GR-10ean lehen urratsak.

Iritsi da ordua. Aspalditik neukan buruan sartuta Piriniotako zeharkaldia egin behar nuela, eta berandu baino lehen, ez baitzaigu iada denbora asko geratzen halakoetan ibiltzeko. Hobe beraz hurrengo birsorkuntzaren zain egon gabe lehenbailehen ekiten badiogu. Bihar emango diogu hasiera lehen asteari. Euskal herriko iparraldeko bideak oinez egitea dugu helburutzat. Hedaiatik Santa Grazira zazpi egunetan.
Lehen saiakera bat izango da beste zatiak egiten hasteko moduan gauden ala ez jakiteko. Buruak nahi bai, baina gorputzaren ajeek buruari agintzen diote askotan, eta ez alderantziz, nahiago genukeen bezala.
Etxean bai. Etxean burua da nagusi. Ibilbideak prestatzerakoan informazio iturri desberdinak aztertu eta alderatzen, galtzontziloen pisua baieztatzen gutxiago duten bi pareak motxilan sartzeko, eguraldi iragarpenak begiratzen forroaren ordez txaleko bat sartuta zenbat  pisu aurrezten dugun aztertzeko, aro beroa datorrela eta kapa formalaren ordez Heinekenek jazzaldian oparitzen dituen arinak eraman ezkero seguru pisu  gutxiago izango dugula, eta horrela, hemendik eta handik kenduaz,  frogak handik eta hemendik, arroparen pisua gutxienera jaistea izan da asteko lana. Baita lortu ere: 2,320 kg baino ez ditut eramango motxilan.
GPSa ez dakidala ahaztu. Ez diot gaurdaino baliagarritasunik aurkitu, baina arrastoa galduz gero oso ondo etorri behar zaigu oraingoan.
Prestakuntza lanetan ostirala iritsi zait konturatu ere egin gabe. Ortuari azken begiratua eman, eta aurten sano datorrela frogatu; erlei ikusialditxo bat egin zein jator ari diren lanean baieztatzeko  -indartsuena laugarren altza-erdia ari da betetzen, beste batzuk berriz hirugarrenarekin ezin baina pozik egoteko moduko markak dira-, eta ikuskaritza  lanak eginda banoa poltsa eskuan hartuta San Prudentzioko autobusa hartzera Donostiako bidaia egiteko. Bihar Topoa izango dugu zain Hendaiara -GR-10aren abiapuntua- joateko. Gauzak ondo, Saran egingo dugu lehen gaua.

Pena dut bihar, 27an, ezin izango naizela Pedro eta Carmenen urrezko ezteien ospakizunetara joan. Bejondeiela biei. Itzuleran izango dugu elkarrekin egoteko aukera.
Aio eta hurrengora arte.

Markel Olanori

Kaixo Markel:
Gaur goizean ohetik jaiki naizenean Diputatu Nagusiaren hautaketa ekitaldian gaur bertan izan behar zela irakurri dut. Hautatua izateko aukera guztiak dituzunez gutun hau idaztea erabaki dut presaka eta zalapartaka.

Agian ausartegia irudituko zaizu, baina nere zergak Gipuzkoan ordaindu, bertan jaio eta bizi, eta botoa emateko eskubidea bertan gauzatzen dudanez, hurrengo lau urteetan lurraldeko gobernua kudeatzeko ardura izango duzun horri hainbat eskaera edo proposamen egiten ausartuko naiz. Edozein pertsonari zor zaion begirunearekin noski, eta beste herritar askok , ezker, eskuin, berde edo urdin, idazten dudanarekin bat egiten dutela uste osoan.

Lehenengo Markel (utziko didazu ponte-izena erabiltzea aurretik ere ezagutu baitugu elkar), instituzioaren duintasuna berreskuratzeko ahalegina eskatuko nizuke. Gaizki egingo nuke zurea zalantzan jartzen, zure ondradutasunaren alde eskua sutan jartzeko gai den horietakoa bainaiz. Baina badakizu zu eta Eneko Goia politikoki epaituak eta zigortuak izan zaretela duela gutxi Batzar Nagusietan. Herritarrek ez diote antza jaramon asko egin epaiketa politiko horri, edo ez dute sinetsi leporatzen zitzaizuena. Hauteskunde sasoia, obrak bi aldiz ordaindu izana ezin sinetsi, Kontuen euskal epaitegiaren txostenik eza,…

Esan dezakezu epaitegietan dagoen gai bat dela, baina ondo legoke, niri iritziz, epaiaren zain egon gabe Diputatu Nagusiaren eta Foru Aldundi beraren ohorea berreskuratzeko ahaleginak egitea, gai honen inguruan egia azalduaz herritarrei, nahi den bidea erabiliaz, ez baita itxurosoa zalantzapean dagoen Diputatu Nagusi bat gobernatzen edukitzea.

Bigarrenik, zure aurreko agintaldian, 2010ean hain zuzen, herritarren partaidetzarako eskubidea onartu zenuten Foru Arau bidez, eta baita herri kontsultak egitea partaidetzako eskubidearen zati bezala.

Gipuzkoan azken urteotan, taberna, elkarte, bizartegi eta ile-apaindegietan, kaleetan, egunez eta gauez, sutsu eztabaidatu den gai bat izan dugu: zaborren kudeaketa zikloaren itxiera madarikatua. Batzuek errauskailua infernuak bidalitako tresna pozoitsua dela zabortegiak hobesten, besteek zabortegiek naturari egiten dioten kaltea itzuli ezina delako errauskailuaren abantailak lehenetsiz. Horrela daramagu urte mordoxka bat eta bi legealdi baino gehiago, eztabaida instituzioetatik kalera jaitsita, makina bat bazkalondo, digestio eta txikiteo hondatzen.

Arazoa teknikoa da nire ustez. Erraz neurtu daitezke sistema baten eta bestearen arrasto ekologikoak eta koste ekonomikoak. Gai korapilotsu hau askatzeko kontsulta bat antolatzea iruditzen zait bide egokiena, programak ahaztuta, herritarrei orain arte ukatu zaizkien eskubideak eskainiaz. Arazoari behin betirako irteera emango zenioke horrela. Zure denboran onartutako Foru Araua tresna egokia denez, ausardia eskatuko nizuke gai honetan; txosten tekniko independente bat eskatu eta informazio prozesu baten ondoren antola ezazu herri kontsulta bat. Gipuzkoarrok nahi duguna egin bedi Gipuzkoan.
Hirugarrenik, gazteen langabeziari jaramon egitea. Ez dakit noraino den hau Foru Aldundiaren eskuduntza, ezta horretan eragiteko ahalmen handirik duzuen ala ez. Eskatuko nizuke baina, ahalegin guztiak egitea, eragin dezakezun toki guztietan helburu hau lehen premiako eginkizuna dela azpimarratuaz, eta neurriak eta aurrekontuak proposatzea eta onartzea. Hau da gizarte politiketan egin daitekeen politika aurrerakoiena, justuena eta errentagarriena.

Eskatzen hasita beste mila gauza eska ditzaket baina ez diet ematen lehen hirurei ematen diedan garrantzia.
Eska diezazuket euskarazko hedabideei erdarazkoei eskaintzen zaien beste publizitate zabaltzea Aldunditik eta Aldundipeko enpresetatik (urteetan nire etxea izan zenaren aldeko zerbait eskatu beharra era badaukat). Eska diezazuket errepideak erabiltzerakoan gipuzkoar guztiak berdinak izan gaitezela eta berdin ordain dezagula Beasaindarrek eta Oñatiarrek. Eska diezazuket baso politika eraginkor eta jasangarria, eta beste hainbat. Eska diezazuket ahal dakit zer.

Orain artekoekin geratzen naiz. Gutxi baina esanahi handikoak dira niretzat. Badakit guztiei kasu egiten ezin zarela ibili, baina hemen doazenekin herritar askok bat egiten dugula iruditzen zait. Ez dakit ze hitzartu duzuen PSErekin. Agian gai hauek beste norabide batean lotuta dauzkazue dagoeneko. Niretzat dezepzio txiki bat izango litzateke.

