Doña Ana

Madrid, Madrid, Madrid

en Méjico se piensa mucho en ti;

por el sabor que tienen tus verbenas

por tantas cosas buenas

que soñamos desde aquí;

Pozik asko joan ziren Madrileko alkate Doña Ana, Asturiaseko Printze On Felipe, eta ez dakit zenbat mandatari gehiago, Juan de Garay euskaldunak XVI mendean sortu zuen Buenos Aires hirira  Mexikora joan beharrean, handik ba al dakit zenbat onura, inbertsio eta diru ekartzeko asmoz.

Aurkezpena ederki asko prestatu ere bai, auskalo zenbat mila euro kobratzen zituen komunikazio aholkulari iparramerikarrarekin batera. Antza iparramerikarraren ideiak eta espainiarraren sen eta ezagutzak batu ezinezkoak izan eta porrot itzela maletan itzuli zaizkigu, triste, Argentinako negua utzi eta hemengo udazken eta negu ilunerako pasabidea prestatzera.

Doña Anak esandakoek paper eta ikus-entzunezko asko bete dituzte. Printze txikiarentzat berriz guztia miresmen eta ohore.

Niri berriz, atentzioa eman dit odol urdindunak botatako zerbait: Kirolak duintasuna, tolerantzia eta errespetua ematen ditu (El deporte da dignidad, tolerancia y respeto). Eta ni, dontsu horrek, pentsatzen balore horiek berezkoak beharko zituela estatu bateko buru izan nahi duen batek, eta ez kirolaren praktikaren bidez ikasitakoak!

Badirudi kirolean ere odolaren koloreak bereizten gaituela. Taldeko kiroletarako baldar samarra izanik, mendia, pilota (palaz) eta footinga izan dira nire bizitzan gehien egin ditudanak. Baina odol urdindunak kirolaren bidez erdietsitakoak eta nik ikasitakoak ez dira berdinak izan. Kirolak, ahalegina, egoera txarrenei aurre egiteko gaitasuna, norbere buruaren kontrola, hobetzen saiatzea, lehiakortasuna (ez lehiakorkeria) eta beste hainbat gaitasun eskaini dizkit niri. Printzeak kirolaren bidez ikasitakoak beste eskola batzuetan ikasi ditut.

Duintasuna, tolerantzia eta errespetua berezkoa beharko genituzke txiki txikitatik, eta etxean eta eskolan ondo sendotutako balioak beharko lukete kirol praktikaren zain egon gabe. Zer gertatu behar da bestela kirola egitea maite  ez dutenekin?

Zoritxarrez gure artean behar baino gehiago dira balio horiek oraindik bere egin ez dituztenak. Baina orain sikiera, badakigu zein den gaitz hori jasaten dutenek duten konponbidea. Eta nork esango, gakoa Madrileko kandidatuaren alde Printze txikiak emandako diskurtsoan zegoenik!

 

Ganbaran aurkitutakoa.

Kristau egutegian Arantzazuko Ama Birjinaren eguna dela aitzakia hartuta, duela hilabete batzuk ganbarako kutxa batean aurkitu nuen paper baten berri emango dizuet. Arkatzez, kaligrafiako letra txukunez idatzita, Ama Birjinari eskainitako kanta bat da. Musikarik ez. Orri-paperarekin batera ikasketa koaderno batzuk, Hierro, Bilboko mugimenduko (Glorioso Movimiento Nacional)  egunkariko ale baten orriekin forratuta. Idatzia ere sasoi hartakoa izan daitekeela adierazten du egunkariak.

Aurkitutako papera

Aurkitutako papera

Faktura orri baten atzea aldean dago idatzita kanta edo bertsoa. José González Auto repuestos, dio.

Faktura orriak ere 194…ko data darama. Hamarkada horretakoa behar du bertsoak ere, eta arkatzez eta letra garbiz dago idatzita. Ez ditut hitzak ezagutzen eta musika are gutxiago.

Idatzita dagoen bezala transkribatu dut, erre azentudunak salbu, ordenagailu madarikatuak ez didalako tildea kontsonante gainean idazten uzten. Erre markadunak etzan egin ditut hobeto bereizteko.

Ikasketetako beste koaderno guztiak gaztelera hutsean daude, sasoi hartan, euskara  elizako ikasketa eta kantetan bakarrik erabili zitekeenaren seinale. Hemen doa bitxikeria gisa.

 

 

 

Euzkal eriko Ama birgiña´ren abeztia (Himno a la Virgen de Basconia).

Euzkaldunen Ama Kutun

Arantza ganeko Eregin Aloñan

Itxaso goiz izar Itziar Begoñan                                            

Ta Araban Lore eztidun

Euskal eregin samura,

Gure etxe,soro, itxas, lantegi soñua

Egaz doakitsu otoitz biurtua,

Zure eriak, maitez dakitzun,

Agura ta seme ezkintza gartsua.

Beruana. Umorea eta Goiena.

Umorea elikagai garrantzitsua da pertsonentzat. Era guztietako bitaminak eskaintzen dizkigun toxina guztien aurkako  antidotoa da, eta kaloriak murrizteko duen gaitasuna eztabaida ezina da. Matrailako giharrak tonu onean mantentzea da eskaintzen digun beste onura bat. Euskaldunen artean guztiz maitatua baina gutxi erabilia aldizkari eta egunkarietan eta are gutxiago gai jakin batzuei buruz ari garenean. Umore idatziaz ari naiz noski.

Ematen du euskarak ahozkotasunetik idatzizkora egin duen bidean umorearen gaia ahaztu duela bazter batean. Fisikaz idatz genezake, ekonomiaz, ingeniaritzaz, baina umoreaz kosta egiten zaigu. Baita txisteak euskaraz kontatzea ere.  Gurean txiste kontalari ezagunenak gazteleraz aritu izan  dira, Karlos Argiñano kasu, edo lehenago euskal hiztunei edo casheroari iseka eginaz gazteleraz aritu ziren Pello Kirten edo Chomin del Regato umorista dorpeak adibidez.

Badaude salbuespen batzuk. Kike Amonarrizek Argian idazten duen tartea datorkit gogora, eta atzerago eginaz, IGELA, euskaldun heterodoxoen aldizkari ironiko propaganda politiko edo erlijiozkorik  gabea, Jon Mirande eta Txomin Peillenek besteak beste sortutakoa eta tamalez gehiegi iraun ez zuena. Sasoi hartan euskaldun heterodoxoa eta jarrera politiko edo erlijioso gabea izateak bazituen bere arriskuak.  Gaur ere bai. Satira eta adar jotze idatziak min egiten dute oraindik, eta barrea eragiteko asmoekin gai batzuk ukitzea arriskutsua bihur daiteke.

Dani Larreak uztailaren 26an Beruana izenburuarekin idatzi zuen gutunak ez zituen gai arriskutsuak ukitzen, baina idatziari zerion ironia eta herriko euskara dotoreak kontraste eta haize freskoa sartzen zituen gehienetan konfrontazio politiko gupida gabea eta aldarrikapena nagusi dituen sekzioan.

Horientzat ere tokia behar da noski, baina umorea eta umore klabeetan idatzitakoak ere terapia sanoak dira guztiontzat; baita ere politikako ur sakonetan murgilduta bizi direnentzat edota bizitzak eskaintzen dizkigun egoera edo une zailak bizitzea egokitu zaienentzat.

Horregatik Goienako hedabideek, idatzizkoek eta besteek, umoreari uzten dioten tarteak, oraingoak baino dezente handiagoak izan beharko liratekeela uste dut. Bergarako udalak antolatzen duen Koldo Eleizalde literatur lehiaketan toki bat dago umorearentzat. Ez dakit ze arrakasta duen zenbat idazten den, ze genero, baina ez legoke gaizki Goienak horrelako ekimenak bultzatzea; argazki lehiaketak antolatzen dituen bezala txiste lehiaketak edo umorezko kontakizunen lehiaketak antolatzea; telebistan tarteka umore saio bat egitea…  Ez da erraza, arriskutsua ere izan daiteke, baina gaur duen konbentzionalismo eta zurruntasunarekin tarteka haustea ona litzateke  gure gizartearen osasun fisiko eta burukoak eskertuko luke.

Ea animatzen diren.

 

 

Mezu hau inprimatu aurretik beharrezkoa dela ziurta ezazu. Ingurumena zure esku dago.

Geroz eta gutxiago, baina oraindik ere irakur daitezke mezu elektronikoen amaieratan esaldi honen tipokorik, mezua igortzen duten tresna elektronikoak, ordenagailuak, smartphonak edo internet bera garbiak izateaz gain naturari kalterik eragingo ez baliote bezala.

2009an  idatzi nuen Goienkarian, McAfee etxeak orduan egindako azterketa batek zioela, 2008ko sareko spamek  2,4 milioi etxebizitzen edota 3,1 milioi autoren pareko energia kontsumitu zutela. Hori spamek bakarrik. Zein da orduan sarearen jarduerarako behar den energia kontsumoa? Eta tresneria horiek guztiak kontsumitzeko eta merkatuan jartzeko naturari benetan eragiten zaion kaltea plastikoak, pilak, mikrotxipak eta behar diren guztiak kontuan hartuta?

Eta oraindik ere ez da faltako Saharako edo Taklamakan basamortuen deforestazioaren errua paperari botako dionik.

Abuztuan pasta, paper, eta kartoiko ekoizleen Espainiako elkarteak jakitera eman duenez, paperean inprimatzeak gutxiago kaltetu dezake ingurunea orri kopuru bera modu digitalean irakurtzeak uzten duen karbono arrastoak baino; edota liburu elektronikoak ekoizteak baino.

Interesak daudela esandakoaren atzetik? Jakina! Papera ez inprimatzeko kanpainen atzean egon daitezkeen bezala. Duela urte dezente esan zitzaigun ekilorearen olioa osasunarentzat ikaragarri ona zela edo arrain zuria jatea komenigarria zela, handik urte gutxira oliba olioa onena eta arrain urdina sanoagoa zela esan zitzaigun bezala. Momentuko edota industrien komenientzien araberako mezu ez neutralak jaso eta sinetsi izan ditugu inolako irizpide kritikorik gabe.

Papera ekoizteak badu kostu ekologiko ukaezin bat. Paperak  lehen gaien kontsumoa, ura, energia eta beste hainbat gai kutsakor behar ditu ekoizpenerako, eta gure esku jarri arte behar den garraio eta bitarteko guztien energia kontsumoak agerikoak dira, beste ondasunetan bezala.

Baina nago papera kontsumitzea ez dela elektronika kontsumitzea bezain agresiboa ingurugiroarentzat, eta noski teknologia berriak baino garbiagoa dela. Azken batean zerbait birzikla badaiteke papera da (%70eko portzentajeetan omen dago paper industria), erabiltzen den egurra hazkunde azkarrekoa eta kalitate eskasekoa izan ohi da, eta nahi beste birlandatu daiteke beste lehengai batzuk erremediorik gabe agortzen diren bitartean.

Adibidea, Euskal Herrian diren eta izan diren paper fabrikak izanagatik,  gure arboladiak gora egin duela eta inoiz baino eremu arboladun gehiago daukagula. Pinua dela nagusi? Bai, eta agian beste politika batzuk txertatu beharko lirateke biodibertsitatea ziurtatzeko, baina begi bistakoa da papera eta basoa ez direla gaur etsai. Basoen desagerpenaren arrazoiak beste batzuk dira. Tartean Desplazatuak bere blogean aipatzen dituen suteak, nahi gabeak batzuetan eta nahitakoak besteetan, eta nekazaritza edota abeltzaintzarako lurrak irabazteko egindako mozketak.

Eta orain zer? Lehengo idazmakina eta arkatzetara itzuli? Ez dakit, baina amorra arazten nau azken urteotan mitoak eta sasi-egia interesatuak irensteko eta zabaltzeko garatu dugun ahalmena eta eztabaida sanoak egiteko gaitasun eza. Hau adibide txiki bat besterik ez da.

Arantxa

Abuztuko gau giro freskoak etxeratzea atzeratzeko gonbita luzatzen digu. Garagardoa edota basoerdia eskuan gustura egoten gara herriko plazako arkupetan txatxaran urtean zehar gutxiago ikusten ditugun adiskide edo senideekin.

Bateon batek txakurra ere ekarri du eta bat-batean konturatzen zara txakurraren kargua hartu duzula ia jakin gabe eta hor zabiltza plaza erdian gora eta behera.

Arrosa koloreko txirrindu batean bospasei urteko neskatila bat hurbiltzen zaizu. Beltzarana da eta afrikar erako orrazkera geometriko bat darama, eskuadra eta kartaboiez egindako hainbat marra perpendikular erakutsiaz buruan.

Txakurrari begira geratzen zaio, eta inertziaz gazteleraz galdetzen diozu: ¿Te gustan los perros? Sí. ¿Cómo te llamas? Arantxa. Erantzunak pixka bat nahasten zaitu. Euskaraz badakizu? Bai erantzuten du. Berak ere konfiantza hartzen du eta bi txakur dituela esaten dizu. Gero jakingo duzu bi txakur eta bi anaia-arreba dituela baina Santo Domingon. Bera hemen jaioa da.

Txakurraren lokarria luzatzen diozunean zalantza izpi barik heltzen dio eta han doa plazan gora hurrengoan behera maileguan hartu duen txakur berriarekin. Orhi jazarri esan,eta Orhi txintxo-txintxo eseri egiten zaio. Orhi goazen eta aurrera egiten dute biek batzuetan oinez eta besteetan atxintxiketan. Ikusgarria da Orhirekin sortu duen harremana eta ez dauka etxera joateko gogorik zoriontsua baita bere txakur berriarekin.

Etxeratzea erabakitzen duzunean, txakurra hartzen duzu, agur esaten diozu Arantxari eta pentsatzen jartzen zara zenbat kanpotarren seme-alaba  ari zaizkigun eskola eta ikastoletan euskalduntzen, eta kontraste moduan, Euskal Herriko biztanleen %17,1 euskara sustatzearen aurka edota oso aurka daudela. Ez da erraza aurkako jarrera honen zergatiak ezagutzea eta agian pertsonak bezainbat arrazoi egongo  dira. Bitartean musulman umea txinatar jatorrikoarekin edota Santo Domingotik etorritako familiakoarekin euskaraz hitz egiten entzutea sentsazio berri, harrigarri eta atsegin bihurtzen zaizu.

Agian Arantxa Santo Domingora itzuliko da urte batzuk barru edo nork daki, hemen geratuko da bizi izaten. Baina itzultzea egokituko balitzaio eta euskara erabilpen ezagatik ahaztuko balu ere, ez du ahaztuko euskarak lagun berriak egiten lagundu diola, gizartean hobeto integratzeko bidea zabaldu diela berari eta amari, eta noski, txakurrekin jolas egiteko balio izan diola bere izaeraren alde afektiboa aberastuaz.

Hori guztia eta gehiago irabazten dute bi hizkuntzen jabe egite direnak eta galtzen dute euskara gutxiesten jarraitzen dutenak.

Kontzertu bat eta bi kritiko

Aurreko batean idatzi nuen Donostiako Jazzaldiko pare bat kontzertutara joateko asmoa nuela. Horrela izan da. Ostiralean   Dave Douglas eta Pharoah Sandersen kontzertuak entzun genituen Heineken zerbeza etxeak emandako sirak soinean euritik babesteko, eta igandean Youn Sun Nah eta Hiromirenak. Bakoitza bere musika taldearen laguntzaz noski.

Betik izan naiz Trinitateko plazako zalea. Duela berrogei urte Jazzaldia lehiaketa ez hain ospetsu zenetik gaur arte makina bat entzunaldi egin ditut bertan. Gauzak asko aldatu dira berrogeita zortzi urte hauetan, eta jazzaren ikuskera ortodoxoak bazterrean utzita era guztietako musikei tokia egiten ikasi du Jazzaldiak. Era askotako musikak era askotako eskenatokitan. Dohainik kontzertu batzuk, ordainekoak besteak, gaurko musikaren bozgorailu bihurtu zaigu Donostiako jardunaldia.

Horrelakoetan oso garrantzitsua izaten da kritikoen eginkizuna norberak ikusi eta bizi izandakoari ikuspuntu kritikoagoa eta aberatsagoa gehitzen diotelako.  Batzuetan baina, ez dakizu noren kritikaz fida zaitezkeen. Hona hemen kasu bat. Irakur eta konpara itzazu Hiromiren kontzertuaz Jon Ojangurenek El Paísen, eta Yahvé M. de la Cavadak Garan idatzitakoak. Dirudi bi kontzertu desberdin entzun dituztela edota batek Hiromi maite duen neurrian gorrotatzen duela besteak ezinezkoa baita premisa objektiboetan oinarrituta horrelako iritzi kontrajarririk ateratzerik.

Zerbait argitzen laguntzekotan, esango nuke Ojangurenenak hobeto jasotzen duela kontzertuan ikusleek bizi izandakoa De la Cavadarenak baino, Trinitateko plazak zutik eskertu zuelako Hiromiren teknika, perfekzioa eta erritmoa.

2013-07-26 21.33.42

Oporretako sindromea eta abuztuaren 1a

Iritsi dira azkenean urte osoan amestutako egunak. Yavehk  Adan, Evari eta euren ondorengoei betirako ezarritako zigorraren ondorioak pittintxo bat leuntzen dituzten egunak. Zer diot leundu, egun hauek ere, egunero, urtean zehar, gure bekokiaren izerdiarekin irabaziak dira eta!

Sasoi berezia da opor aurretiko hau. Gutxi edo asko guztiok estresatu itxura eman beharra izaten dugu urtean zehar ondokoak adina edo lan gehiago egin dugula erakusteko, edo besterik gabe, eta hau ez da itxurakeria, opor bezperetan beste estres mota batek hartzen gaituelako; oporraldia antolatzearena, alegia. Arrazoi bikoitzeko estresa, egin dugunak eragindakoa batetik, eta egin behar dugunak sortutako antsietateak eragindakoa bestetik.

Oporrak ondo antolatzea garrantzitsua da; onena bidaia exotiko bat egitea. Honekin auzokoen eta lankideen inbidia ez ezik, urte osorako pilak kargatzea ere lortzen omen da. Lehenengoa oso garrantzitsua da, lanera itzultzean (suerte hori izango duten gutxiak martxa honetan), lankideen berriketaldien erdian kokatzen gaituelako, bereziki lehenengo eguneko lehenengo lan orduetan, edo kafe orduan oporrei buruzko informazioa eman beharra plazerezko ekintza bihurtzen denean. Oporretako egunkaria ondo aletu, prezio merkeenak lortu ditugula frogatu eta argazki batzuk erakustea oso garrantzitsua izaten da lehen lan eguneko erritual hori ondo betetzeko. 

Ni inoiz baino lasaiago iritsi naiz aurten. Adina izango da agian edota lan karga handiena aurreko asteetan egin izana, baina gaur goizean ispilu aurrean jarri naizenean ez dut nekatu zimurrik ikusi nire aurpegian. Hala ere uste dut mereziak ditudala oporrak, eta hasteko, Jazzari emango diot aukeratxo bat, baldin eta Trinitateko plazaren gainaldean dagoen Gastronomikako jaleek ez badidate eragozten beren berriketaldi baldar eta ozenekin Pharoah Sanders eta Hiromiren doinuak entzutea. Ogitartekoa eta katxia eskuan iluntze pasa politak espero ditut. Hurrengo egunetan, patxadan, zain  egonean, gurean oporrak antolatzen dituenak zer eta nora egin behar dugun erabaki arte (dagoeneko aurreratuta dauka lana) emango ditut egunak, horixe izaten baita oporrak disfrutatzeko modurik onena.

Hori bai, abuztuaren 1ean Raxoik esango dituenak entzuteko irrikaz. Azala behar du estatu bateko presidenteak bere herritarren lehen opor eguna aukeratzeko ustelkeriak kutsatuta ez dagoela frogatzen saiatzeko. Abuztuaren 15erako dena ahaztuta izango dugulakoan.

 Handiagoak ikusi behar ditugu oraindik! Epaileen botereak goi mailako iruzurgileak nola babesten dituen ikusita ez gintuzke horrek asko harritu behar, baina herritarrei hain errespetu gutxi erakustea…

Gipuzkoako Foru Aldundiko Garapenerako lankidetza plana

Astelehenean (uztailaren 15ean) aurkeztu ziguten Foru Aldundian  hurrengo urtetarako (2013-16) lankidetzaren oinarriak eta helburuak finkatzen dituen plana. Bertan izan nintzen GKE txiki bateko boluntarioa naizelako eta goiza libre izanik nominan fijo daukagun profesional bakarrari (emakume fin, langilea eta konpetentea) laguntzea erabaki nuelako.

Gure erakundea mendia maite duten boluntarioz osatuta dago bereziki, eta Hushe ibarreko emakume eta gizonen bizi kalitatea hobetzen laguntzeko asmoarekin sortu zen.

Sarri aurkeztu izan gara Gipuzkoako Foru Aldundiko diru-laguntzen deialdietara eta beti itzuli gara esku hutsik. Izan ditugun diru-laguntza bakarrak Kote Olaizolaren denboran Kirol zuzendaritzatik jaso genituenak dira.

Egia da gurearen aldean oso GKE profesionalizatuak eta profesionalez ondo hornituak aurkezten direla deialdietara eta honek, noski, ez digu laguntzen.

Bestalde, nabarmena da lan egiten dugun esparru geografikoak ez duela beste batzuen erakargarritasun politikorik. EAEan Palestina, Sahara edo Hego Amerika askoz errentagarriagoak  dira politikoki, eta diru-laguntza publikoak eskualde horietara joaten dira nagusiki. Zer axola digu  Pakistaneko ipar-ekialdeko mendi artean bizi den komunitate isolatu islamiar batek!

Genero ikuspegia oso kontuan hartzen du planak beste batzuk bezala, eta baita guk ere gure erakundean. Agian gure formulazio teorikoak akatsak izango ditu beste batzuenekin parekatuz gero, baina ez da berdin lantzen genero ikuspegia Hushe ibarrean edota Nikaraguan esate baterako. Gu pozik eta harro gaude orain arte lortutakoarekin. Lanean dihardugun 12 urteetan sei herritan emakumeak biltzeko eta ikasteko tokiak  eratu izana guretzat arrakasta itzela da; 2013an lehen aldiz hiru emakumek banku batean kontu korronte bat zabaldu izana den bezalaxe, edota gaur egun gure eskoletan neskak mutikoak baino gehiago izatea, eta goi mailako ikasketak  egiteko ematen ditugun diru-laguntzetan ere erdi eta erdi izatea neskak eta mutilak. Zer esanik ez irakasleen artean emakumeak eta gizonak ere paretsu aritzea.

Gure jarduera guztia emakumeei zuzenduago dago gizonezkoei baino. Hala ere, ez dugu genero formulazio deigarririk dihardugun inguruneak eta estremisten presioek zuhurtziaz jokatzea eskatzen dutelako. Baina hamabi urte hauetan lortutakoak erabat aldatu dute Hushe Ibarra eta harro gaude.  

Emakumeak eta kirola

Duela gutxi Aitziber Aranburuzabalak  iritzi bat eman zuen argitara Goienako Usteak uste atalean, emakume kirolariek beren jardueran dituzten oztopo eta oihartzun eskasa aipatuaz. Ez zuen arrazoirik falta, emakumeek alor honetan jasaten dituzten diskriminazioak ez baitute parerik bizitzaren beste arloetan. Adibide gisa, soldata ezberdintasunak edota lan egiteko baldintzetan dauden desberdintasunak. Pentsa zer soldata jasotzen dituzten futbolari gizonezkoek eta zer emakumezkoek entrenamendu berdinetara joanaz, bidaia berberak eginaz, eta urtean zehar partidu kopuru berdinak jokatuaz. Zer esan instalakuntzez; batzuek San Mamesen jokatzen badute besteek Lezaman egin beharko dute; batzuek Anoetan, besteek Zubietan

Diskriminazioak ez dira hor geratzen, noski, baina jarduera ekonomikoaren beste alorretan ez dut ezagutu horrelako diskriminaziorik onartu edo ezartzen dituen Lan hitzarmenik.

Komunikabideak aipatzen ditu iritzi artikuluan, eta uste dut hain zuzen ere, hedabideak beren jarduera editorialekin diskriminazio hauek areagotzen laguntzen dutela. Komunikabideek gizonezkoen kirolari eskaintzen dioten tarte bera eskainiko baliote emakumeenei  beste egoera baten geundeke, bai oihartzunaren ikuspegitik, bai  babesle kopuruaren aldetik, edota kirolak lanbide bezala eskaintzen duen ikuskeraren aldetik. Komunikabideek, orokorrean, desberdintasunak betikotzen laguntzen dute egungo egoeraren aurka politika sendoak ezartzen ez dituztelako. Hori bai, itxurakeriei egundoko arreta eskainiaz. Los-las, las-los edo jendartea gizartearen ordez idatzita arazoa konponduko balute bezala.

Goienak, gehiago egin dezake komunitatean txertatutako  hedabideak sortzea eta kaleratzea badu helburu. Jakina gizonezkoen kirola mediatikoagoa dela!  Baina ez al dauka gaztelerak berak euskarak baino eragin mediatiko handiagoa? Ez al zuten Goienak eta euskara elkarteek erabaki ez mediatiko bat hartu euskararen aldeko hautu garbia egin zutenean?

Honetan ere lan pedagogiko handia egin dezakeela uste dut. Berdintasuna bermatuko duten estrategiak eztabaidatu eta onartu baino ez luke egin behar, eta ez dut uste hori arazo bat litzatekeenik.. 

Zero Zabor

Goienak noizean behin artikulu labur bat idazteko eskatzen digu langileei. Duela urte t´erdi zabor bilketa sistemei buruz artikulu hau idatzi nuen ostiraleko ale batean, herritar bezala zuzenean eragiten zidan gaia delako.

Iritzia argitaratu eta gutxira Oñatiko Zero Zabor taldeko kide baten mezu elektronikoa jaso nuen nirekin biltzea “erabaki” zutela esanaz. Berari eta beste bati azaldu nien emailez eta telefonoz bilera beharrik ez nuela ikusten, libre zirela nahi zuten hedabideetan eta moduan euren iritzia azaltzeko nik neurearekin egin nuen bezala, gizarte demokratiko batean arrazoizko jokamoldea hori delako hain zuzen. Gainera ez zela nire asmoa inorekin gaiaz eztabaidatzea, herritar soil baten kezkak eta iritzia azaltzea baino.

Ez nintzen eurekin bilduko, ez eginda enpresa bera kaltetzen nuela pentsatu izan ez banu. Hiru etorri ziren nik iritzi hori kaleratu izana kritikatuz eta gaiari buruz ez idazteko eskatuz. Hiruretako bat urrutirago joan zen eta kontuak eskatu zizkidan kolaboratzaile batek zutabe bat zuelako Goienako prentsako alean.

Ez zen une gozoa izan eta  isiltzea erabaki nuen. 

Gaur, zaborrak biltzeko sistemak herrian aldatuta daudela eta talde hau zaborrak biltzeko sistemen etikari buruz aho bete hortz hitz egiten ari dela ikusirik, desberdin pentsatzen duena isil araztearen etikaz gogoeta egitera gonbidatu nahi ditut.

Eztabaidagarria da hedabide bateko zuzendariak zuzentzen duen hedabidean kolaboratzea egokia den ala ez. Goienan eztabaidatu dugu honetaz, baina edozeinen ekarpenak aberasgarriak izan daitezkeela iritzita pluraltasuna aberasgarria delako, kazetari eta zuzendariei ere tarteka iritzi artikulu bat eskatzeko ohitura dago. Jakina, idazleak muga batzuk gorde beharra dauka, alderdikerietan ez erortzea kasu.

Orduan isiltzea erabaki nuen polemikarik ez sortzeko, baina iruditzen zait desberdin pentsatzen duena isil arazteko aitzakia bila ibiltzea ez dela onargarria eta horrelako gertaerak ezin direla ezkutatu gertatu izan ez balira bezala. Lau pareten artean egin zutena publikoki egitea zatekeen jokamolde demokratikoena nire iritziz.

Mankomunitatearen agiriaInork usteko balu nire iritzia biziatuta dagoela bi ohartxo. Goienan zuzendari izan naizen denboran (Hilabete batzuk dira dagoeneko ez naizela) ez dut inoiz ardura editorialik izan eta ez naiz inoiz erredakzio kontseiluko partaide izan. Zabor bilketa selektiboari buruz dudan iritziaz berriz, argazkian daukazue Mankomunitateko teknikoak duela urte dezentetik hona egiten dudan konposta ikuskatzera etorri zenean idatzi zuena: Segi horrela oso ondo doa eta.

A! eta fondoari dagokionez nire iritzia gutxi aldatu da.