziur nago. Argazkia ere egon zen unea betik gogoan izan dezagun. Gero saldak, txistorrak… badakizu!

Etxera iritsi eta bakardadean lehengo argazkiei begiratzeari ekin nion. Irudietan agertzen ziren  beste batzuk era joanak direla gogoratu nintzen: Iñaki, Juan Luis… Dozena erdi bat bazarete bide hori goizegi hartutakoak. Batzuk istripuz, bateon bat bere borondatez eta beste batzuk zu bezala  gaixotasunak jota.

Mahlerren Das Lier von der Erde (Lurraren kanta) jarri nuen musika aparailuan. Badakit zuri gehiago gustatzen zitzaizula opera, baina niri konposizio honen azken zatia (Adioa) ikaragarria iruditzen zait. Zirraragarria. Barreneraino sartu eta negar malkoak kanpora jaurtitzen dizkizun horietakoa. Dramatikoa.

Argazkiak ikusten urte askoko pasadizoak datozkit. Munia, seme-alabekin Perdidokoa, Gavarnieko paretan ur jauziaren azpian busti busti eginda,  herriko umeekin antolatzen genituen  irteerak, eta nola ez, Gipuzkoako haurren ibilaldia antolatu genuenekoa, biok Aloñako puntan  geundela ekaitza hasi, eta txingorra, elurra eta oinaztuen menpean irratia hartu eta haur guztiak Durutik Arantzazura zuzenean jaitsi zitezela agindua eman behar izan  genuenekoa. Eta beste asko: Aralarko 14 ordu zuk hain maitatuak…

Oroitzapenak utzi eta Adio horren zati bat itzuli nahi izan dizut. Mahlerrek txinatar poeta bati kendu omen zion eta nik berari. Adioaren Hasiera eta amaierako bertsoak dira soilik. Badakizu nire ingelesa  oso eskasa dela, baina esanahia gorde dudala uste dut. Gustatuko zaizkizu.

Eguzkia mendi ostean ezkutatu da.
Arratsaldeak ibarrak estali ditu
freskotasunez beteko itzalekin.

Begira! ilargiak zilarrezko itsasontzi bat dirudi
Zeruko laku  urdinaren gainean.
Pinu beltzen atzealdean haize zirraragarri bat  sumatzen dut!
Kantari, errekastoak iluntasuna zeharkatzen du
eta loreek kolorea galtzen dute ilunabarraren argitasunean.
Lurra  lo datza eta eztiki  hartzen du arnasa.

Desira guztiak amets bihurtu dira.
Jende nekatua etxerantz ari da itzultzen,
ahaztutako zoriona eta iragandako gaztetasuna
ametsetan aurkitzera!

Txoriak loak hartzen ditu euren abarretatik eskegita.
Mundua lo geratzen ari da.
Haize leuna freskoa da nire pinuen itzaletan.
Han naiz ni nire lagunaren zain;
Azken agurra emateko.

Nire aberrirantz abiatuko naiz, nire etxera.
Ez naiz gehiago galduko erbestean.
Nire bihotza lasai dago bere orduaren zain!

Nonahi lur maitea loratuko da udaberrian
eta berdatuko da berriro!
Nonahi eta betiko, urrutiko zeruertzek urdin egingo dute dirdira.

Betiko… betiko…

A! Errealak uno dos galdu zuen  atzo. No hay manera Andoni!

Oñatin inora ez daraman bidegorria.

Aretxabaletatik edo Bergaratik bazatozte, bidegorri dotore batetik etortzeko aukera izango duzue. Berria, ondo seinaleztatua eta laua ahal den heinean. Gauza ederra da txirrinka gainean edo oinez arrisku barik ibili ahal izatea. Eta osasungarria. Arlo honetan Europako herri aurreratuenen artean gaudela esango neuke. Kostata, baina lortu dugu.

Zer egingo zenuke bidegorria horrela amaitzen dela ikusita?

Zer egingo zenuke bidegorria horrela amaitzen dela ikusita?

Oñatira iristen zarenean arazo larri batekin egingo duzu topo. Bapatean, bidegorriak markatzen duen bidea amaitzen da, zirkulazio seinale gezidun batek esango dizu bidegorriak iradokitzen duen bidetik jarraitu behar duzula,  eta beste batek beste aukera, Kale Zaharrean gora jarraitzea debekatuta dagoela. Lasai! Segi debekatutik. Kale Zaharrean arauak betetzen badituzu dontsu edo inuzente baten parean geratuko zara.

Bidegorri hori eta bere amaiera harrigarria abuztuan margotuta dago eta ez neukan honi buruz ezer idazteko asmorik pentsatzen nuelako lehenago edo beranduago margotzen jarraituko zutela horrela jasota baitago Oñatiko udaleko mugikortasuneko ekintza planean. Asmoa hori bada, pedagogia egiten hasteko une ona ere bazela pentsatzen nuen.

Kaleko tabernetako terrazetan sarri entzuten da: Hara! Nora doia hori?; ikusi duzu beste horrek daraman abiada? Zuk ez duzu ikusi arratsaldeko fabriketako txanda amaitzen denean kalean gora kontrako noranzkoan igotzen den txirrindulari uholdea!

Astean adineko emakume batek (laurogei eta hamar pasa izan behar ditu gure ama zena baino zaharragoa baita), egunen baten horreittako batek aurrian eruango gaittu eta hor fango dira gure egunak bota dost txirrindulari batek gu bioi iskin egin ondoren.

Orduan animatu naiz hau idaztera, are gehiago, ikusita udal zinegotziek  (pluralean) arauak errespetatzen eredu izan behar direnek, debekatutako noranzkoan gora egiten dutela txirrindutik jaitsi ere egin barik. Nekez egin daiteke pedagogia araua ezartzen dutenek araua hausten badute.

Ez dakit zein den Udalaren asmoa. Edo mugikortasun planak dioena aurrera eramatea, edota Kala Zaharrean txirrinduak bi noranzkoetan onartzea. Bigarrena bada, eskatuko nioke lehenbailehen egitea, bidegorria argi markatzea, autoen tokia ere garbi uztea, eta oinezkoei geratuko zaigun zatitxoa ere, ondo markatuta uztea defentsa bezala baliagarri gerta dakigun.

Neurea eta beste inorena ez da azken pasarteko iritzia.  Beste guztian asko gatoz bat.

Faja de Pelayn Ordesan.

Abuztuaren hogeita bederatziko goizeko zazpi eta erdiak dira Biescasen, eta gure ordu-eremuko herri guztietan noski. Arrapataka Faja de Pelayko ibiladia egitea erabaki dut. Gosaldu, Torlara joan, eta goizeko 8:45eko autobusa hartuta Ordesarantz abiatu naiz.  Gaur Taupametro ez dator nirekin. Etxean geratzea erabaki du. Ez omen ditu inprobisazioak gustuko, eta ez da kontua nahi ez duena etortzera derrigortzea. Giroa ilun dago eta euria dago iragarrita. Hamar lagun goaz autobusean. Mendizale finak lehenago joango ziren eta turista alperren ordua ez da oraindik iritsi.

Faja de Pelay Ordesako hego paretan dago eta 1.900 m. inguruko altueran doan bide erraza eta ikusgarria da. Soasoko zirkotik edota Ordesako aparkalekutik har daiteke norabide batean edo bestean. Desnibela bera izan arren,  Ordesako aparkalekutik hartuta gogorragoa dirudi zuzen zuzenean igotzen delako. Bera aukeratu dut, aparkalekutik miradoreraino daramana Senda de los Cazadoresen gora.

Senda de los Cazadoreseko zorua.

Senda de los Cazadores

 

Hasieran orbelak geruza samur batez estaltzen du bide estua. Gora joan ahala, eta pinu eta izeiek pagoen tokia hartzen duten heinean, hartxintxar bihurtzen da bidea, baina ez da horregatik eginezin bihurtzen; erosoa izaten jarraitzen du. Lau tanta erori dira; zerbait gehiago datorren seinalea ote? ez du ematen. Gorantz jarraitzea erabakitzen dut eta  gaindi ezina dirudien harkaitz bat ikusten dut parez pare. Bideak sigi-saga, batean ezker eta bestean eskuin eginaz gainditzen du gaindiezina dirudiena. Ordu eta erdian Calcilarruegoko (hau izena) miradorean nago.

Edelweissak
Edelweissak Faja de Pelayn

Hamar eta erdiak dira. Cotatueroko zirkoari, izen bereko ur-jauziari eta Cascoari begiratu bat eman, fruitu lehor batzuk jan, eta Soasoko zirkorantz abiatzen naiz. Garbitu du. Oraingoz ez dugu euririk izango. Rododendroak eta edelweissak dira nagusi bide bazterretan. Zoragarri behar du honek ekaina-uztailean rododendroen lora gorriez mozorrotuta.

Monte perdido sutan

Monte perdido sutan

Soasoko zirkora iritsi eta nola ez, Cola de Caballo deitutako ur-jauziaren ondoan egingo dut hamarretakoa. Hamabi eta erdiak dira eta merezitako atsedena hartzen dut. Oinak ur hotzetan freskatzen ipini, presa barik eguzkiaren izpiekin lehortzen utzi, eta ordu batetan Ordesa ibarreko bidea jaisten hasten naiz.  Tabernan  zerbeza bat hartzen dudan bitartean bidea kontrako norabidean Andoni lagunarekin eta seme-alabekin egin genuenekoa datorkit gogora; ez da errepikatuko zoritxarrez. Autobusa iristen da. Hirurak dira.

Biescasen naiz, eta komuneko eta dutxako kontuak egin ondoren Coetzee-ren Jesusen haurtzaroa liburua amaitzera jarri naiz. Nobel saridun guztien lan guztiak ez dira bikainak.

Iritsi da ebazpena

Iritsi da bai, zain ninduen Enplegu eta Gizarte Segurantzaren Ministerioko gutun ziurtatua, eta berarekin batera orain ohikoa bihurtu den gogobetetasun galdeketa horietako bat.

