Punica? Bat gehiago.

Negua badator eta egurra egiten hasteko aroa iritsi da. Aizkorakada eta aizkorakada artean, edo moztutako ezpalak organ garraiatzen ditudan bitartean, burua beste pentsamendu  batzuetara joaten zait. Ez da komeni aizkorakadak emateko orduan beste gauza batzuetan pentsatzen aritzea, baina tarteak une egokiak izaten dira zigarroaren keari begira egoteko ohitura aspaldi baztertu genuenontzat.

Azken urteotan azaleratutako ustelkeriari bueltaka aritu naiz. Ez dago honi nondik oratu. Albisteek frogatzen  dute ustelkeria eta sistema gauza bat bera direla. Gaur zuk agintzen duzu, bihar nik sistema, Espainian era guztietako bilau, iruzurgile eta eskuluze sortzaile bihurtu da. Ezin iruzurgileak  sistema gabe ulertu, ezta sistema  iruzurgilerik gabe.

Sistema esperpento bitxi eta sinpatikoen sortzaile ere bada. Nikola txikiak, bere anaia handien ikasle argia dela erakutsi digu. Zubietan edota Lezaman idolo futbolariak gainditzeko saioetan ari diren gazteen nahiak kopiatuz, harribitxi preziatuenen mailan kokatu da iruzurgile gazteen rankinean. Ez du irakaslerik falta izan aritu den mundu horretan.

Iruzurra eta sistema eskutik doazela erakutsi digute bi alderdi nagusietako politikoek, dirua barra-barra, ahurka eramanaz euren patriketara, eta soberakinik zegoenean euren afiliatu edo zaleenetara. Diruaren euri langarra alderdi txikietara eta sindikalistengana ere iritsi da hauek ere sistemaren partaide senti daitezen.

Sistemaren onurak ez dira izan iruzurgile lotsagabeenentzat bakarrik. Aitzitik, legeen barruan aritu den hainbat ergel eta sorgin  ere busti ditu oparo, zero askotako soldatak metatzeko aukerak eta arrazoi legal eta moralak eskainiaz. Guztiak bihurtu dira sistemaren defendatzaile sutsu, eta  zuten indar guztiarekin aldarrikatu dute sistemaren antonimoa kaosa baino ez dela. Zirkulua ixteko hor daude sistemak berak promozionatutako epaileak, sistemaren aurka egiten ausartzen diren lankideak zigortzeko;  Blesa jauna espetxera bidali zuen epaileari instrukzioa kendu eta hamazazpi urterako kargugabetzeko gai izan direnak, edo Garzoni ezker abertzalearen aurka egiteko baimena bai, baina sistemaren barrunbeetan sartu eta denboran atzera egin nahi izan duenean  ateak itxi dizkiotenak.

Gaur sistema aldatu nahi dute ezer ez dadin aldatu. Urteetan bizikide izan duten iruzurraz lotsa itxura egiten dute eta eskuluze guztiak alderdietatik at nahi omen dituzte horretarako berrogei urte luzetan  indarrean jarri ez duten legedia abian jarri behar badute ere.

Podemosen sorrerak herritarrengan piztu duen ilusioak tamainako erantzuna behar du. Botereko amaraunetik kanpo geratzea edota motorrak edo malgukiak ez kontrolatzea da gerta dakieken okerrik handiena.  Horregatik zilegi da Podemosen aurka ahaleginak eta bi egitea; alderdi nagusiek kontrolatzen dituzten hedabideak bihurtuko dira bidaide eta gezur eta irain bitxienak zabaltzeko otsein zintzoenak.

Alda dezagun zerbait eta zigor ditzagun gutxi batzuk sistemaren onurak geure esku jarrai ditzaten. Hori izango da hauteskundeak iritsi bitarteko leloaren zati bat. Bestea, Podemos iraintzea, eta bere aukera gutxiesteko munduko pertsonai, ekintza, eta jarduera krudel, legez kontrako, edo arloteenekin nahastea. Edozerk balio du.

Bi eskas.

Toponimoa.

Bi eskas; Biescas. Bizkar hitzetik omen dator batzuen iritziz. Horrela irakur dezakegu Un paseo con Maxi por la historia de Biescas liburuan. Liburu berak adiera orijinalago bat ere badakar:  Padre Martonek, vi escas-etik datorrela dio 1749an Zaragozan argitaratutako liburu batean, eta Vicencio Blasco de Lanuza baten hitzak hartuaz, con fuerza, industria y trabajo buscamos los manjares, o mantenimientos esan nahi duela idazten du. Toponimoaren jatorri euskalduna edo aurre-indoeuroparra ez da zalantzan jartzen.

Euskal Herriko mendizaleek ondo ezagutzen dute herri txiki hau, Ordesarako edota Pantikosa, Sallent edota Formigalerako pasabide derrigorrezkoa delako. Herrigune dinamikoa, eta turismoaren onura eta diktadurara emana da.

