Gerta dakizuke inoiz Donostiatik Oñatira busez etorri beharra. Nik sarri egin izan dut joan-etorria, baita Bilborakoa ere, behin baino gehiagotan bidaia osoa busez eginaz, Elorregiko geltokian 15-20 minutu eta batzuetan gehiago lotura egiten zuen busaren zain egonaz. Egiari zor baten edo bestearen atzerapena dela ere, batzuetan oso denbora gutxi itxoin behar izan dut; besteetan berriz dezente gehiago. Horrela, gehienek bezala Elorregira autoz joateko ohitura hartu nuen arte.
Aurreko igandean (abenduaren 10ean) egin nuen Donostiatik honako bidaia azken aldiz seietan ateratzen den busa hartuta. Busa beteta, hogeiko bat igo ezinik geratu ginen. Berehala konpondu ziguten arazoa eta bus betea irten baino lehen beste bat geneukan zain, baina halakoetan gertatu ohi den bezala lehenengoko gidariaren belarriak, inongo errurik gabe, bidaiari baten aho finak ederki berotuta.
Busa martxan jarrita bestea baino lehenago iritsi ginen Elorregira Zarautzen sartu beharrik ez zuelako izan. 18:55ak ziren gutxi gora behera, eta gurearekin batera Gasteiztik zetorrena eta beste batzuk iritsi ziren. Handik Oñatiraino, zerbitzu publikoa ez den beste bide bat aukeratu behar hurrengo busa 19:40etan zelako. Aurrekoa 18:40an.
Zerbitzu bat okerrago antolatzerik ba al dago? Oñatirainoko bidaiaren lehen zatia eroso egin ondoren bigarrena egiteko 45-50 minutu itxoin beharrak ba al du bururik 11.000 bizilaguneko herri bati zor zaion zerbitzuaz ari garenean?
Marisol Garmendiari, Lurraldebuseko arduradun politikoari hain zuzen, entzun nion irrati programa batean Oñatirako ordutegi aldaketak herriko zinegotziaren oniritziarekin (gutxi falta izan zitzaion Oñatitik eskatuta egin zirela esateko) egin zirela herritarrok ohituta gaudelako Elorregirainoko joan-etorria autoz egiten. Ze erremedio, eta ohituta ez bazaude ere laister ohituko zara hiriburuetara busez bidaiatu nahi baduzu. Okerrena da oñatiarrok ohitu egin garela hiriburutara busez edo trenez joan nahi badugu bidaiaren lehen zatia autoz egitera; Zumarragaraino edota Elorregiraino.
Badakigu Lurraldebus ekonomikoki defizitarioa dela, baina baita ere zerbitzu publikoak ez direla antolatzen dirua irabazteko. Zergak eta tasak daude Lurraldebusen galerak estaltzeko. Aitortu behar dugu, Aldundiak gaiari serio heldu zionetik asko hobetu dela zerbitzua. Onartu behar dugu ere zerbitzua razionalitate baten barruan sartu behar dela ahalik eta zerbitzu onena emanaz ahalik eta galera txikienak izan ditzan. Aurrekoak kontuan hartuta ere, erabat burugabea da inor hartuko ez duen orduan jartzea busa, hogei minutu beranduago jarrita (orduetan) zerbitzu hobea eskainiko duela jakinik.
Igandeetan orduoro ken hogeitan Elorregitik igarotzen den autobusak izango du ordu hori jarri ahal izateko arrazoirik, baina ez ote da posible Marisol, ken hogeitan igaro ordez orduetan igarotzea Donostiatik edo Gasteiztik datorrenak bidaiaren bigarren zatia, inor molestatu gabe busez egiteko aukera izan dezan? Ezin al dira orduak berrikusi eta egokitui oñatiarrok hiriburuetara eta hiriburuetatik zerbitzu on batez gozatzeko aukera izan dezagun Elorregiko geltokian denbora arrazoizko bat itxaronda?