Gai delikatu honetaz idazteko gogoa behin baino gehiagotan izan dudan arren, beste hainbatetan jarri diot frenoa nire buruari, duela gutxira arte euskarazko tokiko komunikabide batean eta tokiko hedabideen elkartean jardun naizelako lanean. Parte izan garenok iritzia kutsatuta edukitzeko arriskua izan ohi dugu.
Gaur herriko aldizkarian berriro irakurri dut Eusko Jaurlaritzak (EAJk dago idatzita aldizkarian) Berriari egindako murrizketez aipamena. Testuinguruak eta nork dioen gutxienekoa dira. Kezkagarriena da hilabete pasa ondoren, eta sektoreak esleipen hau eta beste batzuk irentsi dituenean gaiari bueltaka jarraitzen dugula, sektoreko kide bat hobetsiz, besteen. Eta ez deritzot justua.
Aurreko beste administrazio bateko arduradunek beste irizpide batzuek erabiliaz, tokiko aldizkari txikiak kaltetu zituzten ebazpenak onartu zituzten. Aldizkari asko, maiztasuna aldatu, kolorea eta orriak gutxitu, eta beste erabaki batzuk hartu beharrean aurkitu ziren, hain zuzen, irismena bezalako irizpiderik ez zelako kontuan hartu. Isil isilik jarraitu zuten lanean.
Baztanen jardunean dagoen telebista bakarra, Iruñerrian emititzeko lizentzia lortu berri duena, urtetan egon da diru-laguntzarik jaso gabe, deialdiek, falta zuen baimen administratiboa exijitzen ziotelako behin eta berriz. Xorroxin irratiko herrikideek bezalaxe, EREan, edo okerrago kobratu gabe lanean jardun behar izan dute. Aurten dirudienez zerbait jaso dute, eta laguntza horrek beste batzuen patrikak hustetik etorri behar.
Zer esan Sakanako Guaixek edo Anbotok edo beste hainbatek aurreko urteetako deialdietan izan zituzten murrizketez eta jasan zituzten zailtasunez? Gaur, euren irismena eta efizientzia onartzen zaielako onik atera bide dira, baina eurengana joan den dirua beste patrika batzuetatik atera behar izan da noski.
Zenbatek daki gurean Hernanin Kronika deitzen den egunkari bat argitaratzen dela eta hau ere kaltetuetako bat izan dela?
Euskal Herria Irratiak, edo Tolosaldeko 28 kanalak –urte askoan lehen aldiz udal batzuen diru-laguntzen ukazioa jasan duena- , edo Goienak edo beste hainbatek, ez al dute merezi herritarren eta administrazioen aitortza eta saria?
Aizu! Kendu inbertsioetatik eta eman diru gehiago euskarari erantzun daiteke, baina errealitatea da ez Jaurlaritzak ez Foru Aldundiak ez dutela nik dakidan arte horrelakorik egin aurreko urtean eta egoera honetan multzo baten barruan egin daitezkeen banaketa guztiak batzuen kaltetan eta besteen onerako izango dira.
Errealitatea konplexuegia da irakurketa sinple eta interesdunetan laburtzeko. Pentsatzen dut, sektoreak birmoldaketa sakon baten beharrra duela eragingarriagoa eta efizienteagoa izan dadin. Zinez uste dut euskal hiztunok egunkari nazional bat merezi dugula,denona, irekia,irizpide demokratikoenetan oinarritua, laburbilduz, Euskal herriko hiritar guztiek berea bezala sentituko dutena.
Baina euskarazko hedabideen gaurko errealitatea irauli eta beste egoera horretara jauzia emateko hainbat gauza aldatu behar dira: errealitatearen ikuskerak, jarrerak, iritziak, eta noski, edozein birmoldaketa egin izan denena bezalaxe (siderurgia, banketxeena,…) dirua.