Feria eguna.

Urtero, urriko hirugarren asteburuan udazkeneko feria ospatzen da. Oso erakargarria. Era guztietako gaztek -Gavas, Aragoi, Ipar eta Hego Euskal Herrikoak- erakusleiho zabal eta saltoki erakargarri bihurtzen dute herria. Ez dira falta Barkoxeko edo Nafarroako pateak; Aragokio lukainka eta urdaiazpikoak Txirritaren hain gustukoak; perretxiko, ardo, sagardo,…

Ondoko artzaiak ekarritako arkumeak.

Abereak ere bai.  Ganadu, zaldi, mando, ardi, ahuntz, piriniotako mastinak, baserriko tresneria…

Arztaiak feriara jeisten dira euren artaldeekin.

Artzaiak feriara jeisten dira euren artaldeekin.

 

 

 

 

 

Animazioa kaleetan. Betik dago, Zaragozatik jende dezente igo ohi delako opor sasoian eta are gehiago feria egunetan. Ez dira falta musikoak, sariketak, enkanteak, ohikoa den txahalki errea, eta beste hainbat eta hainbat kontu.

Merezi du. Ahal baduzu joan zaitez datorren urtean. Feriatik buelta bat eman eta menditik beste bat emateko adina ematen du asteburuak.

 

Mendi irteera. Le Chemin de la Mature

Aspaldi begiz jota geneukan ibilbide biribil bat egitea pentsatu dugu: Pont de Cebers, Le Chemin de la Mature, Arraseko lepoa, Etsauteko bidegurutzea, Pont de Cebers.

Le chemin de la Mature

Le chemin de la Mature

Le Chemin de la Mature, bide zorabiagarri bat  da,  Luis XVI.ren denboran haitzean zabaldutakoa basoetako egurra ateratzeko. Gida batean (ez ditut pista gehiago emango) irakurri dugu ez dela arriskutsua, baina bai kontuz ibiltzekoa, ya que en algunos puntos la senda no tiene más de tres o cuatro metros de anchura. Betik pentsatu izan dut gidak idazten dituzten askok ez dituztela azaltzen dituzten ibilbideak inoiz egin. Ez dakit bide honek lau edo hiru metroko zabalerarik inon izango ote duen. Metro eta berrogei, bi metro inguruko zabalera izango du tarte seguruenetan. Bertigorik baldin baduzu ez egin kasu gida honi. Ez zaitez joan.

Pacq-eko basoan sartu-irten luze bat egiteko aprobetxatzen dugu eguna,  onddoen esperantzatan. Ziza hori batzuk, pinutela bi eta gibelurdin bat. Arrautza nahaskia egiteko beste. Onddoek hurrengoan beharko dute.

Sei ordu ibili ondoren autoan gaude berriro. Azkar Biescasera txahalkia zain daukagu eta.

Sasoian sasoikoak

Joan zaigu uda eta udazkena iritsi. Herriko jaiak ere joan zaizkigu eta a zelako amaierarekin. Borrokak, udlatzainak ospitalean,  Hedabideetan ere irakurtzeko aukera izango zenuten eta ez naiz pasadizo basati horren inguruan mintzatuko.

Jaiak aipatzen baditut zerbaiten amaiera eta hasiera direlako egiten dut. Udazkenaren hasiera eta uda amaiera; oporren bukaera eta ikasturtearen hasiera ikasleentzat. Ez dira zehatz-mehatz horrela ebakitzen denborak baina erreferentzia bezala aipatu daitezke. Ordu gutxi eman ditut baina horietako batzuetan disfrutatu dut jai giroan. Beste asko kanpoan edo lanean ere eman ditut.

Aurtengo uztaren parte bat.

Aurtengo uztaren parte bat.

Uda amaierarekin uzta jasotzeko sasoia iristen da gurean. Errezil sagarrak, sagardo eta sagar zukua, eztia, babak, intxaurrak eta beste hainbat produktu jasotzen edo ekoizten eman behar izan ditugu jaietako ordu asko. Neguak ez gaitu ezustean harrapatuko. Despentsa ondo beteta izango dugu eta orain egurra egitea falta zait lehen hotzak iristen direnerako.

Aurten argizagia egitea ere bururatu zait. Gaur arte erle abaraskak estaltzen zituzten operkuloak bota egin izan ditut. Oraingoan, denbora sobran omen eta orea urtu-iragazi, urtu-iragazi;  pastel horixka polit bat sortu dut. Zertarako? oraindik ez dakit. Edertasun kremak egin daitezkeela jakin dut, edota egurrezko zoruak ontzeko erabili.

Ez dakit zer egingo dudan argizariarekin, baina zer den denbora edukitzea! Ea hurrengoan hobeto baliatzen dudan.

 

Pilarika eguna. Goizeko 9ak. Euskaditik sekula joango ez omen diren berdededunen etxetik itxafleroak aditzen dira. Euren patroia omentzen ariko dira.