Zezenketak gora eta behera.

Animaliei tratu txarra ematea edo arrazoirik gabeko oinaze edo mina eta larritasuna sor diezaiekeen edozein gauza egitea debekatuta dago Euskal Autonomia Erkidegoan 6/1993 animaliak babesteko legea onartu zenetik, bere 4.2 atalak xedatzen duenez. Legea ez da atzo goizekoa, 1993an onartu baitzuen Legebiltzarrak Jose Antonio Ardanza Lehendakari zela.
Atal berak debekatzen ditu zakur eta oilar borrokak, eta animaliak kalean hiltzea, beharrezko edo ezinbesteko izan ezik.
Lege hau eskuan, aurre egin behar izan zitzaien -eta debekatu-, animaliak erdigunean zituzten hainbat ikuskizun edo ohitura basatiri. Lekeitioko antzarraren sufrimenduak, egiazkoa ez den ordezko batek pairatu behar izaten ditu gaur, eta beste adibide bat agertzearren, Osintxuko Kofraixetan hiltzen zen txahala berdin hiltzen da,  baina jai gunetik urrun. Mutikoak ginenean kalean egiten zen txerri hilketa ere ez da jada ezaguna gaurko mutikoentzat nahiz eta lukainka edo odolosteak dastatzeko aukerarik ez zaizkien falta, eta gutxi izango dira ahari talkak ikusteko aukera izan duten herritarrak. Zer esan, zakur eta oilar borrokez legean espresuki debekatuak.
Bere momentuan onartutako legeak lorpen interesgarriak izan ditu animaliei eskaintzen diegun tratuan. Inork ez ditu gogoan beste sasoi batzuetan ohikoak izanik, gaurko jendarteak krudelkeria basatitzat hartuko lituzkeenak. Zerbait irabazi dugu horretan.
Tradizioko zezenketa kasuetan (sokamuturra, entzierroak…) ganadua zauritua, kolpatua eta gaizki tratatuta den ikuskizunik egiteko ez da inola ere baimenik emango; dio legearen beste atal batek.
Baina zezenketei -ez tradiziozkoei – buru zer? Bada espresuki geratzen dira legearen eragin esparrutik at, eta dakigunez hauetan baimenduta dago tradiziozko zezenketetan debekatzen dena, hots, ganadua zauritzea, kolpatzea, gaizki tratatzea eta akabatzea.
Orduko Legebiltzarra ez zen ausartu zezenketetako gehiegikeriei mugak jartzen, eta geroztikoek ere ez diote erronka horri heltzerik nahi izan. Are gehiago, urteak joan arren berdin berdin jarraitzen dugu Azpeitia, Bilbon edo Iruñean, eta legealdi batez Donostian kirtenkeria hau debekatua izan bada ere, lehengotara itzuli gara Gobernu berriarekin.
Espainian antza beste haize batzuk jotzen dute. Kanariar Irletan eta Katalunian debekatuta daude animaliaren heriotzarekin amaitzen diren zezenketak, eta hainbat eskualdetan debekatzeko proposamenak ari dira agertzen, edo gutxienez, erreferendumak egitekoak.
Gurean, tradizioan oinarrituta , ez eztabaidarik, ez erreferendumik. Aitzitik,  antzarrarena edo Osintxuko Kofraixak tradizioan oinarrituak izan arren debekatuta.
Itxurakeriak bai, hemen manifestazioak eta han ez, baina 1993ko legea aldatzea edota eztabaida piztea gutxienez, Legebiltzarrari dagokio eta benetan animalien aurkako tratu txarrak arbuiatzen dituztenek ez lukete herritarren ekimenen zain egon behar Lege zaharra aldatzeko proposamenak egiteko.
Legebiltzarreko eztabaidak, eta argazkia, oso interesgarriak izan zitezkeen.

Irizarrek eman du zeresana.

