Oporrik ez ditut aurrerantzean izango, baina oporrik ez izateak ez dit bidaiatzeko ilusioa ezabatzen. Gainera oporrik ez, baina denbora daukat; hori irabazi dut.
Aurten, ahal genuenez, Argentinara bidaiatzea pentsatu dugu Isak eta biok. Patagoniara hobe esanda.
Argentina eskualde handia da, eta aparta. Era guztietako klimak eta lurraldeak ezagutzen ditu. Tropikoko bero eta hezetasunetik hasita Antartidako hotzak arte, era guztietako eguraldiak aurki ditzakezu; eta landara eta fauna bereziak noski. Guztia da ederra eta handia. Iguazuko ur-jauziak, Perito Moreno edo Upsala glaziar puskak, Aconcagua edo Cerro Torre bezalako tontorrak, Buenos Aireseko Uztailaren 9ko etorbidea, edo Caminito, Palermo, San Telmo… zer ez! Hilabeterako baino, askoz gehiagorako ematen dute La Quiaca eta Ushuaia bitarteko 5.121 kilometroek.
Kilometro gehiegi ordea, eta zerbait aukeratu behar derrigorrean. Patagonia ezagutzea pentsatu dugu: Tehueltxe eta maputxeen lurra. Euskaldun, gales eta era guztietako emigratzaileek kolonizatua eta Roca General eta Presidentearen armadak oinperatua.
Izotza eta harea, mendi eta haranak, sastraka eta basoak, haizea, guanacoen eta txoikeen, eta puma eta huemul ikus ezinen lurra, eta baleen eta pinguinoen itsasoa. Petrolioa, mineralkiak, zer ez; baina dituen aberastasun guztiak izanda ere, antzua, latza eta basatia.
Mila borroken kokaleku, indioek indioen aurka, indioek zurien eta zuriek indioen aurka, eta zuriek zurien aurkako gatazken lekuko.
Horixe aukeratu dugu: Patagonia.
Goizeko bost eta erdietan iritsi da gure hegaldia Ezeizako aireportura. Zain daukagu remizalea (ez dakit nola idatzi remisaren gidaria). Remisa, prezio finko baten truke hartu dezakezun taxi modukoa da. Taxiaren prezioa aldakorra den moduan, honena ez. Ez dakizu zeinekin irabazten duzun, baina atzerritarra izanik seguruagoa iruditzen zaigu remisa. Gainera agentziatik hartuta eta ordainduta daukagunez ez daukagu aukeratzen ibiltzeko lanik. Txoferra zain daukagu goizeko ordu txikitan. Alsaziarra omen da; Weiss du abizena eta urte batzuk daramatza Buenos Aireseko Caballito auzoan bizitzen. Atsegina da, horretan argentinarren kutsua hartu du, eta aholkuak ematen dizkigun bitartean agentzian zenbat ordaindu dugun galdetzen digu. Berak 380 peso kobratzen ditu. Ez naiz ausartu esaten agentzian 700 ordaindu ditugula, eta hotela eta remisea pakete berean ordaindu dugula esanaz atera gara lotsa-lekutik.
Berotuta, hurrengo bidaia ere hitzartu dugu berarekin. Segurua da, europarra eta jatorra: ez dago zalantzarik. Lan desberdin asko egin behar izaten ditu bizitzan aurrera egiteko, eta remisa tarte libreak dituenean hartzen du. Baina ateratzen du guretako denborarik
Goizeko seietarako uztailaren bederatziko etorbideko hotelean geunden, baina gelarik gabe. Oraindik gosariak ematen hasteke, egunkari guztiak eta wifia gure eskura. Zazpietan Buenos Aires goiztiarra ezagutzea erabaki genuen.
Jakarandak loratuta, beren onenean, lila kolorez estalita eta lilaz tindatuta ere zuhaitz azpiko bide eta lorategiak. Loreen usain eta koloreak zentzumenak esna arazi zizkiguten oraindik lotan behar zutenea
Bederatzietan zabaltzen zituzten posta bulegoak eta gutun bat bidali beharra nuenez gora eta behera ibili ginen. San Martin Plazako gomero erraldoiari egin genion ohiko bisita.
Tamaina ikusi nahi izanez gero begira argazkiaren ezker aldean dagoen gizonezkoari. Hala ere ez omen da zaharrena. Recoletakoek honek baino urte gehiago dituzte.
Handik bueltan, zalantza batekin jarraitzen dut: onbuak ala gomeroak dira?
Gomero dio zuhaitzen aurrean jarrita dauden karteletan. Horrela izango da.