Xaloa telebistaren aurkezpena Iruñean.

Iritsi da Iruñerrian euskaraz emitituko duen lehen telebista nafarra aurkezteko eguna. Gaur izango da aurkezpen ekitaldia. Hedabideen mundu hau jarraitzen duzuenok izango duzue Baztan Ibarreko telebista xalo honen berri. Legeztatu beharraren beharrez, beretzat hartua zuen esparru naturala gainditu eta Nafarroako hiriburura jauzia ematea erabaki du. Horretarako ehunka euskaltzaleen laguntza jaso du crowdfunding baten bidez karena.eu-k plataformak eskaintzen zion aukera baliatuz.
Ez da euskarazko tokiko hedabideetan azken aldian eraldaketa sakon bat ezagutu duen bakarra. Xaloa Telebistak hedapen esparrua handitu duen bezala, beste batzuek produktuan egin dute eraldaketa, Goienak Puntuarekin adibidez, Interneteko eskaintza berria plazaratu dute Bilboko Uriola.eus-eko kasuan, edota bateratze prozesuen bidez eskaintza hobe bat egiteko pausua eman dute Uribe-Kostan Hiruka proiektu jaio berriak bezala. Ahaztu gabe, Berriak, Goienak eta Gu Geuk elkarrekin Araban proiektu berri bat sortuaz eman duten urratsa.
Hauek guztiak erakusten digute duela hogeita bost urte euskarazko tokiko hedabideak sortzeko ausardia izan zuten aitzindariek jarraipena dutela belaunaldi berrietan, eta egoera eta baldintza berrietara egokitzeko jarrera presente dagoela oraindik gure artean.
Hori guztia ezinbestekoa da geroz eta produktu hobeak kioskoratzeko, saretzeko edo uhinetan jartzeko, baina edozein aldaketak arriskuak dituen legez hauek ere izango dituzte bereak. Berritzea zaila bada, are zailagoa da berrikuntzari eustea.
Lastima da eskaintza zabaldu eta hobetzen den heinean eskariaren aldetik ez  jasotzea mereziko luketen ordaina. Euskaldunak ohituta gaude gaztelerazko egunkari eta aldizkarietan dezenteko diru kopuruak xahutzen urtero, edota ordaineko telebisten seinalea hartzeko hilero diru kopuru bat ordaintzen, baina euskarazko hedabideetan gastatzea aldiz, izugarri kostatzen zaigu.Dohainik ulertzen ditugu; nekez ordainduta.
Irudikatzen al duzue zer litzatekeen gure hedabideen mundua euskaldun bakoitzak urtero hogeita hamar edo berrogei euroko gastua egingo balu euskarazko hedabideak ordaintzen? Urruti gaude helburu horretatik baina uste dut hori lortzeko zerbait egin beharko litzatekeela. Bakarka zaila. Norberak bere bidetik eginda zaila da, baina instituzioek, alderdiek, eragileek, hedabide elkarteek bultzatutako kanpainen bidez zerbait lor daitekeela uste dut benetan.

Baina agian, ezin da gaztelerazko (deitu elebidun nahi izanez gero) produktuak kontsumitu daitezen dauden interes ekonomiko eta ideologikoak handiegiak direlako.

Ni ere Hassana naiz.

Hain modan dagoen esaldia ekarri dut hona Hassanaren alde egiteko. Neuk ere izenpetu dut asilo eskaera eta ez naiz inori firmak oparitzen ibiltzen denetarikoa. Niretzat oso garrantzitsuak izan diren unetan Hassanarekin mahaia partekatzea egokitu zait eta pentsatu dut mutil honek transmititzen duen bake eta maitasuna, eta biziarteko kartzela-zigorra ez datozela bat. Batzuetan azkar ezagutzen da jendea beren begiradarekin edo ahotsarekin.
Seguru asko bil ditzakegun firmak ez dira nahiko izango Espainiako Barne Ministroaren ahotsak transmititzen duena Hassanaren begiek islatzen dutenaren aurkakoa delako: harrokeria, autokonplazentzia eta eskuin muturreko lerdokeria.
Agian aurrez galdutako ekimen justu baten alde ari gara, baina merezi du zure aletxoa jartzea zure firma hemen boteaz. Horrela giza eskubideen alde borrokatzeko aukera eskaintzen duen webgune bat ezagutzeko aukera ere izango duzu aurrez bere berri izan ez baduzu. Eskerrik asko
Zurekin gaude Hassana!

Argentinara bidaia: inpresioak. Amaiera.

Amaiera:

Azaroaren 27an Treleweko aireportuan gara Buenos Aireserako hegazkina hartu zain. Sei ordu beranduago aterako da Aerolineaseko enplegatuek greba egitea erabaki dutelako autobusetako sindikatuek deitutako grebarekin elkartasunez. Greba arratsaldeko zazpi eta erdietan amaitzen omen da, eta hortik gure hegaldiaren atzerapena. Gurea behintzat ez da bertan behera gelditu beste bi bezala. Bertan behera geratu diren hegaldietako bidaiariak etsituta ikusten ditugu. Bilbotar bikote gazta batek hurrengo goizeko 5etan izan behar du Buenos Airesen baina hegaldi gabe daude. Azkenean El Calafatera bidali zituzten handik Buenos Airesera joateko. Ezeizako aireportura parean iritsi ginen.
Antza Areolineasek sarri egiten duen jokaldia da. Bizpahiru barne-hegaldi baldin baditu programatuta, ordu desberdinetan, bete ez direnetako pasaiariak bestean edo besteetan sartu eta gastuak murrizten ditu zerbitzuak kenduta. Greba aitzakia ona da, baina geroago jakin genuenez goizeko 7:30ean amaitzen zen eta ez 19:30ean.

Trelew-en izan garen hiru egunetan familia argentinar batekin egin dugu tril. Eurak Puerto Madrynen zeuden ostatu hartuta gu ez bezala, baina noranahi joanda ere hantxe agertzen zitzaizkigun. Gizonezkoa erretiratu gazte bat da. Argentinan irakasleak 50 urterekin erretiratzen dira dioenez. Autoa alokatu digun gizon abegikor eta berritsua ere erretiratuta dago baina lanean jarraitu beharra omen du erretiroko diruarekin ezin baita hil amaierara iritsi. Hau ere aireportuan dugu lagun.
Sei orduko atzerapenarekin iritsi arren zain dugu Jean Remi Gran Dora Hotelera eramateko. Gran Doran Jorge Luis Borgesek ematen zituen orduak, Maipú kalean hoteletik gertu bizi izan zen denboran.
River eta Bocaren arteko errebantxaren amaiera ikusten dugu kale ezkinako jatetxean zerbait jaten dugun bitartean. Riverrek egin du aurrera tabernan dauden Bocazaleak depresioan eta suminduran murgilduaz.

Biharamuna azken eguna dugu Buenos Airesen. Argazki kamera gabe, erloju gabe eta diru justuarekin ateratzen gara kalera Jean Remiren aholkuak jarraituaz. Biolentzia ikaragarri hazi da Argentinan. Azken hamar urteetan 3.000 hildako izan omen dira. Berak ez du sekula arazorik izan erlojurik eta ageriko bitxi edo dirurik ez duelako kalean eramaten. Gauza bera egin dugu.

Florida kalera joan, azken dolarrak trukean eman (beltzean noski) eta tango ikuskizun bat ikusteke Argentina uztea lotsagarria litzatekeenez bat edo beste aukeratu beharrean gaude. La Viruta gomendatu zigun Jean Remik, merkea, klaseak ematen dituzte baina ez dugu astirik eta urruti dugu. Florida kaleko Borges kultur-etxean (Galerías Pacíficon) aurkitu dugu: Pasión de Tango. Hor ematen ditugu gure azken eguneko azken orduak. Merezi izan du.
Etorkizun iluna.
Argentinak, Venezuela edo Chilek, oso urte onak izan dituzte 2.007tik gaurdaino, Europa eraikuntzaren espekulazio eta burbuila finantzarioarekin batera lehertutako krisi gaindi ezinean murgilduta bizi izan den bitartean. Parean, lehengaien prezioek (soia, kobrea edo petrolioa) gora egin dute eta dirua barra-barra egon da. Argentinaren kasuan ez dakit gastuak behar adina kontrolatu ote diren. Agian horregatik agertzen zaizkizu batzuk Gobernuaren politiken alde sutsuki eta besteak aurka indar berarekin.
Baina lehengaien prezioak beherantz doaz abiadura bizian. Txinaren kontsumo beharrak apaldu direla diote, baina beste faktore batzuk ere badira. Prezio altuak direla eta, lehengai batzuen eskaintza areagotu egin da mundu zabalean, eta agian, eta hau arriskutsuagoa da ekonomia hauentzat, mendebaldeko burbuilatik ihesi lehengaien merkatuan aterpea aurkitu zuen diru espekulatzaileak merkatu hauetan  irabazteko zuena irabazita, beste burbuila batzuen bila abiatu da.
Etxeko lanak ondo egin ez dituztenek urte gogorrak dituzte aurretik. Ez dut uste Argentina etxeko lanak ondo egin dituenen multzoan egongo denik. Denborak esango digu.

Gaur jakin dugu AMIAko atentatuko eragileak babestearren Cristinaren gobernuaren aurka salaketa (bat gehiago) aurkeztu zuen fiskala, suizidatuta agertu dela.

Argentinara bidaia: inpresioak. Trelew(VIII)

Trelew, (Lewis-en herria).

Trelewek zoritxarreko ospea irabazi zuen 1972an komando batek bahitutako hegazkinean ehun preso iraultzaile espetxetik ihes egiten saiatu zirenean. Egindako huts eta okerren ondorioz, gutxi batzuk iritsi ziren hegazkina hartzera, eta geratu zirenetatik, 19 fusilatu egin zituzten militarrek. Hamasei zerraldo geratu ziren bertan.

2014ko azaroaren hogeita lauan iritsi gara Trelewera. Astelehena, baina jai eguna da: Argentinaren soberania eguna. Berez hogeian da, baina astean zeharreko jaiak astelehenera pasatzea erabakita dute. Honela barne turismoa sustatzen dute. Bertakoek diotenez Argentina munduan jai-egun gehien daukan herrialdea da.
2014an 17 jai egun gutxienez, erlijiosoak aparte. Horiek nahiko ez eta beste hiru egun ezarri ditu funtzionarioentzat urtearen amaieran Cristina Fernandezen Gobernuak azken orduko dekretu baten bidez: abenduaren 24a, 31 eta urtarrilaren 2a. Horrela, 24tik 27ra arte, eta 31tik urtarrilaren 4ra arte, jai izan dute langile publikoek.

Pinguino eta baleak.

Kaleak hutsik eta zikin aurkitu ditugu Trelewera iritsi garenean. Busetik jeitsi eta oinez joan gara Touring Clubera (Su antiguo comedor transformado vale que le echéis un vistazo. Mirad la colección de botellas y copas de cerveza. La caja de la escalera es fantástica: Habitaciones sencillas y limpias… dio Trotamundosek 2002ko edizioan).

Touring Clubeko konfiteria (Internetetik jeitsitako argazkia).

Touring Clubeko konfiteria (Internetetik jeitsitako argazkia).

Txirrina jo behar mutil beltzaran gazte batek atea ireki dezan. Sartu eta argi gabeko gela desberdinak. Konfiteria handi bat eta bertako besaulkietan lau lagun eserita.
Argazki zaharrak hormetan, botila zaharragoak apaletan, eta Asturiasetik 1949an etorritako amona zaharragoa (90 urte ditu) barra ostean ezkutatuta: Pepa.Semeak egin digu harrera, eta amona afal ondoan (bertan afaltzea erabaki dugu jatetxerik zabalik ez dugulako aurkitu) bildu zaigu Asturias patria querida kantatzeko. Gogor dago laurogeita hamar urteko anderea.
Hoteleko kafetegia eta eskaileretan gora eta behera, Butch Cassidy eta Sundace Kid, Roca Presidentea, Saint-Exupéry idazle eta hegazkinlaria, Fangio eta beste hainbat pertsonai ospetsu irudikatu ahal izango dituzu. Historia eta pasadizoak lehenetsi ordez erosotasuna nahiago baduzu, hobe beste hotel bat hautatzea.
Iritsi garenean hiri hil bat ematen duen arren, Peninsula Valdeserako autobus txartelak lortu ditugu zabalik aurkitu dugun agentzian. Pesorik ez dugu: bezperan jai, egun ere jai, eta ezin trukerik egin. Bidaia agentzian ere ez dute dolarrik hartzen. Trelewen ez dago moneta merkatu beltzik. Agian Casinoan lortu ahal izango ditugula pesoak diosku agentziako neskak. Kexu da dolarrak erostea mugatuta eta kontrolatuta, eta behar baino gehiago erosiz gero zigortuta dagoelako. Atzerrira joan nahi duen argentinarrak %35eko tasak ordaindu behar izaten omen ditu. Agentziako neska joan den urtean Turkiara joan eta ondoren ikertua izan zen bidaiarako erosi zituen dolarrengatik. Antza, atzerrirako bidaiei oztopoak jarriaz eta zubiak gehituaz, barne turismoa bultzatu nahi dute. Agintarientzat negozioa.IMG_2254

Baleak, pinguinoak, itsas elefante eta itsas lehoiak ikusteke ezin izango duzu inguru hauetatik alde egin. Horretan eman ditugu gure egunak.

Lehenengoan Península Valdeseko baleak ikusi ondoren, Punta Tombora egin genuen bigarrenean. Euskaldun artzain edo estantzia jabeen aztarnak ere ikusten dira: Uzkudun, Garaialde, Comodoro Rivadaviarako errepidearen bazterrean irakur daitezkeen herri izenak dira.
Punta Tombon pinguino lotsa gabeak dira nagusi. Bidea zure aurretik gurutzatzen dute axolagabeki hain berea duten ibilera baldar, handinahi baina barregarriarekin. Bikoteek kumeak elikatzen dituzte. Arrek borrokan egiten dute habiaren ondotik pasatzen diren beste arrekin, uretara joaten dira garbitzera, igeri egin eta ehizara. Denbora konturatzeke joaten zaigu izaki baldar eta maitagarri hauek osatzen duten anabasari begira.
IMG_23281

Bidaia-egunak agortzen ari zaizkigu eta itzuleran pentsatzen hasi beharra dugu. Biharamunean Buenos Airesera hegan egin behar dugu.

Argentinara bidaia: inpresioak(VII). Patagonia zeharkatzen.

Chubut meatzeak ustiatzearen aurka.

