P.L. Uriarte itun ekonomikoaz La Vanguardian.

Itun ekonomikoen gaia puri-purian izan dugu azken hilabeteotan. Zer den ulertzen dugun arren, ze kalkulu egiten diren kupoa erabakitzeko, aldeko edo kontrako saldoarena, guk Espainiari ordaindu behar ote diogun ala Espainiak guri,…tira; hau  guztia Lamiena  baino misterio handiagoa da niretzat. Ez naiz gaiaren trikimailuak inori azaltzeko gai.

La  Vanguardiak Pedro Luis Uriarteri egindako elkarrizketa bat argitaratu du honen guztiaren berri ematen, eta gure osaba Jesulagunak azkar bidali digu iloba guztiei.

Gure osabak duela hamaika bat urte hartu zuen erretiroa hirurogeta hamabost urterekin,  Herri Irratian, Euskadi Irratian eta Vaticano Irratian zuzendaritza karguak izan ondoren; adin horretan erretiratzen omen dira apaizak. Baina ez zion utzi jarduera aktiboari eta larogei urterekin Comunity Manager ikastaro batean matrikulatu zen  mundu digitalaren berri izateko.

Iloba guztiak posta talde batean sartu eta harrezkero interesekoa iruditzen zaion edozer gauza bidaltzen digu, batzuetan arrakastarekin besteetan barik, baina amore eman gabe aurrera jarraituz bere larogeita sei urte ingururekin.

Oraingo honetan gustura hartu dut bidali diguna. Kupoaren misterioaren inguruan nire kezka berberak dituen beste norbait ere izango delakoan argitaratzen dut elkarrizketarako lotura.

Eta noski, osabaren bidetik jarraiki, beste erretiratu honek ere jarduera intelektuala mantentzea nahi duelako betirako gaztetasunaren bermea delakoan.

Orain artekoa irakurtzeko pazientzia izan duzun horri 2018a ederto joan dakizula opa nahi dizut nornahi zarela ere.  Beti ere, aurrekoa baino hobea izan dadila.

Lurraldebuseko erabiltzaile baten kezka eta kexa.

Gerta dakizuke inoiz Donostiatik Oñatira busez etorri beharra. Nik sarri egin izan dut joan-etorria, baita Bilborakoa ere, behin baino gehiagotan bidaia osoa busez eginaz, Elorregiko geltokian 15-20 minutu eta batzuetan gehiago lotura egiten zuen busaren zain egonaz. Egiari zor baten edo bestearen atzerapena dela ere, batzuetan oso denbora gutxi itxoin behar izan dut; besteetan berriz dezente gehiago. Horrela, gehienek  bezala Elorregira autoz joateko ohitura hartu nuen arte.

Aurreko igandean (abenduaren 10ean) egin nuen Donostiatik honako bidaia azken aldiz seietan ateratzen den busa hartuta. Busa beteta,  hogeiko bat igo ezinik geratu ginen. Berehala konpondu ziguten arazoa eta bus betea irten baino lehen beste bat geneukan zain, baina halakoetan gertatu ohi den bezala lehenengoko gidariaren belarriak, inongo errurik gabe, bidaiari baten aho finak ederki berotuta.  
Busa martxan jarrita bestea baino lehenago iritsi ginen Elorregira Zarautzen sartu beharrik ez zuelako izan. 18:55ak ziren gutxi gora behera, eta gurearekin batera Gasteiztik zetorrena eta beste batzuk iritsi ziren. Handik Oñatiraino, zerbitzu publikoa ez den beste bide bat aukeratu behar  hurrengo busa 19:40etan zelako. Aurrekoa 18:40an.
Zerbitzu bat okerrago antolatzerik ba al dago? Oñatirainoko bidaiaren lehen zatia eroso egin ondoren bigarrena egiteko 45-50 minutu itxoin beharrak ba al du bururik 11.000 bizilaguneko herri bati zor zaion zerbitzuaz ari garenean?
Marisol Garmendiari, Lurraldebuseko arduradun politikoari hain zuzen, entzun nion irrati programa batean Oñatirako ordutegi aldaketak herriko zinegotziaren oniritziarekin  (gutxi falta izan zitzaion Oñatitik eskatuta egin zirela esateko) egin zirela herritarrok ohituta gaudelako Elorregirainoko joan-etorria autoz egiten. Ze erremedio, eta ohituta ez bazaude ere laister ohituko zara hiriburuetara busez bidaiatu nahi baduzu. Okerrena da oñatiarrok ohitu egin garela hiriburutara busez edo trenez joan nahi badugu bidaiaren lehen zatia autoz egitera; Zumarragaraino edota Elorregiraino.

Badakigu Lurraldebus ekonomikoki defizitarioa dela, baina baita ere zerbitzu publikoak ez direla antolatzen dirua irabazteko. Zergak eta tasak daude Lurraldebusen galerak estaltzeko. Aitortu behar dugu, Aldundiak gaiari serio heldu zionetik asko hobetu dela zerbitzua. Onartu behar dugu ere zerbitzua razionalitate baten barruan sartu behar dela ahalik eta zerbitzu onena emanaz ahalik eta galera txikienak izan ditzan. Aurrekoak kontuan hartuta ere, erabat burugabea da  inor hartuko ez duen orduan jartzea busa, hogei minutu beranduago jarrita (orduetan) zerbitzu hobea eskainiko duela jakinik.

Igandeetan orduoro ken hogeitan Elorregitik igarotzen den autobusak izango du ordu hori jarri ahal izateko arrazoirik, baina ez ote da posible Marisol, ken hogeitan igaro ordez orduetan igarotzea Donostiatik edo Gasteiztik datorrenak bidaiaren bigarren zatia, inor molestatu gabe busez egiteko aukera izan dezan? Ezin al dira orduak berrikusi eta egokitui oñatiarrok hiriburuetara eta hiriburuetatik zerbitzu on batez gozatzeko aukera izan dezagun Elorregiko geltokian denbora arrazoizko bat itxaronda?

Ruta de l’exili

Ruta de l´exili begiz jota nuen udatik, Las Illaseko (Vallespir Katalunia Iparraldea)  Hostal dels Trabucayresera GR-10ren etapa bat osatuz iritsi ginenetik hain zuzen. Ostatuko atariko ate ondoan irakur daiteke bertan izan zirela 1939ko otsailaren 5ean Jose Antonio Agirre lehendakaria eta Lluis Companys Generalitateko presidenta besteak beste nazioarteko eraso nazi faxistatik ihesik. Espainiako presidentea eta Gorteetakoa ere bertatik pasatuak ziren Prado Museoko hainbat margolan eta beste ondasun batzuk zeramatzatela.

Les Trabucayres ostatuaren izenak ere badu bere historia, muga pasatuta hango mendietan ezkutatu ziren karlista katalandarren  memoria ez oso ona (Ces terribles bandits de grands chemins issus des troupes carlistes (partisans de Carlos V de Bourbon) qui armaient de « trabucs » (tromblons en français) ont semé la terreur des années 1840 à 1846 et dont le procès à Perpignan fut si retentissant.) dakarkie gogora bertako biztanleei. Pentsa zertzuk egingo zituzten trabukoak eskuan  hango basoetan aterpe hartu zuten gerra galtzaileek. Bertako masia batean gogoan zituzten arbasoei entzunda, bahiketak, eta beste gorabehera batzuk.

Kontua da La Garrotxara egun batzuk ematera joanda Ruta de l’exili egiteko aukerari ezin niola uko egin, gutxiago azken hilabetetako gertaeren ondoren, eta La Vajolera abiatu ginen itzulia bere osotasunean egin asmoz. Egia esan ez da oso luzea; 12-13 km.ko ibilbidea da.
La Vajol Kataluniako eta Pirinioetako hego aldean dagoen herri txiki bat da, baina diotenez, egun batzuz edo ordu batzuz bederen Espainiako  hiriburu izan zena. Ez da harritzekoa hainbeste presidente han elkartuta.

Erbestealdiari oroitarri bat ere eraiki zuten bertan. Mariano Gracia eta bere alaba Alicia monzondarrak (Hueska) irudikatzen  ditu, alaba txikia  bonba baten eztandaren ondorioz hanka bat galduta ezkerreko besoa makuluaren gainean, eta eskuin eskua aitarenari emanda ikusi daiteke eta aita oinez manta bat bizkar gainean. A ze sufrimendu! Erbestealdiari oroitarria, Ezintasunari eta sufrimenduari  monumentua.

Emaztea ere galdu zuen Marianok faxistek 1937ko azaroan Monzon bonbardatu zutenean zibilen kontra eginaz, (Euskal herrian bakarrik ez ziren erabili praktika hiltzaile hauek) eta beste seme batek argazkian atzerago doanak oin bat galdu zuen.

Historia latz hau, gerra denborako beste askorena bezala, honako blogean irakur daiteke.

 

 

 

 

 

 

 

Ibilbidera itzuliz, Agirrek eta Companysek egin zuten bidea asfaltatuta dago gaur egun hein haundi batean eta errepidez egiten daiteke Coll de Llirainoko bide erdia. Beste erdia, leporaino daraman zatia, artez eta Artelatzez inguratuta dago. Hauetako  askok azala kenduta dute herrian garai batean kortxoa ekoiztea  jarduera nagusia izan zela frogatu nahiko balute bezala.
Coll de Llin  beste oroitarri bat ikus genezake. Plaka moduan oraingoan.
Hemendik aurrera jeitsiera erripatsu bat gaztainondo artean egindako mantenu-pista zuzen bat baliatuz. Seguru asko ez du ordukoarekin zerikusirik izango. Ezta gaurko eguraldi epelak orduko edurtsu eta hotzarekin.
Les Trabucayres itxita aurkitzen dugu eta plazan eserita mokadu bat egiten dugu. Panelak gogorarazten digu. 700.000 lagun inguru igaro zirela mendi hauetan zehar 1939an. Errepublikaren aurka matxinatuek  beren helburuak lortu zituzten eta oraindik ere garaile jarraitzen dute. Kirio guztiak dantzan jartzen ditu oraindik ere Errepublika hitza aipatze bakarrak, edota futbol selekzioaren kamisetan urdinen bat sartzeak erregimen garaitua gogora ekartzen duelako.
Itzulia Coll de Manrellatik egiten dugu. Gaintxoan Companysi eraikitako oroitarria.

Bigarren zati hau errepidez egin behar izan genuen ia Manrellaraino. beheranzkoan berriz, berriro errepidean, gaintxotik gertu ezker aldetik abiatzen den bidexka bat aurkitu genuen eta asfaltoa utzita berriro arte eta artelatzen artean jaitsi ginen, helburua beteta, La Vajolera, 1939an erbesteratze masibo baten lekuko izan zen herriraino hain zuzen.