Fitxaje ona egin du Markel Olanoren Gobernuak Hizkuntzen Berdintasunerako Zuzendari Nagusi Mikel Irizar izendatzean. Izendapenarekin batera bere lan profilaren berri eman digute hedabideek, euskarazko elkarte eta medioen alorrean egindako lan mardula barne.
Baina Irizarrek baditu horrelako postu baterako aipatu gabe geratu diren baina ezinbestekoak diren hainbat dohain. Elkarrekin lan egin izanagatik uste dut batzuk ezagutzen ditudala, eta ohikoa ez bada ere, azaltzen ausartuko naiz inori kalte egiten ez diodalakoan.
Hasteko, ez dauka militantzia edo zaletasun politiko ezagunik, eta hori ona da hizkuntzen berdintasunerako bidean aurkituko dituen buruhauste eta korapiloak askatzen joateko. Are gehiago, joera politiko eta lurralde guztietako euskaltzale guztiekin ondo konpontzeko abilezia izan du eta horrek bere alde egiten du.
Irizar baikor mugagabea da. Infinitua hobe esanda. Guztia beltz ikusten duzunean ere daltonikoa zarela konbentzituko zaituen horietarikoa. Ilun ikusten duzun hori berde edo urdin argia dela ikus arazi eta abian jarriko zaituen horietarikoa. Existitzen ez dena ere ebidentzia bihurtuko dizun fededun laikoa.
Ezerezaren metaketatik emaitzarik positiboena atera daitekeela frogatu, eta inguruko guztiak lanean jarriko dituen langileburua. Unea iritsita ez du zalantzarik izango lehen ilaran jartzeko txiro desesperatuen brigada antolatu eta martxan jartzen denean.
Nekaezina, ordurik gabeko jardule (goizeko 4etan ordenagailuaren aurrean jarri eta emailak idatzi eta bidaltzen aritzeko gai), eta bokaziozko saltzaile.
Nola ulertu aurreko dohain guztiak gabe Arrasate Press, Goiena edo Tokikom bezalako proiektuetan buru-belarri sartu eta aurrera eraman izana? Ez bakarka noski, baina bere ekarpen kementsu eta baliotsua ezinbestean behar izan duten egitasmoak guztiak.
Arazo bat ikusten diot, eta da postua lau urterako dela. Berak badaki zergatik diodan hau. Baina tira! goi mailako kirolariek bezala, esprinter izatetik fondokoa izatera pasatzeko ariketa espezifikoak eginaz gaindituko dituk hau eta parean jartzen zaizkian arazoak.
Animo Mikel. Badakik maiseatzaileak ere izango dituala, baina ekin lanari, lau urte barru oraindik ere urruti ikusiko dugun berdintasunetik gertuxeago egon gaitezen.
Hik oparitutakoetatik geratzen zaidan txakolin botila bakarra sartu dut hozkailuan izendapena ospatzeko. Iritsiko da husteko unea.
Oharra: Inork ez beza pentsa botila horiek hau idaztearen truke jaso ditudanik.

Egun ederra Mikel (Irizar)

Ez nuen sekula pentsatuko inoiz telebista aurrean jarriko nintzenik Komunitate Autonomo bateko Presidentearen aukeraketa saioa ikusteko, baina egun ederra zen gaurkoa, azken hauteskundeek agindu bezala, bazterkeriaren eta euskararen aurkako politiken amaiera suposatzen zuen ekintza ari baitzen antzezten Nafar Legebiltzarrean. Eta hortxe telebista aurrean boto zenbaketari eta emaitzak euskaraz eman ondorengo txalo zaparradari adi-adi begira. Zenbakiak euskara hutsean emanagatik denek nik adina ulertzen zutela ematen zuen!
Presidente berriaren hautaketarekin, Legebiltzarreko presidente eta Iruñeko alkatearenarekin batera, Nafarroako hiru kargu nagusi elebidunen itxiera gauzatu da. Kontuan hartzeke Tutera, Lizarra eta sinbologia berezia duten beste hainbat herritakoak noski.
Eta ezin hau ikusi hitaz gogoratu gabe, hire baikortasun exintentzialak bultzatuta behin eta berriro errepikatu baitidak azken urte hauetan Nafarroan aldaketa gera ezina zela. Nik ezetz eta hik baietz. Azkenean heuk arrazoia fede gutxiko honen kaltetan. Baina ez pentsa! Ez duk jakingo iragarpen honetan galtzaile izateak zelako gustu berezia ematen duen. Horretan neu irabazle.
Abertzale eta pittin bat (asko barik) ezkerrera kokatzen garenontzat egun ederra izan da gaurkoa, inoiz ez zela gertatu behar ematen zuelako. Iritsi da, eta orain politikan eta kudeaketan asmatu beharra dute lau urte barru emaitza bera gol-kopuru handiagoz eman dadin. Horretan jartzen ditut esperantzak gaur ederra dena bihar handia izan dadin.
Bitartean jarrai beza eskuinak eztabaidatzen Bilduk ala Sabin etxeak maneiatuko ote duen Gobernu berria. Hobe ditugu horrelako eztabaidetan, nafar eskuinak hain berea duen Estatuak eta Komunitateak hankaz gora jartzeko kolpeak emateko taktikak prestatzen baino.
Zorionak! Hurrengoan kasu egingo dostat.

Oñatiko gurutze, santutxo eta kaltzadak.

Uztaileko Kontzejupetikeko 30. orrialdean argitaratutako artikuluaren harira gaiaren inguruko hainbat zalantza argitu nahian ausartu behar naiz. Hobe, argitasun eske natorrela esango banu.
Aspalditik ezagutzen nuen Santxolopeztegiko Bakuebarrena gunean dagoen gurutze-buruaren historia etxeko baso batean dagoelako. Ezagutza horren abiapuntua 1987koa da, Kurtzetxoko santutxoaren eraberritze lanekin batera, Kale Zaharreko batzordeak gurutzea basotik Kurtzetxora jaisteko eskaera gure aita-amei egin zienekoa, Iñaki Zumalderen idatzi bat argudio nagusi bezala erabiliaz gurutze hori arboledako hasierako santutxokoa zela ziurtatuaz.
Niri bere momentuan zalantza bat baino gehiago sortu zitzaidan. Basoan zegoen gurutzea Oñatiko irteera bideak markatzen zituen hiru horietako bat izatea erabat sinesgarria egin zitzaidan nahiz eta ez izan Kurtzebaltzekoaren berdina. Aldizkariren batean argitaratu zen orduan XIX mendearen amaieran egindako obrekin batera egin zela garraioa, baina erabat baztergarria iruditzen zait hipotesi hau. Jakin nuenez 1918aren inguruan igo zen mendira, baina ez nuen jakin nondik hartu zen edo aurretik non egona zen garraioa egin zutenak ordurako hilda baitziren nahiz eta semeak oraindik bizirik egon. Garbi dagoena da XX mende hasierarako Kurtzetxon gurutze hori ez zegoela eta beste nonbaitetik eramana zela gaur egun dagoen basora. Horregatik ez dut ulertu sekula zergatik zioten Iñaki Zumaldek eta batzordekoek gurutze hori hain zuzen, arboledako hasieran zegoena zela, orain ere Kontzejupetikeko azken alean ere frogatutzat ematen den bezala
Zumaldek zioen: a comienzos del pasado siglo (XIX) existía esta cruz y el santutxu (Altzibargoaz ari da); ambos desaparecieron a lo largo de ese siglo como consecuencia de la remodelación urbanística. Desconocemos el paradero de esta cruz.
Kurtzetxokoari dagokionean: La capilla que actualmente se encuentra en ruinas, por su factura, parece del siglo XVIII y sustituyó al antiguo santutxu. No hemos hallado dato alguno sobre su construcción….frente a esta capilla se alzaba la primitiva cruz… El destino de la vieja cruz de piedra es un tanto curioso. Actualmente se halla colocada, sin el pie, esto es, solo la parte superior de ella, en un montículo encima de la casería Santuru del barrio de Santxolopeztegi.
Hauek Zumaldek idatzitakoak. Historia kontuetan ez naiz Zumalde baino gehiago ezta hurrik ere. Are, ez naiz inor baino gehiago, baina nongoa zen argitzeari bere garrantzia ematen diot, ez dadin gertatu denok egiazkotzat jotzea gutxienez eztabaidagarria den hipotesi bat. Eta Zumalderen idatzian ez dago inolako frogarik Kurtzetxoko hipotesiaren alde Altzibarkoaren kaltetan.
Gure amaren borondatea zen gurutzea udalaren esku uztea. Aurreko eta aurrekoaren aurreko udaleko zinegotzi eta alkateekin hitz egin nuen gaiaz baina gaur arte ez dugu inolako erantzunik jaso. Ez dut interes handirik ikusi. Gurutze horrek ez du dagoen lekuan inolako arrazoibiderik eta nahiago genuke gure herriaren historiaren parte baldin bada herriko irteeraren batean ikustea hori zelako ama zenaren nahia. Baina, eta hau nire iritzia da, Kale Zaharreko irteeran egon behar badu aurrez frogatu beharko litzateke Kale Zaharrean egondakoa dela, bestela berdin berdin egon baitaiteke Portalekuako biribilgunean Altzibargoa egon zenetik oso gertu. Eta Kale Zaharrekoa naiz.

Terneras hembras de origen 100% nacional.

20150705_222038Astebete Pirinioetan ematea nahikoa da jakiteko zein mugatuak garen atzerritar hizkuntzak ondo ezagutzen ez ditugunean.
GR-10a egiten eman dugun denbora honetan bi lagunekin bakarrik egin dugu bat etapa bat baino gehiagotan. Ez dabil jende asko ez. Biak bakarka zihoazen eta biak neskak. Bat USAko Washington DCkoa eta bestea frantsesa; Lillekoa. Bada hor ibili gara bi hiztegiak leher arazten, frantsesezko generoarekin borrokan, eta ingelesezko aditz formen orainaldiko hirugarren pertsonako amaierako ese madarikatuarekin asmatu ezinik. Eta hauek ez dira gorabehera bakarrak izan; ezta hurrik ere.
Ia gure helburu guztiak lortuta itzuli gara, eta ia diot, ez dugulako lortu Santa Grazira iristea, astearteko (ekainaren 30a) bero errea zela eta, zati bat (Baigorritik Esterenzubirakoa) bitan banatu behar izan genuelako. Ingelesa eta frantsesa gure indarguneak ez direla berriro frogatuta, baina sikiera euskara eta gaztelera ondo menderatzen ditudala sinetsita egin nuen itzulerako bidaia, harik eta Donostian, elikagai kate garrantzitsu baten harategira sartu nintzen arte.
Erosi beharrekoak eskatu eta harakinak garbi eta txukun bilduta ekarri nituen txahalki eta oilaskoa etxera. Bilgarriaren plastikoa eta papera bereizten hasi nintzen (ez dakit zergatik arraio ez duten lehengo paper marroi eta sendoa erabiltzen gaiak biltzeko) eta non irakurtzen dudan iragarki edo mezu hau: Terneras hembras de origen 100% nacional.
Ondoen menderazten ditudan hizkuntzetako batean ere baditut nire gabeziak antza. Baina ondo pentsatuta ez ninduke harritu behar mezuak. Komunikatzaileak garbi utzi nahi izan du, zalantza izpirik gabe, harategian saltzen den txahala emea dela. Orain arte ez dut txahal arrik edo ternera machorik ikusi, baina nork daki.
Tira! txiste errazak asmatzeari uko egingo diot harritzekoa ternera macho irakurtzea litzatekeela pentsatuta; azken batean, ternera hembra edo txahal emea, erredundantzia edo horrelako zerbait deitzen den figura literarioa baino ez da.
A! GRa ondo. Jende gutxi, eguraldi ona, bernak ondo, bizkarra ez hainbeste… eta animatzen bazara eta informazioa nahi baduzu, ffrandoneeko topogidek oso baliotsua emango dizute.
Oraintxe duzu aukera.

GR-10ean lehen urratsak.

Iritsi da ordua. Aspalditik neukan buruan sartuta Piriniotako zeharkaldia egin behar nuela, eta berandu baino lehen, ez baitzaigu iada denbora asko geratzen halakoetan ibiltzeko. Hobe beraz hurrengo birsorkuntzaren zain egon gabe lehenbailehen ekiten badiogu. Bihar emango diogu hasiera lehen asteari. Euskal herriko iparraldeko bideak oinez egitea dugu helburutzat. Hedaiatik Santa Grazira zazpi egunetan.
Lehen saiakera bat izango da beste zatiak egiten hasteko moduan gauden ala ez jakiteko. Buruak nahi bai, baina gorputzaren ajeek buruari agintzen diote askotan, eta ez alderantziz, nahiago genukeen bezala.
Etxean bai. Etxean burua da nagusi. Ibilbideak prestatzerakoan informazio iturri desberdinak aztertu eta alderatzen, galtzontziloen pisua baieztatzen gutxiago duten bi pareak motxilan sartzeko, eguraldi iragarpenak begiratzen forroaren ordez txaleko bat sartuta zenbat  pisu aurrezten dugun aztertzeko, aro beroa datorrela eta kapa formalaren ordez Heinekenek jazzaldian oparitzen dituen arinak eraman ezkero seguru pisu  gutxiago izango dugula, eta horrela, hemendik eta handik kenduaz,  frogak handik eta hemendik, arroparen pisua gutxienera jaistea izan da asteko lana. Baita lortu ere: 2,320 kg baino ez ditut eramango motxilan.
GPSa ez dakidala ahaztu. Ez diot gaurdaino baliagarritasunik aurkitu, baina arrastoa galduz gero oso ondo etorri behar zaigu oraingoan.
Prestakuntza lanetan ostirala iritsi zait konturatu ere egin gabe. Ortuari azken begiratua eman, eta aurten sano datorrela frogatu; erlei ikusialditxo bat egin zein jator ari diren lanean baieztatzeko  -indartsuena laugarren altza-erdia ari da betetzen, beste batzuk berriz hirugarrenarekin ezin baina pozik egoteko moduko markak dira-, eta ikuskaritza  lanak eginda banoa poltsa eskuan hartuta San Prudentzioko autobusa hartzera Donostiako bidaia egiteko. Bihar Topoa izango dugu zain Hendaiara -GR-10aren abiapuntua- joateko. Gauzak ondo, Saran egingo dugu lehen gaua.

Pena dut bihar, 27an, ezin izango naizela Pedro eta Carmenen urrezko ezteien ospakizunetara joan. Bejondeiela biei. Itzuleran izango dugu elkarrekin egoteko aukera.
Aio eta hurrengora arte.

Markel Olanori

Kaixo Markel:
Gaur goizean ohetik jaiki naizenean Diputatu Nagusiaren hautaketa ekitaldian gaur bertan izan behar zela irakurri dut. Hautatua izateko aukera guztiak dituzunez gutun hau idaztea erabaki dut presaka eta zalapartaka.

Agian ausartegia irudituko zaizu, baina nere zergak Gipuzkoan ordaindu, bertan jaio eta bizi, eta botoa emateko eskubidea bertan gauzatzen dudanez, hurrengo lau urteetan lurraldeko gobernua kudeatzeko ardura izango duzun horri hainbat eskaera edo proposamen egiten ausartuko naiz. Edozein pertsonari zor zaion begirunearekin noski, eta beste herritar askok , ezker, eskuin, berde edo urdin, idazten dudanarekin bat egiten dutela uste osoan.

Lehenengo Markel (utziko didazu ponte-izena erabiltzea aurretik ere ezagutu baitugu elkar), instituzioaren duintasuna berreskuratzeko ahalegina eskatuko nizuke. Gaizki egingo nuke zurea zalantzan jartzen, zure ondradutasunaren alde eskua sutan jartzeko gai den horietakoa bainaiz. Baina badakizu zu eta Eneko Goia politikoki epaituak eta zigortuak izan zaretela duela gutxi Batzar Nagusietan. Herritarrek ez diote antza jaramon asko egin epaiketa politiko horri, edo ez dute sinetsi leporatzen zitzaizuena. Hauteskunde sasoia, obrak bi aldiz ordaindu izana ezin sinetsi, Kontuen euskal epaitegiaren txostenik eza,…

Esan dezakezu epaitegietan dagoen gai bat dela, baina ondo legoke, niri iritziz, epaiaren zain egon gabe Diputatu Nagusiaren eta Foru Aldundi beraren ohorea berreskuratzeko ahaleginak egitea, gai honen inguruan egia azalduaz herritarrei, nahi den bidea erabiliaz, ez baita itxurosoa zalantzapean dagoen Diputatu Nagusi bat gobernatzen edukitzea.

Bigarrenik, zure aurreko agintaldian, 2010ean hain zuzen, herritarren partaidetzarako eskubidea onartu zenuten Foru Arau bidez, eta baita herri kontsultak egitea partaidetzako eskubidearen zati bezala.

Gipuzkoan azken urteotan, taberna, elkarte, bizartegi eta ile-apaindegietan, kaleetan, egunez eta gauez, sutsu eztabaidatu den gai bat izan dugu: zaborren kudeaketa zikloaren itxiera madarikatua. Batzuek errauskailua infernuak bidalitako tresna pozoitsua dela zabortegiak hobesten, besteek zabortegiek naturari egiten dioten kaltea itzuli ezina delako errauskailuaren abantailak lehenetsiz. Horrela daramagu urte mordoxka bat eta bi legealdi baino gehiago, eztabaida instituzioetatik kalera jaitsita, makina bat bazkalondo, digestio eta txikiteo hondatzen.

Arazoa teknikoa da nire ustez. Erraz neurtu daitezke sistema baten eta bestearen arrasto ekologikoak eta koste ekonomikoak. Gai korapilotsu hau askatzeko kontsulta bat antolatzea iruditzen zait bide egokiena, programak ahaztuta, herritarrei orain arte ukatu zaizkien eskubideak eskainiaz. Arazoari behin betirako irteera emango zenioke horrela. Zure denboran onartutako Foru Araua tresna egokia denez, ausardia eskatuko nizuke gai honetan; txosten tekniko independente bat eskatu eta informazio prozesu baten ondoren antola ezazu herri kontsulta bat. Gipuzkoarrok nahi duguna egin bedi Gipuzkoan.
Hirugarrenik, gazteen langabeziari jaramon egitea. Ez dakit noraino den hau Foru Aldundiaren eskuduntza, ezta horretan eragiteko ahalmen handirik duzuen ala ez. Eskatuko nizuke baina, ahalegin guztiak egitea, eragin dezakezun toki guztietan helburu hau lehen premiako eginkizuna dela azpimarratuaz, eta neurriak eta aurrekontuak proposatzea eta onartzea. Hau da gizarte politiketan egin daitekeen politika aurrerakoiena, justuena eta errentagarriena.

Eskatzen hasita beste mila gauza eska ditzaket baina ez diet ematen lehen hirurei ematen diedan garrantzia.
Eska diezazuket euskarazko hedabideei erdarazkoei eskaintzen zaien beste publizitate zabaltzea Aldunditik eta Aldundipeko enpresetatik (urteetan nire etxea izan zenaren aldeko zerbait eskatu beharra era badaukat). Eska diezazuket errepideak erabiltzerakoan gipuzkoar guztiak berdinak izan gaitezela eta berdin ordain dezagula Beasaindarrek eta Oñatiarrek. Eska diezazuket baso politika eraginkor eta jasangarria, eta beste hainbat. Eska diezazuket ahal dakit zer.

Orain artekoekin geratzen naiz. Gutxi baina esanahi handikoak dira niretzat. Badakit guztiei kasu egiten ezin zarela ibili, baina hemen doazenekin herritar askok bat egiten dugula iruditzen zait. Ez dakit ze hitzartu duzuen PSErekin. Agian gai hauek beste norabide batean lotuta dauzkazue dagoeneko. Niretzat dezepzio txiki bat izango litzateke.

Besterik gabe, adeitasun osoz, konpromiso eta lotura politikorik ez duen herritar batek idatzia diskurtsoak eta bozketak ezagutu aurretik.

Inazio eta Oxel, edo Oxel eta Inazio

Eskualdeko herrietan ere hautatu dituzte hurrengo lau urteetan agintean izango diren alkate eta gobernuak. Ez da sorpresarik izan. Gauzak uste zen bezala joan dira.

Etorkizunaren aroa da, baina ezin hau irudikatu iragana  gabe.  Alkatetzak utzi dituztenak lan eskerga egin dute. Hartu dituzten erabaki batzuk herritarren gustukoak izan dira, beste batzuk ez. Edo batzuen gustukoak betik, besteen gustukoak inoiz ez. Agintaritzaren zama da.  Bi alkate ohi gogoratu nahi ditut lerro hauen bidez: Oxel eta Inazio, edo Inazio eta Oxel. Arrazoi desberdinak tarteko agur esan diote biek azken urteetan lantoki eta bizitoki izan duten bulegoari. Batek horrela erabakita zuelako, agian bere alderdiak hartutako bidea ez zuelako onetsi,  eta  besteak bere koalizioak zerrendetatik ezabatzea erabaki zuelako.

Nire bizitza profesionalean alkate askorekin  (eta politiko askorekin) izan ditut harremanak. Pertsonen arteko harremanetan gertatzen den bezala, errazagoak batzuetan, nekagarriagoak besteetan.  Azken hiru urteetan ez dut horrelako ardurarik izan, baina Inazio ezagutzeko aukera izan dut, Oxel askoz lehenagotik ezagutzen nuen.

Gertukoak, irekiak eta jokamolde demokratikoak azken muturreraino eramateko gauza izan dira legealdiko gai  korapilotsuena   bihurtu dena elkarrizketa eta galdeketa bidez askatuaz.  Biak saiatu dira adostasun zabalenetara iristen, eta batek oposizioarekin hitzartuaz, besteak herritarrei iritzia eskatuaz, ezarri dituzten zabor bilketa sistemak gobernatu dituzten udaletan.  Emaitzak, diotenez, ezin hobeak, %84ko sailkatze maila Elgetan eta %77a Arrasaten. Kopuru hauek, behin eta berriro  kontatu dizkiguten hainbat egia eztabaidaezin zalantzatan jartzeaz gain, erakusten digute herritarrekin batera edo herritarren sentsibilitate desberdinak batzen dituzten ordezkariekin elkar lanean sakonduta,  arazoek irtenbide errazagoak izaten dituztela.

Inazio eta Oxelek erakutsitako bideak isla eta jarraipena izan beharko luke hastear dagoen legealdian.

 

Animo guztiak nire lankide ohiei.

Gabaz eta inork ikusi gabe ematen dute iritzia inork ez dezan jakin eurak izan direla. Agian oraindik ez dute jakin libre dela Goienari buruz edo beste hainbat gairi buruzko iritzia libreki ematea. Internetez nahi izanez gero, Goienako zuzendariari gutun bat idatziaz…
Urte batzuk eman ditut Goienako zuzendaritzan eta betik entzun izan diet EAJkoei Ezker Abertzalearen alde egiten dugula, eta hauei EAJren alde ari garela lanean. Ofizio guztiak dituzte euren arriskuak eta kazetaritzarena hau da. Futboleko entrenatzailea baino zorrotzago begiratu ohi gaituzte eta entrenatzaileen kasuan bezala, ezagutza ezak ematen duen ausardiatik sortutako kritikak entzun behar izaten ditugu behin eta berriro. Okerrak ere egiten ditugu noski; nahi baino gehiagotan. Normaltzat   jotzen dut lan publiko eta sentibera bat egiten dugun heinean, eta jakin izan dugu kritikak jasotzen, eztabaidatzen,  zuzentzen… Hala uste dut.
Baina gabaz spraya eskuan paretak margotzen ari denak ez du oraindik jakin kritika horiek publikoan egin ditzakeela edo okerragoa dena ez dauka gaitasunik kritika horiek idatziz eta egun argiz egiteko. Arazo larriak ditu.
Nire gogoetak eta kritikak ez du geratu nahi Goienarekin gertatu den honetan. Uste dut Martxelo Otamendiri entzun niola, erdal hedabideek ez zutela enpatiarik eduki Egunkariaren itxierarekin, baina izan zitekeela guk ere ez genuelako izan erdal hedabideekin beren kazetari eta langileak erailtzen zituztenean. Eta badirudi bide beretik jarraitzen dugula. Asaldatu egiten gaitu gabaz bateon batek idaztea Goienako zuzendaritza PNVkoa dela (ez da pekatu edo gauza larria PNVkoa izatea, baina onartu behar dugu ez dela dela egokia ere hedabide sozial bateko zuzendaritza alderdi batekin lerrokatuta egotea. Esan behar dut ere  Goienan egin ditudan 10 urte pasatxoetan ez dudala sekula jakin nire lankideek zer boto ematen zuten), baina onetsi egiten dugu era anonimoan gure herri batzuetan DVkoren aurka egiten diren pintaketa eta kartelak.
Goienaren aurka gabaz eta anonimotasunez idaztea edota beste hedabide baten aurka baldintza berberetan egitea larritasun bereko ekintzak dira: prentsa eta adierazpen askatasunaren aurkako erasoak.
Guztia kritikatu daiteke eta kritikatu behar da, baina inteligentziaren argipean eta ez saguzaharraren ilunpetik.

Urte asko dira, hamarkadak, ez dudala egunkari horren alerik erosten. Ezta etxetik kanpo aukera bakarra dudanean ere. Eduki baditugu  DVren ildoa eta jokamoldeak kritikatzeko arrazoiak. Egin dezagun argitasunekin eta ez anonimotasunetik.

Animo guztiak nire lankide ohiei eta hobetuaz hobetuaz geroz eta hobeak izan daitezela euren lanean.

Hauteskundeak. Zergatik gora; zergatik behera.

Hauteskundeak pasatuta, ondorioak atera, eta beharrezkoa bada aurreko jarrera eta okerrak aldatu, eta presaka, hurrengo legealdia prestatzen hasteko sasoia iritsia da konturatu gabe. Makinak ez dira geratzen. Nafarroan, Gipuzkoan, Gasteizen, lurruna dariela ari dira galdarak.
Elkarrizketen denbora da. Kuriosoa da, lurralde, eskualde edo nazio bat zuzendu behar dutenen elkarrizketa tartea, hain denbora laburrera mugatzea. Hamabost egun nahikoa dira antza hurrengo lau urteak bideratzeko. Gauzak aldatzeko gosea izango da, baina betekadek digeritze txarra ekarri ohi dituzte.
Gobernu batzuk erabat aldatuko direla dirudi. Bereziki Nafarroan. Baina ekialdetik datozkigun sentsazioak ez dute zerikusirik duela lau urte Gipuzkoan jaso genituenekin. Beste hizkera bat da. Lasaiago joan nahi omen dute. Tentu handiz, eta guztiak, edo gehienak, bilduko dituen gobernu zabalena lortu nahian ari dira. Antza autokritikak izan dira emaitzen ondorenean.
Botoa oso sakabanatuta dago orokorrean. Estatuan gauza berria da. Gurean beti izan da horrela baina ez gara ohitu , edo hobe esanda, politiko batzuek ez dute jakin sakabanaketa honen esanahia irakurtzen.
Egoera berria aztertzeko politologoak ditugu orain. Ofizio berria eta seguru asko herritar arruntak baino prestakuntza hobearekin arloan. Inori ezer kendu gabe nire ariketa egin nahi dut. Politikoa banintz zer izango nuke kontuan gobernu berria osatzerakoan, edo berdin da, nire alderdiaren porrota aztertzerakoan.
Lehenengo, dugun indarra bere horretan aztertu eta baloratuko nuke. Eman dezagun alderdi batek %38ko botoekin irabazi duela eta abstentzioa %35ekoa izan dela hauteskundeetan. Ohiko egoera bat, sarri gertatzen dena. Alderdi irabazleak kontuan izan beharko luke botoa emateko eskubide duten lau herritarretik batek eman diola bere konfiantza, eta ondorioz, %75ek ez duela espresuki bat egin bere proposamenekin. Egoera hionetan aurkituko banintz, aurrez esandako guztiak berrikusi beharko nituzke eta egoera honetara egokitu ezin baitut %75aren aurka gobernatu.
Bigarren, eta aurrekoaren ondorioz, gehiengoarentzat gobernatu behar badugu, oso arriskutsua da gutxiengoa ordezkatzen duen gobernu batekin egitea. Aliatuak aurkitu beharko ditut. Beste batzuenen botoekin batu beharko ditut nireak, eta nire programa gehiengoaren beharretara egokitzen saiatu beharko naiz. Badirudi hortik doala Nafarroako ahalegina eta antzeko zerbait izango dugula Gipuzkoan beste protagonista batzuekin.
Hirugarrena, herritarren mezuak entzun eta interpretatzen jakin beharko nuke. Lau urteko agintaldian herritarren iritziak entzun egin behar dira. Aukerak eta bideak badaude, eta ez da egokia komeni zaigunean bide horiek erabiltzea, eta koherentzia eta hauteskundeetako programa aldarrikatuz gure lan-lerro nagusia kosta ahala kosta martxan jarri nahi dugunean, herritarren eskaerei kasu egin gabe aurrera egitea. Parte-hartzerako egoerak eta tresnak landuko nituzke gobernukideekin (baldin badaude) eta oposizioarekin. Herritarren interesak eta eskubideak helburu. A! eta ahal dudan neurrian zerrenda irekien alde egingo nuke.
Laugarren. Koherentzia aipatu dudanez, hitz majikoa, edozein astakeria justifikatzeko balio duen hitza, Ruiz Gallardón eta Werten kasuak aztertuko nituzke. Nor Ruiz Gallardón baino koherenteagoa, emakume gehienen iritziaren aurka, kosta ahala kosta, abortuaren lege katoliko-atzerakoi bat ezartzen saiatu, eta ezinean dimititu duena? Zer esan hezkuntza komunitateen eta autonomien aurka bere erreforma ezarri duen Wert ministroaren kasu? Biek ala biek argudiatu dute euren programetan agintzen zutena koherentziaz bete baino ez dutela egin. Programarekin koherente izatea bertute bat al da besterik gabe? Norekin izan behar du koherente politikoak, bere programarekin, herritarren eskaerekin ala demokraziaren printzipioekin? Badirudi Nafarroan ulertu dutela herritarren mezua eta programetako hainbat puntu negoziatzeko prest daudela eta egiten ari direla maximalismoak baztertuta.
Bukatzeko umiltasunez jokatzen saiatuko nintzateke. Langile eta irekiak gustatzen zaizkigu euskaldunoi gure agintariak; zintzoak eta ustelkeriaren tentaziotik urruti nahi ditugu. Beste ezaugarri batzuk baloratzen ditugu baina bereziki aurrekoak dira gehien maite ditugunak.
Esandakoak ezinbesteko ezaugarriak dira.Politika maiuskulaz egin nahi bada eta agintaritza onaren eredu izan nahi badugu. Berdin balio dute Gobernua osatzeko, edota galdu izanaren zergatiak aztertzeko.
Azkeneko legealdiak erakutsi digu bidezidorretik joateak oso emaitza kaskarrak ematen dituela. Aurrera egin behar dugula, bai, baina herritarren eskutik. Agian hemen idatzitako batzuk pistak eman diezazkigukete egoera hobeto ulertzeko.
Nire buruan bueltaka dabiltzanak dira idatzitako guztiak. Agian niretako baino ez dute balio. Ez da gutxi!