Esquel utzi beharrean gaude. Bi gau eman ditugu bertan baina denbora gutxi hiria eta inguruak ezagutzeko.
Meatze baten aurkako mugimendu handia dago Esquelen. No a la mina dio mendi batean harriz idatzita dagoen kartel handi batek.
Alertzeen parkean, petrolera batean praktikak egiten ari diren lau ingeniari gazteekin  trikitx egin genuenean gaiaz galdetzeko baliatu genuen unea.  Esquel oso herri berezia da dio batek. Meatzea urrezkoa da, baina ez dute horrelakorik nahi herrian. Nuklear gaien garraioa ere eragotzita dute nahiz eta helburu kirurgikoko tresneria izan. Bai oso bereziak dira hemengoak.
Chubuteko parlamentuan probintzian meatzaritza debekatzeko herri ekimeneko proposamen bat aurkeztu da, baina legegileek aldatu egin dute diputatu ofizialisten botoekin, meatzeak zabaldu ala ez erabakitzea, kokatu daitezkeen herrietan egingo diren erreferendumetan lortutako emaitzen esku utziko da aurrerantzean.

Diputatua urre meatze konpainiako aginduak jasotzen Parlamentuan.

Diputatua urre-meatze konpainiako aginduak jasotzen Parlamentuan.

Oso demokratikoa dirudi, ez balitz saioan diputatu bat harrapatu zutela meatze konpainia bateko gerentearen mezua telefonoz jasotzen, zer aldatu eta zer ez esanaz.

 

Esqueletik Trelewra
Autobus bidaia hau egitea erabaki genuenean Patagonia lurretik ere ezagutu ahal izateko, errepideak ematen duen aukera lehenetsi genuen hegazkinaren erosotasuna baztertuaz. Egunez egin beharra zegoen noski. Goizeko 9etan ateratzen da  autobusa Esqueletik eta 20:20an iristen da Trelew-ra. 602 kilometro dira bi hirien artean. Autobusa ez da gauaz ibiltzen den eroso horietakoa; pisu bakarrekoa eta arrunta da.
Panpan, alde batera nahiz bestera begiratzen baduzu, txakrak eta zuhaitz eskas batzuek urratutako lerro horizontal bat baino ez duzu ikusiko. Behe aldea berde edo gorrixka, marraz gainekoa urdin edo zurixka; gutxitan iluna.
Ibilbidea menditsua da Patagoniako Andeetako paraje hauetan; lehorra. Tarteka ura ere badago eta behiak ikus daitezke bazkan o hausnarrean. Baita insignis landaketak ere. Garbi garbi daude eta ez da pinuaren malorik ikusten. Argentina eta Txilen oso harro daude arboladi eta frutak erasotzen dituzten intsektuak ezabatu dituztelako, eta frutak edo landareak atzerritik eramatea erabat debekatuta dago.

Aldea Epulefera doazen indioak

Aldea Epulefera doazen indiarrak

Autobusera igo diren turista bakarrak gara. Gehienak aurpegi ilun, triste eta espresio gabeko indiar txikiak dira. Maputxeen ondorengoak seguru asko. Bat batean errepidea uzten dugu erripio bide bat hartzeko.
Goizeko 10etan Colan Conhue izeneko herrixka batera iritsi gara. Lehengo bidaiariak jaisten dira. 10:30etan Aldea Epulef dioen kartel baten ondoan geratzen da autobusa eta indiar emakume nahiz gizonezko guztiak jaitsi egiten dira. Bi pick up dituzte zain auskalo nora joateko. Aldea Epulef erreserba bat omen da basamortuaren erdian. Bost pasaiari baino ez gara geratu autobusean.
11:20an nafta postua eta errepidea berriro. 403 km falta zaizkigu oraindik.
Berrogei minutu beranduago  Paso de indiosera iristen da busa. Diotenez 1918an Teodoro Strobl izeneko errementari batek gurdiak konpontzeko tailer bat zabaldu omen zuen urik ere ez dagoen paraje honetan herriaren lehen hazia ereinaz. Antzera jarraitzen dute gauzak. Pintada batek galdetzen du: ¿ El agua nos dará cancer?. Hamabost metrora kartel ofizial dotore batek: Aquí tambien la nación crece.

Bardeetako basamortua ote?

Bardeetako basamortua ote?

Bardeak gogora ekartzen digun tarte batean sartu da autobusa. Hegoaldera mendi baxu, lehorrak, beste aldean ibai urtsua. Chubut ibaia da probintzia zeharkatzen duen ibaia.
14:10ak dira. Las Plumas. Beste geldialdi bat. Norbaitek ontzi bat utzi du urez betetzen grifoaren azpian. Haizeak hautsi egiten du ur hari bertikala eta barrura beharko lukeen urarekin zorua bustitzen du. Lehenago edo beranduago beteko da jabe anonimoaren ontzia denborak ez baitu presarik pago hauetan. Kuboa betetzen den abiaduran ari dira husten herri mortu hauek.
Bidaiari berriak igotzen dira. Lau emakume eta rekete bat dirudien mutil txapel gorri bat. Bertako txapel tipikoa darama. Ogitartekoa jaten dugu autobusetik jaitsi gabe.
Ordu batzuk beharko ditugu sail berdeagoetara iristeko. Galestarren lurraldea: Gaiman, Trelew, Rawson, Madryn… Bateon batek diosku 5.000 direla Patagoniako eskualde honetan gales hizkuntza dakiten pertsonak. Beste batek leundu egin du esaldia. Bere aburuz, 5.000 inguru dira, kanta, elizkizun eta beste hainbat erritoren inguruan galesez biltzen direnak, baina hortik hizkuntza ezagutu eta erabiltzera tarte handi bat dagoela dio.
Cholila eta inguruak Iparramerikarrek hartuak izan ziren bezala, Chubuteko kostan galestarrek hartu zuten egoitza. Erdialdeko basamortua indioentzat geratu da.

Zortzi eta erdiak inguruan iristen gara Treleweko autobus geltokira, hotela hurbil dago.

Argentinara bidaia: inpresioak(VI). Esquel.

Patagonia bidelapurren ezkutaleku.
40 errepidea Epuyen pasa ondoren utzi, eta 71. hartuta, Cholilara iristen da. Denbora urriak ez zigun eman El Bolsonen edo Cholilan egun batzuk emateko aukerarik. Lehenengoa ezaguna da duela urte batzuk munduko alternatibo eta hippien (zentzu onenean) bizileku bihurtu zelako, eta bigarrena arrazoi erromantikoak bai, baina ez hain bakezaleengatik, Butch Cassidy eta Sundance Kid iparamerikar lapur famatuak bertan egin zutelako euren bizitzan etenaldi bat jarduera bortitzetatik ihes egin nahian, ezkutatu, eta abeltzain umil eta langile bihurtzeko asmoarekin.
Bi hauek ezagun egin zituzten Paul Newman eta Robert Redfordek, gazteleraz Dos hombres y un destino izenburua zeraman filmean.
Baina iragana setatia da, eta beti dago gure alboan norbait izan garena gogora arazteko, edota  ahaztutako gure pasadizo eta bizimoduaren berri errukirik gabe emateko besteei. Eta horrela gertatu zitzaien. Beste bidelapur batzuk ere agertu ziren Patagonian eta haien arrastoa jarraituaz edo, gure bienak aurkitu zituzten detektibeek, eta 1901etik 1905 arte bizileku izan zuten Cholikako etxola utzi egin behar izan zuten
Antza, 1908an, Aramayo Francke &Cía meatze konpainiaren nominak ordaintzeko dirua zeraman ordaintzaileari 15.000 $ (peso?) lapurtu zizkioten bide bazterrean, ustez 80.000 zeramanean. Hortik etorri zitzaien galbidea Bolivian. Duela ez hainbeste, 1991an euren hilobia zabaldu zuten bertan lurperatuta zeutzatela frogatzeko baina meatzari alemaniar baten hondakinak baino ez zituzten aurkitu.

Esquelera
Esquelerako autobuseko bigarren pisuko lehen ilaran hartu ditugu txartelak bi hirien artean dauden 292 kilometroak egiteko. Ondoko besaulkietan bi ume jolas egiteko gogoarekin. El Bolsonera doaz lehengusu baten urtebetetzea ospatzeko asmoz. Villa Angosturakoak dira. Bezperan Barilochera jaitsi dira osaba baten etxean lo egiteko, eta gaur beste lau ordu dituzte aurretik gure bidaia animatzeko. Baita aspertzeko, horretarako ere bageneukan astia eta.

Mila miletako autoak Esqueletik barilochera

Mila miletako autoak Esqueletik barilochera

Bost ordu eta laurden luze behar omen dira 292 kilometroak egiteko. Barilochetik irtetean ikusi dugu guztia ez dela polita, villak ere badaudela edertasuna saltzen duen hiri honen kanpo aldean.
Hasiera batean errepidea estua eta bihurgune askokoa da; isats loredunek kolore bizi horiz margotzen dituzte errepide bazterrak. Kontrako norabidean datoz mila milak egiten ari diren auto zaharrak eta hori ere entretenigarria gertatzen zaigu. El Bolsón pasatu dugu, Epuyen ere bai, eta hemendik aurrera paisaia eta errepidea aldatu egiten dira, lauagoa eta bide zuzenagoa.
Lau ordu daramatzagu 80 kilometroren faltan baina orain abiadura irabazten du autobusak eta zortziak eta berrogeian, Esquelen gaude hamar minutuko atzerapenarekin.
Informazioko bulegoa zabalik da oraindik autobus geltokian. Alertzeen Parkerako autobusen ordutegia galdetzen dugu. Zortzietan ateratzen da mikro txiki bat nahiko bidaiari baldin baditu. Bihar igandea denez seguru baietz diote.
Etor zaitezte 8ak laurden gutxitan eta ondoko postu horretan txoferrak berak salduko dizkizute txartelak.
Esquel Argentinako barne aldeko hiri klasikoa da: 100×100 metroko etxadiek sare laukidun bat osatzen dute. Kaleetan ez da beste hirietako turismo atzerritarra nabaritzen eta nahi izanez gero prezio onean jan daiteke erretura bikain bat. Ederra prestatu ziguten afaltzeko Mariaren parrilan.

Hurrengo goizean, 7:45ean autobus geltokian gaude eta bezperan informazio bulegoko mutilak esan bezala, autobus txiki bat iristen da. Txoferra behar duen kapeladun gizona hurbiltzen zaigu eta txartelak saltzen dizkigu. Bost metrora, Emakume batek txartelak eskatzen dizkigu mikroaren atean; lanaren espezializazioa edo banaketa deitzen zaio honi. Txoferrak, nora joan, ze ibilbide egin eta era guztietako azalpenak ematen dizkigu agentzia bateko gidaria bailitzan. Gomendatu digun tokian geratzen da jaitsi gaitezen berak bidaia jarraitu behar du eta. Arratsaldean, 7ak inguruan non izango garen hitzartu ondoren jarraitzen du.

Alertza zahar eta erraldoia

Alertza zahar eta erraldoia. Internetetik jaitsitako argazkia

Gurekin batera neska aleman bat jeitsi da. Diana du izena eta Argentina iparretik hegora ari omen da ezagutzen. Bi hilabete eta erdi daroa Saltatik  autobusez atera zenetik. Biharamunean hamaika ordu t’ erdi egin behar ditugula esaten diogunean ez zaio asko iruditzen berak hogeita batekoa baitauka El Txalteneraino. Hogeitabost ordu asko iruditzen zaizkio. Hortik beherakoak eramangarriak. Berak bere bidetik eta guk guretik egin dugu  euripean eta Laku Berdeko behatokira goaz. Paraje ikusgarriak, Txileko mugatik gertu dauden laku erraldoiak, baina mendira ateratzen garen guztietan bezala blai-blai gaude konturatu orduko. Hala ere parkeko floraz gozatzen dugu bertako zuhaitz erraldoiak ikusiaz.

Parque Nacional de los Alerces-en  gaude. Alertze Zaharrenak (fitzroya cupressoides…) 2.900 urte omen ditu baina ikusteko lauzpabost orduko joan-etorria egin behar omen da itsasontziz eta nahiko nabigatu dugula pentsatzen dugu. Arratsaldean hitzartutako orduan dator mikroa gure bila. Neska alemana, Kordobako ingeniariak eta gu biok gaitu zain.

Biharamun goizean Trelewerako busa hartu behar dugu, eta nahita arren ezin izango gara La trochita tren famatuan ibili, ezta ikusi ere. Hurrengorako utzi beharko dugu.

Cortiellas eta Ciellas.

Bi herri hauek, Cortiellas eta Ciellas, Huescako Sobremonten daude. Aspaldi baztertu zituzten bertako biztanleek etorkizun oparo baten bila. Aurreko mendeko hirurogeiko hamarkadan geratu ziren soro eta harriak bakarturik. Yebra de Basako udalekoak direla jakin dut, baina bertaraino Olivanetik (Biescas) joan nintzen pista gogaikarri eta amai ezin bati jarraituaz. Hiru ordu eta erdi beharko dituzu Cortiellaseraino, oinez, Basaraneko lepoan mokadu bat egiteko tartea barne.

Telefonoarekin hartutako argazkiak dituzue hemen. Kamera eskas eta fotografo okerragoarekin ezin  emaitza hoberik eskaini.

Cortiellaseko kalea

Cortiellaseko etxeak.

 

Cortiellaseko etxe hondakinak. barrenean Ciellasekoak ikus daitezke.

Cortiellaseko etxe hondakinak. Barrenean Ciellasekoak ikus daitezke.

Cortiellaseko eliza izan zena.

Cortiellaseko eliza izan zena.

Ciellaseko argazki eskasa Cortiellasetik

Ciellaseko argazki eskasa Cortiellasetik.

Cortiellaseko kalea.

Cortiellaseko kalea.

Argentinara bidaia: inpresioak (IV). El Calafate

Zenbateko ustelkeria?

Argentinako azken presidenteen propietateen erdigunera iritsi gara. Hotesur, Hotel Alto Calafate, Resort Los Sauces dira Kirchnertarren ondasunetako batzuk. Ezagunenak. Kempinski Hotel Patagonia, Los Alamos, zuzenean ez bada, zeharka bederen, Kirchnertarrekin lotuta daude. Karrera politikoa, lotsa ezagutzen ez duten handiki askok aberasteko egiten duten bidea da. Hortik asko ikasi genezake estatuan, baina Argentinan maisuak dira.
Hotesurren irregulartasunak ote dauden susmoarekin ikerketa bat zabaldu zuen epaile batek. Ez daki ondo zertan sartu den. Orain Kirchnertarrekin lotura duen  enpresa batek kudeatzen du hotela. Familiako bazkide ospetsuenari 15 milioi euroko kontu bat aurkitu diote Suitzako banku batean. Austria aldera ere joan dira ikerketak han ere zerbait ote dagoen. Urak nahasi datoz Santa Cruz ibaian behera.

El Calafateko goi aldea

El Calafateko goi aldea

Hosteleko neskek aireportura eramango gintuen konfiantzako taxizale bat deitu ziguten El Calafatetik alde egiteko aireportura joan behar genuenean.
Bidea isilik ezin egin, eta taxiko gidariari galdetu genion presidente anderearen hotelagatik egun horietan egunkarietan bolo-bolo zebilelako epaile batek hotelaren aurka abiatutako ikerketa.
-¿Cual de ellos? Erantzun zigun.
-Irregulartasun batzuk aurkitu dutena. Erabili gabeko gelengatik fakturak enpresario lagun bati eta halakoak.
-A ez! Gela horiek beti daude okupatuta. Gainera horrelakoak leku guztietan gertatzen dira. Zuenean ez ala?
-Bai, baina gutxienez haserretu egiten gara. Ez ditugu holakoak hain erraz onartzen nahiz bata bestearen atzetik sartzen dizkiguten.
-Aizu! Nik ez dut politikaz ulertzen, baina niri Gobernu honekin ondo joan zait eta pozik nago. Lana daukat, turismoa berpiztu du…
Espainia 37. tokian kokatzen da munduko ustelkeriaren zerrendan. Argentina 107. da neurtutako 174 herrialdeen artean.

Glaziar ikusgarriak.
El Calafate asko hazi da azken urte hauetan eta bereziki Kirchnertarrek turismoari emandako bultzadari esker. El Calafatek 21.232 bizilagun dituela dio Wikipediak, Trotamundoseko 2002ko gidak berriz, 3.500 ematen zizkion. Hamabi urtetan zazpiz biderkatu da populazioa. Jende gazte asko, kanpotik etorria. Argentinako hiriburutik, baina baita ere atzerritik. Nyc deitzen diete bertakoei: nacidos y crecidos en Calafate.
Sir Thomas hosterian ( hotela, baina zerbitzu gutxiagorekin, adibidez ez du tabernarik edo jatetxerik) hartu genuen ostatua etorri aurretik. Gaur Hostel (logela eta sukalde komunak eskaintzen dituen ostatua) bihurtzeko bidean da. Bla! du izen berria. Ohea 17 dolarretan duzu eta sukaldean zure janariak atontzeko aukera eskaintzen dizu. Bidaiaren kostuak estutzeko modua da. Haatik eskatuta geneukan gela gorde egin digute.
El Calafate garestia da. Ardo kopa batek 40 peso balio ditu edozein tabernetan. Buenos Aireseko prezioak dira. Janariaren prezioa normalagoa da eta 200-300 pesotan afaldu daiteke, okela plater bat eta zerbeza aukeratuz gero: zopa 40 peso, bifeak 170, eta zerbeza 40 izan daiteke menu bat eta bere kostua 23,8 eurotan. Merkeagoak ere aurki daitezke.
Jatetxe eta dendetan 11-12 peso eskaintzen dizute dolar bakoitzeko. Ez daukazu merkatu beltzera joan beharrik. Arrisku gutxiagorekin lortuko duzu truke on bat. Ez Buenos Airesekoa baina ofiziala baino dezente hobea.

Perito Moreno glaziar ikusgarria

Perito Moreno glaziar ikusgarria

Hemen glaziarrak ikustera joatea da eginkizun bakarra. Perito Moreno ikustera gure kasa joan ginen autobus geltokian txartelak hartuta; 300 peso autobusa eta 210 Glaziarren parkean sartzeko europarra baldin bazara. Tarifak desberdinak jatorriaren arabera: Argentinarrena (lana dutenak, langabeak, jubilatuek edo haurrek desberdin ordaintzen dute), Mercosurrekoena, eta munduko beste herrialde guztietakoena. Upsala eta Spegazzini ikusteko berriz itsasontzia hartzea ezinbestekoa da.
Glaziarrera iristeko 80 kilometro egin beharra dago errepidez. Bide ertzeko lurrak hobeak ematen dute eta estantzia pare bat ikusten dira. Ardiak batean eta abelburuak bestean. Hereford arrazako behiak hektarea konta ezineko lur sailetan bazkatzen.

 

Upsala glaziarra. Amaieran 60 metroko altuera du.

Upsala glaziarra. Amaieran 60 metroko altuera du.

Hurrengo egunerako Solo Patagonia agentzian hartu genituen Upsala eta Spegazzini glaziarrak ikustera joateko txartelak. Quo Vadis ontzian egiten da bost orduko bidaldi ikusgarri bezain aspergarria. Etorkin galiziar batek diost ontzia presidente anderearena dela. Ez dago pozik 200 euroko erretiroa daukalako eta lanean jarraitu beharra biziko bada. Epelak esaten ditu gobernuaren aurka. Dioenez itsasontzia ere Cristinarena da. Fernandez batena dela ziurtatu ahal izan dut baina ez Fernández de Kirchnerrena. Agian partizipazioren bat? Testaferro bat?

Zoritxarrez, Viedma eta Argentino lakuak elikatzen dituzten glaziarrok atzeraka ari dira munduko gehienak bezala. Diotenez Upsalak zazpi kilometro galdu ditu 10 urtetan.

 

Izeberga Argentino lakuan

Izeberga Argentino lakuan. Alderatu ezkerreko ontziarekin

Argentinara bidaia: inpresioak(V). San Carlos de Bariloche.

Argentinan gaude baina Txile ez da urruti. Andeetako eta bereziki Patagoniako Argentina eta Txile arteko mugak XIX mendearen amaieran adostu zituzten bi estatuek eta adostu ez zirenetan ingeles bitartekari edo arbitroak erabaki zituen. Langintza hauetan Francisco Pascasio Moreno (Perito Moreno) paleontologo ezaguna, Clemente Onelli eta Emilio Frey topografoak ibili ziren langile eta indio askorekin batera. Mugak beraz, XX. mendearen hasiera arte ez ziren ezagutu, eta pentsatu behar dugu alde bateko eta besteko indioen joan-etorriak eta borrokak eten gabeak izan zirela gizon txuria iritsi zen arte. Berez, tehueltxeen araukanizatze prozesu batez hitz egiten da.

Lemay ibaiak sortutako ibar sorgindua (Valle Encantado)

Lemay ibaiak sortutako ibar sorgindua (Valle Encantado)

El araucano y el tehuelche tienen las mismas costumbres, sólo que aquél, habitante de tierras más fértiles y de climas más benignos, es nómada por excepción, y, en consecuencia, es también un poco agricultor: el segundo está obligado a cambiar periódicamente de sitio para dar alimento a sus grandes yeguadas y a sus pocas ovejas.
Mapucheek tehueltxe argentinarrak hartu zituzten mendean eta ondoren zurien ohitura eta indarrak egin zuten beste guztia:
Ahora, a su vez, se han visto desalojadas y casi aniquiladas por el invasor blanco y los temibles auxiliares que lo acompañan: el alcohol y las enfermedades contagiosas, que hacen estragos en estas razas.
Hauek guztiak Clemente Onellik idatzi zituen Trepando los Andes (1904. urtean).

San Carlos de Bariloche.

Nahuel Huapi lakua

Nahuel Huapi lakua

Bariloche ikaragarri polita da. Are gehiago inguruak: lakuak, mendiak, eski estazioak, mendi tontorren elurra, basoen berdeak eta Nahuel Huapi lakuaren urdinak Europa erdiko edo iparraldeko paraje ederrenak ekartzen dituzte gogora. Hiria zainduta dago, eta bertako zerbezak, jaki ketuak eta txokolategiek beste nonbaiten zaudela pentsa arazten dizute ez balitz gaztelera delako kaleetan nagusi den hizkuntza.

Autoa alokairuan hartu genuen Andeetako lehen biztanle eta kolonizatzaileek egindako bideak eta ezagututako tokiak ikuskatzeko asmotan. San Martin de los Andesera joan-etorria derrigor egin behar den horietakoa da. Nahuel Huapi Lakutik sortzen den Limay ibaia jarraitzen dugu Valle Encantadotik barrena. Nonahi ikusten ditugu arrantzaleak gerriraino uretan sartuta.Ur gardenek eta eite kuriosoak dituzten harkaitzek izen hori oparitu diote ibarrari.

Traful ibaiarekin bat egiten duen arte jarraitzen dugu errepidea. Bide gurutzean ezkerretara hartzen dugu erripioko bidea hartuaz. Hala ere nahiko ondo zaindua. Villa Traful izen bereko lakuaren ertzean zuhaitz erraldoi artean dagoen eta ikusten ez

Traful lakua

Traful lakua

den herria da. Paisai ikusgarriz dotoretua, turismogune garrantzitsua bihurtzen da udan bake bila edo arrantza egarriz dabiltzanentzat. Berriro errepidetik, San Martineraino iristen gara San Martinek mendi ibilaldiak eskaintzen ditu Lanin sumendia… Ez dugu denborarik eta zerbait jan ondoren Villa La Angosturan zehar Barilochera iristen gara zazpi lakuetako ibilbidea egin ondoren.

Bocak eta Riverrek jokatzen dute galdu ezin den klasikoa. Ezin partida ikusi gabe hoteleratu. Txarra oso, eta gogorregia gertatu da. Husna amaitu zen eta horrela jarraituko zuen bi luzapen eginda ere.
Beste egun bat daukagu eta autoa erabiltzeko modua dugunez, Bariloche inguruko laku eta laku abarrak ezagutzeko erabiltzen dugu eguna. Asador Julianen afaldu genuen. Aranda de Dueroko mutil batek hartu gaitu jatetxean. Gustura dago gurekin hitz egiten. Elgoibarren izan omen zuen neskalaguna. Behin joan eta autoko gurpilak zulatu eta karrozeria marratu zioten. Burgosko matrikula. Osterantzean ondo tratatu zutela dio. Hangoak ahaztu eta bere buruari frogatu nahi omen zion zerbait egiteko gai zela eta horregatik etorri omen zen futbol, ekonomia eta parrila kontuez guztia dakitenengana parrila bat nola pizten zen jakin gabe. Gaur negozioa ondo doakio eta ez omen du itzultzeko asmorik.

San Martin de los Andesen mila miletako lasterketan parte hartzen ari diren bi auto.

San Martin de los Andesen mila miletako lasterketan parte hartzen ari diren bi auto.