Argentinara bidaia: inpresioak(VI). Esquel.

Patagonia bidelapurren ezkutaleku.
40 errepidea Epuyen pasa ondoren utzi, eta 71. hartuta, Cholilara iristen da. Denbora urriak ez zigun eman El Bolsonen edo Cholilan egun batzuk emateko aukerarik. Lehenengoa ezaguna da duela urte batzuk munduko alternatibo eta hippien (zentzu onenean) bizileku bihurtu zelako, eta bigarrena arrazoi erromantikoak bai, baina ez hain bakezaleengatik, Butch Cassidy eta Sundance Kid iparamerikar lapur famatuak bertan egin zutelako euren bizitzan etenaldi bat jarduera bortitzetatik ihes egin nahian, ezkutatu, eta abeltzain umil eta langile bihurtzeko asmoarekin.
Bi hauek ezagun egin zituzten Paul Newman eta Robert Redfordek, gazteleraz Dos hombres y un destino izenburua zeraman filmean.
Baina iragana setatia da, eta beti dago gure alboan norbait izan garena gogora arazteko, edota  ahaztutako gure pasadizo eta bizimoduaren berri errukirik gabe emateko besteei. Eta horrela gertatu zitzaien. Beste bidelapur batzuk ere agertu ziren Patagonian eta haien arrastoa jarraituaz edo, gure bienak aurkitu zituzten detektibeek, eta 1901etik 1905 arte bizileku izan zuten Cholikako etxola utzi egin behar izan zuten
Antza, 1908an, Aramayo Francke &Cía meatze konpainiaren nominak ordaintzeko dirua zeraman ordaintzaileari 15.000 $ (peso?) lapurtu zizkioten bide bazterrean, ustez 80.000 zeramanean. Hortik etorri zitzaien galbidea Bolivian. Duela ez hainbeste, 1991an euren hilobia zabaldu zuten bertan lurperatuta zeutzatela frogatzeko baina meatzari alemaniar baten hondakinak baino ez zituzten aurkitu.

Esquelera
Esquelerako autobuseko bigarren pisuko lehen ilaran hartu ditugu txartelak bi hirien artean dauden 292 kilometroak egiteko. Ondoko besaulkietan bi ume jolas egiteko gogoarekin. El Bolsonera doaz lehengusu baten urtebetetzea ospatzeko asmoz. Villa Angosturakoak dira. Bezperan Barilochera jaitsi dira osaba baten etxean lo egiteko, eta gaur beste lau ordu dituzte aurretik gure bidaia animatzeko. Baita aspertzeko, horretarako ere bageneukan astia eta.

Mila miletako autoak Esqueletik barilochera

Mila miletako autoak Esqueletik barilochera

Bost ordu eta laurden luze behar omen dira 292 kilometroak egiteko. Barilochetik irtetean ikusi dugu guztia ez dela polita, villak ere badaudela edertasuna saltzen duen hiri honen kanpo aldean.
Hasiera batean errepidea estua eta bihurgune askokoa da; isats loredunek kolore bizi horiz margotzen dituzte errepide bazterrak. Kontrako norabidean datoz mila milak egiten ari diren auto zaharrak eta hori ere entretenigarria gertatzen zaigu. El Bolsón pasatu dugu, Epuyen ere bai, eta hemendik aurrera paisaia eta errepidea aldatu egiten dira, lauagoa eta bide zuzenagoa.
Lau ordu daramatzagu 80 kilometroren faltan baina orain abiadura irabazten du autobusak eta zortziak eta berrogeian, Esquelen gaude hamar minutuko atzerapenarekin.
Informazioko bulegoa zabalik da oraindik autobus geltokian. Alertzeen Parkerako autobusen ordutegia galdetzen dugu. Zortzietan ateratzen da mikro txiki bat nahiko bidaiari baldin baditu. Bihar igandea denez seguru baietz diote.
Etor zaitezte 8ak laurden gutxitan eta ondoko postu horretan txoferrak berak salduko dizkizute txartelak.
Esquel Argentinako barne aldeko hiri klasikoa da: 100×100 metroko etxadiek sare laukidun bat osatzen dute. Kaleetan ez da beste hirietako turismo atzerritarra nabaritzen eta nahi izanez gero prezio onean jan daiteke erretura bikain bat. Ederra prestatu ziguten afaltzeko Mariaren parrilan.

Hurrengo goizean, 7:45ean autobus geltokian gaude eta bezperan informazio bulegoko mutilak esan bezala, autobus txiki bat iristen da. Txoferra behar duen kapeladun gizona hurbiltzen zaigu eta txartelak saltzen dizkigu. Bost metrora, Emakume batek txartelak eskatzen dizkigu mikroaren atean; lanaren espezializazioa edo banaketa deitzen zaio honi. Txoferrak, nora joan, ze ibilbide egin eta era guztietako azalpenak ematen dizkigu agentzia bateko gidaria bailitzan. Gomendatu digun tokian geratzen da jaitsi gaitezen berak bidaia jarraitu behar du eta. Arratsaldean, 7ak inguruan non izango garen hitzartu ondoren jarraitzen du.

Alertza zahar eta erraldoia

Alertza zahar eta erraldoia. Internetetik jaitsitako argazkia

Gurekin batera neska aleman bat jeitsi da. Diana du izena eta Argentina iparretik hegora ari omen da ezagutzen. Bi hilabete eta erdi daroa Saltatik  autobusez atera zenetik. Biharamunean hamaika ordu t’ erdi egin behar ditugula esaten diogunean ez zaio asko iruditzen berak hogeita batekoa baitauka El Txalteneraino. Hogeitabost ordu asko iruditzen zaizkio. Hortik beherakoak eramangarriak. Berak bere bidetik eta guk guretik egin dugu  euripean eta Laku Berdeko behatokira goaz. Paraje ikusgarriak, Txileko mugatik gertu dauden laku erraldoiak, baina mendira ateratzen garen guztietan bezala blai-blai gaude konturatu orduko. Hala ere parkeko floraz gozatzen dugu bertako zuhaitz erraldoiak ikusiaz.

Parque Nacional de los Alerces-en  gaude. Alertze Zaharrenak (fitzroya cupressoides…) 2.900 urte omen ditu baina ikusteko lauzpabost orduko joan-etorria egin behar omen da itsasontziz eta nahiko nabigatu dugula pentsatzen dugu. Arratsaldean hitzartutako orduan dator mikroa gure bila. Neska alemana, Kordobako ingeniariak eta gu biok gaitu zain.

Biharamun goizean Trelewerako busa hartu behar dugu, eta nahita arren ezin izango gara La trochita tren famatuan ibili, ezta ikusi ere. Hurrengorako utzi beharko dugu.

This entry was posted in bidaiak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude