Euskaldunak eta behiak.

Euskal Herriko baserrietan ohikoa zen behi bat edo bi haztea etxeko esne beharrak asetzeko. Pasteurizazioak amaitu zuen baserrietan behiak edukitzeko ohiturarekin, geroago, industrializazioak baserriarekin amaitu zuen bezala.
Baina euskaldunok behiarekin dugun elikadura harremana ez da esnekiekin amaitzen. Zer hoberik sagardotegian edo elkarte gastronomikoan lagun-arteko bat ospatzea zahar edo gaztearen txuleta batekin? Askoz hobe, modan dagoen anisakisarekiko alergiaduna bzara, eta begetarianoa ez noski.
Sukaldetik at, euskal arteak ere izan du tokia behientzat: Julio Medemen Behiak filma, eta Bernando Atxagaren Euskaldun behi baten memoriak lekuko.
Gurean bakarrik ez, behi eta euskaldunen arteko harremanak agerian geratu ziren guretik Argentinara izan ziren lehen migrazioetan; historiak dioenez, joan den mendearen lehen urteetan hara joan ziren  euskaldun asko  esne saltzaileak ziren, eta lanbideak eragina izan zuen antza hainbatek euskaldunekiko zuen ikuskeran.
Alejandro Ferri, adibidez, Borgesen ipuin bateko protagonistetako bat, Fermin Egurenekin, Fernandez Irala batekin eta beste batzuekin batera, inoiz egingo ez den kongreso bat antolatzeko jardueran dihardu sutsuki.
Ferri honek ez ditu oso maite euskaldunak. Honako hau dio Fermin Egureni buruz, antza euskaldun esne saltzaileak gogoan: Nunca Fermín Eguren me pudo ver. Ejercía diversas soberbias: la de ser oriental, la de ser criollo, la de atraer a todas las mujeres, la de haber elegido un sastre costoso, y nunca sabré por qué, la de su estirpe vasca, gente que al margen de la historia no ha hecho otra cosa que ordeñar vascas.

Berriki, Javier Reverteren liburu bat oparitu didate eta baita irakurri ere. Horretarako oparitzen dizkigute liburuak: irakurtzeko. Bada liburu honetan Erromari buruz hitz egiten digun bitartean pertsonaia ezagunen anekdota batzuk ere kontatzen dizkigu. Mariano Raxoik ere badu bere tartea.
Baita Julio Caro Baroja ere. Ikusi zer jartzen duen bere hortzetan euskal abertzaleei buruz, abertzales vascos idazten du gazteleraz: Dedican todas sus energías a exaltar a la patria vasca y a decir barbaridades en sus discursos…, como Mussolini. Sólo que Mussolini los pronunciaba en la Piazza Venezia y estos en medio de las vacas, los borricos y las mulas…
Oso haserre egon behar zuen On Juliok horrelakoak jaurtitzeko. Ez dakit zilegi den pertsona batek haserrealdi batean esan dituenak horrela argitaratzea, bere baimenik gabe, baina publikoa denez eta liburutegietan irakur daitekeenez, hona ekarri nahi izan dut euskaldunok behiekin erlazionatzen gaituen beste adibide bat legez. Anekdotak.

Eskeko ulerkorra.

Estropada bigarren igandea Donostian. Eguerdian Alde Zaharrera joan naiz lagunengana ordu horretan ohikoa den jardueran murgiltzeko. Kale Nagusia eta San Jeronimok bat egiten duten gunean sarri aurkitzen dudan eskekoa ikusi dut. Badakit zer dagoen. Berez ez da eskale bat gaixo psikiko bat baizik, baina koitaduak ezin du ezagun bat ikusi kafe bat hartzeko edo ogitarteko bat jateko eskatu gabe. Euro pare batekoa izaten da eskaera.
Ohi duen bezala zuzenean etorri zait. Nik diru xeherik ez poltsikoan eta oraingoan dirurik gabe harrapatu nauela esaten diot. Lagunen kontura ari naizela basoerdiak hartzen gaineratzen dut, eta froga gisa patrikan ditudan txanpon eskasak ateratzen ditut. 50 zentimokoa da handiena, eta eskuan luzatzen diot. Berak ezetz, nik baietz, azkenean hartu egiten du.
Bitartean lagunek aurrerantz jarraitu dute eta banoa haien atzetik. Bat batean esku bat nabaritzen dut bizkarrean ahots isil batek belarrian xuxurlatzen didan bitartean:
Lasai egon, badakit diruz gaizki zabiltzala eta.
Eskeko ulerkorra.

 

Euskaltzaletasunak mirariak egiten ditu.

Pilare Baraiazarrari kendu diot esaldia abuztuaren 23ko Berriako egunkariko azalean irakurrita.
Euskalerria irratiarena miraria ez, baina euskaltzale saiatu batzuen indarrak, kemenak , pazientziak eta lanak lortutako arrakasta itzela da. Hemezortzi urte behar izan ditu irratiak lehiaketa publikoan irabazitako lizentzia eman ziezaion Nafar administrazioak.
Bidegabekeria honen arduradunak, Nafarroako politika eta administrazioa mendean izan duten UPN eta bere buru ezagunak. 1997an  egin zuen esleipena UPNko Gobernuak. Atzera eginaz baieztatu daiteke UPNko Miguel Sanzen lehen gobernua izan zela esleipena egin zuena, eta Ingurumen, Lurraldearen antolamendu eta Etxebizitza Sailaren buru Yolanda Barcina zuela. A ze parea karakola eta barea! Oraindik jakiteko dago zerekin edo zenbatekin sartu ziren bi horiek politikan eta zenbatekin atera ziren gobernantza publikotik, baina hori beste kontu bat da.
Noski! Lehian Euskalerria irratiak lizentzia merezi arren, euren lagun Opuseko Unibertsitateari oparitu zioten. Azpimarratu behar dena da hemezortzi urte pasata, aldeko hainbat epai izan arren, eta bidean makina bat buruhauste, eta seguru asko diru dezente xahutu ondoren, boterean zeudenak, prebarikatzaile eta inoren diruaren goseti amorratuak, berdin Nafarroako Kutxako diruena, Gobernukoarena, edonongoa, horiek, oraindik ere kirio guztiak dantzan jartzen zaizkienak Euskal herria izena entzun orduko, Gobernutik kanpo behar izan ditugula epaileen sententziak bete daitezen. Demokraziaren eta zuzenbide estatuaren interpretazio berezia jende honena.
Baina ez zekiten euskaltzaletasunak mirariak egiten dituela, eta ezta ere gure hizkuntzak bizirik badirau euskaldunok tematiak, saiatuak eta burugogorrak garelako dela. Gure ezaugarri horiek dohain bihurtzen ditugu norabide zuzenean erabiltzen ditugunean, eta horrela egin dute irratiko kide eta laguntzaileek azken hemezortzi urte hauetan. Hauen sendotasunak eta tinkotasunak, mesede galanta egin diete nafarrei, eta ez bakarrik euskaldunei, askatasun kontuetan nafar guztiek irabazten dutelako hizkuntzen bizikidetza errespetuz bermatzen denean. Guztiek, demokrazia eta askatasuna euren mendean eta euren probetxurako nahi dituztenek izan ezik.

Terneras hembras de origen 100% nacional.

20150705_222038Astebete Pirinioetan ematea nahikoa da jakiteko zein mugatuak garen atzerritar hizkuntzak ondo ezagutzen ez ditugunean.
GR-10a egiten eman dugun denbora honetan bi lagunekin bakarrik egin dugu bat etapa bat baino gehiagotan. Ez dabil jende asko ez. Biak bakarka zihoazen eta biak neskak. Bat USAko Washington DCkoa eta bestea frantsesa; Lillekoa. Bada hor ibili gara bi hiztegiak leher arazten, frantsesezko generoarekin borrokan, eta ingelesezko aditz formen orainaldiko hirugarren pertsonako amaierako ese madarikatuarekin asmatu ezinik. Eta hauek ez dira gorabehera bakarrak izan; ezta hurrik ere.
Ia gure helburu guztiak lortuta itzuli gara, eta ia diot, ez dugulako lortu Santa Grazira iristea, astearteko (ekainaren 30a) bero errea zela eta, zati bat (Baigorritik Esterenzubirakoa) bitan banatu behar izan genuelako. Ingelesa eta frantsesa gure indarguneak ez direla berriro frogatuta, baina sikiera euskara eta gaztelera ondo menderatzen ditudala sinetsita egin nuen itzulerako bidaia, harik eta Donostian, elikagai kate garrantzitsu baten harategira sartu nintzen arte.
Erosi beharrekoak eskatu eta harakinak garbi eta txukun bilduta ekarri nituen txahalki eta oilaskoa etxera. Bilgarriaren plastikoa eta papera bereizten hasi nintzen (ez dakit zergatik arraio ez duten lehengo paper marroi eta sendoa erabiltzen gaiak biltzeko) eta non irakurtzen dudan iragarki edo mezu hau: Terneras hembras de origen 100% nacional.
Ondoen menderazten ditudan hizkuntzetako batean ere baditut nire gabeziak antza. Baina ondo pentsatuta ez ninduke harritu behar mezuak. Komunikatzaileak garbi utzi nahi izan du, zalantza izpirik gabe, harategian saltzen den txahala emea dela. Orain arte ez dut txahal arrik edo ternera machorik ikusi, baina nork daki.
Tira! txiste errazak asmatzeari uko egingo diot harritzekoa ternera macho irakurtzea litzatekeela pentsatuta; azken batean, ternera hembra edo txahal emea, erredundantzia edo horrelako zerbait deitzen den figura literarioa baino ez da.
A! GRa ondo. Jende gutxi, eguraldi ona, bernak ondo, bizkarra ez hainbeste… eta animatzen bazara eta informazioa nahi baduzu, ffrandoneeko topogidek oso baliotsua emango dizute.
Oraintxe duzu aukera.

Animo guztiak nire lankide ohiei.

Gabaz eta inork ikusi gabe ematen dute iritzia inork ez dezan jakin eurak izan direla. Agian oraindik ez dute jakin libre dela Goienari buruz edo beste hainbat gairi buruzko iritzia libreki ematea. Internetez nahi izanez gero, Goienako zuzendariari gutun bat idatziaz…
Urte batzuk eman ditut Goienako zuzendaritzan eta betik entzun izan diet EAJkoei Ezker Abertzalearen alde egiten dugula, eta hauei EAJren alde ari garela lanean. Ofizio guztiak dituzte euren arriskuak eta kazetaritzarena hau da. Futboleko entrenatzailea baino zorrotzago begiratu ohi gaituzte eta entrenatzaileen kasuan bezala, ezagutza ezak ematen duen ausardiatik sortutako kritikak entzun behar izaten ditugu behin eta berriro. Okerrak ere egiten ditugu noski; nahi baino gehiagotan. Normaltzat   jotzen dut lan publiko eta sentibera bat egiten dugun heinean, eta jakin izan dugu kritikak jasotzen, eztabaidatzen,  zuzentzen… Hala uste dut.
Baina gabaz spraya eskuan paretak margotzen ari denak ez du oraindik jakin kritika horiek publikoan egin ditzakeela edo okerragoa dena ez dauka gaitasunik kritika horiek idatziz eta egun argiz egiteko. Arazo larriak ditu.
Nire gogoetak eta kritikak ez du geratu nahi Goienarekin gertatu den honetan. Uste dut Martxelo Otamendiri entzun niola, erdal hedabideek ez zutela enpatiarik eduki Egunkariaren itxierarekin, baina izan zitekeela guk ere ez genuelako izan erdal hedabideekin beren kazetari eta langileak erailtzen zituztenean. Eta badirudi bide beretik jarraitzen dugula. Asaldatu egiten gaitu gabaz bateon batek idaztea Goienako zuzendaritza PNVkoa dela (ez da pekatu edo gauza larria PNVkoa izatea, baina onartu behar dugu ez dela dela egokia ere hedabide sozial bateko zuzendaritza alderdi batekin lerrokatuta egotea. Esan behar dut ere  Goienan egin ditudan 10 urte pasatxoetan ez dudala sekula jakin nire lankideek zer boto ematen zuten), baina onetsi egiten dugu era anonimoan gure herri batzuetan DVkoren aurka egiten diren pintaketa eta kartelak.
Goienaren aurka gabaz eta anonimotasunez idaztea edota beste hedabide baten aurka baldintza berberetan egitea larritasun bereko ekintzak dira: prentsa eta adierazpen askatasunaren aurkako erasoak.
Guztia kritikatu daiteke eta kritikatu behar da, baina inteligentziaren argipean eta ez saguzaharraren ilunpetik.

Urte asko dira, hamarkadak, ez dudala egunkari horren alerik erosten. Ezta etxetik kanpo aukera bakarra dudanean ere. Eduki baditugu  DVren ildoa eta jokamoldeak kritikatzeko arrazoiak. Egin dezagun argitasunekin eta ez anonimotasunetik.

Animo guztiak nire lankide ohiei eta hobetuaz hobetuaz geroz eta hobeak izan daitezela euren lanean.

Hauteskundeak. Zergatik gora; zergatik behera.

Hauteskundeak pasatuta, ondorioak atera, eta beharrezkoa bada aurreko jarrera eta okerrak aldatu, eta presaka, hurrengo legealdia prestatzen hasteko sasoia iritsia da konturatu gabe. Makinak ez dira geratzen. Nafarroan, Gipuzkoan, Gasteizen, lurruna dariela ari dira galdarak.
Elkarrizketen denbora da. Kuriosoa da, lurralde, eskualde edo nazio bat zuzendu behar dutenen elkarrizketa tartea, hain denbora laburrera mugatzea. Hamabost egun nahikoa dira antza hurrengo lau urteak bideratzeko. Gauzak aldatzeko gosea izango da, baina betekadek digeritze txarra ekarri ohi dituzte.
Gobernu batzuk erabat aldatuko direla dirudi. Bereziki Nafarroan. Baina ekialdetik datozkigun sentsazioak ez dute zerikusirik duela lau urte Gipuzkoan jaso genituenekin. Beste hizkera bat da. Lasaiago joan nahi omen dute. Tentu handiz, eta guztiak, edo gehienak, bilduko dituen gobernu zabalena lortu nahian ari dira. Antza autokritikak izan dira emaitzen ondorenean.
Botoa oso sakabanatuta dago orokorrean. Estatuan gauza berria da. Gurean beti izan da horrela baina ez gara ohitu , edo hobe esanda, politiko batzuek ez dute jakin sakabanaketa honen esanahia irakurtzen.
Egoera berria aztertzeko politologoak ditugu orain. Ofizio berria eta seguru asko herritar arruntak baino prestakuntza hobearekin arloan. Inori ezer kendu gabe nire ariketa egin nahi dut. Politikoa banintz zer izango nuke kontuan gobernu berria osatzerakoan, edo berdin da, nire alderdiaren porrota aztertzerakoan.
Lehenengo, dugun indarra bere horretan aztertu eta baloratuko nuke. Eman dezagun alderdi batek %38ko botoekin irabazi duela eta abstentzioa %35ekoa izan dela hauteskundeetan. Ohiko egoera bat, sarri gertatzen dena. Alderdi irabazleak kontuan izan beharko luke botoa emateko eskubide duten lau herritarretik batek eman diola bere konfiantza, eta ondorioz, %75ek ez duela espresuki bat egin bere proposamenekin. Egoera hionetan aurkituko banintz, aurrez esandako guztiak berrikusi beharko nituzke eta egoera honetara egokitu ezin baitut %75aren aurka gobernatu.
Bigarren, eta aurrekoaren ondorioz, gehiengoarentzat gobernatu behar badugu, oso arriskutsua da gutxiengoa ordezkatzen duen gobernu batekin egitea. Aliatuak aurkitu beharko ditut. Beste batzuenen botoekin batu beharko ditut nireak, eta nire programa gehiengoaren beharretara egokitzen saiatu beharko naiz. Badirudi hortik doala Nafarroako ahalegina eta antzeko zerbait izango dugula Gipuzkoan beste protagonista batzuekin.
Hirugarrena, herritarren mezuak entzun eta interpretatzen jakin beharko nuke. Lau urteko agintaldian herritarren iritziak entzun egin behar dira. Aukerak eta bideak badaude, eta ez da egokia komeni zaigunean bide horiek erabiltzea, eta koherentzia eta hauteskundeetako programa aldarrikatuz gure lan-lerro nagusia kosta ahala kosta martxan jarri nahi dugunean, herritarren eskaerei kasu egin gabe aurrera egitea. Parte-hartzerako egoerak eta tresnak landuko nituzke gobernukideekin (baldin badaude) eta oposizioarekin. Herritarren interesak eta eskubideak helburu. A! eta ahal dudan neurrian zerrenda irekien alde egingo nuke.
Laugarren. Koherentzia aipatu dudanez, hitz majikoa, edozein astakeria justifikatzeko balio duen hitza, Ruiz Gallardón eta Werten kasuak aztertuko nituzke. Nor Ruiz Gallardón baino koherenteagoa, emakume gehienen iritziaren aurka, kosta ahala kosta, abortuaren lege katoliko-atzerakoi bat ezartzen saiatu, eta ezinean dimititu duena? Zer esan hezkuntza komunitateen eta autonomien aurka bere erreforma ezarri duen Wert ministroaren kasu? Biek ala biek argudiatu dute euren programetan agintzen zutena koherentziaz bete baino ez dutela egin. Programarekin koherente izatea bertute bat al da besterik gabe? Norekin izan behar du koherente politikoak, bere programarekin, herritarren eskaerekin ala demokraziaren printzipioekin? Badirudi Nafarroan ulertu dutela herritarren mezua eta programetako hainbat puntu negoziatzeko prest daudela eta egiten ari direla maximalismoak baztertuta.
Bukatzeko umiltasunez jokatzen saiatuko nintzateke. Langile eta irekiak gustatzen zaizkigu euskaldunoi gure agintariak; zintzoak eta ustelkeriaren tentaziotik urruti nahi ditugu. Beste ezaugarri batzuk baloratzen ditugu baina bereziki aurrekoak dira gehien maite ditugunak.
Esandakoak ezinbesteko ezaugarriak dira.Politika maiuskulaz egin nahi bada eta agintaritza onaren eredu izan nahi badugu. Berdin balio dute Gobernua osatzeko, edota galdu izanaren zergatiak aztertzeko.
Azkeneko legealdiak erakutsi digu bidezidorretik joateak oso emaitza kaskarrak ematen dituela. Aurrera egin behar dugula, bai, baina herritarren eskutik. Agian hemen idatzitako batzuk pistak eman diezazkigukete egoera hobeto ulertzeko.
Nire buruan bueltaka dabiltzanak dira idatzitako guztiak. Agian niretako baino ez dute balio. Ez da gutxi!

Lau urtetik lau urtera botoa ematera.

Iritsi da lau urtetik lau urtera legeek eta politikoek papertxoa hautetsontzian sartu eta demokraziaren sublimazio ekintza gorenean parte hartzeko deitzen gaituzten unea.

Bide zaharretik, alderdi guztiak ari dira euren eskaintza-kutxatxoak azaltzen legealdiak amaitzerakoan egin ohi duten legez. Batzuek kolore gorriz apainduta, besteak berdez, urdinez edo beltzez, guztiak ari dira toki bila eskaintzaren erakustokian. Pete Seegerren kanta datorkit gogora:

Little boxes on the hillside,
Little boxes made of ticky tacky,
Little boxes on the hillside,
Little boxes all the same.
There’s a green one and a pink one
And a blue one and a yellow one,
And they’re all made out of ticky tacky
And they all look just the same.
Lau urtetik lau urterako demokrazia honetan bakoitzak bere arerio politikoarekiko dituen desberdintasunak azpimarratzen ditu alderdi bakoitzak eta bere aldeko botoa eskatzen. Zenbat eta promesa gehiago egin hobe, gehienak ezin izango dituztela bete jakin arren.
Demokraziaren sublimazioa pasa eta hurrengo lau urtetan, onartuko dizute eredu demokratiko hau inperfektua dela baina aldatzeko astirik ez dute izango, izan ere Gobernantza demokratikoaren bide berritik abiatzeko aliantza zabalak behar dira, eta gurean aliantza hitzaren esanahia ahaztuxea daukagu aspaldian. Agian erosoago bizi dira demokrazia inperfektuan.
Herritarren parte hartze demokratikoa bermatzea ez da komeni zaigunean erreferendumak exijitzea eta komeni ez zaigunean beste aldera begiratzea. Ezta ere bermerik gabeko prozesu parte hartzaileak bultzatzea.
Hiru prozesu parte-hartzailetan izan naiz bi legealdi desberdinetan. Besteon bat ere ahazten zaidala uste dut. Bi Arrasaten EAJk bultzatuta, eta Oñatiko mugikortasuneko planean Kale Zaharreko hainbat bizilagunen kezkak eta mugikortasunari buruzko proposamenak eramaten amaitzear dagoen legealdian. Inplikazioa ez da berdina izan hiruretan baina ondorioak bai; inpresio ezin ezkorragoa. Hiruretan denbora alperrik galdu dudala uste dut. Arrasateko biak pikutara bidali zituzten udal alderdien hika-mikek eta Oñatiko mahaira Kale Zaharreko bizilagunek eramandako eskaera eta proposamenetatik bakarrak ere ez du erantzunik izan.
Gipuzkoako herritarren parte hartzerako araudia 2010ean onartu zen. Ondoren ez du garapenik ezagutu. Alderdiek bandera edo ikur bihurtu dute herritarren parte-hartzea eta hika-mika berri bat sortu dute zein zein baino demokratagoa den herritarrei azaldu nahian, kontuan izan gabe demokratikoena borrokak sustatzea baino, besteekin aliantzak bilatuaz Gobernantza demokratikoaren bidean modeloa sendotzeko lan egitea dela, parte-hartzea herritarren eskubide bihurtuaz, eta kontsultak, erreferendumak, parte-hartze prozesu kualitatiboak edo kuantitatiboak, noiz eta zela egingo diren erabakiaz eta zehaztuaz.
Hori agintzen didan alderdiari botoa emateko prest nago. Egia da ez naizela kanpaina jarraitzen ari eta politika geroz eta urrutiagotik bizi dudala, baina ez diot oraindik inori entzun.

Monederok bai ez dituela bere zerga betekizunak bete!

Monederok bai ez dituela bere zerga betekizunak bete. Dagoeneko izena ere aldatu diote sarean: Billetero izenez bataiatu dute.
Sinpatiaz ikusi nuen Podemosen sorrera, orain arteko “gaur zuk-bihar nik” erako gobernuez amaitzeko aukera eskaintzen zuelako. Higuindu ninduten sistemarekin bat egiten zuten hedabideen eraso merkeak. Orain badute non jo. Pagotxa aurkitu dute Monderoren iruzurrarekin.
Gaur, eta estatuaren gobernagarritasunean aldaketa sakonak eragiteko aukerek zutik jarraitzen duten arren, kezkaz begiratzen diot euren norabideari jauntxokeria kutsuak ikusten ditudalako erakundean, eta ez ditudalako ikusten gai sentiberetan ideia garbiekin; ezta guri dagokigunean ere.  Oraindik ez diet entzun estatuan aitortu gabeko hiru nazio daudela beren proiektu nazionalak garatu ezinik Konstituzio eta legedia zentralista batek erabaki mamitsuenak hartzeko bideak eragozten dizkietelako, ezta egoera horrekin amaitzeko prest daudenik .
Kezkak handiagotu egiten zaizkit jakitean Monedero jaunak ingeniaritza finantzario oso eztabaidagarria erabili duela Espainiako ogasunari gutxiago ordaintzeko eta aitorpen osagarri batekin konpondu duela arazoa, dimisio aztarnarik eman gabe edota Podemoseko botere-gunetik urrundu gabe.
Gogora datorkit duela ez hainbeste Gipuzkoako Foru Aldundirako EAJren hautagai batek aitorpen osagarria aurkezteaz gain dimisioa eman zuela bere ondasun guztiak ez zizkiolako aitortu Ogasunari, eta parlamentari batek uko egin ziola parlamentari ez zenean egokitu zitzaioan babes ofizialeko etxebizitzari, egoera berriarekin eskubide hori gauzatzeko soldata-baldintzak gainditu egiten zituelako.
Antza gauza hauek ez dira horrela Ebrotik behera.  Espainia markak beste esanahi bat du. Iruzurra eta lapurretak ezkerreko alderdiak bustitzeraino instituzionalizatu dira. Pentsatu beharko dugu Podemoseko oinarri soziala ez dela ezer egin gabe geratuko.

España is different !

Zerga betekizunak ez ditudala betetzen dio Ogasunak.

Etxe guztietan dago gutunontzi bat, eta nirean ere bai, nahiz eta digitalizatzearen ondorioz, mail, guatxap, sms, skype eta era guztietako komunikazio modernoagoak eta azkarragoak ari diren nagusitzen. Nirea gutxitan zabaltzen dut, egun santu osoa tontoa letxe konektatuta egon nagoelako eta ez dudalako inoren gutunik espero izaten. Atzo, otsailaren 3an, bebarruan sartu eta buzoiaren aurretik pasatzerakoan garbiketa bat egitea pentsatu nuen. Leihoak iragartzen dituen inprimakia, Gabon osteko eskaintza bereziren bat, hiperreko prezio berriak, eta hara!. Bi gutun. Bat nire izeba batena urtarrilaren 18an datatua, eta Bidegikoa bestea. Lehenengo pertsonei egin behar jaramon eta izebarena irakurri dut; laburra eta eskerronez eta maitasunez betea. Ondoren Bidegikoa. Abiatu gailua eskatu izanaren erantzuna izango dela pentsatzen dut. BIDEGI SAko Koordinatzaile Nagusiaren izenpea darama eta adeitasunez agur bero bat bidaltzen dit amaieran. Irakurtzen hasten naiz eta to!. Letra larri beltzez non esaten didan ZERGEN BETEKIZUNAK EZ DITUZULA BETETZEN.
Adios! Ez da posible. Iruzurgile deitzen naute administraziotik, hori bai, adeitasunez eta errespetu osoz.
Baina nik badakit ez dela horrela. Badakit urtero bere betekizun fiskalak zintzo demonio betetzen dituenetarikoa naizela, urtero milaka euro administrazioaren esku utziaz elkartasuna, azpiegiturak eta sistema bera beste askorekin batera ordaintzeko. Baina zer, eta ZERGEN BETEKIZUNAK EZ DITUDALA BETETZEN aurpegiratzen didaten.
A! -gure sistemetan jasotakoaren arabera- gehitzen du. Hor dago gakoa. Eta magia bidez, administrazioaren errorea administratuaren arazo bihurtu da. Alperrik esango diozu Ogasunari horrelako zerbait idatzi aurretik ona dela kontraste bat egitea; herritarrak ez garela errudun, garela frogatzen ez den bitartean. Alperrik. Niri dagokit frogaren karga.
Elurra ari duen arren Bidegiri esker errepideak garbi daudela aprobetxatuz, Ogasuneko gertueneko bulegora abiatzen naiz eskatzen didaten ziurtagiriaren bila; Bergarakora. Bi langile eta administratu bat baino ez ditut ikusten iristen naizenean. Berehala hartuko nautela pentsatzen dut, eta horrela da.
Neskari azaltzen diot zer gertatzen zaidan. Sisteman sartzen da eta harriduraz begiratzen nau.
-Hemen ez da halakorik agertzen!
-Badakit, ezin delako agertu ez bada Ogasunaren hanka sartze bategatik.
Ziurtagiria inprimatu, eskura ematen dit, eta banoa autorantz Oñatira itzultzeko asmoarekin. Arratsaldean ziurtagiria gutun-azal batean sartu, bidali, eta BIDEGI SAko Koordinatzaile Nagusiaren erantzunaren zain geratu beharko dut. Jakina, ez dut espero adeitasunez eta errespetuz barkamen eskaerarik luzatzerik, administrazioak ez baititu errorerik egiten sistemak baizik.
Ez al luke zerbait egin behar Ogasunak urtean milaka euro (PFE, BEZ…) ordaintzen dituen administratua kontu gehiagorekin hartzeko?
Ea sisteman galdera honen erantzuna aurkitzen duten!

Xaloa telebistaren aurkezpena Iruñean.

Iritsi da Iruñerrian euskaraz emitituko duen lehen telebista nafarra aurkezteko eguna. Gaur izango da aurkezpen ekitaldia. Hedabideen mundu hau jarraitzen duzuenok izango duzue Baztan Ibarreko telebista xalo honen berri. Legeztatu beharraren beharrez, beretzat hartua zuen esparru naturala gainditu eta Nafarroako hiriburura jauzia ematea erabaki du. Horretarako ehunka euskaltzaleen laguntza jaso du crowdfunding baten bidez karena.eu-k plataformak eskaintzen zion aukera baliatuz.
Ez da euskarazko tokiko hedabideetan azken aldian eraldaketa sakon bat ezagutu duen bakarra. Xaloa Telebistak hedapen esparrua handitu duen bezala, beste batzuek produktuan egin dute eraldaketa, Goienak Puntuarekin adibidez, Interneteko eskaintza berria plazaratu dute Bilboko Uriola.eus-eko kasuan, edota bateratze prozesuen bidez eskaintza hobe bat egiteko pausua eman dute Uribe-Kostan Hiruka proiektu jaio berriak bezala. Ahaztu gabe, Berriak, Goienak eta Gu Geuk elkarrekin Araban proiektu berri bat sortuaz eman duten urratsa.
Hauek guztiak erakusten digute duela hogeita bost urte euskarazko tokiko hedabideak sortzeko ausardia izan zuten aitzindariek jarraipena dutela belaunaldi berrietan, eta egoera eta baldintza berrietara egokitzeko jarrera presente dagoela oraindik gure artean.
Hori guztia ezinbestekoa da geroz eta produktu hobeak kioskoratzeko, saretzeko edo uhinetan jartzeko, baina edozein aldaketak arriskuak dituen legez hauek ere izango dituzte bereak. Berritzea zaila bada, are zailagoa da berrikuntzari eustea.
Lastima da eskaintza zabaldu eta hobetzen den heinean eskariaren aldetik ez  jasotzea mereziko luketen ordaina. Euskaldunak ohituta gaude gaztelerazko egunkari eta aldizkarietan dezenteko diru kopuruak xahutzen urtero, edota ordaineko telebisten seinalea hartzeko hilero diru kopuru bat ordaintzen, baina euskarazko hedabideetan gastatzea aldiz, izugarri kostatzen zaigu.Dohainik ulertzen ditugu; nekez ordainduta.
Irudikatzen al duzue zer litzatekeen gure hedabideen mundua euskaldun bakoitzak urtero hogeita hamar edo berrogei euroko gastua egingo balu euskarazko hedabideak ordaintzen? Urruti gaude helburu horretatik baina uste dut hori lortzeko zerbait egin beharko litzatekeela. Bakarka zaila. Norberak bere bidetik eginda zaila da, baina instituzioek, alderdiek, eragileek, hedabide elkarteek bultzatutako kanpainen bidez zerbait lor daitekeela uste dut benetan.

Baina agian, ezin da gaztelerazko (deitu elebidun nahi izanez gero) produktuak kontsumitu daitezen dauden interes ekonomiko eta ideologikoak handiegiak direlako.