Argentinara bidaia: inpresioak(VII). Patagonia zeharkatzen.

Chubut meatzeak ustiatzearen aurka.

Esquel utzi beharrean gaude. Bi gau eman ditugu bertan baina denbora gutxi hiria eta inguruak ezagutzeko.
Meatze baten aurkako mugimendu handia dago Esquelen. No a la mina dio mendi batean harriz idatzita dagoen kartel handi batek.
Alertzeen parkean, petrolera batean praktikak egiten ari diren lau ingeniari gazteekin  trikitx egin genuenean gaiaz galdetzeko baliatu genuen unea.  Esquel oso herri berezia da dio batek. Meatzea urrezkoa da, baina ez dute horrelakorik nahi herrian. Nuklear gaien garraioa ere eragotzita dute nahiz eta helburu kirurgikoko tresneria izan. Bai oso bereziak dira hemengoak.
Chubuteko parlamentuan probintzian meatzaritza debekatzeko herri ekimeneko proposamen bat aurkeztu da, baina legegileek aldatu egin dute diputatu ofizialisten botoekin, meatzeak zabaldu ala ez erabakitzea, kokatu daitezkeen herrietan egingo diren erreferendumetan lortutako emaitzen esku utziko da aurrerantzean.

Diputatua urre meatze konpainiako aginduak jasotzen Parlamentuan.

Diputatua urre-meatze konpainiako aginduak jasotzen Parlamentuan.

Oso demokratikoa dirudi, ez balitz saioan diputatu bat harrapatu zutela meatze konpainia bateko gerentearen mezua telefonoz jasotzen, zer aldatu eta zer ez esanaz.

 

Esqueletik Trelewra
Autobus bidaia hau egitea erabaki genuenean Patagonia lurretik ere ezagutu ahal izateko, errepideak ematen duen aukera lehenetsi genuen hegazkinaren erosotasuna baztertuaz. Egunez egin beharra zegoen noski. Goizeko 9etan ateratzen da  autobusa Esqueletik eta 20:20an iristen da Trelew-ra. 602 kilometro dira bi hirien artean. Autobusa ez da gauaz ibiltzen den eroso horietakoa; pisu bakarrekoa eta arrunta da.
Panpan, alde batera nahiz bestera begiratzen baduzu, txakrak eta zuhaitz eskas batzuek urratutako lerro horizontal bat baino ez duzu ikusiko. Behe aldea berde edo gorrixka, marraz gainekoa urdin edo zurixka; gutxitan iluna.
Ibilbidea menditsua da Patagoniako Andeetako paraje hauetan; lehorra. Tarteka ura ere badago eta behiak ikus daitezke bazkan o hausnarrean. Baita insignis landaketak ere. Garbi garbi daude eta ez da pinuaren malorik ikusten. Argentina eta Txilen oso harro daude arboladi eta frutak erasotzen dituzten intsektuak ezabatu dituztelako, eta frutak edo landareak atzerritik eramatea erabat debekatuta dago.

Aldea Epulefera doazen indioak

Aldea Epulefera doazen indiarrak

Autobusera igo diren turista bakarrak gara. Gehienak aurpegi ilun, triste eta espresio gabeko indiar txikiak dira. Maputxeen ondorengoak seguru asko. Bat batean errepidea uzten dugu erripio bide bat hartzeko.
Goizeko 10etan Colan Conhue izeneko herrixka batera iritsi gara. Lehengo bidaiariak jaisten dira. 10:30etan Aldea Epulef dioen kartel baten ondoan geratzen da autobusa eta indiar emakume nahiz gizonezko guztiak jaitsi egiten dira. Bi pick up dituzte zain auskalo nora joateko. Aldea Epulef erreserba bat omen da basamortuaren erdian. Bost pasaiari baino ez gara geratu autobusean.
11:20an nafta postua eta errepidea berriro. 403 km falta zaizkigu oraindik.
Berrogei minutu beranduago  Paso de indiosera iristen da busa. Diotenez 1918an Teodoro Strobl izeneko errementari batek gurdiak konpontzeko tailer bat zabaldu omen zuen urik ere ez dagoen paraje honetan herriaren lehen hazia ereinaz. Antzera jarraitzen dute gauzak. Pintada batek galdetzen du: ¿ El agua nos dará cancer?. Hamabost metrora kartel ofizial dotore batek: Aquí tambien la nación crece.

Bardeetako basamortua ote?

Bardeetako basamortua ote?

Bardeak gogora ekartzen digun tarte batean sartu da autobusa. Hegoaldera mendi baxu, lehorrak, beste aldean ibai urtsua. Chubut ibaia da probintzia zeharkatzen duen ibaia.
14:10ak dira. Las Plumas. Beste geldialdi bat. Norbaitek ontzi bat utzi du urez betetzen grifoaren azpian. Haizeak hautsi egiten du ur hari bertikala eta barrura beharko lukeen urarekin zorua bustitzen du. Lehenago edo beranduago beteko da jabe anonimoaren ontzia denborak ez baitu presarik pago hauetan. Kuboa betetzen den abiaduran ari dira husten herri mortu hauek.
Bidaiari berriak igotzen dira. Lau emakume eta rekete bat dirudien mutil txapel gorri bat. Bertako txapel tipikoa darama. Ogitartekoa jaten dugu autobusetik jaitsi gabe.
Ordu batzuk beharko ditugu sail berdeagoetara iristeko. Galestarren lurraldea: Gaiman, Trelew, Rawson, Madryn… Bateon batek diosku 5.000 direla Patagoniako eskualde honetan gales hizkuntza dakiten pertsonak. Beste batek leundu egin du esaldia. Bere aburuz, 5.000 inguru dira, kanta, elizkizun eta beste hainbat erritoren inguruan galesez biltzen direnak, baina hortik hizkuntza ezagutu eta erabiltzera tarte handi bat dagoela dio.
Cholila eta inguruak Iparramerikarrek hartuak izan ziren bezala, Chubuteko kostan galestarrek hartu zuten egoitza. Erdialdeko basamortua indioentzat geratu da.

Zortzi eta erdiak inguruan iristen gara Treleweko autobus geltokira, hotela hurbil dago.

This entry was posted in bidaiak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude