Animo guztiak nire lankide ohiei.

Gabaz eta inork ikusi gabe ematen dute iritzia inork ez dezan jakin eurak izan direla. Agian oraindik ez dute jakin libre dela Goienari buruz edo beste hainbat gairi buruzko iritzia libreki ematea. Internetez nahi izanez gero, Goienako zuzendariari gutun bat idatziaz…
Urte batzuk eman ditut Goienako zuzendaritzan eta betik entzun izan diet EAJkoei Ezker Abertzalearen alde egiten dugula, eta hauei EAJren alde ari garela lanean. Ofizio guztiak dituzte euren arriskuak eta kazetaritzarena hau da. Futboleko entrenatzailea baino zorrotzago begiratu ohi gaituzte eta entrenatzaileen kasuan bezala, ezagutza ezak ematen duen ausardiatik sortutako kritikak entzun behar izaten ditugu behin eta berriro. Okerrak ere egiten ditugu noski; nahi baino gehiagotan. Normaltzat   jotzen dut lan publiko eta sentibera bat egiten dugun heinean, eta jakin izan dugu kritikak jasotzen, eztabaidatzen,  zuzentzen… Hala uste dut.
Baina gabaz spraya eskuan paretak margotzen ari denak ez du oraindik jakin kritika horiek publikoan egin ditzakeela edo okerragoa dena ez dauka gaitasunik kritika horiek idatziz eta egun argiz egiteko. Arazo larriak ditu.
Nire gogoetak eta kritikak ez du geratu nahi Goienarekin gertatu den honetan. Uste dut Martxelo Otamendiri entzun niola, erdal hedabideek ez zutela enpatiarik eduki Egunkariaren itxierarekin, baina izan zitekeela guk ere ez genuelako izan erdal hedabideekin beren kazetari eta langileak erailtzen zituztenean. Eta badirudi bide beretik jarraitzen dugula. Asaldatu egiten gaitu gabaz bateon batek idaztea Goienako zuzendaritza PNVkoa dela (ez da pekatu edo gauza larria PNVkoa izatea, baina onartu behar dugu ez dela dela egokia ere hedabide sozial bateko zuzendaritza alderdi batekin lerrokatuta egotea. Esan behar dut ere  Goienan egin ditudan 10 urte pasatxoetan ez dudala sekula jakin nire lankideek zer boto ematen zuten), baina onetsi egiten dugu era anonimoan gure herri batzuetan DVkoren aurka egiten diren pintaketa eta kartelak.
Goienaren aurka gabaz eta anonimotasunez idaztea edota beste hedabide baten aurka baldintza berberetan egitea larritasun bereko ekintzak dira: prentsa eta adierazpen askatasunaren aurkako erasoak.
Guztia kritikatu daiteke eta kritikatu behar da, baina inteligentziaren argipean eta ez saguzaharraren ilunpetik.

Urte asko dira, hamarkadak, ez dudala egunkari horren alerik erosten. Ezta etxetik kanpo aukera bakarra dudanean ere. Eduki baditugu  DVren ildoa eta jokamoldeak kritikatzeko arrazoiak. Egin dezagun argitasunekin eta ez anonimotasunetik.

Animo guztiak nire lankide ohiei eta hobetuaz hobetuaz geroz eta hobeak izan daitezela euren lanean.

One comment on “Animo guztiak nire lankide ohiei.

  1. Iban Arantzabal(e)k dio:

    Eskerrik asko, Iñazio.

    Goiena osatzen duen GU handi horretan sartzea gura nuke pintada horiek egin dituzten lagunak ere. Ia aukerarik dugun. Lanean jarraituko dugu, berretsiz,gure beharrean gabiltzanean ez garela ez alderdi honetakoak, ez bestekoak, ez haruntzagokoak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude