Kronletxen bila.

Ara ibarrean  hiru kronletx aurkitu omen zituen Sara Adrianek 1989ko uztailean. Aranzadi elkarteak ziurtatu eta katalogatu zituen.

Ara ibarraz maiteminduta  nago Bujarueloko ostatu zaharreko subajua ezagutu nuenetik 1989a baino dezente lehenago. Azken urteotan ez dur kalerik egiten Buxarguelorekin dudan hitzorduan. Aurten hiru kronletxak ezagutzea bururatu zait eta horretan eman dugu larunbata, maiatzaren 16a.

Ara ibarraren hasiera

Ara ibarraren hasiera

Goizeko 10etan San Nikolaseko zubia zeharkatu, bunkerra pasatu,  zalaparta batean autora itzuli berriro ahaztutako kameraren bila eta azkenean martxan. Ordubete pasata Ordisoko etxabolan gaude. Eguraldi ona: hotz, baina zerua nahiko garbi eta euri arrastorik ez. Ordura arteko berdeen kolore eta tonoak deskriba ezinak.  Ihintzaz blai  dauden zelaiek eta pago garaietako osto-punta berde freskoek argazki lasaigarri bat osatzen dute.

Gora joan ahala, haize hotza nabarmentzen hasten gara, baina ezer gutxi Euskadi maiteko euri eta hezetasunarekin parekatuta.

Vignemale azpiko Zerbillonarreko etxolara iristen gara. Moskowako printzearen eta Lady Listerren edo hobe esanda Lady Lister eta Moskowako printzearen abenturen lekuko izan diren harkaitzen azpian gaude.

Hemen hasten da gure benetako txangoa. 12:30ak dira eta laranja bat jan ondoren aurrera egiten dugu Ara ibarrean barrena. Bataneseko ibarrarekin bat egiten duen ingurura iritsi gara plubiometroa bat atzean utzita. Hemen nonbait izan behar du ba!

Ara Ibaia

Ara Ibaia

Bada ez. Aurrera egin eta egin, Letrero azpiko guneetara iritsi gara eta helburua atzean utzi dugula ziur, zerbait jatea erabaki dugu. Badakizue: kolesterol pixka bat eta laranja edo sagar bat aurrekoaren efektua ezeztatzeko.

Beherantz berriz. Inguru hauetan iparrak jotzen du eta hotz egiten du. Badaezpada goi samarretik goaz, Zerbillonako korredorearen sarreraren azpitik, ea  goitik begiratuta kronletxak ikusteko aukerarik dugun; begi bat zapaldu behar dugun harrian jarrita  eta bestea ibarraren sakonean, aurrera goaz. Halako batean eureka! Hor daude hiru kronletxak.

Behera egiten dugu gertuagotik ikusteko, argazkiak atera eta minutu batzuk begira egin ondoren aurrera egitea erabakitzen dugu oraindik luzea baita egin beharreko bidea.

Kronletxak 2.000 metroko garaieran daude eta altura honetan aurki daitezkeen bakarrak omen dira. Euskal herriko Pirinioetan, Aralarren edo Aikorrin aurki ditzakegunen berdinak, dudarik gabe kultura bereko gizakiek eraikiak.

Ara Ibarreko hiru kronletxak

Ara Ibarreko hiru kronletxak

Seguru asko  hizkuntza bera ere erabiltzen zuten komunikatzeko,  Paco Aristik bere liburuan jaso duen bezala XIV mendeko Huescako udal-ordenantza batek saltzaileei salerosketak euskaraz egitea debekatu baitzien, ordura arte ohiko hizkuntza zenaren seinale. Toponimia begiratzea ere nahikoa da. Hau guztia gai hauetan jakitun ez den baten zalantzekin idatzita noski.

Behera jarraitu eta bostak pasatxo ziren   Bujarueloko aterpetxera iritsi ginenean. Isak ohi duen bezala oinak ibaian freskatu, eztarria busti, eta hurrengo bat arte esanda alde egin genuen Torlara daraman pistatik. Autoz.

Marmota bat eguzkitan.

Marmota bat eguzkitan.

Lau urtetik lau urtera botoa ematera.

Iritsi da lau urtetik lau urtera legeek eta politikoek papertxoa hautetsontzian sartu eta demokraziaren sublimazio ekintza gorenean parte hartzeko deitzen gaituzten unea.

Bide zaharretik, alderdi guztiak ari dira euren eskaintza-kutxatxoak azaltzen legealdiak amaitzerakoan egin ohi duten legez. Batzuek kolore gorriz apainduta, besteak berdez, urdinez edo beltzez, guztiak ari dira toki bila eskaintzaren erakustokian. Pete Seegerren kanta datorkit gogora:

Little boxes on the hillside,
Little boxes made of ticky tacky,
Little boxes on the hillside,
Little boxes all the same.
There’s a green one and a pink one
And a blue one and a yellow one,
And they’re all made out of ticky tacky
And they all look just the same.
Lau urtetik lau urterako demokrazia honetan bakoitzak bere arerio politikoarekiko dituen desberdintasunak azpimarratzen ditu alderdi bakoitzak eta bere aldeko botoa eskatzen. Zenbat eta promesa gehiago egin hobe, gehienak ezin izango dituztela bete jakin arren.
Demokraziaren sublimazioa pasa eta hurrengo lau urtetan, onartuko dizute eredu demokratiko hau inperfektua dela baina aldatzeko astirik ez dute izango, izan ere Gobernantza demokratikoaren bide berritik abiatzeko aliantza zabalak behar dira, eta gurean aliantza hitzaren esanahia ahaztuxea daukagu aspaldian. Agian erosoago bizi dira demokrazia inperfektuan.
Herritarren parte hartze demokratikoa bermatzea ez da komeni zaigunean erreferendumak exijitzea eta komeni ez zaigunean beste aldera begiratzea. Ezta ere bermerik gabeko prozesu parte hartzaileak bultzatzea.
Hiru prozesu parte-hartzailetan izan naiz bi legealdi desberdinetan. Besteon bat ere ahazten zaidala uste dut. Bi Arrasaten EAJk bultzatuta, eta Oñatiko mugikortasuneko planean Kale Zaharreko hainbat bizilagunen kezkak eta mugikortasunari buruzko proposamenak eramaten amaitzear dagoen legealdian. Inplikazioa ez da berdina izan hiruretan baina ondorioak bai; inpresio ezin ezkorragoa. Hiruretan denbora alperrik galdu dudala uste dut. Arrasateko biak pikutara bidali zituzten udal alderdien hika-mikek eta Oñatiko mahaira Kale Zaharreko bizilagunek eramandako eskaera eta proposamenetatik bakarrak ere ez du erantzunik izan.
Gipuzkoako herritarren parte hartzerako araudia 2010ean onartu zen. Ondoren ez du garapenik ezagutu. Alderdiek bandera edo ikur bihurtu dute herritarren parte-hartzea eta hika-mika berri bat sortu dute zein zein baino demokratagoa den herritarrei azaldu nahian, kontuan izan gabe demokratikoena borrokak sustatzea baino, besteekin aliantzak bilatuaz Gobernantza demokratikoaren bidean modeloa sendotzeko lan egitea dela, parte-hartzea herritarren eskubide bihurtuaz, eta kontsultak, erreferendumak, parte-hartze prozesu kualitatiboak edo kuantitatiboak, noiz eta zela egingo diren erabakiaz eta zehaztuaz.
Hori agintzen didan alderdiari botoa emateko prest nago. Egia da ez naizela kanpaina jarraitzen ari eta politika geroz eta urrutiagotik bizi dudala, baina ez diot oraindik inori entzun.

Mikel Alonsori aipamena El Paisen

Mikel Alonso Euskal Herriko argazkilari ospetsu bat da. 2014an Pakistanera bidaia bat egin zuen Fundazioko hainbat boluntariorekin. Kamera lagun, Pakistaneko eta Hushe ibarreko paisaia, bazter eta pertsonak hartu zituen bere argazkitan.
El Paiseko webakHuhse Ibarra hainbat argazki argitaratu ditu bere galeria digitalean. Merezi dute.
Facebooken ere ikusgai daude. Seguru zuen gustukoak direla.

 

 

 

 

Huhse Ibarreko neska eskolan

Oñati lanaren paradisu.

Oñatiarrok arraroak garela esaten dute bergarar baztzuek zer esan ez dakitenean. Niri irribarrea eragiten dit, baietz esan eta aurrera jarraitzen dut. Baina jakinekoa da gauzak hainbeste aldiz errepikatuta norbera sinestera ere iristen dela. Hor arriskua.
Horrelako zerbait gertatu behar zaigu langabezia kontuekin. Hainbeste aldiz irakurri behar izaten dugu aldizkarietan, Oñati estatuan langabezia txikiena duen herria dela, guztiok sinesten amaitzen dugula, lan duin bat ez duenak edo besterik gabe lanik ez duenak izan ezik. Horiek nekez egingo dute bat hedabide batzuek noiz behinka eskaintzen diguten irudi idilikoarekin
Astean, Cambio16 aldizkariak argitaratutako artikuluari (nahiko itxurosoa), lehenago El Paisek, La Vanguardiak, El Paiseko ekonomia sailak, edota Tiempo de Hoyk argitaratutakoak gehitu behar zaizkie. Zerrenda hau hautaketa bat da, benetakoa askoz luzeagoa delako
Azkenean sinetsi egingo dugu arraro samarrak izateaz gain lan egin nahi duten guztiak lanean ari direla Oñatin, eta lanik egiten ez duenak ez duelako nahi dela. Ni lehenengoa onartzeko prest nago, baina bigarrenarekin bat egitea kosta egiten zait, izan ere guztiok dakigu gazte dezente lanik gabe, edota bere trebezia eta prestakuntzak mereziko luketen lana aurkitu ezinik ari direla, behin-behinekotasunean murgilduta eta mila euroko soldaten marraren inguruan.

 

Udaberri oparoa.

Zaparradak eta euri jasak egokitu zaizkigu asteburuan. Gaur ere egun tristea dugu. Etxean liburu bat irakurtzeko beta ematen duena edota ordenagailura eserita zerbait idaztekoa. Udaberriak orain arte eskaini digun giro lehor, eguzkitsu eta epela eten da eta egun batzuz udaberriaren beste aurpegia gaindituko zaigula dirudi. Hala ere udaberri bikaina izan dugu orain artekoa.
Neguko eginkizun nagusiak atzean utziak ditut: inausketa eta bost sagardo-sagarrondo berri landatzea. Bi moko deitutakoak eta hiru txalaka motakoak. Patroi frankoan txertatutakoak dira bostak. Fruitua ematen denbora dezente beharko dute baina bizitza ere luzeagoa izango dute okerrik ez bada. Orain arte nituenak , MH7aren gainean mentatutakoak, agortzen ari direla iruditzen zait eta poliki-poliki berriak landatu behar.

Sagarrondoaren loraldia

Sagarrondoaren loraldia

Ondoren udaberrikoak etorri dira: baratzerako lurrak prestatzea, erlauntzak garbitu eta barroaren aurkako botikak ematea, eta sagardoa botilatan sartzea. Lan batzuk eginak dagoeneko baina hori dagoeneko, esaterako sagardoa botilaratzea. 2015eko Lunarioak emandako aginduei jarraiki: sagardoa botilan sartzeko aurtengo egunik onenak apirilaren 5a eta 6a ziren. Ba badaezpada 6a aukeratu genuen lan hori egiteko. Oraindik ez dago edateko une onenean baina botilan ontzeko behar duen denbora eskainiko diogu.
Udaberriko loraldia bikaina izan da. Aspaldian ikusi gabea. Sagarrondoak zuri lorez beteta, eta Pakistanetik Albertok ekarritako albertxigondoa lehen aleak emateko prest.

Erla bat lanean

Erla bat polena biltzen

 

Erlak loraldiaz baliatuz jo eta ke lanean aritu dira eta laster hasi beharko dugu eztia biltegiratzeko altzak gehitzen erlauntzei. Baina argi! gurean eztirako udaberri luze eta bikaina egokitzea ez da erraza izaten. Iaz maiatza izan genuen txarra beste batzuetan ekaina edo apirila izan ohi den legez, eta jakinekoa da eguraldi txarrarekin erlak ez dutela lanik egiten. Ekainaren amaieran izango dugu kontuak egiteko ordua.

Basurdeak eta orkatzak nonahi.

Aspaldi ez naiz sartu blogean ezer idazteko. Nagituta nagoela dirudi, edo eginkizun gehiegi esku artean, edota diziplina galduta agian. Gaiak izan dira blogari eragin ez diodan epe honetan baina burua beste leku batzuetan nonbait. Goienarako zerbait idatzi beharrak ordenagailuaren aurrean eseri arazi nau eta astean gertatutako bitxikeria batek  eman dit gaia.

Basurdeak erruz omen dabiltza Udalan Goienak berak dioenez. Udalan, eta nonahi diot. Nik ere pairatu ditut basurdeen barrabaskeriak. Orkatza ez da gutxiago, eta asteon, sagastuira udaberri hasierako lanak egitera joan naizen batean sorpresa harrigarri batekin egin dut topo. Orkatz bat lurrean etzanda, buruan eta adarretan sare bat kateatuta, eta sarea inausketaren ondar moduan lurrean geratutako abar handi batzuetan nahaspilatuta. Hilda zirudien, baina inguratu eta gertuan zebilen lagun bati deika hasi naizenean zutitu da, eta lau hanken gainean lehenengo ihes egin nahian eta ondoren  saretik askatu nahian tira eta tira hasi da egoera geroz eta gehiago okertuaz. Orain alde batera gero bestera, Atzera hurrengoan bere indar guztiekin, buruarekin (eta adarrekin) saretik eta sufrimendutik askatu nahian.

Orkatza sarean kateatutaKezkatzen hasi naiz bertan geratu behar zela sinetsita, baina laguna abila izanik animalia kontu hauetan, iritsi da eta zalantza barik, animaliaren atze aldera joan da. Ni aurrean eta bera atzean, hanketatik oratu dio ausart eta lurrera bota du. Handik aurrerakoak errazagoak izan dira. Lurrean zegoela adarretatik heldu eta motxilan neraman inauskaiekin sarearen punta guztiak moztu dizkiot poliki-poliki. Bere burua aske ikusi duenean abiada bizian joan da atzera begiratu ere egin gabe.

Libre!

Aske!

Kostako zaio berriro sagastuira itzultzea!

Hori espero dut.

 

 

 

 

 

 

 

 

Minotauro globala

Yanis Varoufakisek, egungo Greziako finantza ministroak, El Minotauro Global izenburuko liburua idatzi zuen 2011n. Gazteleraz ere irakur daiteke Capitán Swing editorialak argitaratuta.
Ezaguna den bezala, Minotauroa Kretako labirinto batean bizi zen munstroa zen, erdi gizaki erdi zezen, eta inguruetako herriak bera elikatzeko dontzeilak eramatera derrigortuta zeuden. Minotauro globalaren azala
Honela irudikatzen du Varoufakisek 2007ko krisia arteko munduko ekonomia. Minotauroa, noski Estatu Batuetako ekonomia da, eta ekonomia sozialista erori arte superabitak sortzen zituen ekonomia, defizit bikoitz bat sortzen hasi zen Sobiet Batasunaten erorketarekin batera: aurrekontuen defizita eta defizit komertziala. Nola elikatzen zen Minotauro hau? Soberakinak sortzen zituzten lurraldeetako elikagaiekin (produktuak nahiz dirua); Alemaniak, Japonek edo Txinak, eta oro har, munduak eskaintzen zizkion elikagaiekin hain zuzen.
Beldurgarri gizendu zen munstroa 2007-2008an inplosionatu zuen arte, aspaldian ezagututako krisi finantzario eta ekonomiko larriena sortuaz: Bankuen krisiaren ondoren enpresen itxierak etorri ziren, familia ekonomien porrotak, langabezia ikaragarria, soldaten murrizketak, eta jakina, Minotauroa globala zenez, mundu zabalera hedatu zituen bere leherketaren (inplosioaren) ondorioak.
Minotauroa hilik Minotaurokumeak piztu ziren: Alemania eta Iparraldeko lurraldeak Europan, Errusia, Txina eta beste hainbat kume. Baina Minotauro berriek dontzeilekiko lotura hertsiak sortzen jakin dute elikadura bi norabidetako hoditik ibili araziz: nik emango dizut diote, baina zuk ere emango didazu edo ematen dizudana itzuliko didazula bermatuko duen neurriak hartu beharko dituzu zure etxe barruan. Greziak Europako Minotauroa hautatua du, eta hor agertu zaigu Varoufakis, Teseo modernoa bailitzan Minotauroarekin amaitu nahian. Ezinean, agian Ariadnaren haria falta zuelako itzulerako bidaia egiteko, Hiru buruko munstroa nola gainditu zaion ikusi eta buru makur itzuli da Atenasera hainbat jakinarazpen jasota.
Orain Teseo bere lurraldean da, eta han hasten da bere benetako eginkizuna, egoera sozio-ekonomikoa latza delako diotenez. Bertan eta bertako hiritarrentzat lan egitea dagokio eta lan horren emaitzen arabera epaituko dute greziarrek. Lan gabezia eta kanpo zorra murriztea lan kontrajarriak dirudite; Zergen iruzurrarekin amaitzea eta zerbitzu sozialak hobetzea berriz lerrokatu daitezke. Puzzlea ordea zaila da eta lortutako emaitzek eta herrikideentzat ekarritako hobekuntzek esango dute Teseo modernoa garaile izan den ala ez, bere borroka ez delako izan behar Minotauro baten edo bestearen aurkakoa, bere herritarren ongizatearen aldekoa baizik.
Liburuetako jakituria baino dezente gehiago beharko du.

Neguko uneak.

Negu honetan izan dugu elurrik aurrekoan ez bezala. Kamera kaskarra eta kameralaria kaskarragoa izan arren, aurreko asteburuetan ateratako argazki batzuk argitaratu gabe ez naiz gaur ohera joango.

Gabon!

Aloñako guurtzea, urtarrilaren 25ean.

Aloñako gurutzea, urtarrilaren 25ean.

Elurra kentzen Biescasen otsailaren 1ean.

Elurra kentzen Biescasen otsailaren 1ean.

 

Urbiara iristen urtarrilaren 8an

Urbiatik gertu urtarrilaren 8an

Urbiako fonda

Urbiako Fonda

Argi pixka bat Zabalaitzen

Argi pixka bat Zabalaitzen

Dururako bidea

Dururako bidea

Duru. Bazkal ondoan raketak jantzi berriro eta behera.

Duru. Bazkal ondoan raketak jantzi berriro eta ilundu baino lehen beherako bidean abiatuta.

Monederok bai ez dituela bere zerga betekizunak bete!

Monederok bai ez dituela bere zerga betekizunak bete. Dagoeneko izena ere aldatu diote sarean: Billetero izenez bataiatu dute.
Sinpatiaz ikusi nuen Podemosen sorrera, orain arteko “gaur zuk-bihar nik” erako gobernuez amaitzeko aukera eskaintzen zuelako. Higuindu ninduten sistemarekin bat egiten zuten hedabideen eraso merkeak. Orain badute non jo. Pagotxa aurkitu dute Monderoren iruzurrarekin.
Gaur, eta estatuaren gobernagarritasunean aldaketa sakonak eragiteko aukerek zutik jarraitzen duten arren, kezkaz begiratzen diot euren norabideari jauntxokeria kutsuak ikusten ditudalako erakundean, eta ez ditudalako ikusten gai sentiberetan ideia garbiekin; ezta guri dagokigunean ere.  Oraindik ez diet entzun estatuan aitortu gabeko hiru nazio daudela beren proiektu nazionalak garatu ezinik Konstituzio eta legedia zentralista batek erabaki mamitsuenak hartzeko bideak eragozten dizkietelako, ezta egoera horrekin amaitzeko prest daudenik .
Kezkak handiagotu egiten zaizkit jakitean Monedero jaunak ingeniaritza finantzario oso eztabaidagarria erabili duela Espainiako ogasunari gutxiago ordaintzeko eta aitorpen osagarri batekin konpondu duela arazoa, dimisio aztarnarik eman gabe edota Podemoseko botere-gunetik urrundu gabe.
Gogora datorkit duela ez hainbeste Gipuzkoako Foru Aldundirako EAJren hautagai batek aitorpen osagarria aurkezteaz gain dimisioa eman zuela bere ondasun guztiak ez zizkiolako aitortu Ogasunari, eta parlamentari batek uko egin ziola parlamentari ez zenean egokitu zitzaioan babes ofizialeko etxebizitzari, egoera berriarekin eskubide hori gauzatzeko soldata-baldintzak gainditu egiten zituelako.
Antza gauza hauek ez dira horrela Ebrotik behera.  Espainia markak beste esanahi bat du. Iruzurra eta lapurretak ezkerreko alderdiak bustitzeraino instituzionalizatu dira. Pentsatu beharko dugu Podemoseko oinarri soziala ez dela ezer egin gabe geratuko.