Gogobetetasun galdeketa aparte utzita Ministerioaren erantzunean jarri dut arreta guztia.   Ez da dokumenturik gehitu behar, ez dago tramiterik faltan, ezta biharamonean itzuli beharrik ere. Guztia behar bezala aurkeztu nuenez, erretiratu berri bat naiz abuztuaren 1eko datarekin. Momentuz, eta Erretiro Sistema Publikoak eusten dion bitartean estatutik kobratuko dut nomina hilero trukean ezer egin gabe.

Nola ez aitortu funtzionarioen arreta eskisitoa  Ministerioak baietzarekin erantzun badizu erretiro eskaerari? Galdekaten  hamar jarriko diot adeitasun handiz hartu ninduen funtzionarioari; ez gutxiago.

Momentuz beraz, eta Erretiro Sistema Publikoak eusten dion bitartean estatutik kobratuko dut nomina hilero trukean ezer egin gabe. Seguru nago eraikinak ez diola bere horretan eutsiko piramide bat den heinean, eta erortzen utzi (Beste batzuk erortzen ikusi ditugun bezala: Madoff, Sofico Renta…) edo berregituraketa sakonak egin beste irtenbiderik ez dela izango epe ez hain laburrean. Orduan ikusi behar nola geratzen garen oraingo erretiratuok. Bitartean firin-faran ibili, egun guztiak desberdinak izan  daitezen saiatu, mendian ibili, suzko erruedak ikusi, Erreala eta Eibarri gertutik jarraipena egin, arreta gauza intraszendenteetan jarri, eta arrain freskorik jan ezin dudanez, oheratu aurretik ez dadila arraulta parea zartaginan falta. Ahal dela txorizo edo lukainka muturrarekin.

Hala bedi!

 

 

 

Bielsako poltsa

Bielsa Huescako Pirinioetako herri txiki bat da. Zabala hedaduraz baina 500 biztanle baino ez ditu, eta udalerriak 300 inguru. Beste bizilagunak, Parzan, Chisagües eta inguruko auzoetan barreiatuta bizi dira. Hamaika kilometrora dauka  Frantziarekin lotzen duen tunela, eta udan ohikoa da frantziar herritarren eten gabeko sartu irtena, edariak, tabakoa eta oro har Pirinioen hegoaldean merkeagoak diren merkantzien bila.

Bielsa abiapuntu garrantzitsua da mendizaleentzat. Pinetarantz eta hemendik Monte Perdido, Añisclo edo Muniara, Ordizetoruntz eta hortik Biados aldera, mila irteera eta paraje eder aurkituko dituzu hara bazoaz. Irteera eta irteera bitarte tarte bat erabil ezazu Bielsako museoa ikusteko.  Txikia eta xumea tamaina horretako herri bati dagokion bezala, baina esanahi sakonekoa.

Bere lurrari eta ohiturei atxikitako herri bat ezagutzeko aukera izango duzu ordu eta erdiko bisitaldian. Horrela esan ziguten eta denbora hori behar izan genuen museoko hiru plantak ikusteko. Lehena Pirinioak eta inguruneari eskainia, hirugarrena bertako inauteriari eta  etnografiari, eta bigarrena, zirrara gehien eragiten duena, hogeita hamaseiko gerlan herria zorigaiztoko, eta zorigaitzez ospetsu egin zuen gerla-gertakizun bati:  Bielsako poltsa.

1938. urteko otsailean isolatua geratu zen Bielsako aranean errepublikar armadaren 43. Dibisioa. Frankistek inguruko aran eta bailara guztiak hartuta Frantziara alde egitea beste aukerarik ez zitzaien geratu bertako biztanleei. Apirilaren hasieran elurra goi-mendietan, oinez, Frantziarako bidea hartu zuten haur, gazte eta zahar, emakume eta gizon, askorentzat betirako desterrua izango zenari hasiera emanaz. Sei mila bat lagun izan omen ziren Bielsako portu zaharretik elur artean muga pasa zutenak.

Bielsako herritarrak Frantziarako bidean. 37ko apirila

Bielsako herritarrak Frantziarako bidean. 37ko apirila

Ekainaren 16an erori zen  Bielsako poltsa, 43. Dibisioa Frantziara igaro zenean. Aurretik hegazkin frankistek ez zuten etxerik zutik utzi Bielsan eta Parzanen.  Bielsako biztanleentzat  erbestea etxe eta hazienda guztiak galdu ondoren.

Bielsa bonbardaketaren ondoren

Bielsa bonbardaketaren ondoren

Hango herritarrek  ez dituzte gertaera haiek ahaztu nahi. Memoria historikoari toki bat egin diote eta  museo interesgarri bat mantentzen dute udaletxean.  43. Dibisoaren balentriak toki  nabarmena dauka. Herritarren sufrimenduak, hildako gazteek (hogei inguru izan ziren), erbestetik sekula itzuli ez zirenek , edota itzuli eta ezer gabe beren bizitza berregiten hasi behar izan zutenek ezer gutxi.

Bielsara bazoaz ez itzuli museoa ikusi gabe. Umila baina esanguratsua da. Kontuan izan arratsaldeko 5etatik 9etara dagoela zabalik bakarrik.