La Fageda d´en Jordá La Garrotxan dagoen pagadi (Faig pagoa da katalanez) berezi bat da, ez dagoen bakarra delako, baizik eta lur bolkanikoan hazi den bakarra delako. La Garrotxan, Olot hiriburu duen eskualdean ez dira zuhaitz ugarienak, gurean ere ez noski, baina baso-dibertsitate handiagoa dute han: artadi, artelatz-basoak, gaztainadi, harizti edo pinudiak aurki daitezke espezie bakoitzak bizitzeko behar dituen baldintzak eskaintzen dituzten esparruetan.
Fageda d’en Jordák bisita asko jasotzen ditu. Eskola-taldeek, naturazaleek, ibiltari, korrikalari edo turista soilek urratzen dituzten hango ibiladi markatuak. Bertan, errepidetik gertu eraiki zuten pagadiari bere poesia bat eskaini zion Joan Maragall poeta katalanaren omenezko gune edo oroitarri bat.
Pagadiaren barruan, buruko gaixotasunen bat zutenak psikiatrikoetatik atera eta bizimodu normalizatua -ahal zen heinean- eskaintzeko asmoarekin joan den mendeko larogeigarrengo hamarkadan sortutako La Fageda Fundazioaren instalakuntzak daude. La Fageda masia zahar batean kokatzen den egitasmo sozial eta integratzailea da. Buruko gaixotasunen bat edo ezgaitasun intelektualen bat dutenekin batera beste hainbat lagun ari dira lanean 300 langileren kopurua osatu arte. Fagedak behitegi bat dauka eta esnekiak, izozkiak eta marmeladak ekoizten ditu nagusiki, pertsonen, ingurunearen eta animalien errespetuak ardatz hartzen dituen eredu jasangarrian oinarrituta.
Su-mendien ibilbidea egitera bazoaz izan kontuan La Fagedak merezi duela sartu-irten bat. Jogurten bat eta marmelada batzuk erosteko aukera eskaintzen dizu, eta bide batez proiektu integratzaile bati laguntza emateko aukera aurkituko duzu.
Alor fisikora itzuliaz interes geologikoko itzuli bat emateko aukera eskaintzen dizu Olot eta Santa Pau artean dagoen inguru honek. Olot inguruan ohikoena da sumendiei bisita egitea. Itzuli honetan Croscat eta Santa Margarida sumendietatik itzulia egingo dugu lau ordu baino gehiago erabiliaz Croscatekora propio joan eta Santa Margaridakora jaitsi nahi bada.
La Fageda eta Joan Maragallen monumentua ikusi nahi izanez gero ibilbideak denbora gehiago eskatzen du, noski, baina merezi du.