Besterik gabe, adeitasun osoz, konpromiso eta lotura politikorik ez duen herritar batek idatzia diskurtsoak eta bozketak ezagutu aurretik.

Inazio eta Oxel, edo Oxel eta Inazio

Eskualdeko herrietan ere hautatu dituzte hurrengo lau urteetan agintean izango diren alkate eta gobernuak. Ez da sorpresarik izan. Gauzak uste zen bezala joan dira.

Etorkizunaren aroa da, baina ezin hau irudikatu iragana  gabe.  Alkatetzak utzi dituztenak lan eskerga egin dute. Hartu dituzten erabaki batzuk herritarren gustukoak izan dira, beste batzuk ez. Edo batzuen gustukoak betik, besteen gustukoak inoiz ez. Agintaritzaren zama da.  Bi alkate ohi gogoratu nahi ditut lerro hauen bidez: Oxel eta Inazio, edo Inazio eta Oxel. Arrazoi desberdinak tarteko agur esan diote biek azken urteetan lantoki eta bizitoki izan duten bulegoari. Batek horrela erabakita zuelako, agian bere alderdiak hartutako bidea ez zuelako onetsi,  eta  besteak bere koalizioak zerrendetatik ezabatzea erabaki zuelako.

Nire bizitza profesionalean alkate askorekin  (eta politiko askorekin) izan ditut harremanak. Pertsonen arteko harremanetan gertatzen den bezala, errazagoak batzuetan, nekagarriagoak besteetan.  Azken hiru urteetan ez dut horrelako ardurarik izan, baina Inazio ezagutzeko aukera izan dut, Oxel askoz lehenagotik ezagutzen nuen.

Gertukoak, irekiak eta jokamolde demokratikoak azken muturreraino eramateko gauza izan dira legealdiko gai  korapilotsuena   bihurtu dena elkarrizketa eta galdeketa bidez askatuaz.  Biak saiatu dira adostasun zabalenetara iristen, eta batek oposizioarekin hitzartuaz, besteak herritarrei iritzia eskatuaz, ezarri dituzten zabor bilketa sistemak gobernatu dituzten udaletan.  Emaitzak, diotenez, ezin hobeak, %84ko sailkatze maila Elgetan eta %77a Arrasaten. Kopuru hauek, behin eta berriro  kontatu dizkiguten hainbat egia eztabaidaezin zalantzatan jartzeaz gain, erakusten digute herritarrekin batera edo herritarren sentsibilitate desberdinak batzen dituzten ordezkariekin elkar lanean sakonduta,  arazoek irtenbide errazagoak izaten dituztela.

Inazio eta Oxelek erakutsitako bideak isla eta jarraipena izan beharko luke hastear dagoen legealdian.

 

Animo guztiak nire lankide ohiei.

Gabaz eta inork ikusi gabe ematen dute iritzia inork ez dezan jakin eurak izan direla. Agian oraindik ez dute jakin libre dela Goienari buruz edo beste hainbat gairi buruzko iritzia libreki ematea. Internetez nahi izanez gero, Goienako zuzendariari gutun bat idatziaz…
Urte batzuk eman ditut Goienako zuzendaritzan eta betik entzun izan diet EAJkoei Ezker Abertzalearen alde egiten dugula, eta hauei EAJren alde ari garela lanean. Ofizio guztiak dituzte euren arriskuak eta kazetaritzarena hau da. Futboleko entrenatzailea baino zorrotzago begiratu ohi gaituzte eta entrenatzaileen kasuan bezala, ezagutza ezak ematen duen ausardiatik sortutako kritikak entzun behar izaten ditugu behin eta berriro. Okerrak ere egiten ditugu noski; nahi baino gehiagotan. Normaltzat   jotzen dut lan publiko eta sentibera bat egiten dugun heinean, eta jakin izan dugu kritikak jasotzen, eztabaidatzen,  zuzentzen… Hala uste dut.
Baina gabaz spraya eskuan paretak margotzen ari denak ez du oraindik jakin kritika horiek publikoan egin ditzakeela edo okerragoa dena ez dauka gaitasunik kritika horiek idatziz eta egun argiz egiteko. Arazo larriak ditu.
Nire gogoetak eta kritikak ez du geratu nahi Goienarekin gertatu den honetan. Uste dut Martxelo Otamendiri entzun niola, erdal hedabideek ez zutela enpatiarik eduki Egunkariaren itxierarekin, baina izan zitekeela guk ere ez genuelako izan erdal hedabideekin beren kazetari eta langileak erailtzen zituztenean. Eta badirudi bide beretik jarraitzen dugula. Asaldatu egiten gaitu gabaz bateon batek idaztea Goienako zuzendaritza PNVkoa dela (ez da pekatu edo gauza larria PNVkoa izatea, baina onartu behar dugu ez dela dela egokia ere hedabide sozial bateko zuzendaritza alderdi batekin lerrokatuta egotea. Esan behar dut ere  Goienan egin ditudan 10 urte pasatxoetan ez dudala sekula jakin nire lankideek zer boto ematen zuten), baina onetsi egiten dugu era anonimoan gure herri batzuetan DVkoren aurka egiten diren pintaketa eta kartelak.
Goienaren aurka gabaz eta anonimotasunez idaztea edota beste hedabide baten aurka baldintza berberetan egitea larritasun bereko ekintzak dira: prentsa eta adierazpen askatasunaren aurkako erasoak.
Guztia kritikatu daiteke eta kritikatu behar da, baina inteligentziaren argipean eta ez saguzaharraren ilunpetik.

Urte asko dira, hamarkadak, ez dudala egunkari horren alerik erosten. Ezta etxetik kanpo aukera bakarra dudanean ere. Eduki baditugu  DVren ildoa eta jokamoldeak kritikatzeko arrazoiak. Egin dezagun argitasunekin eta ez anonimotasunetik.

Animo guztiak nire lankide ohiei eta hobetuaz hobetuaz geroz eta hobeak izan daitezela euren lanean.

Hauteskundeak. Zergatik gora; zergatik behera.

Hauteskundeak pasatuta, ondorioak atera, eta beharrezkoa bada aurreko jarrera eta okerrak aldatu, eta presaka, hurrengo legealdia prestatzen hasteko sasoia iritsia da konturatu gabe. Makinak ez dira geratzen. Nafarroan, Gipuzkoan, Gasteizen, lurruna dariela ari dira galdarak.
Elkarrizketen denbora da. Kuriosoa da, lurralde, eskualde edo nazio bat zuzendu behar dutenen elkarrizketa tartea, hain denbora laburrera mugatzea. Hamabost egun nahikoa dira antza hurrengo lau urteak bideratzeko. Gauzak aldatzeko gosea izango da, baina betekadek digeritze txarra ekarri ohi dituzte.
Gobernu batzuk erabat aldatuko direla dirudi. Bereziki Nafarroan. Baina ekialdetik datozkigun sentsazioak ez dute zerikusirik duela lau urte Gipuzkoan jaso genituenekin. Beste hizkera bat da. Lasaiago joan nahi omen dute. Tentu handiz, eta guztiak, edo gehienak, bilduko dituen gobernu zabalena lortu nahian ari dira. Antza autokritikak izan dira emaitzen ondorenean.
Botoa oso sakabanatuta dago orokorrean. Estatuan gauza berria da. Gurean beti izan da horrela baina ez gara ohitu , edo hobe esanda, politiko batzuek ez dute jakin sakabanaketa honen esanahia irakurtzen.
Egoera berria aztertzeko politologoak ditugu orain. Ofizio berria eta seguru asko herritar arruntak baino prestakuntza hobearekin arloan. Inori ezer kendu gabe nire ariketa egin nahi dut. Politikoa banintz zer izango nuke kontuan gobernu berria osatzerakoan, edo berdin da, nire alderdiaren porrota aztertzerakoan.
Lehenengo, dugun indarra bere horretan aztertu eta baloratuko nuke. Eman dezagun alderdi batek %38ko botoekin irabazi duela eta abstentzioa %35ekoa izan dela hauteskundeetan. Ohiko egoera bat, sarri gertatzen dena. Alderdi irabazleak kontuan izan beharko luke botoa emateko eskubide duten lau herritarretik batek eman diola bere konfiantza, eta ondorioz, %75ek ez duela espresuki bat egin bere proposamenekin. Egoera hionetan aurkituko banintz, aurrez esandako guztiak berrikusi beharko nituzke eta egoera honetara egokitu ezin baitut %75aren aurka gobernatu.
Bigarren, eta aurrekoaren ondorioz, gehiengoarentzat gobernatu behar badugu, oso arriskutsua da gutxiengoa ordezkatzen duen gobernu batekin egitea. Aliatuak aurkitu beharko ditut. Beste batzuenen botoekin batu beharko ditut nireak, eta nire programa gehiengoaren beharretara egokitzen saiatu beharko naiz. Badirudi hortik doala Nafarroako ahalegina eta antzeko zerbait izango dugula Gipuzkoan beste protagonista batzuekin.
Hirugarrena, herritarren mezuak entzun eta interpretatzen jakin beharko nuke. Lau urteko agintaldian herritarren iritziak entzun egin behar dira. Aukerak eta bideak badaude, eta ez da egokia komeni zaigunean bide horiek erabiltzea, eta koherentzia eta hauteskundeetako programa aldarrikatuz gure lan-lerro nagusia kosta ahala kosta martxan jarri nahi dugunean, herritarren eskaerei kasu egin gabe aurrera egitea. Parte-hartzerako egoerak eta tresnak landuko nituzke gobernukideekin (baldin badaude) eta oposizioarekin. Herritarren interesak eta eskubideak helburu. A! eta ahal dudan neurrian zerrenda irekien alde egingo nuke.
Laugarren. Koherentzia aipatu dudanez, hitz majikoa, edozein astakeria justifikatzeko balio duen hitza, Ruiz Gallardón eta Werten kasuak aztertuko nituzke. Nor Ruiz Gallardón baino koherenteagoa, emakume gehienen iritziaren aurka, kosta ahala kosta, abortuaren lege katoliko-atzerakoi bat ezartzen saiatu, eta ezinean dimititu duena? Zer esan hezkuntza komunitateen eta autonomien aurka bere erreforma ezarri duen Wert ministroaren kasu? Biek ala biek argudiatu dute euren programetan agintzen zutena koherentziaz bete baino ez dutela egin. Programarekin koherente izatea bertute bat al da besterik gabe? Norekin izan behar du koherente politikoak, bere programarekin, herritarren eskaerekin ala demokraziaren printzipioekin? Badirudi Nafarroan ulertu dutela herritarren mezua eta programetako hainbat puntu negoziatzeko prest daudela eta egiten ari direla maximalismoak baztertuta.
Bukatzeko umiltasunez jokatzen saiatuko nintzateke. Langile eta irekiak gustatzen zaizkigu euskaldunoi gure agintariak; zintzoak eta ustelkeriaren tentaziotik urruti nahi ditugu. Beste ezaugarri batzuk baloratzen ditugu baina bereziki aurrekoak dira gehien maite ditugunak.
Esandakoak ezinbesteko ezaugarriak dira.Politika maiuskulaz egin nahi bada eta agintaritza onaren eredu izan nahi badugu. Berdin balio dute Gobernua osatzeko, edota galdu izanaren zergatiak aztertzeko.
Azkeneko legealdiak erakutsi digu bidezidorretik joateak oso emaitza kaskarrak ematen dituela. Aurrera egin behar dugula, bai, baina herritarren eskutik. Agian hemen idatzitako batzuk pistak eman diezazkigukete egoera hobeto ulertzeko.
Nire buruan bueltaka dabiltzanak dira idatzitako guztiak. Agian niretako baino ez dute balio. Ez da gutxi!