Ez dut gustuko Euskal, Eusko edo erako hitzak izen komertzialen aurrizki bihurtuta ikustea, guztion jabetzako izenak izanik baten probetxuan erabiltzen direla iruditzen baitzait. Euskoauto, Euskalsofa, Eusko Jela dira horietako batzuk.
Heranegun Eusko Jelaren furgoneta bat ikusi nuen Donostian iragarki polit bat albo banatan. Argazkian duzue. Hona ekartzen dut ez delako ohikoa enpresa batek desberdinen eskubideak era honetan aldarrikatzea, gutxiago eskuinetik eraso gogorrak jasotzen ari den kolektibo baten alde hain nabarmen egitea.
“Transexualitatea gizarteratzen jarraitu behar dugu, gorroto borroketan sartu gabe” Zioen Bea Severrek Puntua aldizkariak egin zion elkarrizketa batean. Ez dakit nola baloratuko duen gizarteratzeko era orijinal hau, baina nik nire ezjakintasunetik, esango nuke txalo bat merezi duela Eusko Jelaren konpromiso honek, gutxira arte halabeharrez ezkutuan bizi izan den kolektibo baten errealitatea eta eskubideak kaleratzen laguntzen duen heinean.