España is different !

Zerga betekizunak ez ditudala betetzen dio Ogasunak.

Etxe guztietan dago gutunontzi bat, eta nirean ere bai, nahiz eta digitalizatzearen ondorioz, mail, guatxap, sms, skype eta era guztietako komunikazio modernoagoak eta azkarragoak ari diren nagusitzen. Nirea gutxitan zabaltzen dut, egun santu osoa tontoa letxe konektatuta egon nagoelako eta ez dudalako inoren gutunik espero izaten. Atzo, otsailaren 3an, bebarruan sartu eta buzoiaren aurretik pasatzerakoan garbiketa bat egitea pentsatu nuen. Leihoak iragartzen dituen inprimakia, Gabon osteko eskaintza bereziren bat, hiperreko prezio berriak, eta hara!. Bi gutun. Bat nire izeba batena urtarrilaren 18an datatua, eta Bidegikoa bestea. Lehenengo pertsonei egin behar jaramon eta izebarena irakurri dut; laburra eta eskerronez eta maitasunez betea. Ondoren Bidegikoa. Abiatu gailua eskatu izanaren erantzuna izango dela pentsatzen dut. BIDEGI SAko Koordinatzaile Nagusiaren izenpea darama eta adeitasunez agur bero bat bidaltzen dit amaieran. Irakurtzen hasten naiz eta to!. Letra larri beltzez non esaten didan ZERGEN BETEKIZUNAK EZ DITUZULA BETETZEN.
Adios! Ez da posible. Iruzurgile deitzen naute administraziotik, hori bai, adeitasunez eta errespetu osoz.
Baina nik badakit ez dela horrela. Badakit urtero bere betekizun fiskalak zintzo demonio betetzen dituenetarikoa naizela, urtero milaka euro administrazioaren esku utziaz elkartasuna, azpiegiturak eta sistema bera beste askorekin batera ordaintzeko. Baina zer, eta ZERGEN BETEKIZUNAK EZ DITUDALA BETETZEN aurpegiratzen didaten.
A! -gure sistemetan jasotakoaren arabera- gehitzen du. Hor dago gakoa. Eta magia bidez, administrazioaren errorea administratuaren arazo bihurtu da. Alperrik esango diozu Ogasunari horrelako zerbait idatzi aurretik ona dela kontraste bat egitea; herritarrak ez garela errudun, garela frogatzen ez den bitartean. Alperrik. Niri dagokit frogaren karga.
Elurra ari duen arren Bidegiri esker errepideak garbi daudela aprobetxatuz, Ogasuneko gertueneko bulegora abiatzen naiz eskatzen didaten ziurtagiriaren bila; Bergarakora. Bi langile eta administratu bat baino ez ditut ikusten iristen naizenean. Berehala hartuko nautela pentsatzen dut, eta horrela da.
Neskari azaltzen diot zer gertatzen zaidan. Sisteman sartzen da eta harriduraz begiratzen nau.
-Hemen ez da halakorik agertzen!
-Badakit, ezin delako agertu ez bada Ogasunaren hanka sartze bategatik.
Ziurtagiria inprimatu, eskura ematen dit, eta banoa autorantz Oñatira itzultzeko asmoarekin. Arratsaldean ziurtagiria gutun-azal batean sartu, bidali, eta BIDEGI SAko Koordinatzaile Nagusiaren erantzunaren zain geratu beharko dut. Jakina, ez dut espero adeitasunez eta errespetuz barkamen eskaerarik luzatzerik, administrazioak ez baititu errorerik egiten sistemak baizik.
Ez al luke zerbait egin behar Ogasunak urtean milaka euro (PFE, BEZ…) ordaintzen dituen administratua kontu gehiagorekin hartzeko?
Ea sisteman galdera honen erantzuna aurkitzen duten!