Artze eta Arantzazu: 1968-2018

2018aren hasieran joan zaigu euskaraz ezagutu dugun poetarik handidenetako bat. Badu sinbologia berezi bat datak, aurten batuaren oinarriak ezarri zituen Arantzazuko Biltzarraren 50. urteurrena betetzen baita. Albiste batek tristatzen gaitu, baina badugu euskaldunok zer ospaturik. Urte hauetan  ikaragarri aldatu da euskararen mundua. Euskalkien erpinak leunduz joan diren abiadan batua aberastuaz eta indartuaz joan da, eta orduko hizkuntza latz eta artifiziala ohiko komunikazio tresna aberats bihurtu da. Asko irabazi dugu urte gutxian komunikazio eta letren arloan. Frogak nonahi.

Baina hizkuntza bat ez da araudi multzo soila:   gaur gauden egoeran bagaude, duela 50 urte inguru gurean frankismoak ezarritako inertzia kulturalak iraultzeko sortu zen kultur  mugimendu poliedrikoari zor diogu.

Orduko loraldia ezin  daiteke ulertu Joxean Artze gabe. Abangoardiazalea eta formen puskatzailea hasieran, intimistagoa gero baina beti sakon. Ez zuen asko pentsatuko bere ama alargunak zertan amaituko zuen bere seme  kutunak nerabezaroan harakin ofizioa ikastera Pauera bidali zuenean.

Gaur euskal literaturaren urrezko orrietan hizki handiz agertuko den gizona dugu gogoan: 50. urteurren honen hasieran joan zaigun poeta handia, gizon xaloa. Arantzazuren maitalea, bere etxeko lasaitasun eta bakardadean Joaten jakin du Karmenen maitasuna eta bere kristautasuna babes zituela.

Adiorik ez Joxean

Aurrekoa Puntua astekarian argitaratutako ekarpen labur bat da. Tarteka eskatzen dizkidate eta  espazio muga da ezartzen didaten baldintza bakarra. Seguru asko Joxeani buruzko ekarpen hau luzeagoa eta desberdina zatekeen beste era batera, hau da tarte-mugarik gabe landu izan banu. Muga horiek esanguratsua gorde eta gehigarriak ezabatzen derrigortzen gaituzte. Konta ditzaket hainbat anekdota baina nahiago izan dut oroitzapen xume hau dagoenetan ekartzea nire memoriaren bilduma honetara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude